
2. zk., 2015eko urtarrilaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (228 KB - 4 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
23
AGINDUA, 2014ko abenduaren 26koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fakturazio Elektronikoaren zerbitzua eta Fakturen Kontularitza Erregistroa arautzen dituena.
Faktura elektronikoa sustatzeko eta sektore publikoan fakturen kontularitza-erregistroa sortzeko abenduaren 27ko 25/2013 Legeak faktura elektronikoaren erabilera eta fakturen kontularitza-erregistroa arautzen ditu, administrazio publikoetan.
Lege horretan ezartzen da administrazio publikoari ondasunak edo zerbitzuak eman dizkioten hornitzaile guztiek faktura elektronikoa jaulki eta bidali ahalko dutela. Zenbait erakunde, ordea, faktura elektronikoa erabiltzera eta dagokion sarrera-puntu orokorrean aurkeztera behartuta egongo dira. Hala ere, administrazio publikoek fakturazio elektronikoaren betebehar horretatik kanpo utz ditzakete, erregelamendu bidez, 5.000 eurora arteko fakturak eta hornitzaileek administrazio publikoen atzerriko zerbitzuei luzatutakoak.
Era berean, ezartzen da administrazio publiko bakoitzak fakturen kontularitza-erregistro bat izango duela, jarraipena errazteko, eta erregistro horren kudeaketaz kontularitzako eginkizunak esleituak dituen organoa arduratuko dela. Autonomia erkidegoek kontularitza-erregistroan fakturen idatzoharrak egiteko betebeharretik kanpo utz ditzakete 5.000 eurora arteko fakturak eta atzerriko zerbitzuei luzatutakoak.
Horregatik, behar-beharrezkoa da hornitzaileek Euskal Autonomia Erkidegoari egiten dizkioten faktura elektronikoak jasotzeko eta fakturen kontularitza-erregistroan dagokion oharra idazteko prozedura arautzea.
Ondorioz, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 192/2013 Dekretuak esleitutako ahalmenez baliatuz, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan Fakturazio elektronikoaren zerbitzua eta fakturen kontularitza-erregistroa sortzea eta arautzea.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta haren erakunde autonomoei eta partzuergoei aplikatuko zaie.
II. KAPITULUA
FAKTURAZIO ELEKTRONIKOAREN ZERBITZUA
3. artikulua.– Xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren faktura elektronikoaren zerbitzua sortu da hornitzaileek fakturak modu elektronikoan aurkez ditzaten eta haien tramitazioaren egoera kontsulta dezaten.
4. artikulua.– Faktura elektronikoaren erabilera.
1.– Abenduaren 27ko 25/2013 Legearen 4. artikuluan adierazitako erakundeak behartuta daude faktura elektronikoa egin eta igortzera, baldin eta faktura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, haren erakunde autonomoei eta partzuergoei egindako zerbitzuengatik edo entregatutako ondasunengatik bada.
2.– Fakturazio elektronikotik salbuetsita geratzen dira 5.000 euro edo gutxiagoko fakturak, eta Euskadiren kanpoko ordezkaritzei egindakoak.
5. artikulua.– Fakturazio elektronikoaren zerbitzura sartzeko eta zerbitzua erabiltzeko baldintzak.
Faktura elektronikoak aurkezteko, hornitzaileek izena eman beharko dute fakturazio elektronikoaren zerbitzuan, honako helbide elektronikoaren bitartez: https://euskadi.eus/. Horretarako, beharrezkoa da onartutako ziurtagiri digital bat izatea eta zerbitzuaren erabilera-baldintzak onartzea.
6. artikulua.– Fakturazio elektronikoaren zerbitzuaren funtzionamendua.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Fakturazio elektronikoaren zerbitzuak zerbitzu hauek eskaintzen dizkie hornitzaileei:
a) Fakturak egin, sinatu eta igortzen ditu (faktura elektronikoak plataforma erabiliz egiten badira):
b) Hornitzaileak aurrez egindako faktura elektronikoak igortzen ditu
c) Web gisako interfaze bat, hornitzaileek, hala nahi izanez gero, aurkeztu nahi dituzten fakturak kudeaketa ekonomikorako dituzten sistemetatik modu automatikoan igorri ahal izateko.
d) Faktura elektronikoak gordetzen ditu, fakturazio arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatuta.
e) Euskal Autonomia Erkidegoko Fakturazio elektronikoaren zerbitzuaren bidez aurkeztutako fakturen idatzoharra automatikoki egingo da Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 21. artikuluan araututako erregistro elektronikoan, hartu-agiri elektroniko bat emanez, non dekretu horretako 23. artikuluan adierazitako datuak jasoko diren.
f) Fakturen tramitazioaren egoerari buruzko informazioa:
1) Erregistratua: Fakturazio Elektronikoaren Zerbitzuak faktura elektronikoa jaso du eta sarrera eman dio administrazioan.
2) Fakturen kontularitza-erregistroan erregistratua: faktura elektronikoa dagokion kontularitza-erregistroan erregistratu da.
3) Onartua: dagokion organo eskudunari igorri zaio, eta onartu egin du faktura.
4) Baztertua: dagokion organo eskudunari igorri zaio, eta baztertu egin du faktura, horretarako arrazoia emanda.
5) Kontabilizatua: administrazioak onartu egin du fakturaren araberakoa ordaintzera behartuta dagoela.
6) Ordaindua: faktura ordainduta dago.
7. artikulua.– Faktura elektronikoaren formatua.
1.– Faktura elektronikoak abenduaren 27ko 25/2013 Legearen 5. artikuluan eta bigarren xedapen gehigarrian ezarritakora egokituko dira, eta, hortaz, nahitaezkoa izango da izapidetzeko ardura duten administrazio-organoen kodeak betetzea.
2.– Administrazio-organoen kodeak https://euskadi.eus/ helbide elektronikoan daude argitaratuta, eta administrazio-unitate komunen DIR3 direktorioaren kodifikazioaren araberakoak dira.
3.– Fakturan kudeaketa-organoaren kodea baino ez da zehaztu beharko, tramitazio-unitatearen eta kontularitza-bulegoaren kodeak automatikoki esleitzen baititu Fakturazio elektronikoaren zerbitzuak.
III. KAPITULUA
FAKTUREN KONTULARITZA-ERREGISTROA
8. artikulua.– Xedea.
1.– Fakturen kontularitza-erregistroaren helburua da jasotako faktura guztien jarraipena egitea, kontularitza aldetik behar bezala kontrolatzen direla eta legez ezarritako ordainketa-epeak betetzen direla bermatzeko.
2.– Kontularitza-erregistroan idatzoharra egiteko betebeharretik kanpo uzten dira paperean egindako 5.000 euro edo gutxiagoko fakturak –baldin eta funts aurreratuen araubideari jarraituz ordaintzen badira– eta Euskadiren kanpoko ordezkaritzetatik jasotakoak.
3.– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren organismo autonomoek eta partzuergoek nork bere fakturen kontularitza-erregistroa izango dute, eta erregistro hori bakoitzaren kudeaketa ekonomikorako sisteman txertatuta edo sistemarekin lotuta egongo da.
4.– Ikastetxe publikoek eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko laguntza-zerbitzuek ere nork bere fakturen kontularitza-erregistroa izango dute, kudeaketarako autonomia baitute.
9. artikulua.– Fakturen kontularitza-erregistroaren funtzionamendua.
Fakturen kontularitza-erregistroak egiteko hauek izango ditu:
a) Jasotako fakturen idatzoharra berehala egitea. Faktura elektronikoen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fakturazio elektronikoaren zerbitzuak modu elektronikoan igorritakoen idatzoharra egitea.
b) Idatzoharra egin ondoren, faktura dagokion organo eskudunaren esku jartzea, tramita dezan.
c) Onartu edo baztertu diren ohartaraztea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Fakturazio elektronikoaren zerbitzuari fakturen tramitazioaren egoerari buruzko informazio hau igorriko zaio: fakturen kontularitza-erregistroan erregistratua, onartua, baztertua, kontabilizatua eta ordaindua.
10. artikulua.– Fakturen kontularitza-erregistroko idatzoharrak.
1.– Fakturen kontularitza-erregistroak identifikazio-kode bana esleituko die fakturei. Erakunde bakoitzak bere kodea izango du, urtea eta modu korrelatiboan esleitutako zenbaki batek osatua.
2.– Faktura elektronikoen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fakturazio elektronikoaren zerbitzuak faktura elektronikoaren datu guztiak bidaliko dizkio kontularitza-erregistroari.
3.– Paperean egindako fakturetan, jasotako faktura bakoitzeko informazio hau idatziko da:
● Faktura zer egunetan egin den
● Administrazio-erregistroan zer egunetan sartu den
● Faktura egitera behartuta dagoenaren identifikazio fiskaleko zenbakia
● Faktura egitera behartuta dagoenaren izen-abizenak edo sozietatearen izen osoa
● Fakturaren zenbakia, eta, kasuaren arabera, seriea
● Zenbatekoa, BEZa barne
● Dagokion kudeaketa-organoaren kodea
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretua garatzen duen 2000ko martxoaren 30eko Aginduaren aldaketa.
Honen bidez Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren irailaren 30eko 211/1997 Dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan funts aurreratuen araubideari dagokionez garatzen duen 2000ko martxoaren 30eko Aginduaren Hirugarren Xedapen Gehigarria aldatzen da. Xedapen hori funts aurreratuen kontura ordain daitezkeen gastuen gehienezko zenbateko unitarioari buruzkoa da, eta honela geratu da idatzita:
«211/1997 Dekretuaren 15.2 artikuluaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako organo nagusiek gehienez 5.000 euroko gastuei dagozkien ordainketak egin ahal izango dituzte. Muga horren ondorioetarako, berez bakarra den gastua ezin izango da zatitu. Gastutzat hartuko da batera egin daitezkeen antzeko prestazio guztiei dagokiena».
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ahalmena.
Ahalmena ematen zaio Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendariari agindu hau garatzeko behar diren neurriak har ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean sartzea.
Agindu hau argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, faktura elektronikoak egin eta igortzeko betebeharrari buruz 4. artikuluan ezarritakoa izan ezik, hori 2015eko urtarrilaren 15ean sartuko baita indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 26a.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
RSS