Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

3. zk., 2015eko urtarrilaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
44

241/2014 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Energiaren Euskal Erakundeari Micronizados Naturales S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko eta lehentasunez eskuratzeko eskubideari uko egiteko baimena emateko dena.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuko 109.1 artikuluaren arabera, honako hauek osatzen dute enpresa-ondarea: merkataritza-sozietateak ordezkatzen dituzten baloreek; obligazioek eta akzio bihur daitezkeen obligazioek; lehentasunezko harpidetza-eskubideek; aukeren finantza-kontratuek; finantza-trukeko kontratuek; partaidetza-kredituek eta bigarren mailako merkatu antolatuetan negoziatzekoak diren beste batzuek, baldin eta lege honetako 1. artikuluan jasotako erakundeetarako eskubideak ordezkatzen badituzte.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Micronizados Naturales, S.A. sozietatearen helburu sozialak honako hauek dira: industrian karga eta/edo pigmentu gisa erabil litezkeen industria-harriak eta -mineralak meatzaritzan aprobetxatzea, granulometriaz mikronizatu eta sailkatzea, eta merkaturatzea.

Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Kontseiluak, 2014ko urriaren 14an, Eusko Jaurlaritzari hau eskatzea erabaki zuen: Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematea Micronizados Naturales, S.A. sozietateak egingo duen kapital-gehikuntzan akzioak harpidetzeko. Harpidetza hori 477.378,72 eurokoa izango da, hau da, guztira eginiko 954.757,44 euroko kapital-gehikuntzaren % 50ekoa. Horren ostean, Energiaren Euskal Erakundeak gaur egungo % 50eko partaidetzari eutsiko dio sozietate horretan. Horrez gain, akordio eta estatutu sozialak direla bide lehentasunez harpidetzeko izan dezakeen edozein eskubideri uko egiteko baimena ere eskatu zuen. Horretarako, aurreko paragrafoetan azaldutakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluaren baimena behar du.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2014ko abenduaren 23an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Baimena ematen zaio Energiaren Euskal Erakundeari Micronizados Naturales, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Harpidetuko duen partaidetza laurehun eta hirurogeita hamazazpi mila hirurehun eta hirurogeita hamazortzi euro eta hirurogeita hamabi zentimokoa (477.378,72) izango da, kapital-gehikuntza osoaren % 50ekoa, hain zuzen ere. Izan ere, kapital-gehikuntzaren guztizko zenbatekoa bederatziehun eta berrogeita hamalau mila zazpiehun eta berrogeita hamazazpi euro eta berrogeita lau zentimokoa (954.757,44) izango da. Horrez gain, baimena ematen zaio lehentasunez harpidetzeko eskubideari uko egiteko, Promotora de Minas de Carbón, S.A. sozietateak harpidetu ez dituen akzioei dagokienez. Eragiketa hau egin ostean, Energiaren Euskal Erakundeak % 50eko partaidetzari eutsiko dio sozietatean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala