Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2015eko martxoaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1129

EBAZPENA, 2015eko martxoaren 4koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinen bidez arautzen baita laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-proiektuetarako diru-laguntzak ematea (2015).

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (aurrerantzean, Osalan) jakitun da beharrezkoa dela laneko arriskuen prebentzioaren arloan ezagutza-maila hobetzen duten jarduerak sustatzea eta ikerketaren emaitzak arlo horretako eguneroko praktikara eramaten laguntzea.

Laneko Arriskuen Prebentzioa arautzen duen azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 5. artikuluaren arabera, prebentzioaren arloko politikaren xedea lan-baldintzak hobetzea izango da, lantokian langileen segurtasunaren eta osasunaren babes-maila igotze aldera, eta herri-administrazioek jarduerak sustatuko dituzte, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko, laneko arriskuak murrizteko, babesteko modu berriak ikertu edo sustatzeko, eta laneko arriskuak prebenitzeko egitura eraginkorrak bultzatzeko. Aipatutako legean esaten denez, horretarako programak erregelamenduetan zehaztuko diren pizgarrien bidez ezarriko dira.

Ebazpen honen bidez, laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerkuntzari diru-laguntzak emanez, honako helburu hauek betetzen dira: Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren lan-kalitatea hobetzea; Euskal Autonomia Erkidegoko langileen lan-baldintzak seguruak eta osasungarriak direla bermatzea; laneko arriskuen prebentzioak herritarren eta erakundeen balore-eskalan lehentasuna izan dezan, oinarrizko printzipioen alde lan egitea; arlo horren inguruan jarduteko oinarri gisa sustatzea prebentzioaren kontzeptua; sindikatuen, enpresaburu-elkarteen eta bestelako agenteen ahaleginak batzea, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak kontzientziatzea, lanpostuan pertsonak babesteko garrantziaren inguruan.

Prebentzioa eta laneko segurtasunaren, garbitasunaren eta osasunaren sustapena betetzeko beharrezkoak diren hainbat zeregin ditu Osalanek, eta, hartarako, laneko arriskuak prebenitzeko ikerketa-lana pizten eta sustatzen du deialdi honen bidez.

Bestalde, Osalanek, Europako zenbait herrialdetako beste erakunde batzuekin batera, bat egin du Europar Batasuneko SAFERA proiektuarekin, bazkide gisa, EBko Era-Net programaren barnean. Programa horren helburua da industria-segurtasuneko Europako ikerketa koordinatzea. Deialdi honetako baldintzen arabera, SAFERAko bazkideek diru-laguntza emango diete haien interesekin lotutako gaiak jorratzen dituzten proiektuei, egokitzat joz gero.

EBko SAFERA proiektuan duen lankidetza-konpromisoa betetzeko, diru-laguntza hauen aurrekontuaren zati bat erabiliko du Osalanek programa horretako baldintzak betetzen dituzten eta SAFERAk onartzen dituen proiektuetarako.

2014ko maiatzaren 15ean argitaratu zen SAFERA 2015 deialdia. SAFERA deialdiko hautaketa-prozesuaren arabera, eskabideak elektronikoki aurkezteko epea 2014ko uztailaren 10ean amaitu zen, hautaketaren bigarren fasera igaro diren proposamenen jakinarazpena 2014ko irailaren 15ean egin zen, eta proiektuen behin betiko aurkezpena egiteko epea 2014ko urriaren 30ean amaitu zen.

Printzipio horien ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 29ko 5/2014 Legearekin bat etorriz, eta onetsitako gastu-kredituaz baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da arautzea Osalanek laneko arriskuen prebentzioaren arloan 2015eko ekitaldian abiatutako ikerketa-proiektuetarako emango dituen diru-laguntzak. Ebazpenaren xedean sartzen dira, halaber, epealdi berean EBko SAFERA proiektuaren esparruan egiten diren ikerketa-proiektuekin lotutako jarduerak.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Entitate eta pertsona fisiko interesdunek bide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ditzakete prozedura honetako izapide guztiak. Izapidetze elektronikoaren prozesuan zehar, entitate edo pertsona fisiko eskatzaileek zailtasunen bat balute prozesu hori egiteko, beharrezko laguntza emango diete zerbitzu teknikoek.

2.– Izapidetze elektronikoa, honako hauek arautzen dute: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

3.– Eskabidearen izapidetze elektronikoa Euskal Administrazioen atariaren bidez egin behar da (www.euskadi.net), «egoitza elektronikoa» ataletik sartuz, non eskabide honen xede den deialdia topatuko duzun, bilatzailearen bidez zuzenean edo kudeaketak erlaitzaren bidez –laguntzak, bekak eta diru-laguntzak atalean–, edo web-orri honetan, zuzenean:

https://www.euskadi.net/2015/investigacion_prl/y22-izapide/es

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak nire kudeaketak atalera sartuz egingo dira, Euskal Administrazioen atariaren egoitza elektronikoan:

https://euskadi.net/misgestiones

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

Ebazpen honetan araututako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen Euskal Autonomia Erkidegoko herriren batean erroldatutako pertsona fisikoek eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten pertsona juridikoek –publikoak zein pribatuak–. Pertsona juridikoek baizik ezingo dituzte eskabideak aurkeztu EBko SAFERA proiektuaren esparruan egikaritu nahi diren ikerketa-proiektuetarako.

Ezingo dira deialdi honetara bildu segurtasunaren eta laneko osasunaren aurkako delitu edo arau-hauste administratibo oso larriengatik azken bost urteetan kondenatuak edo zehatuak izan diren pertsona fisiko edo juridikoak.

Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea lekarkeen zehapen administratibo edo penal baten pean dauden pertsona fisikoek eta juridikoek, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela-eta debeku horrekin zehapen administratibo edo penal baten pean zehatuta daudenek ere.

Diru-laguntza emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, amaitua izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuen esparruan hasitako eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. artikulua.– Dotazio ekonomikoa.

Ebazpen honen xedea betetzeko, 500.000 euro erabiliko dira, guztira: 250.000 euro 2015eko ordainketa-kreditu gisa, eta beste 250.000 euro, 2016rako konpromiso-kreditu gisa. Honako hauei egotziko zaie zenbateko horien kostu ekonomikoa: «Laneko Segurtasuna eta Osasuna» 3113 Programa, «Zuzendaritza Nagusia» 01 Zerbitzua; hain justu ere, «Eragiketa arruntetarako transferentzia eta diru-laguntzak» izeneko IV. kapituluaren barruan.

500.000 euroko guztizko aurrekontutik, 100.000 euro erabiliko dira EBko SAFERA europar proiektuarekin lotutako lankidetza-konpromisoari aurre egiteko, eta 400.000 euro, berriz, Osalanek laneko arriskuen prebentzioaren arloan onartutako ikerketa-, garapen- eta berrikuntza- proiektuetarako. Bestalde, diru-kopuru hori, hala badagokio, eguneratu ahal izango da, indarrean dagoen legediari jarraikiz aurrekontuak aldatzea onartuz gero; aurrekontu-aldaketa horiek aurkeztutako eskaeren aurretik egindakoak izan beharko dute. Horren berri, Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emango da. Proiektu bakoitzari 50.000 euroko diru-laguntza emango zaio, gehienez, urtean.

EBko SAFERA programaren esparruko ikerketa-proiektuetarako diru-laguntzetarako zenbatekoa gainerako ikerketa-proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta programa horretan parte hartzeko epea amaitutakoan eskaerarik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutako proiektuak onartzen ez badira.

5. artikulua.– Jarduera diruz lagungarriak.

1.– Diru-laguntza ematen den egunetik hasita, urtebeteko epean egindako laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuek jaso ahal izango dute diru-laguntza. Nahi beste proiektu aurkez ditzakete eskatzaileek, baina 50.000 eurokoa izango da proiektu bakoitzerako gehienezko diru-laguntza.

2.– Interesgune nagusiak Osalanen kudeaketa-planetan ezarritakoak izango dira, eremu hauetan batez ere:

a) Laneko ezbeharren esparrua: bai in itinere bai misioan gertatzen diren bideko lan-istripuen prebentzioa.

b) Teknologia prebentibo berritzaileak laneko segurtasunaren eremuan. Ez zaie diru-laguntzarik emango jada merkaturatzen ari diren produktuei, ezta langileen segurtasunerako eta osasunerako hobekuntza frogagarririk ez dakartenei ere, jada daudenekin alderatuta.

c) Prozedura berritzaileak diseinatzea, lan-esparruan agente kimiko arriskutsuak ordezteko arriskurik gabeko agenteez edo arrisku txikiagoak eragiten dituzten agenteez.

d) Teknologia berrien esparrua: arriskuen prebentzioa nanopartikulen erabileran.

e) Prebentzio-proiektuak laneko ergonomian: oinarria lanean duten eta goiko gorputz-adarrei eta/edo mugimendu errepikakorrei eragiten dieten muskulu- eta eskeleto-nahasmenduak.

f) Prebentzio-proiektuak laneko psikosoziologian: laneko estresa eta/edo «burnout»a erakundeetan.

g) ETEen laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketan kalitatea sustatzen duten proiektuak.

h) Lehen sektoreko –arrantza, nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, eta abar–laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketan kalitatea sustatzen duten proiektuak.

i) Osasun kolektiboaren zaintza bultzatzen duten proiektuak.

j) Lanarekin lotura duen minbiziari buruzko ikerketa-proiektuak.

Lotura hori informazioa emateko da, eta ez dio lehentasuna ematen beste jardun-arlo batzuetako laneko arriskuen prebentzioarekin zerikusia duten beste ikerketa-proiektu batzuekiko.

3.– Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako pertsona juridikoen proiektuek jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak, baldin eta EBko SAFERA proiektuak onartzen baditu eta deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Gehienez, 50.000 eurokoa izango da urteko diru-laguntza, eta, proiektuak hiru urte iraungo du, gehienez. Hala ere, ondoz ondoko urteetan diru-laguntza ematen jarraitzea baldintzatua da, eta ez da gertatuko baldin eta egingo diren hurrengo deialdietan behar besteko krediturik ez badago; eskatzaileak deialdi bakoitzean aurkeztu beharko du eskabidea.

4.– 2015eko deialdiaren gaia da «Segurtasunean eta Berrikuntza Seguruetan berritzen», eta hauek dira azpigaiak:

a) Sortutako Arriskuak Kudeatzea.

b) Segurtasunerako Teknologia Berriak.

5.– Espainiako legerian ikerketa biomedikoaz, izaera pertsonaleko datuak babesteaz eta bioetikaz ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte ikerketa-proiektuek.

6. artikulua.– Onartutako proiektuak burutzeko epea.

1.– Osalanek baloratutako eta onartutako laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuak burutzeko, urtebeteko epea zehaztu da, esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango da, betiere kasu berezietan, eta balorazio-batzordeari behar bezala justifikatutako eta egiaztatutako arrazoiak gertatuz gero. Dena den, proiektua 2016ko urriaren 31rako amaitu beharko da. Balorazio-batzordeak behar bezala arrazoitutako erabaki-proposamena aurkeztuko dio Osalaneko zuzendari nagusiari, eta hark ebazpen baten bidez emango edo ezeztatuko du eskatutako diru-laguntza.

2.– EBko SAFERA proiektuaren esparruan baloratutako eta onartutako ikerketa-proiektuak burutzeko gehieneko epea emate-baldintzen arabera zehaztutakoa izango da, baina, dena den, ez du inola ere hiru urte baino gehiago iraungo, esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratu eta biharamunetik aurrera. Hala ere, proiektuaren burutzeak urtebete baino gehiago irauten badu, proiektu-plangintzan aurreikusitako jardueretatik zein burutu den aurkeztu beharko da urtero, diru-laguntzaren zati bat ordaindu ahal izateko.

7. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen honek ondorioak sortzen dituen momentutik aurrera.

2.– Eskabidea baliabide elektronikoen bidez izapidetu behar da, euskadi.net atariaren bidez: (https://www.euskadi.net/2015/investigacion_prl/y22-izapide/es).

3.– Pertsona fisiko edo juridikoek euskaraz zein gazteleraz, nahi bezala, aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta erantsitako agiriak. Halaber, entitate eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da prozedura osoan zehar, Euskararen Erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

4.– Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak fitxategi batean sartuko direla, diru-laguntzen deialdi hau eta gai honekin zerikusia duen bestelako administrazio-espediente oro kudeatzeko. Fitxategi horren arduraduna Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Zuzendaritza izango da. Datuok eskuratu, zuzendu, indargabetu eta aurkaratu ahal izango dira; horretarako Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Plangintzako Zuzendariordetzara jo beharko da (Dinamita kalea z/g, 48903 Barakaldo, Bizkaia).

8. artikulua.– Eskakizunak kreditatzea eta agiriak aurkeztea.

1.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak izan beharko dituzte. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak dituztela, inoren adostasunaren beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura emandako diru-laguntzen onuradunek zerga-betebeharrak beteak dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoaren arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Pertsona juridikoek legez eratuak behar dute, eta entitatearen legezko ordezkariak ordezkaritza-ahal nahikoa duela justifikatu beharko du.

2.– Bere kargura langileak dituen pertsona fisiko edo juridiko batek egiten badu eskabidea, IV. eranskina beteta aurkeztu beharko da eskabidearekin.

3.– Eskabideetan adierazi ahalko da laguntza eskatu duen pertsona fisikoak edo juridikoak espresuki baimena ematen diola organo kudeatzaileari nortasun-datuak eta erregistro ofizialetako datuak eskuratzeko edo egiaztatzeko, organo horrek laguntzak kudea ditzan, hargatik eragotzi gabe Herri Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk helburu berarako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

b) Pertsona fisiko edo juridiko eskatzailea ez egotea laguntzak edo diru-laguntzak eskuratzeko aukera galtzea dakarren zehapen administratibo edo penal baten pean edo ez egotea diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea ezgaitzen duen legezko debekuren batean pean, aipamen berezia eginez sexu-diskriminazioa dela-eta gertaturikoei.

c) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako eta oraindik bideratzeko dagoen edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean, oraindik izapidetzen ari dena edo edo berau amaitua.

5.– Inprimaki elektroniko arautuaren bidez egindako eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

5.1.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada:

a) Erroldatze-agiriaren ziurtagiria, data adieraziz.

5.2.– Eskatzailea pertsona juridikoa bada:

a) Entitatea legez eratua edo dagokion erregistroan inskribatua dagoela egiaztatzeko, entitatearen sortze-eskrituraren eta estatutuen kopia eskaneatua edo, hala dagokionean, erregistro ofizialaren ziurtagiria. Entitatea Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro ofizialen batean inskribatuta badago, erakunde kudeatzaileak ofizioz kontsultatuko ditu haren datuak.

b) Ordezkaritza-botere nahikoa duela egiaztatzeko, egiaztatutako notarioaren sinadura daraman agiri publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua. Entitatearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ziurtagiriaren titular den erakundearen ordezkaritza-botere nahikoa duela.

5.3.– Eskatzailea bere kargura langileak dituen pertsona fisikoa edo juridikoa bada:

a) IV. eranskina, Antolaketa prebentiboa, beteta. Kanpoko prebentzioko zerbitzu batekin itunduak badaude espezialitate prebentibo hauetakoren bat edo denak, kanpoko prebentzioko zerbitzuaren ziurtagiriaren kopia eskaneatua, zeinetan zehazten baitira itundutako prebentziozko espezialitateak eta balio-aldia.

5.4.– Ikerketa-proiektuaren memoria, honako alderdi hauek jasotzen dituena:

a) Proiektuaren izenburua eta ikerketa-proiektuaren laburpena: azaldu behar da lanen egitura orokorra eta helburuak lortzeko erabiliko den metodologia orokorra.

b) Proiektuaren berrikuntzak eta berritasunak: ezagueren gaur egungo egoera deskribatu behar da, bai eta proiektuaren helburuekin lotutako produktu, prozesu eta teknologiak ere. Produktu, prozesu eta teknologia horien abantailak eta/edo mugak adierazi behar dira, eta helburuak lortzeak ekarriko lituzkeen aurrerapenak.

c) Plangintza: proiektuaren egitura deskribatu behar da, proiektuaren fase eta jardueren arteko loturak, lanen edukiak eta fase bakoitza amaitzean espero diren emaitzak adierazita. Proiektuaren antolaketa- eta langile-egitura zehaztu behar da, eta proiektu-arduradunari erakundeko hierarkia-egituran dagokion lekua. Atal honetan, lan-programaren berrikuspenen erritmoa eta datu-bilketen maiztasuna deskribatu behar dira, proiektuaren fase eta atazen eta horiekin lotutako emaitzen kontrol egokia egiten dela bermatzeko.

d) Emaitzen erabilgarritasun praktikoa laneko arriskuen prebentzioari dagokionez: erabilera horren arrazoiak azaldu behar dira, baldin eta egon badaudela uste bada.

e) Ikerketa-proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena, ikerketa-proiektuaren alderdi guztiak barne hartzen dituena.

f) Proiektuko parte-hartzaileen curriculumak, alderdi hauek jasotzen dituena, gutxienez:

– Ikertzailearen identifikazio-datuak: izena, deiturak, NA, adina, telefonoa eta helbide elektronikoa; zehaztu behar da ikertzaile nagusia den ala laguntzailea.

– Unibertsitateko prestakuntza akademikoa edo unibertsitateaz kanpokoa: zehaztu titulua, ezagutza-adarra, ikasketak zein ikastetxetan egin zituen eta tituluaren data.

– Egungo lan-egoera: zein entitaterentzat diharduen lanean, zehatuz lanbide-kategoria eta noiz hasi zen, lan-egoera eta dedikazioa.

– Lanbide- eta zientzia-arloan lehenago burututako jarduerak: zein urtetan hasi zen eta amaitu, postua eta entitatea.

– Pareko mailakoek ebaluatutako argitalpenak azken sei urteetan: adierazi ordena kronologikoan, egileak eta argitalpenaren izenburua eta aldizkaria. Ez sartu biltzarretako komunikazio edo ponentziarik.

– Azken sei urteetako ikerketa-proiektuak: parte hartu duen ikerketa-proiektuen zerrenda, zehaztuz izenburua, ikertzaile nagusia, finantza-entitatea eta proiektuaren iraupena (noizetik noizera).

g) EBko SAFERA proiektuan kokatutako ikerketa-proiektuek a) hizkian eskatutako informazioa bakarrik ekarri beharko dute.

5.5.– Proiektuaren aurrekontua, honela banakatuta:

a) Proiektua burutzeko gastuak:

– Material suntsikorra erostea.

– Material bibliografikoa eta dokumentala erostea.

– Proiektua burutzeko soilik erabiltzeko tresnak eta ekipoak erostea edo amortizatzea.

– Kanpoko zerbitzuak kontratatzea.

b) Langile-gastuak:

– Entitatearen berezko langileak.

– Proiekturako berariaz kontratatutako langileak.

c) Zeharkako kostuak (gehienez ere, eskabidearen % 1).

d) Aurreikusitako diru-sarrerak.

e) Proiektua, guztira.

f) Eskatutako diru-laguntza, guztira (50.000 euro, gehienez).

EBko SAFERA proiektuan kokatutako proiektuen aurrekontuan, diruz laguntzeko urteko plana edo jarduerak banakatuta adierazi behar dira, proiektua burutzeko epea urtebetetik gorakoa bada.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten badu aurkeztu den eskabidean, edo ebazpen honen 8. artikuluan zehaztutako agiriren bat falta bada, entitate eskatzaileari jakinaraziko dio bide telematikoaren bidez, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. tituluan xedatutakoaren arabera, eta hamar (10) eguneko epea emango, akatsa zuzentzeko; halaber, jakinaraziko dio, agindutakoa bete ezean, eskabidea bertan behera utzi duela esan nahiko duela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

10. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko erakundea.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Plangintza Zuzendariordetzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

11. artikulua.– Hautaketa.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Hortaz, laguntza edo diru-laguntzak emateko, aurkeztutako eskabideak erkatu eta haien arteko lehentasun-ordena erabakiko da, 12. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuz.

12. artikuluan zehaztutako 1. irizpidean («Transferentzia, berritzaile izatea eta aprobetxamendu orokorra») 25 puntu lortzen ez dituzten proiektuak kanpo geldituko dira.

12. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Balorazio-batzorde batek ebaluatuko ditu ikerketa-proiektuak, irizpide eta haztapen hauei jarraikiz (gehienez, 100 puntu):

(Ikus .PDF)

2.– Irizpide bakoitzaren ebaluazio-fitxan jasotako espezifikazio bakoitzari erantzuna eta kalifikazioa emanez ebaluatuko da irizpide bakoitza (I. eranskina).

3.– Ebaluazio-prozesuaren edozein unetan, ebatzi baino lehen betiere, proiektuaren edukiari buruzko argibideak eskatu ahal izango dizkio balorazio-batzordeak entitate eskatzaileari.

13. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa, gastu diruz lagungarriak eta aurreikusitako sarrerak.

1.– Diruz lagungarri izan daitekeen aurrekontuaren % 100 emango da gehienez, urtean 50.000 euro proiektuko, gehienez ere.

2.– Ebazpen honetan aurreikusitako diru-laguntzak beherago zehaztutako gastuak ordaintzeko dira. Hain zuzen ere, gastuek proiektuarekin lotuta egon beharko dute, eta ezinbestekoak izango dira proiektuaren gauzatzeko. Horrez gain, gastu horiek burutzapen-epean egingo dira, eta eskabidean behar bezala espezifikatuko:

a) Proiektua burutzeko gastuak, behar bezala justifikatuta. Esaterako:

1) Proiekturako material suntsikorra eta material bibliografiko eta dokumentala erostea.

2) Proiektua burutzeko soilik erabiltzeko tresnak eta ekipoak erostea edo amortizatzea.

Diruz lagun daitezke proiektuan egiteko jarduerak gauzatzeko ezinbestean erabili behar diren tresna eta ekipoen amortizazio-gastuak diruz lagungarri izango dira. Amortizazio-kostua onartzeko, amortizatutako elementuek proiektuaren izaerarekin eta edukiarekin lotura zuzena dutela justifikatu beharko da. Tresna eta ekipoak ez badira proiekturako erabiltzen haien balio-bizitza osoan, proiektuaren iraunaldiari dagozkion amortizazio-kostuak soilik izango dira diruz lagungarri, eta herrialdeko kontabilitate publiko eta pribaturako araudian ezarritakoaren arabera kalkulatuko dira.

Gastu hori finantzatzeko, ezinbestekoa izango da proiektuaren memorian zehaztea amortizazio-kostu horiek kalkulatzeko erabili den prozedura, eta argi eta garbi adierazi beharko dira proiektuari egotzitako amortizazio-gastuak. Diru-laguntzarako eskaeran, urte bakoitzean, dagokion amortizazio-kuota baino ezingo da egotzi, edo leasing-kuoten zenbatekoa, baldin eta tresna eta ekipoak sistema horren bidez erosi badira.

Amortizazio-gastuak justifikatzeko, ondasunaren titulartasun-agiria edo erosketa-faktura aurkeztu beharko dira, bai eta dagokion ordainketa-agiria ere.

Amortizazioaren kalkulua:

(Ikus .PDF)

3) Finantza-errentamenduen kasuan, hileko kuotaren zati proportzionala izango da diruz lagungarri, finantza-kostuak kenduta. Kasu horretan, kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, bai eta amortizazio-taula eta ordainagiriak ere.

4) Kanpo geratzen dira ekoizpen-jarduera hutsarekin lotutako tresnak eta ekipoak.

5) Proiektua egiteko ezinbesteko diren kanpo-zerbitzuen kontratazioa. Kontratatutako zerbitzuak eta horietako bakoitzaren kostua zehaztu behar dira fakturan.

b) Langile-gastuak:

1) Entitate onuradunaren langile-gastuak; entitate horrek egiaztatu beharko ditu proiektuan emandako orduak zein orduen kostua.

2) Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean proiekturako berariaz kontratatutako langileen ordainsariak. Kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko du langileak berariaz proiekturako kontratatzen direla, eta horren beharra justifikatu beharko du proiektuaren memorian. Horrez gain, kontratua ere aurkeztu beharko du.

c) Sarrerak:

1) Proiektuan aurreikusitako sarrerak, patenteetatik, agirien salmentatik eta gainerako finantzazio-iturrietatik eratorriak.

2) Helburu bererako bestelako diru-laguntzak, laguntzak edo sarrerak jasotzea, zehaztuz, hala dagokionean, eskabidea aurkeztu deneko diru-laguntza programetan, BEZa diruz lagungarria den ala ez.

d) Zeharkako kostuak:

1) Direnak izateagatik, proiektuaren gastutzat zuzenean har ezin daitezkeen gastuak (argindarra, telefonoa...); ez da eskatutako zenbateko osoaren % 1 baino gehiago izango.

3.– Ezingo dira aintzat hartu esklusiboki administrazio-lanetan erabiltzeko materialak edo altzariak erosteko egindako gastuak.

4.– Ez da diruz lagungarri izango, inola ere, benetan jasan ez den BEZa, edo diru-laguntzaren onuradunak beste moduren batean berreskuratu dezakeena.

14. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Osalanek egingo ditu ebazpen honetan aurreikusitako diru-laguntzei dagozkien kudeaketa-lanak.

2.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzorde bat eratuko da, eta Osalaneko kide hauek osatuko dute:

Lehendakaria:

Osalaneko Plangintza zuzendariordea, Juan Carlos Coto Fernández.

Batzordekideak:

Francisco Javier Inda Ortiz de Zarate, Osalaneko zuzendariorde teknikoa.

Luis Gómez Ońa, Osalaneko Bizkaiko lurralde-ordezkaria.

Diego Romero Gómez, Arabako Lan Osasuneko Unitateko arduraduna.

Lourdes Iscar Reina, Plangintza Zuzendariordetzako Lan Osasuneko Unitateko medikua.

Carlos Fernández Diez, Osalaneko Zuzendaritzaordetza Teknikoko Laneko Arriskuen Prebentziorako teknikaria.

José Antonio Biain Santiago, Osalaneko Plangintza Zuzendaritzaordetzako Laneko Arriskuen Prebentziorako teknikaria.

Francisco Javier Calleja Quintana, Osalaneko Zuzendariordetza Teknikoko Prestakuntzako eta Agirien kudeatzailea.

Epaimahaibururik ez badago, kanpoan edo gaixorik izanez gero, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adinik handiena duen batzordekideak ordeztuko du epaimahaiburua, betiere, hurrenkera horretan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 23.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera, Osalaneko Plangintza Zuzendariordetzako Laneko Arriskuen Prebentziorako teknikaria izango da balorazio-batzordeko idazkaria. Idazkaririk ez badago, kanpoan edo gaixorik izanez gero, Osalaneko Zuzendariordetza Teknikoko Laneko Arriskuen Prebentziorako teknikariak ordeztuko du aldi baterako.

15. artikulua.– Laguntzak ematea.

1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako balorazio-batzordeak aztertuko ditu eskabideak, betiere honako irizpideak kontuan izanik: ebazpen honen 12. artikuluan ezarritakoak eta I. eranskineko ebaluazio-fitxetan irizpide bakoitzerako jasotako espezifikazioetakoak.

2.– SAFERA proiektuko batzordeak hautatutako ikerketa-proiektuen eskabideek dauden aurrekontu-izendapenen barruan jasoko dute diru-laguntza, eta, hala behar izanez gero, haien arteko lehentasun-ordena ezarriko da, SAFERAk egindako balorazioari erreparatuta.

3.– Balorazio-batzordeak aurkeztuko dio behar bezala arrazoitutako erabaki-proposamena Osalaneko zuzendari nagusiari, eta hark ebazpen baten bidez esleituko edo ezeztatuko du eskatutako diru-laguntza. Ondoren, ebazpen hori eta egon daitezkeen aldaketak interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Jakinarazpenak bide elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Urtebetekoa izango da Osalanek baloratutako ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuak burutzeko epea, eta EBko SAFERA proiektuak baloratu eta onartuentzat, berriz, emate-baldintzen arabera zehaztuko da epea, baina ez da inolaz ere hiru urte baino luzeago izango. Kasu bietan, esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.

5.– Diru-laguntza onartu dela ulertuko da, baldin eta laguntzaren emate-jakinarazpena jasotzen den egunetik 15 eguneko epean aurkakorik adierazten ez bada.

6.– Aurreko artikuluan zehaztutako esleipen-ebazpenak administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, badago administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkeztea Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako dagokion epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

7.– Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpenak indarra hartzen duenetik aurrera. Epe horretan ez bada ebazpen adierazirik ez eman ez jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak modu adierazian ebazteko duen obligazioa.

16. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuen jarraipena.

Ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko eta proiektuaren gauzatzeko egiten ari diren eta egin diren jarduerak egiaztatzeko, beharrezkoak diren aldizkako jarraipen-jarduerak gauzatu ahal izango dituzte Osalaneko zerbitzu teknikoek. Ildo horretan, Osalanek, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa eman behar dute entitate onuradunek.

17. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Diru-laguntza onartzeko izapideak bete ostean, ordainketa aurreratu bat egingo da, proiektua burutzeko jarduerak egiten hasteko beharrezko finantzazio gisa. Ordainketa aurreratua emandako diru-laguntzaren % 50 izango da. Onartutako diru-laguntzaren gainerakoa, diru-laguntzaren xede den jarduera esleipen-ebazpenean ezarritako baldintzetan eta eran gauzatu eta gero ordainduko da, eta, betiere, 2016ko ekitaldian egingo da. Horretarako, https://euskadi.net/misgestiones helbidearen bidez, agiri hauek aurkeztu beharko dira 20 egun balioduneko epean gehienez, burutzeko ezarritako aldia bukatzen denetik aurrera.

a) Burututako jardueren justifikazioko memoria. Bertan, burututako jarduerak eta lortutako helburuak deskribatuko dira, betiere, proiektuan zehaztutako egutegia kontuan izanik, eta proiektuaren emaitza diren produktuak aurkeztuko dira (datu-baseak, informatika-programak, argitalpenak, ponentziak).

b) Proiektuaren betearazpenari buruzko laburpena, II. eranskineko ereduaren araberakoa, eta, gehienez, 30 orrialde dituena; Osalanek laburpen hori zabaldu ahal izango du, paperean zein euskarri informatikoan. Hala ere, proiektua burutzean sortutako agiriak eskatu ahal izango ditu Osalanek, eta, horretaz gain, in situ egiaztatu ahal izango ditu proiektuaren garapena eta burutzea.

c) Onartutako aurrekontuan azaltzen diren gastuei dagozkien fakturak edo gastua egin dela egiaztatzen duten ordainketa-agiriak, eta matrikulatik, dokumentuen salmentatik eta gainerako finantzaketa-iturrietatik eratorritako diru-sarrerak, proiektuan aurreikusitakoak. Kontzeptu diruz lagungarriek bereizita eta banakatuta agertu beharko dute faktura horietan. Gastuaren fakturen edo agirien datak ezingo dira proiektua burutzeko eta aurkezteko ezarritako datak baino beranduagokoak izan. Ez da onartuko aldaketarik partida ekonomikoaren egituran, eskabidearekin aurkeztutako aurrekontuarekiko. Aparteko aldaketaren bat egin behar izatekotan, proiektuaren ikertzaile arduradunak eskabidea egin beharko du, aldez aurretik eta arrazoiak emanez, eta, betiere, entitate onuraduna horren jakitun eginez. Balorazio-batzordearen esku egongo da aldaketa onartzea ala ukatzea.

d) Matrikulatik, agirien salmentatik eta gainerako finantzazio-iturrietatik eratorritako sarreren zerrenda. Helburu bererako bestelako diru-laguntzak, laguntzak edo sarrerak eskuratu izana ere jaso behar da, zehaztuz, hala dagokionean, eskabidea aurkeztu deneko diru-laguntza programetan, BEZa diruz lagungarria den ala ez.

18. artikulua.– Eskubideak eta betebeharrak.

1.– Onuradunak eskubidea izango du nahi dituen argitalpen, aurkezpen eta komunikazioak egiteko, betiere Osalan erakundeak proiektua diruz lagundu duela aipatzen badu.

2.– Argitalpen, liburuxka edo agiri guztietan, oro har, berariaz aipatu beharko da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak diruz lagundu izana, hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinen bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).

3.– Onuradunek Osalani doan, tasun ez-esklusiboarekin eta bost urterako emango diote aurkeztutako agirietan jasotako informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea; hark informazio hori erabiliko du, eta bere informazio sistemetan sartuko, eta zabaldu eta/edo argitaratu ahal izango du nahi duen baliabide eta formatutan – bibliografikoak, ikus-entzunezkoak, informatikoak edo teknika erabiltzea ahalbidetzen dutenak–, betiere egile-eskubideak errespetatuz apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuko baldintzetan, zeinen bidez onartzen baita Jabetza Intelektualaren Legearen Testu Bategina, arlo horretan indarrean dauden legezko xedapenak arautuz, argituz eta bateratuz.

4.– Proiektuarekin sortutako agiriez gain, proiektuaren betearazpenari buruzko laburpen bat eman beharko dute entitate onuradunek, II. eranskineko ereduari jarraikiz, ikerketa-proiektuaren emaitzak zabaltzeko xedearekin, eta interesdunei proiektuaren ikuspegi orokor bat emanaz.

5.– Azterketa eta argitalpenek berdintasun- eta genero-ikuspegia izango dute, eta ez dute erabiliko hizkera edo irudi sexistarik inongo zabalkunde-euskarritan, baldin eta argitalpenak edo material didaktikoak egiten badituzte jardueretarako, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluaren arabera. Era berean, hizkera inklusiboa erabili beharko da zuzenean sortzen diren agirietan.

6.– Proiektua amaituta, diru-laguntzaren onuradunak aurkezpen bat egingo du Osalaneko teknikari espezialistaren aurrean, eta aurkezpen publiko bat zehaztutako lekuan.

19. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako emandako diru-laguntzak bateragarriak dira ebazpen honetan araututako diru-laguntzekin. Edonola ere, erakunde onuradunek Osalani jakinarazi beharko diote beste laguntza horiek eskuratu izana.

2.– Emandako laguntza eta diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako jardueraren kostu osoaren % 100, jarduera horrexetarako diren beste diru-laguntzak edo finantzatutako ekintza horretan bertan lortutako diru-sarrerak ere kontuan hartuta.

20. artikulua.– Emate-ebazpena aldatzea.

1.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzak aldatuz gero –betiere, haren xedea bete dela iritzita–, edota administrazio honek, beste administrazio publiko batek edo beste entitate publiko zein pribatuek helburu bererako beste diru-laguntzarik edo laguntzarik emanez gero, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta entitate onuraduna izateko ebazpen honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Ondorio hauetarako, Osalaneko zuzendari nagusiak behar den aldatze-ebazpena emango du, zeinetan birdoituko baitira emandako diru-laguntzen zenbatekoak, eta entitate onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera (dekretu horrek ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra; halaber, horiek kudeatzen parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak finkatu zituen).

2.– Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa –gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta– jasotakoa baino txikiagoa denean, diru-laguntza sortutako gastu errealari egokituko zaio era proportzionalean.

21. artikulua.– Entitate onuradunen bestelako betebeharrak.

Orokorrean, eta hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoa eta kasuaren arabera ezar daitezkeen obligazioak (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), diru-laguntzen onuradunek bermatu beharko dute konpromisozko bermeen bidez diru-laguntzak nori emango zaizkion eta zertarako erabiliko diren, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu).

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero diru-laguntzaren entitate onuraduna, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau adieraziko du: ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela entitate onuradunak, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak eta diru-laguntza ordaintzen denetik aurrera sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dituela, hargatik eragotzi gabe bidezko beste akzio batzuk, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta obligazioak ezartzen ditu). Aipatu zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, erantzukizun-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango delarik.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek berariaz ezarri gabeko guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotako arauak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK bigarrena

Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, edo, bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean; bi kasuetan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea. Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da hori.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Barakaldo, 2015eko martxoaren 4a.

OSALANeko zuzendari nagusia,

IZASKUN URIEN AZPITARTE.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala