Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2015eko otsailaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
854

AGINDUA, 2015eko otsailaren 3koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinen bidez sortzen baitira Barakaldoko bulego judizialaren Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala.

Bizkortasun, kalitate eta efikazia handiagoz jardungo duen Justizia Administrazio bat izateko gizartearen eskariari erantzunez, abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak –Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duena– antolaketa berregituratu zuen, bulego judizial berri gisa ezagutzera eman dena, epaileen eta epaitegien jurisdikzio-jardueraren oinarri eta euskarri gisa balio duen lanabes-izaerako birmoldaketa eta bi unitate-mota dituena euskarri: batetik, organo judizialei Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalen Unitateak (ZULUP), epaileen eta magistratuei zuzenean laguntzen diete haienak diren eta organo judizialaren parte diren zereginetan, eta, bestetik, Zerbitzu Erkide Prozesalak, ez dira organo judizial jakin batean integratzen eta kudeaketa eta laguntzako lan zentralizatuak euren gain hartzen dituzte lege prozesalak aplikatzetik eratorritako jardueretan.

Botere Judizialaren Lege Organikoak, gainera, 436. eta 438. artikuluetan onartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena baduela bulego judizialaren dimentsioa eta antolamendua zehazteko nahiz Euskadiko barruti judizialetako zerbitzu erkide prozesalak diseinatu, sortu eta antolatzeko. Eskumen horiek baliatuta, Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluaren 2008ko uztailaren 29ko bileran onetsi zuen Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskalen Antolamendu Plana (2008-2010), Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aldeko txostena eskuratu ondoren. Halaber, Eusko Jaurlaritzak, elkarrizketa sozialaren eremuan, eta bulego judizial berria ezartzeko prozesua zein baldintzetan garatuko den zehazteko, abuztuaren 31ko 223/2010 Dekretua onartu zuen. Dekretu horren bidez, onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko Funtzionarioak Euskal Administrazio Orokorreko Funtzionarioekin nola parekatu arautzeko eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta CC.OO., ELA, CSI/CSIF, LAB eta UGT sindikatuen artean Bulego Judizial eta Fiskala ezartzeko IV. Akordioa.

Euskadiko Justizia Administrazioko Bulego Judizialen eta Fiskalen Antolamendu Planak hiru Zerbitzu Erkide Prozesal mota aurreikusi zituen, printzipioz: Prozedura Antolatzeko Zerbitzu Erkide Prozesala, Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala eta Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra. Barakaldoko Bulego Judizialaren kasuan, Antolamendu Planak hiru zerbitzuak aurreikusten zituen. Hala ere, Instantziako Epaitegiak sortzea aurreikusten denez, eta horrek ZULUPen dimentsio eta osaeran, eta, ondorioz, Prozedura Antolatzeko Zerbitzu Erkide Prozesalean izango duen eragina kontuan hartuta, bidezkotzat jo da Prozedura Antolatzeko Zerbitzu Erkide Prozesalaren sorrera atzeratzea.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren 438. artikulua betez, idazkari judizial batek jardungo du zuzendari gisa Zerbitzu Erkide Prozesal bakoitzean eta funtzionalki haren mende egongo dira zerbitzuko lanpostuetan lanean ari diren gainontzeko idazkari judizialak eta langileak.

Era berean, destinoa Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrean eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalean duten Justizia Administrazioko langileak Justizia Administrazioko langileen arloan eskumen transferituen ardura duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zuzendariaren mende daude organikoki.

Idazkari Judizialen Kidegoaren Araudi Organikoa onartu zuen abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren arabera, idazkari judizialena da langileak antolatu, kudeatu, ikuskatu eta zuzentzeko eskumena, eta, zeregin horiek betetzeko, alderdi tekniko-prozesalei begira gobernu-idazkariak prozeduran jarduteko onartzen dituen protokoloak bete behar dituztela; protokolo horiek probintziako idazkari koordinatzaileak proposatuko ditu. Jarduera tekniko-prozesalen protokoloek ezartzen dituzte mota berbereko Zerbitzu Orokor Prozesaletan homogeneotasunez jarduteko irizpide orokorrak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak horretarako onartzen dituen irizpideak aplikatuz. Nolanahi ere, jarduteko protokoloak egokituko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ezarritako Zerbitzu Erkide Prozesalen diseinu eta antolamendura eta lanpostuen zerrendaren eremuan lanpostu bakoitzari ezarritako zereginetara.

Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalei dagokienez, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 437. artikuluan aurreikusten da eratuta dauden epaitegi edo auzitegietako sala edo sekzio adina zuzeneko laguntza emateko unitate prozesal egongo direla eta prozeduran jarduteko protokoloen esparruan garatuko dela horien antolamendua, Idazkari Judizialen Kidegoaren Araudi Organikoko 8. artikuluak adierazitako eran.

Zerbitzu Erkide Prozesalaren jardueretan euskararen erabilera sustatzeko, bultzatuko dira zerbitzu erkideak bi hizkuntza koofizialetan emateko lagungarriak diren ekimenak, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoko 435. artikuluari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzko ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuari jarraituz.

Botere Judizialaren Lege Organikoaren 435. artikuluarekin bat etorriz, Bulego Judizialak arintasuna, eraginkortasuna, efizientzia, lanaren arrazionalizazioa, kudeaketa arduratsua eta administrazioen arteko koordinazio eta lankidetza erabiliko ditu funtzionatzeko irizpidetzat, herritarrek hurbileko eta kalitatezko zerbitzua izan dezaten. Ondorioz, kalitatezko kudeaketa-sistema egituratua lortzeko funtsezkoa da Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak goian adierazitako irizpideak kontuan hartuz antolatzea, irizpide horiek laguntzen baitute behar bezala gauzatzen Bulego Judizialaren ezarpena eta Herritarrek Justiziaren aurrean dituzten Eskubideen Gutunetik eratorritako konpromisoak betetzea bezalako antolamendu-erreformak. Beraz, Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala antolatzeko garaian, garrantzia handia emango zaio kalitatea kudeatzeko sistemaren aplikazioari. Sistema hori bulego judizialaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzak diseinatu eta koordinatuko du bulego judizial berriaren ezarpenean inplikatuta dauden gainontzeko eragileekin eta batez ere idazkari judizialekin eta Justizia Administrazioko langileekin lankidetza estuan.

Bestalde, aipatutako 435. artikuluak ezartzen dituen jardun-irizpideak lortzen laguntzeko, eta bat etorriz Jarduketa judizialen alderdi osagarriei buruzko 1/2005 Erregelamendua onartu zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak 2005eko irailaren 15ean hartutako Erabakiarekin nahiz bertako 106. artikuluarekin (zerbitzu komunak behar bezala koordinatzeko jarraipen-batzordeak eratzeko aukera aurreikusten du artikulu horrek), Koordinatu eta Hobetzeko Batzorde bat ezartzea komeni dela ikusi da. Kide hauek izango ditu batzorde horrek: Barakaldoko barruti judizialeko epaile dekanoa, Bizkaiko idazkari koordinatzailea, Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren idazkari zuzendariak, Justizia Administrazioko langileen ordezkari bat, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bulego judizial eta fiskalaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren ordezkari bat.

Justizia Administrazioko langileen lanpostu-zerrendan, Barakaldoko bulego judizialari dagokienez, Zerbitzu Erkide Prozesaletako zein Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesaleko lanpostuak azaltzen direnez, egoki iritzi da lanpostuen zerrenda bereiz onartzea dekretu baten bidez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lanpostu-zerrenda onartzeko erabilitako tresna juridiko berbera erabiliz.

Azkenik, Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Planak aurreikusten du ebazpen bidez zehaztuko direla bulego judizial bakoitzeko antolamendu xehatua eta zerbitzu orokorren funtzionamenduko oinarrizko arauak.

Horiek horrela, bat etorriz Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuarekin eta Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Planarekin, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin ondoren, eta jakinaren gainean jarri ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Sala, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritza eta erakunde sindikal garrantzitsuenak, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Barakaldoko bulego judizialaren Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala sortzen dira. Zerbitzu horiek haien gain hartzen dituzte kudeaketako eta laguntza emateko lan orokorrak lege prozesalak aplikatzearen ondoriozko jardueretan, organo judizial jakin batean barne hartuta egon gabe.

2. artikulua.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra.

1.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak hauei emango die zerbitzua.

a) Barakaldoko bulego judizialaren Laguntza zuzeneko Unitate Prozesalak.

b) Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala.

c) Bulego Fiskalaren Barakaldoko lurralde-atalari lagunduko dio zerbitzuak emanez, jarduera-protokoloekin.

2.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra bi ataletan egituratuta dago.

a) Komunikazio- eta betearazpen-egintzen atala.

b) Erregistrorako eta beste zerbitzu batzuetarako atala.

3.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak jardun-arlo hauetako zerbitzuak emango ditu.

a) Komunikazio- eta betearazpen-egintzak.

b) Erregistroa eta banaketa.

c) Epaiketetako espedienteak lurraldeko artxibategian gordetzea, eta konbikzioko gauzak eta piezak gordetzea.

d) Herritarrei eta profesionalei informazioa eta arreta ematea.

e) Posta eta paketeak.

f) Erreprografia.

g) Salari laguntza ematea.

h) Epaile dekanoari laguntza ematea.

i) Bideokonferentzia pasiboak kudeatzea.

j) Apud-acta ahalordeak eratzea.

k) Epaimahaikidegaien zerrendak lantzea.

3. artikulua.– Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala.

1.– Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak zerbitzu emango die Barakaldoko bulego judizialeko ZULUPei.

2.– Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak jarraian adierazten diren ZULUP hauek guztiek emandako epaien, autoen, dekretu irmo eta behin betikoen betearazpenarekin loturiko zerbitzuak emango ditu: Lehen Auzialdia, Instrukzioa, Zigor arloa eta Emakumeen aurkako indarkeria.

3.– Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala bi ataletan egituratuta dago: Atal Zibila eta Zigor Atala.

4. artikulua.– Antolaketa.

1.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrak eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalak idazkari judizial bana izango dute zuzendari-lanak egiteko.

2.– Idazkari koordinatzaileen proposamenak kontuan hartuta gobernu-idazkariak une bakoitzean jarduera-arlo bakoitzerako onartzen dituen jarduera-protokoloetan ezartzen dena errespetatu eta bete beharko du Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren antolamenduak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bateratzeko onesten dituen irizpide orokorrak aplikatuz. Nolanahi ere, jarduteko protokoloak egokituko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ezarritako zerbitzu erkide prozesalen diseinu eta antolamendura eta lanpostuen zerrendaren eremuan lanpostu bakoitzari ezarritako zereginetara.

5. artikulua.– Langileen mendekotasun funtzional eta organikoa.

Destinoa Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrean eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalean duten Justizia Administrazioko langileak dagokion zerbitzu erkideko idazkari judizial zuzendariaren mende daude funtzionalki, eta, organikoki, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko bulego judizial eta fiskalaren arloan eskumena duen zuzendariaren mende.

6. artikulua.– Euskararen erabilera sustatzea.

1.– Euskararen erabilera sustatuko da Zerbitzu Prozesal Erkideen jardueretan, zerbitzu erkideak bi hizkuntza koofizialetan ematen laguntzen duten ekimenen bidez.

2.– Herritarrek eta erabiltzaileek, ahoz nahiz idatziz, euskaraz nahiz gaztelaniaz egin ahal izango dute Zerbitzu Erkide Prozesalekin. Bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztutako dokumentu guztiek dute erabateko balioa eta eraginkortasuna.

7. artikulua.– Kalitatea kudeatzeko sistema.

1.– Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren antolaketa kalitatea kudeatzeko sistemari lotuta egongo da. Sistema hori bulego judizialaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak diseinatu eta koordinatuko du bulego judizial berriaren ezarpenean inplikatuta dauden gainontzeko eragileekin, eta, batez ere, idazkari judizialekin eta Justizia Administrazioko langileekin lankidetza estuan.

2.– Kalitatea kudeatzeko sistemak sustatuko ditu plangintza, helburuen betetze-mailaren neurketa, disfuntzioen analisia, eta neurri zuzentzaileak, Zerbitzu Erkide Prozesalak etengabe hobetzen joan daitezen.

8. artikulua.– Koordinazio eta hobekuntza batzordea.

1.– Koordinazio eta hobekuntza batzorde bat ezartzen da, eta kide hauek izango ditu: epaile dekanoa, probintziako idazkari koordinatzailea, Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren idazkari zuzendariak, Justizia Administrazioko langileen ordezkari bat, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bulego judizial eta fiskalaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren ordezkari bat.

2.– Koordinazio eta hobekuntza batzordea lankidetza-tresna gisa eratu da, eta haren helburu da bulego judizialean sartutako alderdi garrantzitsuenen arteko jarduera koordinatu bat bultzatzea, eta, hartara, Zerbitzu Erkide Prozesalen etengabeko hobekuntza ahalbidetzea.

3.– Koordinazio eta hobekuntza batzordearen bileretan parte hartzeak ez dakar diru-konpentsaziorik.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Barakaldoko bulego judizialeko Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorraren eta Betearazoeneko Zerbitzu Erkide Prozesalaren antolaketa zehatza eta funtzionamendu-arauak Euskal Autonomia Erkidegoan bulego judizialaren arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez zehaztuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorra eta Betearazpeneko Zerbitzu Erkide Prozesala martxan jartzeko data zehatza ezartzeko, ebazpen bat emango du Euskal Autonomia Erkidegoko bulego judizial eta fiskalaren arloan eskumena duen zuzendariak, behin Barakaldoko bulego judizialeko langileak egokitzeko prozesua amaitu ondoren.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da agindu hau indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko otsailaren 3a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala