Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2014ko abenduaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5520

AGINDUA, 2014ko abenduaren 10ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, ohiko eskola-garraioa erabili ezin duten eta fisikoki, psikikoki edo sentsorialki elbarrituta dauden ikasleentzat, ikastetxe publikoetan edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe pribatuetan eskolatuta daudenentzat, eskola-garraiorako banakako diru-laguntzak deitzen dituena. 2014-2015eko ikasturtea.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak irakaskuntzaren zerbitzu osagarri gisa antolatzen du eskola-garraioa ikasturte bakoitzean. Zerbitzu hori ibilbideen kontratazioan konkretatzen da eta, ibilbide horiek zehazteko, ikasleen helbidearen eta ikastetxearen arteko distantzia eta ikasleen kopurua hartzen dira kontuan.

Badira, egunero ikastetxeetara joan ahal izateko, irtenbideren bat bilatu behar zaien ikasle zehatz batzuk. Elbarritasun fisiko, psikiko edo sentsorialei lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak dira eta kolektibo espezifiko bat osatzen dute. Izan ere, haien elbarritasunengatik ezin dute ohiko garraioa erabili edo ez dira ezarritako ibilbideetara egokitzen. Horretarako, banakako diru-laguntzen deialdi hau egiten da.

Horregatik guztiarengatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen legearen testu bateratuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren arloan eman beharreko diru-laguntzak arautzeari buruzko azaroaren 11ko 1/1997 legegintza dekretuaren bidez onartuak, VI. tituluan agertzen dituen xedapenetan ezarritakoaren arabera,

Eta, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako gastuen espedienteak aldez aurretik tramitatzea arautzen duenak, xedatutakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

2014-2015eko ikasturtean ikastetxe publikoetan edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe pribatuetan matrikulatuta dauden eta elbarritasun fisiko, psikiko edo sentsorialak dituzten ikasleentzat, ezin badute ohiko eskola-garraioa erabili, eskola-garraiorako banakako diru-laguntzak deitzea du agindu honek helburu.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan horretarako dauden aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluaren helbururako erabiliko diren baliabide ekonomikoak. Deialdi honetarako, zenbateko hori 2.300.000 eurokoa da. Eman beharreko diru-laguntzen guztizko zenbatekoak ez du kopuru hori edo, kreditu-loturarako edo aurrekontuak aldatzeko indarreko legeriak xedatzen duen erregimenaren arabera, haren eguneratzearen ondoriozkoa gaindituko. Behar izanez gero, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste diru-laguntza programa batzuk gauzatu ondoren agortu ez diren aurrekontuak ere erabiliko dira. Zirkunstantzia hori gertatuz gero, deialdia ebatzi aurretik Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da argitara.

2.– Aurrekontuan sartutako funtsak nahiko ez badira, ezarritako epean aurkeztutako eskaera guztien artean banatuko dira, exijitutako baldintza guztiak betetzen badituzte, erabat betetzeko behar den guztizko zenbatekoari begira haietako bakoitzerako hasiera batean kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean.

3. artikulua.– Baldintza orokorrak.

Ikastetxe publikoetan edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe pribatuetan eskolatuta dauden eta elbarritasun fisiko, psikiko edo sentsorialak dituzten ikasleek, ezin badute ohiko eskola-garraioa erabili, izango dute deialdi honi heltzeko eskubidea. Horretarako, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

a) Ikastetxe publiko batean matrikulatuta egotea 2014-2015eko ikasturtean edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxe pribatu batean, ikaslea bizi den tokiaren eragin-eremuan haren hezkuntza-premia berezietara egokitutako ikastetxerik ez egoteagatik Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzak espresuki erabaki badu.

b) 2014ko abenduaren 31n 21 urte beteta ez izatea.

c) Lurralde mailako organismo eskudunak emandako elbarritasun-ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagiri horretan elbarritasun mota eta maila adierazi beharko dira.

d) Haren helbidetik hurbilen dagoen ikastetxera, eragin-eremuagatik dagokionera, joatea.

e) Ohiko eskola-garraioa erabili ezin izatea, tokian tokiko berritzeguneko hezkuntza-premia berezietarako aholkularitzak egindako balorazioaren arabera.

f) Doako garraioa, edo erakunde publiko edo pribatuek guztiz diruz lagundutakoa, edukitzeko aukerarik ez izatea.

4. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Helbidearen eta ikastetxearen artean ikaslearen elbarritasunera egokitutako zerbitzu publikoa (autobusa, trena, tranbia, taxia ... ) baldin badago, emango den diru-laguntzaren zenbatekoa garraio merkeenarena izango da.

2.– Ikasleak garraiatzeko ibilgailu partikularrak erabiltzen badira, diru-laguntzaren zenbatekoa bidaia bakoitzerako kalkulatuko da. Horretarako, operazio hau egingo da: helbidearen eta ikastetxearen arteko kilometroen kopurua bider 0,29 euro.

3.– Ikaslea garraiatutako bidaiak besterik ez dira diruz lagunduko eta, ikastetxeak jantokia duen kasuetan, ez dira egunean bi bidaia baino gehiago diruz lagundutako; inoiz ere ez lau baino gehiago.

5. artikulua.– Eskaerak: dokumentazioa eta bateraezintasuna.

1.– Diru-laguntzen eskaerek, agindu honen I. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoek, eskatzaileak ondorengo puntuak betetzen dituela egiaztatuko duen erantzukizunpeko adierazpena jasoko dute:

a) Diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dion zigor penal edo administratiborik ez izatea; halaber, ez du diru-laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekurik izango, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunarenak, azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gerta daitezkeenak barne.

b) Helburu berbererako beste edozein erakunde publiko edo pribatu baten diru-laguntzarik jaso ez izana.

c) Bere gain hartzen du, diru-laguntza emateko exijitu eta kontuan hartu diren baldintzetakoren bati eragiten dion edozein zirkunstantzia aldatuz gero, aldaketa horren berri Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinarazteko konpromisoa.

2.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak ez dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin eman ditzaketen beste batzuekin bateragarri.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek eman dituzten izaera bereko diru-laguntzak itzultzeko, edo zigorra ezartzeko, edozein prozedura tramitazio-fasean badago, prozedura hori bukatzea ezinbesteko baldintza izango da, diru-laguntzak onuradunei eman edo ordaintzeko.

4.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Datu Pertsonalak Babestearenak, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, Titularitate Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, deialdian parte hartzen dutenek datu horiek tratatzeko eta argitara emateko baimena ematen badute, Hezkuntza Berezia izeneko fitxategi batean sartuko dira. Diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta parte hartzen duten pertsonei haren garapenari buruzko informazioa ematea izango ditu fitxategi horrek helburu. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan erabili ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta datuoi aurka egiteko eskubideak eta, horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, aurkeztutako agiriak egiazkoak diren edo ez beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko.

6. artikulua.– Prozedurak eta epeak.

1.– Aitak, amak, tutoreak, legezko ordezkariak edo, adin nagusikoa bada, ikasleak berak I. eranskinaren ereduaren arabera eskatuko du diru-laguntza. Horretarako, elbarritasun-ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko du, hilabeteko epean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Eskaera ikasleak ikasketak egiten dituen ikastetxeko zuzendariari egin beharko zaio edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legeak 38.4. artikuluan adierazten dituen egoitzetako edozeinetan edo herritarrei arreta emateko Eusko Jaurlaritzako Zuzenean Zerbitzuko edozein bulegotan, helbide hauetan: Kale Nagusia 85, 48011, Bilbo Bizkaian; Andia kalea 13, 20003, Donostia Gipuzkoan, eta Ramiro de Maeztu 10 behea, 01008, Vitoria-Gasteiz Araban. Halaber, herritarrei arreta emateko bulego horietan informazioa eta telefonozko arreta eskatu ahal izango dira, telefono-zenbaki hauetan: 012 Euskal Autonomia Erkidegotik, 945 01 80 00 Euskal Autonomia Erkidegotik at eta 00 34 945 01 80 00 atzerritik.

2.– Ikastetxeetako zuzendariek tokian tokiko Hezkuntza Ordezkaritzari bidaliko dizkiote I. eta II. eranskinak, 10 eguneko epean, eskaerak aurkezteko epeak bukatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

7. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da diru-laguntzak kudeatzeko eskuduntza duen organoa.

8. artikulua.– Eskaerak baloratu eta diru-laguntzak ebaztea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde mailako teknikariek aztertuko dituzte eskaerak eta berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietako aholkularitzen balorazioa hartuko dute kontuan.

2.– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde mailako teknikariek Baloratze Batzordeari helaraziko diote beren proposamena, lurralde arduradunaren bidez behar bezala informatua, eta Baloratze Batzorde horrek, deialdian ezarritako baldintzak kontuan hartuta, lurralde mailako proposamenak aztertuko ditu eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari aurkeztuko dio esleitzeko behin betiko proposamena. Zuzendari honek ebatziko du.

3.– Hezkuntza Bereziko arduraduna izango da Baloratze batzordeburua eta Batzordea kide hauek osatuko dute:

– Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusia edo eskuordetzen duen pertsona.

– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde teknikariak. Haietako batek idazkari gisa jardungo du.

4.– Deialdi honen ebazpena onuradunei jakinarazteko, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzetan, 2015eko martxoaren bigarren hamabostaldian, emango da argitara.

5.– Hezkuntza sailburuordeari gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio administrazio-bideari amaiera ematen ez dion ebazpen horren kontra, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legeak 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

6.– Aurrekoaren kalterik gabe, eta interesatuek errazago kontsulta dezaten, ikastetxeetako zuzendaritzei ere bidaliko zaie ebazpena. Dena den, zirkunstantzia horrek ez dio jakinarazteko erari eragingo, ezta aurreko bi ataletan errekurtsoa jartzeko aipatzen den epeari ere.

7.– Sei hilabeteko epean, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, berariazko ebazpena eman ezean, eskaera ezetsi egin dela interpretatu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legeak 44.1. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, aipatutako legeak Administrazioei berariaz ebazteko ezartzen dien eginbeharraren kalterik gabe.

9. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Emandako diru-laguntza fase bakar batean, aldez aurretik, ordainduko zaio onuradunari, ikasketak egiten dituen ikastetxearen bidez eta hilabeteko epean, diru-laguntza onartzen denetik kontatzen hasita, 10.a. artikuluan xedatutakoaren arabera. Onuraduna tramitatzen ari den itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta baldin badago, prozedura horrek bukatu ondoren emango da diru-laguntza edo, emana badago, ordainduko da. Ikastetxeak Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzari eman beharko dizkio diru-laguntza horiek ordaindu izana justifikatzeko arrazoiak, ematen dizkion argibideen arabera.

10. artikulua.– Onuradunaren eginbeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen legearen testu bateratuak 50.2. artikuluan, oro har, azaldutako eginbeharren kalterik gabe, agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek, betiere, eginbehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, hamar eguneko epean, onuradunen zerrendak argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, onuradun horiek espresuki eta idatziz diru-laguntzei uko egiten ez badiete, onartutzat joko dira.

b) Diru-laguntza eman den helburu konkreturako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako jardueraren helburua funtsean aldatzen duen edozein zirkunstantziaren berri ematea; halaber, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Lurralde Ordezkaritzek, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren funtzioetan aritzean, eskatzen dieten informazioa eman beharko diete.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren kontrola.

1.– Ikasturtea bukatu ondoren eta 2015eko irailaren 15a baino lehenago, diru-laguntzen zenbatekoa garraio-ordainagiriekin justifikatzeko eskaera egingo diete ikastetxeetako zuzendariek onuradunei. Justifikatzeko dokumentazio hori (txartelak, fakturak, ... ) ikastetxean artxibatuko da, egin daitezkeen egiaztatzeetarako.

2.– Justifikatu gabeko eta, ikaslea ez joateagatik edo ikastetxean bajan emateagatik, erabili ez diren diru-laguntzen zenbatekoa Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzaren kontuan sartuko dute ikastetxe publikoetako zuzendariek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kontu zentraletan itunpeko ikastetxeetako zuzendariek; diru-laguntza eman bada, erabat edo partzialki itzultzeko eskaera egingo diote onuradunari.

3.– Itzultze-espedienteari hasiera ematen bazaio, abenduaren 27ko 698/1991 dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren konturako diru-laguntzen berme eta itzultzeei buruzko erregimen orokorra arautzen duenak, bigarren tituluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautzen ez denari Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legeak xedatzen duena aplikatuko zaio. Halaber, eta agindu honetan xedatutakoaz gain,azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen legearen testu bateratuak VI. tituluan xedatutakoaren arabera jokatuko da agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak arautzeko orduan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren konturako gastu-espedienteen tramitazio aurreratua arautzen duenak, 5.3. artikuluan azaldutako ondorioetarako, behar adina kreditu egon beharko da 2015. Urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan agindu honen diru-laguntzak ebatzi ahal izateko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen kontra, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkari ofizial berean argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu agindu honek ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 10a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala