Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2015eko urtarrilaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
287

3/2015 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Uholdeen ziozko Larrialdiko Plan Berezia onartzeko Erabakia, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutakoa, argitara ematea xedatzen duena.

2015eko urtarrilaren 13an egindako bileran, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako erabaki hau hartu zuen: Euskal Autonomia Erkidegoko Uholdeen Ziozko Larrialdiko Plan Berezia onartzeko Erabakia, eta horri beharrezko publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulua bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Uholdeen Ziozko Larrialdiko Plan Berezia onartzeko Erabakia, eranskinean jasotzen dena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 20145eko urtarrilaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 14KO 3/2015 EBAZPENARENA

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Uholdeen Ziozko Larrialdiko Plan Berezia onartzeko.

Larrialdiak kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen 14.3 artikuluan aurreikusten denez, plan bereziak prestatuko dira arrisku jakin batzuei aurre egiteko, hau da, direnak izateagatik, metodologia tekniko eta zientifiko zehatz bat eskatzen duten arriskuei aurre egiteko, beren-beregi Autonomia Erkidegoan eragina duten Babes Zibilaren Oinarrizko Arauan aurreikusitako arriskuei dagokienez, betiere, arriskuen analisiak ematen dituen emaitzen arabera. Babes Zibilaren Oinarrizko Arauan beren-beregi xedatzen da uholde-arriskuak plan berezi bat behar duela.

1994ko abenduaren 9ko Ministro Kontseiluaren erabakiz, onartu zen, uholde-arriskua dagoenean aplikatzekoa den babes zibila planifikatzeko oinarrizko jarraibidea, hain zuzen, arrisku horren aurreko babes zibileko plan bereziak prestatu, ezarri eta horien eraginkortasunari eusteko.

Larrialdietako Plan Berezi honen aurrekari gisa, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 1999ko ekainaren 8ko Erabakiaren bidez, onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Uholdeen Ziozko Larrialdietako Plan Berezia.

Aplikatzeko plan berri bat idatzi behar izan da, izan ere, urte hauen guztien ostean, aldaketa asko gertatu da uholde-arriskuen ebaluazioari eta kudeaketari dagokionez, eta esperientzia handia eskuratu da hainbat gertakariren ondorioz. Horrek guztiak beharrezko egiten du plan berri bat prestatzen hastea, alderdi hauei erantzuteko:

– 903/2010 Errege Dekretua, uztailaren 9koa, uholde-arriskuen ebaluazioari eta kudeaketari buruzkoa, 2007/60 Europako Zuzentaraua transposizioz Espainiako legeriara ekartzekoa. Horri jarraikiz eguneratzen da Uholdeen Ziozko Larrialdietako Plan Berezia, hain zuzen ere, era koordinatuan egokitzeko uholde-arriskuen kudeaketa-planei eta planean sartzeko arriskugarritasun- eta arrisku-mapak.

– Eranstea Larrialdiei Erantzuteko Euskal Sistemaren Fenomeno Meteorologiko Bortitzen aurreko Iragarpen, Zaintza eta Ekintza Prozedura, 2007an onartua eta etengabe berrikusia, zeinak zehazten baititu abisu, alerta eta alarma mailak fenomeno meteorologikoen aurrean.

– Eguneratzea mareek uholdeetan duten eragina, azken urteotan jazotako gertakarien ondorioz eskuratutako esperientziaren emaitza.

– Presen larrialdi-planak prestatu eta onartzea, Presen larrialdi-planak prestatzeko Gida Teknikoaren eta 9/2008 Errege Dekretuaren VII. tituluaren arabera; azken horrek aldatzen du Jabetza Publiko Hidraulikoaren Araudia, presen, urtegien eta putzuen segurtasunari dagokionez.

– Azken urteotan gertatutako uholdeen ondorioz eskuratutako esperientzia, zeinek ahalbidetu baitute, bai ikuspegi eraginkorretik bai arriskuaren ebaluaziotik, ezagutza zabaltzea; horrenbestez, interesgarria da hori planean sartzea.

– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kantauri eta Mediterraneo Isurialdeetako Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren Aldaketa, horrek ere uholdeak aurreikusten laguntzen baitu.

Uholdeen Ziozko Larrialdietako Plan Berezi berri hau prestatzeko, aintzat hartu dira bai deskribatutako alderdiak eta bai uholde-arriskua dagoenean aplikatzekoa den babes zibila planifikatzeko aipatutako oinarrizko jarraibidea; Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak plan horren aldeko iritzia eman du, 2014ko azaroaren 26an, eta Babes Zibileko Batzorde Nazionalak homologatu du, 2014ko abenduaren 3an.

Horregatik, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, eta aldez aurretik eztabaidatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako erabaki hau hartu du

ERABAKIA

«Lehenengoa.– Onartzea Uholdeen Ziozko Larrialdietako Plan Berezia, 2015eko urtarrilaren 13ko bilkuran aurkeztua.

Bigarrena.– Eraginik gabe uztea Jaurlaritzaren Kontseiluak 1999ko ekainaren 8ko Erabakiz onartutako Uholdeen Ziozko Larrialdietako Plan Berezia.

Hirugarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du».


Azterketa dokumentala