Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2015eko otsailaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
622

11/2015 DEKRETUA, otsailaren 3koa, Energiaren Euskal Erakundeari Sociedad Biscay Marine Energy Platform, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuko 109.1 artikuluaren arabera, honako hauek osatzen dute enpresa-ondarea: merkataritza-sozietateak ordezkatzen dituzten baloreek; obligazioek eta akzio bihur daitezkeen obligazioek; lehentasunezko harpidetza-eskubideek; aukeren finantza-kontratuek; finantza-trukeko kontratuek; partaidetza-kredituek eta bigarren mailako merkatu antolatuetan negoziatzekoak diren beste batzuek, baldin eta lege honetako 1. artikuluan jasotako erakundeetarako eskubideak ordezkatzen badituzte.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Biscay Marine Energy Plarform, S.A. sozietatearen helburua honako hau da: energia-bihurgailuei dagokienez ikerketa, demostrazio eta operazioak burutzea. Hartarako, itsas zabalean, olatuak energia bihurtzeko gailuekin demostrazioak eta entseguak egiteko instalazio bat du.

Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Kontseiluak, 2014ko urriaren 14an, Eusko Jaurlaritzari hau eskatzea erabaki zuen: Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematea Biscay Marine Energy Plarform, S.A. sozietateak egingo duen kapital-gehikuntzan akzioak harpidetzeko. Harpidetza hori hauxe izango da: egun duen partaidetza-portzentajean 13.000.000 eurokoa; eta, orobat, gehikuntza osatu arte jaulkitako gainontzeko akzioen harpidetza, baldin eta Instituto para la Diversificación y Ahorro de la Energia IDAE-k uko egiten badio lehentasunezko eskurapen-eskubideari. Horretarako, aurreko paragrafoetan azaldutakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluaren baimena behar du.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko otsailaren 3an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematea Biscay Marine Energy Platform, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, gehikuntzaren % 80 egiten duten akzioak harpidetuaz; hartarako, hamar milioi laurehun mila (14.400.000) euro erabiliaz; guztiarekin ere, sozietate horretan egun duen % 80ko partaidetzari eutsiz.

2. artikulua.– Horrez gain, Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematea honako honetarako: kapital-gehikuntzaren % 100 osotu arte gainontzeko akzioak harpidetzeko, baldin eta Instituto para la Diversificación y Ahorro de la Energia IDAE-k, gehikuntza horri dagokionez, uko egiten badio lehentasunezko eskurapen-eskubideari. Harpidetza hori bi miloi seiehun mila (2.600.000) eurokoa da; horren ondorioz, sozietate horretan duen azken buruko partaidetza maximoa % 91,30ekoa da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko otsailaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala