Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2015eko urtarrilaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
27

AGINDUA, 2014ko azaroaren 18koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, garapenerako sorospen zibilerako fundazio bat, zehazki, «Fundación Mundubat-Mundubat Fundazioa» izenekoa, jarduera-eremua aldatu duela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Aztertu da «Fundación Mundubat-Mundubat Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2013ko abenduaren 27an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean ondoko fundazioa inskribatzeko eskabidea jaso zen: garapenerako sorospen zibilerako fundazio bat, zehazki, «Fundación Mundubat-Mundubat Fundazioa» izenekoa, zeina ordura arte Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioko Fundazioen Erregistroan baitzegoen inskribaturik 48-0135 zenbakiarekin; eta eskabide horren zioa hauxe zen: aipatu fundazioaren jarduera-eremua aldatu dela-eta eskudun babeslaritza aldatu izana. Osasun, Gizarte Gaietako eta Berdintasunerako Ministerioko Fundazioen Atalak egin zuen aipatu eskabidea. 2014ko otsailaren 26an, eta araudi egokian ezarritakoarekin bat etorriaz, aurka egiten ez zuen idazkia igorri zitzaion aipatu zerbitzuari. Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2014ko urriaren 20an fundazioa inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera:

«Fundazioaren interes orokorreko helburuak dira herrien eta pertsonen arteko elkartasuna eta lankidetza sustatzea, gizakien garapena lortzeko, eta denontzako etorkizun bidezkoago eta duinagoa defendatzen duten taldeen, herri-erakundeen eta komunitateen prozesuak lagundu, bultzatu eta errespetatzea».

Laugarrena.– Estatutuen 4. artikuluan xedatutakoari jarraituz, fundazioaren helbidea hau da: Kapelagile kalea 2, 48005, 3. solairua, Bilbao (Bizkaia). Gehien bat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak fundazioak, baina hori ez da eragozpena eremu geografiko zabalago batean ere jarduerak egiteko.

Bosgarrena.– Laurehun eta laurogeita zortzi mila eta hogeita hamazortzi euro eta hogeita hamasei zentimokoa (488.038,36) da eraketako zuzkidura, halaxe baitago jasota eskudun babeslaritzaren lekualdatze-espedienteko dokumentazioan, betiere bat etorriaz Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c artikulurekin.

Seigarrena.– Eraketako estatutuekin bat etorriaz, Fundazioaren Patronatuko kideek doan egiten dituzte euren zereginak, eta honako hauek osatzen dute:

(Ikus .PDF)
ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da inskripzio hau.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-377 erregistro-zenbakiarekin–: «Fundación Mundubat-Mundubat Fundazioa» izeneko fundazioa, garapenerako sorospen zibilerako dena, zeina inskribaturiko baitago Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioko Fundazioen Erregistroan 48-0135 zenbakiarekin. Izan ere, aipatu fundazioaren jarduera-eremua aldatu egin da, Patronatuaren 2013ko abenduaren 13ko Erabakiari buruzko ziurtagirian zehaztapenekin bat etorriaz; eta hori honako eskritura publiko honetan jaso zen: 2013ko abenduaren 3an, Euskal Herriko Notarioen Elkargoko Juan Ignacio Gomeza Villa notarioaren aurrean egiletsitakoa eskrituran (Notario horrek Bilbon du bere egoitza) (protokolo-zk.: 20888).

Bigarrena.– Fundazio hori, helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

En Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 18a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala