Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2014ko abenduaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5519

AGINDUA, 2014ko urriaren 28koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzak emateko 2015eko deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikertzaile-taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte hartu behar dute Europako ikerketa-espazioaren eraikuntzan. Horregatik, aurrera jarraitu behar da sail honek kudeatzen duen ekipamendu zientifikoko laguntzen programarekin.

Agindu honen bidez, azpiegitura handien erabilera errazten zaie horrelakoak behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko talde zientifiko guztiei, ikerketa-taldeek sarean jardun dezatela sustatuz.

Kontuan izanik: 193/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen (2013ko apirilaren 24ko EHAA, 78. zk.).

Halaber, kontuan izan behar dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena, eta, bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea da 18.001 y 240.000 euro bitarteko kostua (BEZik gabe) duten ekipamendu zientifikoak erosteko diru-laguntzak ematea.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Deialdi honetarako, 300.000 euro erabiliko dira guztira.

Artikulu honetan esleitutako guztizko zenbatekoa handitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, sail kudeatzailearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gera litezkeen aurrekontuen arabera, eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Horren berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako hauek izango dira ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzak jaso ahalko dituzten erakundeak:

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko (aurrerantzean ZTBES) agente kreditatuak, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluan azaltzen diren agente-kategorietan badaude (221/2002 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarriak eguneratu zituena). Hona hemen artikulu horretan zerrendatzen diren kategoriak:

– oinarrizko eta bikaintasunezko ikerketako zentroak.

– zentroak, departamentuak, sekzioak edo unibertsitateetako beste ikerketa-unitate batzuk, EHUkoak izan ezik.

– ikerketa kooperatiboko zentroak.

– teknologia-zentroak.

– Ikerketako zentro sektorialak.

2.– Deialdi honen helburuetarako, honako hau joko da agente zientifiko teknologikoen erregistroko zerrenda eguneratutzat: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak egiaztatutako zerrenda, noiz eta deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunean, betiere urriaren 1eko 221/2002 Dekretuko 17.4 artikuluarekin bat etorriaz.

3.– Deialdiaren eskaera batean, erakunde onuraduntzat joko dira bai eskabidea aurkezten duen erakundea (erakunde eskatzailea), bai eta eskaera babesten duten gainerako erakundeak ere (erakunde laguntzaileak), baldin eta ZTEBSren erregistroko zerrenda eguneratuan ageri badira, agindu honetan onuraduntzat jotzen diren kategorietako batean.

4.– Erakunde laguntzaileek beren ikerketa-proiektuetan eskaerako ekipamendu zientifikoa erabiltzeko konpromisoa hartzen duten ikerketa-taldeen bidez hartu beharko dute parte eskaeran.

5.– Ezingo dira erakunde onuradun izan diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dien zigor administratibo edo penala jaso dutenak, edo halakorik eskuratzeko legezko debekuren bat dutenak, sexu-arrazoiengatiko diskriminaziogatiko zigorrak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.

1.– Eskabidean, erakunde onuradun bakoitzak bere langileen arteko ikertzaile-talde bat –gutxienez hiru ikertzailek osatua– aurkeztuko du, ekipamendu zientifikoa erabiliko den proiektuetan lan egingo duena. Ikertzaile bakoitza honako epearen barruan kontratatu beharko du erakunde eskatzaileak edo haren laguntzaileak: deialdiko eskabideak entregatzeko epea amaitu baino lehen, eta, gutxienez, 2016ko abenduaren 31ra arte; ikertzailearen dedikazioa, bestalde, ekipamendua erabiliko den proiektuetan aurreikusitakoaren adinakoa izango da, gutxienez.

2.– Pertsona bat obra baterako kontratatu bada, obraren iraupenari eta kontratuaren luzapen gertagarriari buruzko agiriak aurkeztu beharko ditu, beharrezkoa bada, eta obra horrek dakarren dedikazioa adierazi beharko du, betiere proiekturako konprometitutako jarduerei aurre egiteko ordu erabilgarri aski dagoela argi utziz.

3.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskaera batean soilik hartu ahal izango du parte, erakunde eskatzaileko zein eskaera bateko erakunde laguntzaileko kide gisa. Ez da onartuko doktoretza-tesia egiteko kontratatutako pertsonen partaidetzarik ekipamendu-eskabidean (prestakuntza-aldian diren doktoretza aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 21. artikuluaren arabera).

4.– 2015erako eta 2016rako eskatu dituzten edo eman zaizkien beste proiektu batzuetan zenbat orduko lan-konpromisoa duten aitortu beharko dute parte hartzen duten ikertzaileek.

5.– 2012ko deialdian (2013-2014an garatzeko proiektuak) eta 2013koan (2014-2015an garatzeko proiektuak) diru-laguntza eskuratu zuen eskabide batean parte hartu zuten ikertzaileek ezin izango dute deialdi honetako ekipamendu-eskabidean parte hartu, ezta aurreko urteetan emandako ekipamendurako diru-laguntzei dagozkien burutu gabeko eginbideak dituztenek ere.

6.– Tresna erabiliko den proiektuetako ikertzaile nagusiek ekipamendu-eskaeran parte hartu beharko dute, ikerketa-talde eskatzaileetan zein horien talde laguntzaileetan.

7.– Deialdi honi dagokionez, Ikerbasque Fundazioak Research Professor edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak erakunde bati atxikitzen badira, erakunde horretako plantillako ikertzaile kontsideratuko dira, betiere atxikipen-agiria aurkezten badute.

5. artikulua.– Ekipamenduen eta proiektuen betekizunak.

1.– Ekipamenduak egokiak eta beharrezkoak izan behar dute, eskabidean parte hartzen duten erakunde eskatzaileko eta laguntzaileko ikerketa-taldeen jarduneko eta etorkizuneko ikerketa-proiektuen garapenerako. Ekipamendua erabiliko duten proiektuek jardunean egon behar dute 2015ean eta 2016an, behin ekipamendua erakunde onuradunaren eskuetan erabilgarri dagoenetik aurrera.

2.– Administrazio publikoek espresuki finantzatu behar dizkiete ekipamenduaren erabilerarekin lotuta dauden proiektuak eskabidean parte hartzen duten erakundeei.

Ezin izango da aurkeztu proiektu bat, zeinetarako ekipamendu bat eskatzen baita, baldin eta proiektuko ikertzaile nagusiak ez badu eskarian parte hartzen; gainera espresuki horietan lan egin beharko dute eskabidea sinatzen duten gainerako pertsonek.

3.– Eskatutako ekipamendua, funtsean, gailu bakarra izango da, teknologikoki oinarrizkoa edo ardatza, eta 18.000 eurotik gorakoa. Gailu horrekin batera, aukerazko zenbait osagai edo modulu eros daitezke, gailu nagusiarekin batera funtzionamendu-unitate bakarra osatzen baldin badute. Aukerako osagaiak ez dira finantzatuko, gailu ardatzari edo oinarrizkoari lotzen ez bazaizkio.

Ezin izango dira finantzatu firma komertzial bat baino gehiagoren gailuetarako eskaerak, guztien artean funtzionamendu-unitate bakarra osatzen ez badute. Era berean, ezin da ekipamendu bereko ale bat baino gehiago finantzatu.

4.– 90.000 eurotik gorako kostua duten ekipamenduetarako langile espezializatuak behar dira, eta mantentze-lanak zorrotz bete behar dira. Horregatik, eskabidean parte hartzen duten erakundeek ekipamenduaren erabilgarritasuna eta errentagarritasuna ahalik eta handiena dela frogatu behar dute. Gainera, gailua erabiltzeko langile egokiak izateko eta errentagarritasun eta erabilgarritasun hori bermatuko duen urteko mantentze-kontratua izateko konpromisoa hartuko dute.

5.– Eskaeran erakunde laguntzaile batek parte hartzen badu, eskatutako ekipamenduaren erabilera eskaerako parte-hartzaileen artean kudeatzeko araudi bat aurkeztu beharko da.

6.– Deialdi honetatik beren beregi baztertzen dira honako hauek: eraikinak berreratzeko edo hobetzeko obra zibilak; erabilera orokorreko (alegia, erabilera ez-zientifikoko) altzari, gailu eta tresnak, irakaskuntzarako edo kalitatea kontrolatzeko eta zerbitzu teknikoak emateko erabiltzen direnak; bulegoko altzari, gailu eta tresnak; kudeaketako ekipo informatikoak. Aitzitik, prozesuak kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo bereziak onartu egingo dira.

7.– Ekipamendu bat beste erakunde batekin batera finantzatzen bada, laguntza emateko ebazpenak ekipamendua erosteko zenbateko finantziazioa ematen duen adierazi beharko du; finantziazio-zenbateko hori deialdi honetan eskatutakoaren baliokidea izango da.

6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– ekipamenduak erosteko laguntzen zenbatekoak progresiboak izango dira, ebaluazio-batzordeak onartutako ekipamenduaren kostuaren arabera, betiere tarte bakoitzeko finantzaketa-portzentajeen arabera, honako laukian adierazten den bezala:

(Ikus .PDF)

2.– Deialdi honen bidez ematen zaion diru-laguntzaren osagarria jartzeko konpromisoa hartuko du erakunde eskatzaileak, ebaluazio-batzordeak eskatutako ekipamendurako onartuko kostua estaltzeko, gutxienez.

3.– Diru-laguntza hori bateragarria izango da erakundeak ekipamendu hori bera erosteko jasotzen dituen bestelako diru-laguntzekin, baldin eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimentzen badu. Horrelakoetan, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak diru-laguntza murriztu dezake, gainfinantziaziorik gerta ez dadin.

4.– Erosketarekin lotutako zergei dagozkien kostuak ez dira finantzatuko.

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabeteko izango da, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskaera egiteko, eskabide-orria erabili beharko da, zein modu telematikoz lortu ahal izango baita, EAEko herri-administrazioaren egoitza elektronikoaren bidez: (https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2015/ekizien/y22-izapide/eu.). Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik ezean, legezko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako ordezkarien erregistro elektronikoan alta hartu beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua) esteka honetan: https://euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/egoitza__ordezkarien_erregistro/es_egoitza/egoitza_representantes.html

Proiektuko eskatzaile eta ikertzaile nagusi denak, alta hartu beharko du aplikazioan, erabiltzaile gisa, edo ziurtagiri elektroniko pertsonalaren bidez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa), eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideak errespetatu beharko ditu. Parte hartzen duten ikertzaileak NANaren bitartez identifikatu beharko dira, eta, eskabidean parte hartzean, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari –deialdiaren organo kudeatzailea– baimena ematen diote identitate-datuak egiazta edo jaso ditzan, eskudun administrazioan, hain zuzen ere bitarteko elektronikoen bidez edo eskura diren beste bitarteko batzuen bitartez.

3.– Behin eskabide telematikoa zehaztapen guztiekin bete eta agindu honetako 1. eranskinean zehaztutako dokumentazioa aplikazioari gehiturik, erakundeak edo haren legezko ordezkariak aukera dezake izapideetan aurrera egitea bide elektronikoaren bidetik ala paperezko formatuaren bidetik.

4.– Izapidetzea paper bidez egin nahi izanez gero, aplikazioak sortzen duen eskabidea inprimatu beharko da, eta erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu beharko du. Paperezko formatuan, manuzko agiri guztiekin batera aurkeztu beharko da eskabidea, artikulu honetako 6. paragrafoan zehazten den lekuan. Bide telematikotik aurkeztearen alde egiten bada, erakundeak edo haren legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, betiere 2. paragrafoan zehaztutakoari jarraituz, eta orduan geratuko da erregistraturik eskabidea.

5.– Datuak aipatu gabe uzteak, aldatzeak edo eskatutako informazioaren edo aplikazio telematikoan dauden dokumentuen erabilera okerra egiteak eskabidea ezestea ekarriko du.

6.– Nolanahi ere, eskarian erantzukizunezko adierazpena ere sartu behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren 6. idatzi-zatian agertzen dena (legegintza-dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da, Euskadiren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena).

7.– Paper-formatuko eskabideak honako helbide honetara bidali beharko dira.

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila

Zientzia Politikarako Zuzendaritza.

Erreferentzia: Ekipamendu zientifikoa

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

edo Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen eraketa, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako erregistroetarik edozeinen bidez, edo zuzenean, betiere deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barruan. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4 artikuluan aipatu edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango dira, eta bai Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan (Zuzenean) ere: Bizkaian, Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao; Gipuzkoan, Andia kalea 13, 20003, Donostia; eta, Araban, Ramiro de Maeztu kalea 10-behealdea, 01008 Gasteiz.

8.– Erakunde batek baino gehiagok erabiliko badituzte ekipamenduok, 3. artikuluan jasotako erakundeak izan beharko dira, eta horietako bat bakarrik izango da eskatzailea; besteak laguntzaileak izango dira. Erakunde eskatzailea, gainera, proiektuaren koordinatzailea izango da, eta ekipamendua eskuratzeaz eta kudeatzeaz arduratzeaz gain, bere gain hartuko du Administrazioarekiko elkarrizketak eta harremanak izateko eginkizuna. Baldintza hori berariaz jasoko da eskarian, eskabidea zein erakundek babesten duten, eta, beraz, tresna erabiltzeko eskubidea zeintzuk izango duten adieraziz.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea, Ikerketa Proiektuen Zerbitzuaren bidez.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Punturen baten, agindu honetako goragoko paragrafoetan eskatutakoa ez badute betetzen eskabideek eta dokumentazioak, sinatzaileari zera eskatuko zaio: 10 eguneko epean, akatsa zuzentzeko edo manuzko agiriak aurkezteko, ohartarazten zaiolarik ezen, hala egiten ez badu eskabidean atzera egin duela kontsideratuko dela, betiere aldez aurretiko ebazpena delarik, zeina 30/1992 Legeko 42. artikuluan jasotako zehaztapenekin bat etorria eman beharko den (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa). Ez da onartuko hasierako eskabidearekiko aldaketarik, ezta beste parte-hartzaile batzuk edo proiektu berriak sartzea ere.

10. artikulua.– Ebaluazioa, aurrekontua onartzea eta diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.

1.– Ebaluazio-batzordeko kide honako hauek izango dira: Zientzia Politikarako zuzendaria (bera izango da lehendakaria), Unibertsitateetako zuzendaria, ikerketa-proiektuen teknikari bat, eta zientzia-ebaluazioko aditu bat edo bi, Zientzia Politikarako zuzendariak izendatuak. Aipatu batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie dagokien jakintza-arloan ospea eta ebaluatzeko esperientzia dituzten ikertzaileei. Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak (ANEP) edo Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak egin ahal izango dituzte aipatu txostenak. Ebaluazio-batzordeak deialdiko irizpideak behar bezala aplikatuko ditu, eta, bestalde, homogeneizatu egingo du gaiaz aditu diren pertsona ebaluatzaileek egindako interpretazioa.

2.– Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, Ebaluazio Batzordeak jarraian aipatzen diren irizpideak izango ditu kontuan eskabideak ebaluatu, aukeratu eta eskarien lehentasunen arabera ordenatzeko:

(Ikus .PDF)

3.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren II. eranskinean adierazi dira irizpideak zehatzago baloratzeko aspektuen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenagoa izan dadin.

4.– Agindu honetan araututako laguntzak ematea balioespen-fasean lortutako puntuazioaren araberako lehentasunezko hurrenkera eta Ebaluazio Batzordeak ekipamendu-eskaera bakoitzerako onartutako kostua aintzat hartuta zehaztuko da, diru-laguntzaren zenbatekoa kreditua amaitu arte esleituta, betiere 6. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera. Ebaluazioan gutxienez 50 puntu lortzen dituzten eskaerak soilik joko dira finantzagarritzat. Edonola ere, zenbatekoari Aginduaren 6. artikuluan ezarritako mugak errespetatuko dira beti.

5.– Deialdi honetan eskatutako ekipamendua eskuratzeko beste erakunde publiko baten lagundutako finantziazioa badago, lehia bidezko deialdi bidez behin betiko esleituta, esleituko den zenbatekoa Ebaluazio Batzordeak ekipamendurako onartutako kostuari beste erakunde horrek emandako diru-laguntzaren zenbatekoa kenduta ateratzen den emaitza baino txikiagoa izango da.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena, eta horrek esleitu edo ukatu egingo ditu laguntzak, ebazpen arrazoitu baten bidez. Interesdunei jakinaraziko zaie ebazpen hori. Jende oro jakitun izan dadin, EHAAn argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, esleitutako urtekako zenbatekoa eta, gauza dadin, finantziazioa jaso duen programaren titulua.

2.– Ebazpenean, eskabide bakoitzaren honako erreferentziak jaso behar dira:

– Eskabidearen kodea.

– Erakunde eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde onuradunak: eskatzailea eta laguntzailea.

Finantzatutako eskaeretarako:

– Ekipamendu zientifikoaren izena edo deskribapen laburra.

– Deialdiaren bidez esleitzen den laguntzaren zenbatekoa.

Finantzatu ez diren edo kanpo utzitako eskaeretarako:

– ez finantzatzearen edo bazter uztearen zergatia.

3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean. Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean ez bada berariazko ebazpenik ematen, eskariak isilbidez ezetsitzat jo ahal izango dira.

12. artikulua.– Jakinarazpenak.

Derrigorrez bete beharreko epea ezarri behar duten jakinarazpenak badira, hala nola zuzenketa eskatzekoak eta deialdiaren ebazpena jakinaraztekoak, honako prozedura honen bitartez egingo dira:

EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://euskadi.net) aipatu ebazpena argitara emanez egingo da jakinarazpena. Jakinarazpen horren datak ondorioak izango ditu epeak zenbatzerakoan.

Jakinarazpen-era horretaz gain, honela ere egingo da: www.Euskadi.net egoitza elektronikoaren iragarki-oholean ediktu bat argitaratuaz.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei bidali ahal izango dizkie egindako jakinarazpenei buruzko abisuak, SMS edo posta elektronikoaren bidez. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira benetako jakinarazpentzat hartuko.

13. artikulua.– Beste diru-laguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantzatzaile batzuek emandakoekin. Beste erakunde bateko edo Eusko Jaurlaritzaren beste sail bateko deialdi batean parte hartu badu onuradunak, eta ekipamendu beraren erosketa zati batean finantzatu bada dagoeneko, zati osagarriari dagokion diru-laguntza eman ahalko zaio deialdi honen bitartez, betiere ziurtatuz guztizko finantziazioak adierazitako beharrak ez dituela gaindituko. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru horretan txikituko da. Zientzia Politikarako Zuzendaritza beste alderdi finantzatzailearekin harremanetan jarri ahal izango da, lagundutako finantzaketa-akordio bat lortzeko. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi egiaztatu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Erakunde onuradunak diru-laguntza onartu beharko du. Ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik 10 eguneko epean ez badio diru-laguntzari beren beregi uko egiten, onartu duela ulertuko da.

2.– Ikertzaile nagusia atxikita dagoen erakunde onuradun eskatzaileari ordainduko zaio diru-laguntzen zenbatekoa.

3.– Diru-laguntzaren ordainketa erosi aurretik edo ondoren egin ahal izango da.

4.– Aldez aurreko ordainketa ebazpenaren ondorengo hiru hilabeteko epean egindako ordainketa bakarra izango da, eta agiri hauek aurkeztu ondoren gauzatuko da:

– Erosketa egin aurretiko proformako faktura, ebazpenean adierazten den ekipamendua jasotzen duena.

– Firma komertzial bati ekipamendua erosteko eginiko eskaera formala.

– Erakunde onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak sinatutako ziurtagiria, diru-laguntza osatzeko beharko litzatekeen zenbatekoa eskuratzeko modua duela adierazten duena, baldin eta ekipamenduaren kostu osoa jasotako diru-laguntza baino handiagoa bada.

5.– Ordainketa aldez aurretik egin ez bada, erosketa-faktura aurkeztu ondoren egingo da.

6.– Edonola ere, diru-laguntzak xede duen gastua ebazpenaren ondorengo sei hilabeteko epean gauzatu beharko da.

7.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen itzulketen eta bermeen araubide orokorra arautu zen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezarri ziren.

8.– Erakunde onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakunde bat ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela frogatu beharko du, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraikiz (1992ko uztailaren 8ko EHAA).

9.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren erabileraren jarraipena.

1.– Erakunde onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak finantzatutako ekipamendu zientifikoa erosi izanaren faktura orijinalak bidali beharko ditu Zientzia Politikarako Zuzendaritzara, ebazpena eman eta zazpi hilabete igaro baino lehenago. Laguntzen organo kudeatzaileak zigilatu ostean, onuradunari itzuliko zaizkio. Ebazpenean aipatzen den ekipamenduaren deskribapena jaso beharko dute fakturek.

2.– Faktura originalak erakunde onuradunean artxibatu beharko dira; halaber, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, euren funtzioak betez, deialdi honetan jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen duten informazio guztia eman beharko da.

3.– Ebazpena eman ondoko 12 hilabeteetan, erakunde onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak txosten bat aurkeztu beharko dio laguntzen kudeaketa-organoari, ikertzaile nagusiak sinatua, erositako ekipamendua jaso, martxan jarri eta erabiltzeari buruz. Atal hauek sartu behar dira bertan, gutxienez:

a) Ekipamenduaren behin betiko kokapenaren deskribapena.

b) Eskuratutako ekipamenduaren kalitatearekiko adostasuna, aurreikusitako helburuetarako egokia dela, eta harrera-proben emaitza.

c) Eskaera erakunde onuradun laguntzaile batekin partekatzen bada, talde eskatzaileek ekipamenduari emango dioten erabilera partekatuaren programa.

4.– Erakunde onuradunen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen den proiektuetatik sortutako zientzia-argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren laguntza jaso dela adierazi beharko da.

5.– Diruz lagundutako ekipamendua deialdian ezarritako epeetan erostea galarazten duen eta behar bezala justifikatuta dagoen arrazoirik badago, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak gastua egiteko luzapena eskatu ahalko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari –gehienez 3 hilabetekoa–, 12.6 artikuluan adierazitako epea amaitu aurretik, betiere luzapen horretarako dituen arrazoiak behar bezala frogatuta.

16. artikulua.– Laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak beharrezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, berriro doituko dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik esleitu den diru-zenbatekoa aldatu edo indargabetu behar bada, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen indibidual baten bidez jakinaraziko du.

17. artikulua.– Diru-laguntza itzuli behar izateko edo laguntzarako eskubidea galtzeko kausak.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak ez direla bete jakinez gero, eskuratu diren zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/97 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa betez.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutako kausez gain, honako hauek izango dira diru-laguntzarako eskubidea galtzeko edo itzulketa egin behar izateko kausak:

a) Ekipamendu batean beste iturri batzuetatik datorren finantziazioa metatzea edo ekipamendu horren aldaerak beste erakunde publiko edo pribatu batzuei aurkeztea, finantziazio eske, behar adina justifikatu gabe eta aurretik Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi gabe eta horrek horrelakorik onartu gabe.

b) Onartutakoa ez den ekipamendu bat ordaintzeko erabiltzea diru-laguntza.

c) Deialdi honetako oinarrien eta administrazio-agirien ez-betetze larria (osorik edo zati batean).

d) Datuak modu larrian ezkutatzea, aldatzea edo eskaera manipulatzea.

e) Diru-laguntza agindu honetan ezarritako epeetan ez erabiltzea.

3.– Era berean, diru-laguntza itzuli beharko da, baldin eta ikertzaile nagusiak edo diru-laguntza eskatu duen erakunde onuradunaren legezko ordezkariak ekipamenduari uko egiten badiote, edo ikertzaile nagusia jatorrizkoa ez den beste erakunde edo EAEtik kanpo lanera joaten bada, eta horrek arriskuan jartzen badu onartutako ekipamendu zientifikoari dagokion proiektuen zuzendaritza.

18. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Ikerketa izeneko fitxategi batean sartuko dira datuok, diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruz Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015. urteko aurrekontu orokorretan aldez aurretik behar besteko kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetako laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Lehenengoa.– Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko auzietako jurisdikzio-organoaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 28a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKABIDEAREN EDUKIA

1.– Eskabideak honako informazioa jasotzen du.

a) Erakundearen eta ikertzaile nagusiaren identifikazioak.

b) Parte hartzen duten ikertzaileetariko bakoitzaren identifikazioa, non honako hauei buruzko informazioa jasotzen den: titulazio akademikoa, kontratu mota (mugagabea edo aldi baterakoa) eta urteko zenbat orduko dedikazioa kontratatu den.

c) Aktiboan edo eskabide-fasean diren ikerketa-proiektuen identifikazioa, zeintzuetan, eskatutako proiektua garatzen ari delarik, ikertzaile-taldeak parte hartuko duen, baita ekipamendua erabiliko den proiektuena ere.

d) Ekipamendu zientifiko hori erosteko beste erakunde batzuetatik jasotako finantziazioaren gaineko informazioa, finantza-bideak eman dituen erakundea eta eskatutako edo emandako zenbatekoa adieraziz, baldin eta hori dagoeneko ebatzita badago.

e) Eskatutako ekipamenduaren ezaugarri tekniko eta ekonomikoen gaineko informazioa.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak 50. artikuluaren 6. atalean diru-laguntzei dagokienez egindako aldaketan aipatzen dena, adieraziz, gainera, ekipamendu hori bera erosteko beste erakunde batzuei egindako eskabideak daudela.

g) Erakunde eskatzailearen adierazpena.

1) Dagokion inguru zientifikoan ekipamendu hori dagoen ala ez adieraziko da.

2) Ekipamendu-erosketan onuradunari dagokion zatiaren ekarpen ekonomikoa egiteko konpromisoa, 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta diru-laguntza ematen bada.

3) Erakunde eskatzailearen konpromisoa, 90.000 euro edo hortik gorako kostua duen ekipamendua erabiltzeko eta mantentzeko. Konpromiso horretan, adierazi beharko du zein sistema erabiliko duen ekipamendua erabiltzeko (langile operadoreak) eta ekipamendua mantentzeko, betiere eskatutako ekipamenduaren erabilgarritasuna eta errendimendua ahalik eta handiena dela ziurtatzeko.

2.– Eskabideari honako hauek erantsiko zaizkio:

a) Ikertzaile parte-hartzaileetako bakoitzak sinatutako dokumentua, zeinetan 2015-2016 aldian proiektu aktiboetan izango den dedikazioa jasotzen baita.

b) Txosten teknikoa, proiektuetan ekipamenduaren premia dagoela justifikatuko duena, orain arte erabili izan diren ekipamenduen ordez teknika instrumentalak erabiltzeko beharra adieraziz. Proiektuetako bakoitzaren deskribapena, edo, gutxienez, ekipamenduaren erabileraren % 70 daukatenen deskribapena. Erabiltzen dituzten teknologia alternatiboak zehaztu behar dira, eta eskatutako ekipamenduak ekarriko lituzkeen onura eta abantailak azaldu. Ekipamendu zientifikoaren eta haren osagaien balorazio ekonomikoa.

c) Erakunde eskatzailearekin edo haren laguntzailearekin ikertzaile parte-hartzaileak duen lan-kontratuaren kopia, zeinetan kontratuaren hasierako eta bukaerako datak, iraupena eta urteko dedikazioa jasotzen diren. Pertsona bat obra baterako kontratatu bada, obraren iraupenari eta kontratuaren luzapen gertagarriari buruzko agiriak aurkeztu beharko ditu, eta horrez gain, obra horrek dakarren dedikazioa adierazi beharko du.

d) Ikerbasque-k kontratatua izanez gero, zentro eskatzaileari atxikita izateari buruzko dokumentua, 4.7 artikuluaren arabera.

e) Eskaeran parte hartzen duen ikertzaile bakoitzaren NANaren kopia.

f) Parte-hartzaile bakoitzaren nortasun-agiriaren (pasaportea) kopia, eta parte hartzen duen zentro bakoitzaren IFKren kopia.

g) Kofinantzatutako ekipamenduaren eskabidearen kopia.

h) Kofinantzatutako ekipamenduari buruzko ebazpenaren kopia.

i) Eskatutako ekipamenduaren proforma fakturak.

j) Eskaeran parte hartzen duten erakundeetan lehendik dauden ekipamenduak eskatzen badira, honakoak aurkeztu beharko dira: ekipamendu horien erosketa-fakturak, egungo egoera, ekipamenduaren azken urteko erabileraren estatistika (erabileraren erregistroko liburuxkarekin bat etorriz) eta ekipamendu berriak aurrekoarekiko dituen abantailen deskribapena.

k) Eskabidean erakunde laguntzaile batek parte hartzen badu, erabilera kudeatzeko araudia aurkeztu behar da, sail honek abalaturik eta erakunde onuradunak sinaturik, ekipamendua beste ikerketa-talde batzuekin modu egokian partekatzea bermatuko duena.

l) Esleipen irizpideen arabera proposamena zuzen ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala