Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2014ko abenduaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5145

EBAZPENA, 2014ko abenduaren 1ekoa, Euskal Estatistika Erakundeko (Eustat) zuzendari nagusiarena; honen bidez, produkzio estatistiko ofizialeko estatistika eta matematika metodologien alorrean prestakuntza eta ikerketarako bi beka emateko deialdia egiten da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikarako apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 29. artikuluak Euskal Estatistika Erakundeari (Eustat) estatistikarako langileen prestakuntza eta espezializazioa sustatzeko alorreko eskumena ematen dio.

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) produkzio estatistiko ofizialak berezko dituen ikerketa eta garapen gaietan profesionalak espezializatzea sustatzen jarraitu nahi du eta, xede horrekin, bi prestakuntza bekarako deialdia ateratzea xedatu du.

Horregatik guztiagatik, eta Euskal Estatistika Erakundearen egitura organikoa onesten duen urtarrilaren 25eko 12/2000 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoa betetzeko, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Prestakuntza eta ikerketarako bi beka emateko deialdia egingo da, produkzio estatistiko ofizialeko estatistika eta matematika metodologien alorrean, ebazpen honen eranskinetan ageri diren oinarrien arabera.

Bigarren artikulua.– Bekak eman ahal izan daitezen, behin betiko ebazpena egitean kreditu egoki eta nahikoa izatea nahitaezko baldintza da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honen kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da Eustateko zuzendari nagusiaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, edo bestela administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioaren gaineko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10 eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez, Administrazioarekiko Auzietarako Vitoria-Gasteizko Epaitegian, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 1a.

EUSTATeko zuzendari nagusia,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.

I. ERANSKINA
OINARRIAK
I.– Deialdiaren xedea.

Deialdiaren xedea da produkzio estatistiko ofizialeko estatistika eta matematika metodologien alorrean bi (2) prestakuntza eta ikerketa beka ematea.

II.– Beken edukia.

1.– Bekei esker, estatistika eta matematika aplikatuko metodologiaren alorrean eta Eustatek erabiltzen duen estatistikako softwarean hezteko aukera izango dute adjudikaziodunek.

2.– Prestakuntza beken helburuak bi dira:

a) Espezializazio osagarria lortzea estatistika eta matematika aplikatuaren alorrean.

b) Espezializazio osagarria lortzea estatistikarako softwarearen alorrean.

III. Eskatzaileen betekizunak.

1.– Beka hauek eskatzeko, beharrezkoa izango da:

a) Ikasgaietako bat estatistika duen graduko unibertsitate-titulazio bat (lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza) edo estatistikako diplomatura izatea, eta unibertsitate-titulua eskuratu zenetik bost urte baino gehiago ez igaro izana.

Nolanahi ere, atzerrian edo Espainiako zentro ez-estataletan eskuratu diren tituluak baliozkotuta edo aintzatetsita egon behar dira eskabidea aurkezten denean.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-auzotartasuna izatea, beka-deialdia egin baino lehenagotik.

c) Eduki bereko edo antzekoko beste bekarik ez eduki izatea Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetatik ordainduta.

d) Ezin du sexu-bazterkeria dela-eta zehapen administratiborik edo penalik betetzen egon, eta ezin du gizon-emakumeen berdintasunerako legearen arabera agindutako beste debeku-zehapenik betetzen egon.

2.– Beste baldintza bat ere badago, beka hauek emateko edo ordaintzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak berak edo beraren erakunde autonomoek emandako antzeko beste laguntza-prozesu batzuetan itzulketa- edo zehapen-prozedurarik oraindik zabalik edukiz gero, lehenago, hura amaitu beharko da.

IV.– Beken ezaugarriak.

1.– Beka bakoitzaren iraupena bi urtekoa izango da, jasotzen den egunetik zenbatzen hasita.

2.– Beka bakoitzean urtean hamabost mila eta seiehun (15.600) euro emango dira, Gizarte Segurantzari egindako kotizazioak barne. Hilero mila berrehun eta berrogeita hamar (1.250) euro gordin ordainduko dira, VII.3 puntuan aipatutako txostena aurkeztu eta gero Ordainketak indarreko zerga arauek finkatzen dituzten atxikipenen mende egongo dira.

3.– Diru zuzkidura horrez gain, Eustatek bekadun bakoitzak bere proiektuaren gaiarekin zerikusia dutelako egiten dituen ikastaroak eta joaten den kongresuetako prestakuntza, dieta eta bidaien gastuak ere ordainduko ditu; gehienez 2.000 euro bekadun bakoitzeko, bekaldi osoan, eta, betiere, Eustateko Zuzendaritzak gastu horiek onetsi baditu eta bekadunak egin direlako frogagiriak aurkezten baditu.

4.– Beka hau jasotzen bada ezin izango da beste erakunderen baten laguntzarik jaso; soilik jaso ahal izango dira, salbuespen moduan, kontu pertsonalei lotutakoak eta onuradunak bere edo besteren baten kontura egindako ordaindutako lanak.

5.– Beka eman eta gozatzeak, prestakuntzako helburuaz egiten denez, ez du inolako kontratu edo estatupeko harremanik sortzen Eustatekin, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin ere.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak erantzukizun zibileko eta istripuetarako poliza bat harpidetuko du, bekadunen alde.

7.– Eustatek bekari etekin egokia atera diotela frogatzen duten bekadunei hala dioen ziurtagiria luzatuko die.

V.– Eskariak formalizatzea.

1.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa (1) izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskariak ebazpen honetako II. eranskinean jaso den ereduari lotuko zaizkio, eta honako dokumentuekin batera etorriko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea.

b) Errolda-ziurtagiria.

c) Titulua eta ziurtagiri akademiko pertsonala, ikasgai guztien kalifikazioak eta deialdiak zehaztuta.

d) Curriculum vitae, hauxe zehaztuta:

Estatistika eta matematika alorrean jasotako edo emandako ikastaroak.

Estatistika eta matematika alorreko argitalpenak.

Laneko esperientzia.

Hizkuntzak (lortutako egiaztagiriak edo tituluak zehaztu).

Ezagutzen diren estatistikari buruzko softwareen azalpena.

Bekaren xedearekin estuki lotuta dagoen bestelako edozein merezimendu.

e) Curriculum vitaen aipatutako merezimenduen egiaztagiriak. Horretarako, aurkezten dituzun agirietan, besteak beste, ikasgai bakoitzeko ordu-kopurua edo kreditu-kopurua eta landutako gaiak zehaztu beharko dituzu.

f) Zinpeko aitorpen baten bidez, eskatzaileak adierazi beharko du ez dela sexu-bazterkeria dela-eta zehapen administratiborik edo penalik betetzen ari, eta ez dela gizon-emakumeen berdintasunerako legearen arabera agindutako beste debeku-zehapenik betetzen ari.

Fotokopia konpultsatuak erabili a), c) eta e) idatzi-zatietan eskatzen diren agiriak aurkezteko.

3.– Eskariak Eustaten aurkeztu behar dira (Donostia-San Sebastián, 1, 01010 - Vitoria-Gasteiz) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein erregistro edo bulegotan. 30/1992 Legean ezarritako beste bideren batera jotzen bada, fax bat edo mezu elektroniko bat bidali beharko da eskabidea zein egunetan eta non aurkeztu duen jakinarazteko (faxa: 945 01 75 01; posta elektronikoa: eustat@eustat.es).

VI.– Hautagaien hautaketa.

1.– Hautapen Epaimahaian honako kideak egongo dira:

Mahaiburua:

– Eustateko zuzendari nagusia, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Mahaikideak:

Eustateko Koordinazio teknikoko eta zabalkundeko zuzendariordea.

Ekoizpeneko eta azterketa estatistikoko zuzendariordea.

Eustateko Metodologia Estatistiko-Matematikoa, Berrikuntza eta I+G Arloko arduraduna.

Eustateko teknikari bat, Eustateko zuzendari nagusiak izendatuko duena.

Idazkaria:

– Eustateko teknikari bat, Eustateko zuzendari nagusiak izendatuko duena.

2.– Hautapen Epaimahaiak erabaki guztiak gehiengoz hartu beharko ditu.

3.– Bekadunen hautapena bi fasetan egingo da, ondoren zehaztuko ditugun irizpideak kontuan hartuta:

Lehenengo fasea:

a) Eskatzailearen espediente akademikoa; garrantzi berezia emango zaie, estatistika eta matematika alorrei. Gehienez 15 puntu.

b) Graduondoko ikastaroak, ikerketako merezimenduak eta metodologia estatistiko-matematikoaren garapena. Baita beste merezimendu akademiko batzuk ere. Gehienez 5 puntu.

c) Estatistikari buruzko softwarea erabiltzeko ezagutzak. Gehienez 3 puntu.

d) Euskara jakitea. Gehienez 3 puntu. Honela baloratuko dira:

C1 ALTE = EGA; PL3- IVAP; Hirugarren Maila HABE = 3 puntu.

B2 ALTE= PL2- IVAP; Bigarren Maila HABE = 1,5 puntu.

B1 ALTE= PL1- IVAP; Lehenengo Maila HABE = 1 puntu.

e) Ingelesa jakitea. Gehienez 3 puntu, honelaxe baloratuko direnak:

C1 ALTE = Advanced; BEC3; BULATS3 ;ESOL10-11; TRINITY 10-11 = 3 puntu.

B2 ALTE= FIRST; BEC2; BULATS3 ;ESOL 7-9; TRINITY 7-8-9 = 1,5 puntu.

B1 ALTE= PET; BEC1; BULATS2 ;ESOL 5-6; TRINITY 5,6 = 1 puntu.

f) Frantsesa edota alemana jakitea. Gehienez 1 puntu. Honela baloratuko dira:

C1 ALTE = 1 puntu.

Hautapenaren bigarren fasean sartuko dira lehenengo fasean gutxienez hamar puntu lortu dutenen artean puntu gehien lortu dituzten lehenengo hamar pertsonak. Hautagai batzuen artean berdinketa gertatzen bada eta horrela aurreko muga gainditzen bada, berdinduta dauden pertsona guztiak sartuko dira bigarren fasean, aipatutako muga gainditu arren.

Bigarren fasea:

g) Zuzeneko elkarrizketa, gai honi buruzko ezagutzak egiaztatzeko. Elkarrizketagatik gehienez 10 puntu emango dira.

Fase honetan gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten eskatzaileak beken adjudikazio prozesutik kanpo geratuko dira.

4.– Hautapen Epaimahaiak beken adjudikaziorako proposamen bat egingo du, eta inork bekari uko egiten badio edo bestelako gorabeherarik bada ere, beka jasotzeko eskubidea izango duten ordezkoak ere izendatuko ditu. Ordeztu beharrik izatekotan, ordezpena gertatzen denean bekadunari beka amaitzeko geratzen zaion tartean egingo da.

5.– Deialdia hutsik utz liteke, inor aurkeztu ez delako edo hautagai bat bere ere ez delako eskatutako mailara iritsi.

6.– Eustateko zuzendari nagusiak, Hautapen Epaimahaiaren proposamena ikusita, eskariak aurkezteko epea amaitzen denetik lau hilabeteko epean erabakiko du bekak nori eman, ebazpen bidez, eta ebazpena EHAAn argitaratuko da. Administrazioaren bidea agortuko duen ebazpen horren aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da Eustateko zuzendariaren aurrean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioaren gaineko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez, Administrazioarekiko Auzietarako Vitoria-Gasteizko Epaitegian, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bekak emateko epea inolako ebazpen eta jakinarazpenik gabe amaitzen bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan aurreikusten den ezespen modura ulertuko da.

7.– Beka eman dela jakinarazi eta, beranduen, egutegiko hurrengo zazpi egunetan hasiko da.

8.– Epaimahaiaren bileretara joateagatik kalte-ordainak ordaindu ahal izango dira, zerbitzua tarteko eman daitezkeen kalte-ordainen gaineko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren arabera.

VII.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartu behar du. Onuradunak idazki baten bidez onartu beharko du beka; izan ere, idazkia Eustateko Zuzendaritza Nagusira bidali beharko du beka adjudikatu zaiola jakinarazten zaionetik egutegiko zazpi egunetan. Horrez gain, beka emateak dakartzan betebeharrak betetzeko konpromisoa hartuko du. Beka onartzeak deialdi honetan finkatutako arauak ere onartzen direla esan nahi du.

Era berean, beste erakunde batek beka honekin bateraezina den laguntzarik eman ez diolako adierazpena, eta bere edo besteren baten kontura ordaindutako lanik egin ez duelako adierazpena (bateraezina bada), horrela ezarri baita IV. oinarriko 4. paragrafoan.

2.– Prestakuntza eta ikerketa proiektuaren etapa desberdinak ondo aprobetxatuta beteko ditu, Metodologia Estatistiko-Matematikoa, Berrikuntza eta I+G Arloak emandako jarraibideak betez, arlo hori izendatu baita beken jagole.

3.– Hilabete bakoitza amaitzean, eta proiektua amaitzean, hurrengo hamar egunen barruan bekadunek egindako lanaren eta lortutako emaitzen txostena bidaliko diote zuzendari nagusiari; emaitzok Metodologia Estatistiko-Matematikoa, Berrikuntza eta I+G Arloaren adostasuna edo oniritzia izan beharko dute.

4.– Bekadunak behartuta egongo dira sekretu estatistikoa gordetzera, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikako 4/1986 Legearen 19. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako moduan. Horri dagokionez, bekadunek hitz emango dute sekretu horren pean dagoen eta bekaren ondorioz atera duten material guztia entregatuko dutela, eta jakitun dauden eta sekretu estatistiko pean dagoen inolako daturik zein bestelako materialik kopiatu eta zabalduko ez dutela.

5.– Erabiliko diren datuak isilekoak izan eta sekretu estatistikopean egongo direnez, bekadunek ikasketak eta ikerketa lanak Eustateko egoitzan egingo dituzte.

6.– Arestian hitzartutako betebeharrak bete ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotako diru-laguntzen berme eta itzuleren araubidea arautzen duen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintza, araubide eta betebeharrak finkatzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak dioena egingo da.

7.– Bekei uko egiten bazaio, aprobetxatu ez den bekaren zatirako IV. oinarrian aurreikusten diren eskubide ekonomikoak galduko dira.

8.– Beken onuradunak behartuta egongo dira Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dien informazio guztia ematera, diru-laguntzen xedea fiskalizatzeko beren zereginetan ari direnean.

II. ERANSKINA

A) Nortasuna:

Deiturak, izena, NAN...

B) Helbidea:

Kalea, herria, harremanetarako telefonoa, posta kodea...

C) Titulazioak:

Izena, data eta jaulkipen data...

D) Hizkuntzak:

Mintzamena eta idazmena, tituluekin.

E) Eskarmentua eta ikerketa:

Lekua, data eta kontratu-erakundea.


Azterketa dokumentala