Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2014ko azaroaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4661

EBAZPENA, 2014ko urriaren 1ekoa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita indarrean dagoen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastolen Hitzarmen Kolektiboaren aldaketa partziala egiteko akordioa erregistratu, argitaratu eta gordailatzea (hitzarmenaren kodea: 86000185011985).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2014ko uztailaren 30ean, aipatutako indarreko Ikastolen Hitzarmen Kolektiboa partzialki aldatzeko akordioari buruzko nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zen REGCON Erregistroan, Negoziazio Batzordeko ordezkariek 2013ko abenduaren 18an sinatuta.

Bigarrena.– Negoziazio Batzordeaari errekerimendua egin zitzaion, 2014ko abuztuaren 8an eta 18an, aipatutako batzordearen eraketari eta egindako bilkurei buruzko aktak aurkezteko. Akta horiek 2014ko irailaren 4an aurkeztu ziren.

Hirugarrena.– Aipatutako akordioaren sinatzaileek pertsona bat izendatu dute gordailua, erregistroa eta argitalpena izapidetzeko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuaren Legearen 90.2 artikuluak (martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu Legegilea, 1995-03-29ko BOE) aurreikusten duen eskumena, betiere Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 19/2013 Dekretuaren 11.1.i) artikuluak (2013-04-24ko EHAA) xedatutakoaren arabera, eta hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuak (2011-02-15eko EHAA) eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuak (2010-06-12ko BOE) xedatutakoaren ildotik.

Bigarrena.– Sinatutako akordioak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.

Horren ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hitzarmena Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailatzeko agintzea, eta aldeei jakinaraztea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 1a.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

JOSÉ JAVIER LOSANTOS OMAR.

INDARREAN DAGOEN ARABA, BIZKAIA ETA GIPUZKOAKO IKASTOLEN LAN HITZARMENEKO BERRITZE PARTZIALAREN AZKEN AKTA

Alde batetik Idoia Iruretagoiena Eusko Ikastola Batza (EIB) elkartean batzen diren ikastolen izenean eta ordezkaritzan, eta Patxi X. Olabarria Ikastolen Elkartea Partaide elkartean batzen diren ikastolen izenean eta ordezkaritzan.

Beste aldetik Ane Landeta, lan hitzarmeneko eremuan gehiego sindikala duen LAB sindikatuaren ordezkaritzan.

ADOSTEN DUTE:

Alde biek, Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluaren 2 paragrafoaren babespean, ultraaktibitate epe barruan indarrean dagoela onartzen duten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastolen lan hitzarmenaren Berritze Partziala, ondoren zehazten den moduan.

ARABA, BIZKAIA ETA GIPUZKOAKO IKASTOLEN LAN HITZARMENEAN GEHITZEN DIREN ESAKUNEAK EDOTA BERAIEN ERREDAKZIOA ALDATZEN DIRENAK
I. TITULUA
III. KAPITULUA
LAN HITZARMENEKO BITARIKO BATZORDEA

9 artikulua.– Alderdi izenpetzaileen artean Lan Hitzarmeneko Bitariko Batzorde bat sortuko da, Euskal Autonomi Erkidego osorako orokorra eta bakarra. Egiteko hauek izango ditu:

1.– Hitzarmen honen testua interpretatzea, bi alderdietako batek eskatuz gero;

2.– Hitzarmen hau interpretatu edo aplikatzerakoan sortutako arazo kolektibo oro ezagutzea, auziak konpontzeko borondatezko prozedurei buruzko konfederazioen arteko akordioetan –PRECO II– agindutakoaren arabera;

3.– Hitzarmen honetatik sortutako arazo indibidualetan kontziliazio eta arbitraia-lanak egitea, alderdiren batek hala eskatuz gero.

4.– Hitzarmenaren aplikazioz ondorioztatu daitekeen beste edozer.

5.– Lan Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean ohiko araudiari lotutako edukietan eragina izan lezaketen gaietan legediaren aldaketarik emango balitz, halaber Hitzarmen Kolektibo honetan adostutako edozein gaietan aldaketarik eragingo lukeenik, aldeek Hitzarmen Kolektibo hau egoera berrira egokitzeko xedez elkartuko dira.

6.– Eremu urriagoko hitzarmenen bat balego, Lan Hitzarmeneko Bitariko Batzordeari berri eman beharko zaio, beronek berresteko eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lan hitzarmenarekin konkurrentziarik ez duela ziurtatzeko.

7.– Hitzarmen honen eraginpean bilduta dauden ikastolen bilakaera ekonomikoaz argibide orokorra izatea.

8.– Ikastolen berariazko finantziazioaren eta finantziazio publikoaren berri izatea.

9.– Banan banan harturik, ikastolen inguruko argibide ekonomikoa edukitzea, bereziki bideragarritasun-planak egin dituzten ikastolenak.

10.– Ikastolen jarduera ekonomikoaren jarraipen orokorra egitea.

11.– Beharrezkoa balitz, ikastolaz ikastola garatzen diren bideragarritasunaz adostasunik ez balego, bitartekaritza lanak burutzea.

10 Artikulua.– Lan hitzarmeneko bitariko batzordearen jarduera.

1.– Lan Hitzarmeneko batzorde parekidea hitzarmen hau izenpetzen den unean eratuko da. Batzordea, gutxienez titularren aldeko hiru kidez, eta alde sozialeko beste hiru kidez osatuko da, denak Hitzarmenaren izenpetzaile direla. Batzordearen eraketaren akta Lan Hitzarmenaren eranskin bezala erantsiko da, lehendakaria, idazkaria eta egoitza adieraziko direlarik.

2.– Hautatuko diren batzordekideak arituko dira lehendakari eta idazkari lanetan.

3.– Batzordearen bileretarako deialdia lehendakariak egingo du, edo honen ezean hitzarmena sinatu duten alderdietatik edozeinek. 9. artikuluak aipaturiko funtzioen araberako Gatazka Kolektibo ala Banakako eskaeren aurrean beharrezkoa izango da deialdia egitea. Eskaera idatziz aurkeztu beharko da aipatutako egoitzan.

4.– Batzordea balioz aritu dadin, derrigorrezkoa izango da alderdi bakoitzeko bina kide biltzea gutxienez. Akordioek balioa izan dezaten, bestalde, alderdi bien erabateko gehiengoaz hartu beharko dira. Idazkaria arduratuko da akordioen berri emateaz.

5.– Hitzarmena interpretatu edo aplikatzerakoan sor daitezkeen arazo kolektiboen gaiez batzordeak har ditzakeen akordioek, hitzarmenak dituen ondorio berak edukiko dituzte eta, erregistratu eta argitaratzeko igorriko dira.

II. TITULUA
LANGILEGOA
IV. KAPITULUA
LANPOSTUAK MANTENTZEA.

27 Artikulua (bis).– Lan Hitzarmen honen izenpetzaileek ikastoletako langile guztien lanpostuak ziurtatzeko helburua lehenesten dute, eta aurreikusirik hurbileko etorkizunean ikastoletan eman daitezkeen enplegu beharrak, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko bideak aztertzeko batzorde parekide bat eratuko dute.

Besteak beste, 60. artikuluan «Ordezkatze eta plantila berrizteari buruzko akordioa»ren bitartez Ikastolen Elkartea-Partaideko ikastoletan sortuko diren lanpostuak betetzeko, Ikastolen Elkartea-Partaideko ikastoletan soberakin izendatutako langileek izango dute lehentasuna.

III. TITULUA
II. KAPITULUA
OPORRAK ETA ATSEDENA

33. artikulua.– Hitzarmen honen eraginpean dauden langile guztiek, lanean emandako urtebete bakoitzeko, ordaindutako 45 egun jarraiko oporraldia izango dute udan.

34. artikulua.– Hitzarmen honek hartzen dituen ikastola guztietan, Administrazio eta Zerbitzutako langileek 8 eguneko atsedena izango dute Aste Santuan eta 9 egunekoa Gabonetan; bietan atsedena jarraian izango da. Halere, zerbitzuak mantendu ahal izateko, ikastolak langile horien artean txandak jarri ditzake.

Bestalde, irakasleek, kontrako hitzarmenik ez badago, ikasleek duten atseden egun bera izango dute Gabonetan eta Aste Santuan.

III. KAPITULUA
GAIXOTASUNAK ETA BAIMENAK

36.artikulua.– Gaixoaldia.

Gaixotasun edo istripuren bat dela-eta langileak ezin baditu bere egitekoak behar bezala bete, behar beste denbora izango du erabat sendatu arte eta, baimen horrek irauten duen bitartean, lanean egonez gero jasoko lukeen soldataren % 100 osatzeko beharrezko osagarria ordainduko zaio.

Bide batez, aldi baterako ezintasuna egoera duten, eta uztailaren 16a eta abuztuaren 31 bitarteko egunetan bajan egon diren langileei, ez zaie egun horiek oporraldikoak bezala kontatuko eta sendagilearen altaren jarraian hartzeko eskubidea izango dute.

38.artikulua.– Baimenak.

I.– Ordainduriko Lizentziak.

A) Haurdunaldiagatiko lizentzia eta aldi baterako ezintasuna:

1.– Langileak haurdunaldi eta erditzeagatik dagokion lizentzia izango du. Nolanahi ere, ezin izango dio uko egin lizentzialdiari. Erditu aurretik eta ondoren hartutako lizentziek, gehienez ere, 16 aste orokor eta 2 asteko lizentzia osagarria (16 + 2) iraungo dute guztira.

2.– Halaber, edoskitze-aldian (bederatzi hilabete), emakumeak ordubeteko geldialdia egiteko eskubidea izango du seme-alaba bakoitzeko bere lanean. Bi zatitan banatu ahal izango du geldialdi hori edo, nahi izanez gero, horren ordez, bere laneguna ordubetez murriztu umeari bularra emateko.

Eskubide horretaz baliatu beharrean, hiru asteko lizentzia har daiteke seme-alaba bakoitzeko, aurreko lizentzialdiaren jarraian.

Ugaltzaldiko lizentzia hau; ordubeteko geldialdia edo lizentziaren bateratzea aitortzen den hitzarmenik balego, amak edo aitak har lezake, biek lan egiten duten kasuan.

3.– Lizentzia hori gaixotasun edo istripuarengatiko lizentziaren antzera eskatu, egiaztatu eta emango da.

4.– Jarraian aipatzen diren epe guztien batura (16 astebeteko lizentzia, oporraldiko bi aste eta ugaltzaldiko hiru aste) udako oporraldiarekin bat etorriz gero (45 egun), langileak aipatu epean galdutako oporregun guztiak disfrutatuko ditu. Gainontzeko atseden egun guztiak, Gabonetakoak zein Aste Santukoak, ohiko urteko lanaldian xurgaturik geldituko dira.

5.– Erditze anitza gertatuz gero lizentzia bi astetan luzatuko da seme-alaba bakoitzeko. Ama hilko balitz aitak umea zaintzeko 16 + 2 asteko lizentzia izango luke. Amak eta aitak lan egiten duten kasuetan, lizentziaren azken hamar asteren erabilera bana dezakete, elkarrekin hartuz edo txandakatuz. Langile Estatutuaren 48.4 artikuluak aipatu moduan eta baldintzetan. Halaber, haurdunaldirako arriskua dagoen kasuetan, kontratua eten ahal izango da.

6.– Jaioberriak ospitalean jarraitu behar badu- edo jaio eta 30 eguneko epean ospitaleratu beharra badago -, amatasun-lizentzia haurra ospitalean dagoen bestean luzatuko da, 13 astean gehienez ere, horixe baita gehieneko muga.

C) Aitatasunarengatiko lizentzia:

1.– Ume bat izan, hartu edo adoptatzeagatik, aitak hiru lanegun hartzeko lizentzia izango du, jaiotegun edo adoptatua iristen den egunaren ondorengo 15 eguneko epearen barruan. Lanegun horiek jarraian edo zatituta har ditzake. Zesarean erdituz gero, beste bi egun har ditzake, eta horiek ere ordainduko zaizkio. Kasu horietarako, nahikoa izango da aitatasuna edo amatasuna behar bezala frogatzea, ezkonduta egon ala ez.

2.– Aitak 13 egun jarraian har ditzake aurreko lizentzia (38.I.C.1) bukatu eta amatasun lizentzia dirauen bitartean. Erditze anitza gertatuz gero, 2 egunez luzatuko litzateke lizentzia, bigarren seme-alabatik aurrera.

3.– Ondoz ondoko 20 egun, edozein dela ere aplikatuko zaion legedia, jaiotza, adopzio edo harrera berria familia ugarian denean eta, hori dela eta, familia ugari bihurtu direnean, edo familian, aldez aurretik, % 33 edo maila handiagoko ezintasun bat duen norbait balego. Erditze, adopzio eta harrera anitzen kasuan 2 egun gehiago luzatuko da bigarrenetik hasita seme alaba bakoitzeko. Erditze, adopzio eta harrera anitzen kasuan 2 egun gehiago luzatuko da bigarrenetik hasita seme alaba bakoitzeko.

IV. KAPITULUA
EGUNERATZE ETA HOBEKUNTZA IKASTAROAK

40.artikulua.– Langile eta Ikastolako kudeaketa-organoen arteko adostasunez finkatutako hobekuntza eta egokitzapen ikastaroen baimenak ordaindutakoak izango dira. Ikastaro horiek egiteko, langile guztiek 20 ordu har ditzakete gutxienez, eta ondorengo 5 urteetakoei dagozkionak pilatu ere; horietaz gain, ikastaroen egutegiaren arabera beharrezkoa bada, beste 10 ordu gehiago ere hartu ahal izango dituzte.

Langileak beka balu, ikastolak beka horren zenbatekotik langilearen soldata osatzeko falta dena ordainduko du soilik.

Langileen % 5ek baino gehiagok hobekuntza-ikastaroetara joateko baimena eskatu badu aldi berean, eta ikasleen opor-garaia ez bada, ikastolaren kudeaketa-organoek erabaki ahal izango dute baimenak emateko modu egokia; horretarako, ikastolaren beharrak, irakasleen antzinatasuna eta baimen hori eskatu gabe iragandako denboraldia hartuko dituzte kontuan.

Ikastaroa ikasturtean eta lanaldiz kanpo egiten bada, ordu horiek, ikastolarekin itundutako orduetatik kenduko dira, ikastolarekin hala erabaki ondoren.

Erreformari buruz Ikastolen Federakuntzek antolatutako mintegiak prestatzeko eta parte hartzeko hala nola ikastola barneko sailak suspertzeko ere, ikastolak parte hartuko duen mintegi bakoitzeko, eskola-orduetatik Ikastolen Federakuntzek antolatutako mintegi-kopuruaren bikoitza erabiliko da.

Irakasleen arteko eskola-ordu horien banaketa ikastolak ezarritako irizpideen arabera izango da.

IV. TITULUA
LANSARIAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

49. artikulua.– Soldata.

Hitzarmen honen ezarpen-eremuko dauden langileen ordainketak, oinarrizko lansari eta horren osagarriek osatuko dituzte.

Lansaria hilabetea bukatu eta hurrengo hilabeteko lehenengo bost egunetan ordainduko da, lanaldiaren barruan. Eskutan, txekez zein bankuko taloiz ordainduko da, baina beste bideren bat ere hitzartu daiteke. Banku-transferentziaren bidez ordainduz gero, langileak adieraziko du zein erakundetan egin behar den diru-sarrera.

Kontutan hartuta egungo finantziazio publikoaren murrizketek ondorio ekonomiko larriak ekarri dituela, Lan Hitzarmeneko Mahai Negoziatzailean aztertu eta adostuko dituzte beharrezkoak diren neurriak, lansari horiek ordaintzeko sortzen dituen arazo ekonomikoei erantzuteko.

56.artikulua.– (Edukirik gabe).

57.artikulua.– Lan hitzarmen honen eraginpean dauden soldatak 28. eta 32. artikulu bitartean adierazten den lanaldi osoaren araberakoak dira.

V. TITULUA
SOROSPEN ARAUBIDEA
II. KAPITULUA
HOBEKUNTZA SOZIALAK

60. artikulua.– 1.– Ikastola-taldean gutxienez 20 urteko zerbitzua egin eta 55 urteko adina duten langileentzat «Jarraipen edo iraupen-saria» ezartzen da. Sari honen zenbatekoa ondorengoa izango da: 4 lansari berezi zerbitzuko lehen 20 urteetan eta hileko lansari bat gehiago hogei urtetik aurrera emandako bosturte bakoitzeko.

Langilearen lan bizitzan zehar behin bakarrik jasotzen den saria dela kontuan hartuz, honek berau jasotzeko unea erabaki ahalko du.

Sari hau ordaintzeko lehen pasartean adierazten diren baldintza guztiak oso osorik bildu beharko ditu langileak. Beraz, edozein arrazoirengatik baldintza guztiak bete baino lehenago lan-harremana bukatuz gero, aipatu saria ezingo da zatika edo proportzionalki kobratu. Hala ere, langileak saria sortu eta edozein arrazoirengatik kobratzeko aukera egin gabe edo kobratu gabe lan-kontratua eten egingo balitz, azken kitapenarekin batera une horretara arte sorturiko jarraipen-saria kobratu beharko luke.

Aldez aurretik ez badute jaso, jarraipen sariaren langile onuradunek, errelebo-kontratuaren aukera aurreikusirik dutenek, errelebo-kontratua gauzatzeko aukera baino urtebete lehenago aipatu saria eskatzea bultzatuko da ikastoletako sektorean.

2.A) Erretiro aurreratua dela-eta, Ikastoletako langileentzat 2013ko martxoaren 26an sinatutako Akordioaren araberako baldintzak bermatuko dira. Akordio honen gauzatzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletan adosten dute alde sinatzaileek. Akordio honek langile guztiengan du eragina: Irakasle, Zerbitzu eta Administrazioko langileengan.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastolen Lan Hitzarmenaren eragin eremuan dauden langileen kolektiboarentzat Errelebo Kontrato bitartez eginiko Erretiro Partzial Aurreratuaren Akordio Kolektiboa.

I.– 1999ko irailaren 23an, Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Erregistroan aurkeztu zela ikastoletako Partaide eta EIB Elkarteen eta LAB eta ELA sindikatuen arteko «Ordezte eta Plantilak Berrizteari Buruzko Akordioa».

II.– Aipatu 1999 urte horretatik aurrera sinatutako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastolen Lan Hitzarmen Kolektibo guztietan, 2008-2009 urteetarako sinatutako azkena barne (hitzarmen kodea: 8602025), berauen eraginpean dauden langileentzako erretiro partzialerako formula eta Planak jaso direla bere artikulatuetan.

III.– Adin nagusiko langileen lan-bizitzaren jarraitutasuna bultzatu eta zahartze aktiboa sustatzeko martxoaren 15eko 5/2013 Errege Lege Dekretuan jasotako idazkeran, Gizarte Segurantzako sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hamabigarren azken xedapenak adierazten duenez, erretiro-pentsioaren araudia ezartzen jarraituko zaie, modalitate, eskuratzeko eskakizun, baldintza eta prestazioa zehazteko arau guztietan, «2013ko apirilaren 1a baino lehen erretiro partzialeko pentsioa eskuratu dutenei, bai eta data horren aurretik edozein eremutako hitzarmen kolektiboetan edo enpresa-hitzarmen kolektiboetan jasotako erretiro partzialeko planei atxikitako pertsonei ere, erretiro partzialerako sarrera 2013-04-01 dataren aurretik ala ondoren gauzatu izanak eraginik ez duelarik».

IV.– Aurretik adierazitakoari jarraiki, 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen 61 urte beteko dituzten edota 1967 urtearen aurretik mutualistak ziren langile guztiek Erretiro Partziala eskuratzeko Plana jasotzen duen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastolen Lan Hitzarmenaren berriztapen partzialaren akordio hau sinatzen da.

V.– Indarrean dagoen egungo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastolen Lan hitzarmen Kolektiboari dagokionean, beronen 60.2.A artikuluan jasotzen den Erretiro partziala eskuratzeko sarbidea erredakzioa, honela geratzen da:

A) Aplikazio-eremua.

Hitzarmen hau Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastolen Lan Hitzarmen Kolektiboaren eraginpean dauden langile guztiei ezarriko zaie, baldin eta D atalean jasotzen diren lege-eskakizun guztiak betetzen badituzte, 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen 61 urte betetzen badituzte, eta Akordio honekin batera eransten den enpresa-ziurtagirien zerrendan agertzen badira.

B) Denbora-eremua.

Hitzarmen honen denbora-eremua sinatzen den egunetik 2018ko abenduaren 31ra bitartekoa izango da, azken egun hori barne.

C) Akordioaren edukia.

Akordio honen sinatzaileen borondatea, beronen edukia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastolen Lan Hitzarmen Kolektiboaren artikulutara gehitzea da, eta, bere kasuan, egun indarrean dagoena ordezkatzea.

D) Erretiro partzialerako eskakizunak.

Langile baten erretiro partziala gauzatu dadin, enpresaren eta langile horren arteko aurre-akordioa ezinbesteko baldintza izango da eta erretiro hauek ez dezatela enpresaren egonkortasun ekonomikoa arriskuan jarri.

E) Erretiro partziala eskuratzen duen langilearentzako eskakizunak.

Gai honi buruz indarrean dagoen legediaren edukiaren arabera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte eta erretiro partzialerako eskaera egin nahi duten ikastoletako langileek:

a) 61 urte beteta izatea, edota 60 urte beteta izatea hirugarren xedapen iragankorraren 1 ataleko 2 arauak aipatzen dituen langileen kasuan (1967 urte aurreko mutualistak).

b) Enpresan gutxienez 6 urteko antzinatasuna izatea, era jarraituan, eta antzinatasun horren barruan, erretiro-eskaria egin aurreko sei urteetan ikastolan jardun izana.

c) Lanaldia gutxienez % 25 eta gehienez % 75 edo % 85 laburtzea, baldin eta ordezko langilea egun osoz eta mugagabe kontratatzen bada. Ehuneko hauek, konparagarri den lanaldi osoko langile bati dagozkionak direla ulertuko da. Lanaldi-laburtzeak soldata ehuneko berberean gutxitzea ekarriko du.

d) Aurretiaz 30 urteko kotizazio-aldi bat ziurtatzea, eragin hauetarako aparteko pagen zati proportzionala kontutan hartu gabe.

e) Erretiro partzial baten ondorioz finka daitezkeen errelebo-kontratuek, gutxienez, ordezkatutako langileak 65 urteko adinera iristeko falta den denboraren iraupen berbera izango dute.

F) Erretiro partziala eskuratzeko eskariak eta gestioak.

1) Erretiro partziala eskuratu nahi duen langileak idatziz jakinarazi beharko dio ikastolari, gutxienez aurreko atalean hitzartutako adina bete baino hiru hilabete lehenago.

2) Antolaketa-arrazoiak edota arrazoi teknikoak medio, enpresak erretiro partziala eskuratzeko unea atzeratu ahal izango du, eskaria egin den ikasturtea amaitu bitartean.

3) Erretiro partziala eskuratzeko, langileak lanaldi partzialeko lan-kontratu bat sinatu beharko du, enpresarekin adostuko duen lanaldiari jarraiki.

4) Aipaturiko lanaldi partzialeko lan-hitzarmena sinatzearekin batera, enpresak lan-kontratu bat egingo du txandako modalitatean.

G) Akordioaren indarraldia.

Bi alderdiek egoki ikusten dute akordio honi aplikazio-ezezteari buruzko klausula bat gehitzea, erretiro partzialari eta errelebo-kontratuari buruzko balizko edozein lege-aldaketek, zuzenean edota beste bideetatik zeharka, akordio honen sinaduratik aurrera egingarri izan daitezkeen erretiro partzialei eragin diezaieken kasuetarako, edota akordioa bera Gizarte Segurantzaren Institutuaren Zuzendaritza Orokorrean onartua edota erregistratua ez izanaren kasurako.

Klausula honetan aurreikusitako ezeztea gertatuz gero, sortutako egoeraren aurrean eta unez une indarrean dagoen legedia kontutan izanik egon daitezkeen balizko aukerak baloratzeko elkartuko dira bi aldeak.

Akordioaren indarraldiaren eta eraginkortasunaren galerak izaera orokorra nahiz norbanakoa izango du, eta ezingo da, beraz, erretiro partzialaren eskubide, betebehar, ahalmen edo igurikapenen sortzaile gisa aipatu enpresarekiko, ez modu kolektiboan (alde sinatzaileak edota hirugarrenek) ezta norbanako moduan (eragindako langileek edota hirugarrenek) ere.

Akordio honen edukiarekiko adostasuna adierazteko, hiru kopia sinatu dira goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

H) Akordioa gorde eta erregistratzea.

Bi alderdiek onartzen dute bietako edozeinek Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailaren bulegoetan utzi ahal izango duela Akordio honen kopia bat.

VI.– Erretiro Partzial Aurreratuaren Plan hau Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren Lurralde Zuzendaritzari komunikatu eta beronen esku uztearen konpromisoa hartzen dute bi aldeek. Ildo honetan, 60.2.A artikuluan aipatutako zerrenda eta ziurtagiriak erantsiko dituzte akordio honen eraginpean dauden ikastolek.

2.B) Ikastoletako langileentzat 1999ko irailaren 22an jasotako Akordioaren neurri osagarria mantentzen da:

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastolen Hitzarmen Kolektibopean dagoen langileak 65 urte betetzen dituenean oinarri erregulatzailearen % 100eko erretiro-pentsioa ziurtatua badu, enpresak erretiratu ahalko du. Beti ere, erretiratu behar duen pertsonaren kontratuak duen ezaugarri berdinak dituen kontratu finko berri bat egiten bada bere talde profesionalari dagokion lan baldintza berdinekin.

3.– Aldez aurretik erretiro aurreratu osoa hartu nahi duen langileak, 15 urteko zerbitzua sektorean izanez gero, kalte-ordaina jasoko du, eskala honen arabera:

(Ikus .PDF)

Kalte-ordaina 1999ko irailaren 22an sinatutako Akordioaren edukiaren ezarpenarekin bateraezina izango da.

4.– 64 urte dituzten langileei ikastolak erretiro aurreratua hartzeko bidea erraztuko die, horretarako egokitzat jotzen dituzten bitartekoez baliatuz, indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.

5.– 60 urte beteta dituen irakasleak 65 urterekin erretiratzeko asmoa agertzen badu eskola-orduak murriztu ahal izango ditu orduak beste jarduera batean emanez. Betiere, ikastolaren antolaketa errespetatzen den heinean.

VIII. TITULUA
«JAZARPEN MORAL ETA SEXUALAREN PREBENTZIOA»

82. artikulua.– Pertsona orok du errespetuzko tratua, duintasunaren eta moral osotasunaren babesa eta diskriminazio ezaren eskubidea. Gure ikastoletako lan-jardueraren ondorioz eta eskubide hauek aintzat hartuz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langileek tratu-berdintasun hau bermatua izan dezaten neurri batzuk hartzea beharrezkotzat jotzen da. Era berean, jazarpen mota guztiak, edozein langileri zor zaion duintasun eta tratu zuzenaren aurkako erasoak izateaz gain, ez onartuak ez baimenduak izango ez diren hutsegite larriak izango dira.

Guzti hori dela-eta, Ikastolen Elkartea Partaidek, Eusko Ikastolen Batzak eta LAB sindikatuak 2008-2009ko Lan Hitzarmeneko sinatzaileak, Protokolo honen bitartez, lanean sortutako moral-jazarpenaren edo sexu-jazarpenaren arazoa beharrezko bermeekin arautzeko konpromisoa hartzen dute, bai aurrea hartzeko, bai jazarpenaren ondorioz sortutako erreklamazioak konpontzeko, horretarako informazio, formazio, jarraipen eta ebaluaketa estrategiak erabiliz. Bi alderdiek garbi adierazi nahi dute, ezarritako xedapenak betetzea eta guztion lankidetza bermatzeko beharrezkoak diren ahaleginak hedatzea, ikastola bakoitzeko titularren, bertako zuzendaritzaren eta, orokorrean, langilego guztiaren ardura izango dela.

Aplikazio eremua:

Protokoloa, bai Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langile bai bere erantzukizun legalaren menpe dauden guztiei dagokie, inongo bereizketarik gabe ez harreman laboralagatik ezta bere iraupenagatik ere, eta lan-jardueren esparru osoari eragiten dio, edozein dela ere berau burutzen deneko espazio fisikoa.

Edozein pertsonak, erasoren bat jasan duela kontsideratzen badu, erreklamazio bat aurkezteko eskubidea du, jazarpenaren erreklamazioari buruzko informazioa inplikatu guztien intimitate eskubidea babestuz erabiliko delarik, intimitate eskubide eta konfidentzialtasuna zainduz.

Moral-jazarpena:

Moral-jazarpena honela definitzen da: pertsona batek edo talde batek , beste langile edo langile talde baten eskutik jasaten duen edo duten psikologia-indarkeria, bidegabekoa, muturrekoa eta neurriz kanpokoa, era sistematiko eta errepikatuan, denbora luzez eta lantokian, biktimaren komunikazio sareak suntsitzeko, bere auto-estimua hondatzeko, erasoa jasaten duen langilearen lan-baldintzak nahita degradatzeko eta horrela, azkenik, pertsona horrek edo horiek bere edo beraien lana utz dezaten lortuz, haien duintasunean etengabeko kaltea sortuz.

Moral-jazarpenaren elementu nagusiena langilearen duintasun profesionalean eta pertsonalean ondorio kaltegarriak eragiteko helburua izatea da, aldez aurretik emaitza kaltegarri hori lortzeko prestatua. Gertakariaren adierazpen moduak era askotakoak eta anitzak dira; bere baitan ditu edozein jokaera, adierazpen, ekintza edo eskaera diskriminatzaile, iraingarri, erasotzaile edo bortitz, edota lankideak bizitza pribatuan bidegabe sartzea. 1. eranskinean jasotako balizkoak ditu nahiz ez duten zerrenda itxi bat osatzen.

Sexu-Jazarpena:

Lan-jardueren esparruan emakume nahiz gizonen duintasunari kalte egiten dion izaera sexualeko edo sexuan oinarritutako edozein jokabide sexu-jazarpentzat hartuko da. Jokabide honek adierazpide fisiko nahiz hitzezkoak ukan ditzake, ekintza, hitz edota keinuen bitartez, subjektu aktiboak gizartearen aurrean bere jokaera arbuiagarria dela dakielarik eta, subjektu pasiboaren horrela adierazita, biktimak ere gogoko ez dituela.

Pertsona baten lanpostuan, lan-ibilbidean edota lan-egoeran eragiteko edo kontrolatzeko hertsadurazko edozein jokabide sexual sexu-jazarpen moduan har daiteke. Pertsona batek edo gehiagok beste pertsona bati, haren sexu edo sexualitatearen izaeran oinarrituta, egoera iraingarri edo umiliagarriren bat jasanarazten baldin badiote, sexu-jazarpen moduan hartuko da baita ere. 2. eranskinean jasotako balizkoak ditu nahiz ez duten zerrenda itxi bat osatzen.

Prozedura:

Lehen aipatutako jokaeraren bat gertatuz gero, pertsona bakoitzari dagokio iraingarria eta onartezina iruditzen zaion jokabidea zehaztea, eta horrela jakinarazi behar dio erasotzaileari, bere kabuz edota bere konfiantzako beste pertsonen bitartez, edozein kasutan protokolo honetan agertzen diren prozedurak erabil ditzakeelarik.

Sexu edo moral-jazarpenari buruzko erreklamazio edo kexa bat konpontzeko hauek dira eman beharreko urratsak:

A) Egoera gatazkatsuaren jakinarazpena.

Auzi-jartzaileak banakako kexa edo erreklamazioa idatziz aurkezten duenean hasiko da beti prozedura (3. eranskina ). Aipatu kexa, itxitako gutun-azal batez jakinaraziko zaie bai ikastolako zuzendaritzari edo ikastolaren titularrari bai sindikatuetako ordezkariei, eta hauek ez leudekeen kasutan langileen ordezkariei, prozedura honetaz aditzera emanez.

B) Kexaren edo erreklamazioaren bideratzea.

Prozedurari hasiera emanaz, Ikerketa Batzorde bat eratuko da sindikatuen ordezkaritzak edo hauek ez leudekeen kasutan langileen ordezkariek izendatutako Bitartekari batez eta ikastolako titularrek izendatutako beste Bitartekari batez osatua. Aipatutako Bitartekariak ikastolako partaideak zein kanpokoak izan daitezke, eta bi alderdiek horrela adostuz gero, izaera teknikoko beste Bitartekari bat ere gehitu daiteke. Ikerketa Batzorde honen eginkizuna kexaren gestioa eta ikerketa izango da, bi alderdien arteko adiskidetzea, eta jazarpen-erreklamazioak konpontzeko proposamenak aurkeztea, beti ere konfidentzialtasun, menekotasunik ezaren eta neutraltasun printzipioetan oinarrituz.

Kexa jaso eta Ikerketa Batzordea osatu ondoren, auzi-jartzaileak kexaren erantzukizuna egozten dion pertsonari salaketaren berri eman beharko dio Batzorde honek. Jakinarazpen hau konfidentzialtasuna bermatuko duen edozein bitarteko erabiliz burutu daiteke.

Inplikatuek aukeratutako Bitartekariak atzera botatzeko eskera egin dezakete arrazoi justifikatuak argudiatuz: odolkidetasuna, ahaidetasuna, adiskidetasuna ala ageriko areriotasuna,... Bitartekariek ere, era berean, arrazoi berberak medio uko egin dezakete. Aipatu eskaerok ikastolako Segurtasun eta Osasun Batzordera eramango dira eta beronek berehalako erabaki bat hartu beharko du.

C) Ikerketaren garapena: ebazpen informala eta eginbide formala.

Ebazpen informala:

Jazarpen kexa edo erreklamazioa zuzenean inplikatutako aldeen artean modu informal batean konpontzeko bideak jarriko dira. Bitartekariek, 21 eguneko epe barruan, aldeen arteko elkarrizketaren bitartez (Adiskidetze Bilerak) adostasuneko ebazpen batera heltzeko ahaleginak egingo dituzte. Aipatu bileran hartutako erabakiak isilpeko izaera izango duen Akta batean jasoko dira eta eskuragarri jasoko dira bai ikastolaren zuzendaritzaren edo titularren ordezkarientzat bai sindikatuetako ordezkarientzat, eta hauek ez leudekeen kasutan, langileen ordezkarientzat.

Erreklamazioari bide eman zion jokabidea eten eta bileran hartutako erabakiak aintzat hartzen direla bermatzeko, Bitartekariek beharrezko ikuskatze eta behaketa lanak burutuko dituzte.

Alde inplikatuek ebazpen informala bidezkoa ez dela edo arrakastarik ez duela izan irizten badute, ekinbide formalera jo dezakete.

Eginbide formala:

Ikerketa Batzordeak gatazka zehatz-mehatz aztertuko du; horretarako, auzi-jartzailearekin elkarrizketak burutuko dira eta ikerketaren garapenean zehar erreklamazioaren harira egoki ikusten dituen edozein pertsonen adierazpen eta hauekin izan beharreko bilera eskaerak luza ditzake. Era berean, prozeduran zehar inplikatutako aldeek konfiantzazko pertsonen laguntza jaso dezakete, ikastolan bertan lan egin ala ez.

D) Gatazkaren ebazpena eta neurrien hartzea.

Erreklamazioa ebaluatu eta egiaztatu ondoren, Ikerketa Batzordeak ikerketaren emaitzen berri eta konponbide proposamenak emanez txosten zehatz bat aurkeztuko die bai ikastolaren zuzendaritzaren edo titularren ordezkariei bai sindikatuetako ordezkariei, eta hauek ez leudekeen kasutan, langileen ordezkariei. Txosten hau zuzenean inplikatutako aldeei ere igorriko zaie, ikastolako Segurtasun eta Osasun Batzordearen aurrean errekurritu dezaketelarik. Erreklamazioa jasotzen denetik ebazpen txostena aurkezteko gehienezko epea 35 egunetako izango da. Hau bete ezean, atzerapenaren arrazoiak xedatzeko edota erreklamazioa ebazteko gaitasun eza azaltzeko txosten bat aurkeztu beharko da.

E) Konfideltziatasunaren babesa.

Prozesu hauekin lotutako agiri eta eginbide guztiek isilpeko izaera dute eta datuen babeserako arauen eta oinarrizko eskubideen pean izango dira.

Protokoloaren indarraldia:

Protokolo honen edukia nahitaez bete beharrekoa da, eta indarrean jartzen da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei komunikatu ondoren. Indarrean jarraituko du lege edo konbentzio-arauek bere egokitzea eskatzen ez duten bitartean edota esperientziak bere doitzea beharrezko ikustarazten ez duen bitartean.

Protokolo hau bi urtean behin ebaluatuko da aldizka eta alde sinatzaileen arteko adostasuna beharko da aurretiaz edozein aldaketa egiteko.

Prozedura honek ez du agortzen jazarpena jasan duen pertsonak bide administratiboak edota judizialak (zibilak edo penalak) jorratzeko bidea, eginbide honetan ikastolaren aldetik laguntza jaso dezakeelarik.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Seigarrena.– ekonomia-salbuespen egoeretarako irteera eta prozedurak desadostasunak konpontzeko klausula.

Lan Hitzarmena ikastola guztietan aplikatzeko marko arautzailea izatearen xedez sortzen da. Hori dela eta, sinatzaileek, bertako edukia ez betetzeko irteera klausula, ezohiko eta aldi-baterako mekanismo bat dela ulertzen dute, eta egoera ekonomiko larriei bakarrik erantzun ahal izatearen beharrak justifikatua, beti ere ordezkaritza sindikalarekin adostu ondoren.

1.– Dugun Lan Hitzarmen honetako tauletan zehaztutako lansariak ez dira nahitaez eta derrigor ezarri beharko, ondorengo bi baldintza hauek betetzen diren ikastoletan: batetik, aurreko bi kontularitza-urteetan ikastola horretan gero eta defizit edo galera handiagoak izan direla objetiboki eta sinesteko moduan ziurtatzen bada, eta bestetik, urte horretan egoerak berdin jarraituko duela ikusten bada.

Ikastola baten ustez bertan aurreko egoera horiek gertatzen badira, edota salbuespentzat hartzeko jasotako irizpideen arabera (itundutako gelen galera, inbertsio deialdi eza, ...) , bere bideragarritasun ekonomikoa kolokan jarriko balitz, ikastolak langileen ordezkariei 15 eguneko kontsulta epean jakinarazi beharko lieke, beharrezkoak diren datu ekonomikoak aurkeztuz eta hartu beharko liratekeen neurriak, horien artean lan hitzarmeneko irteera klausula, proposatuz.

Ikastolaren egoerari buruzko informazioa eta adostutako neurriak Lan hitzarmeneko Bitariko Batzordeari jakinaraziko zaizkio, akordio hauek berretsi ditzan.

Beharrezko balitz bi aldeen iritziarekin, langile eta titularren ordezkarienak, ikastolaren egoera eta egiten den proposamena Lan Hitzarmeneko Bitariko Batzordeari igorriko zaio, bertan aztertzeko eta beharrezkoak diren neurriak adostasunez hartzeko.

Alderdiek, akordioa posible ez balitz, PRECOren bitartekaritza jotzeko aukera dute.

2.– Hala ere, Lan Hitzarmenetik irteteko desadostasunak erabakitzeko, kasu guztietan eta era orokor batean, derrigorrezko kanpoko erakundeetako arbitrajerik eta interbentziorik ez dute onartuko.

Zazpigarrena.– Jarraipen Ekonomikorako Batzorde parekidea.

Lan Hitzarmen honetara bildurik dauden ikastola guztietan, partaidetzaren oinarritzen diren funtzionamendu eta egituraketa gauzatzeko urrats berriak egin nahi ditugu.

Bide honetan ikastola bakoitzean Jarraipen Ekonomikorako Batzorde parekidea eratuko da, aurrez ikastolaren batean organo honen osaketa eta funtzio berdinak betetzen dituen organoa balego, osatutzat emango delarik.

Xedapen hau lan hitzarmenean gehitu eta 15 egun barru osatuko da. Honen osaeran titularrek eta enpresa batzorde edo langile-delegatuak, eta azken hauen ezean langileen ordezkaritza batek, hartuko dute parte, zuzendaria bertako kidea izango delarik, botorik gabe.

Bere zeregina ikastolako kudeaketa ekonomikoaren berri izatea da eta, bideragarritasun plana egin beharrean egonez gero, hartu behar diren neurriak aztertzea eta adostea.

Partaide guztiek behar duten agiritza eskura izateko eskubidea izango dute.

Batzorde hauetako kideek, egitekoei dagokien isilpekotasuna gorde beharko dute, bereziki ikastolen titularren ordezkariek erreserbatutzat ematen dituzten gai guztietan. Titularrek Batzorde honi emandako agiritza ezin izango da inoiz eremu zehatz honetatik kanpo erabili, ezta ematean izandako helburuetarako ez bada.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Bigarrena.– Hezkuntza Sailarekin batera arlo publikoko seiurtekoen tratamendua argitzea erabakitzen da, gure ikastolen finantziazioan eta langileen ordainketa mailan eragin zuzena baitauka.

Era berean ondorengoak aztertzea erabakitzen da:

1.– Hezkuntza Administrazioarekin itun berriak ratio eta ordutegiaren kapituluan ekar litzakeen aldaketak.

2.– Hezkuntza Erreforma berriak ikastoletan eragin litzakeen aldaketak eta izan litzakeen ondorioak.

Bostgarrena.– (Edukirik gabe).

Zazpigarrena.– (Edukirik gabe).

Zortzigarrena.– Eusko Jaurlaritzari interpelatzeko alde izenpetzaileen konpromisoa.

Lan hitzarmen honen izenpetzaileen iritziz murrizketak ezartzeko Eusko Jaurlaritzaren alde bakarreko erabakiak, ikastolen finantziazio publikoan eta ikastoletako langilegoaren soldaten murrizketan eragin du. Eta egoera ez da aldatuko Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Lege berri baten sorrera bere gain hartzen ez badu.

Aipatu Hezkuntza Legeak bere barnean ikastoletako langileen lan-baldintzak hobetzea, hauen garapen profesionala eta soldaten homologazioa eta ikastolei finantziazio-maila egokia bermatzea ahalbideratu behar ditu. Ondorioz, aipatu Legea, norberaren autonomia bermaturik, Eusko Jaurlaritzarekiko interpelazio lerro bihurtzen da.

Bederatzigarrena.– Eskolaz kanpoko ekintzetako langileak.

Lan Hitzarmenaren Bitariko Batzordean Lantalde parekide bat eratuko da, eskolaz kanpoko ekintzetako langileen egoeraren azterketa egiteko.

Hamargarrena.– Hiztegi aldaketa.

Lan hitzarmeneko testu osoan, ondorengo hitz eta esapideak ordezkatzen dira:

● Ezkonkide ordez Bikotekide.

● Kategoria ordez Talde Profesionala.

● Interpretatzeko Bitariko Batzorde ordez Lan Hitzarmeneko Bitariko Batzorde.

Eta Berritze Partzialeko Akordio honen edukiarekiko adostasunaren froga gisa, beronen hiru ale sinatzen dira, Donostian, 2013ko abenduaren 18an.

LAB

Ikastolen Elkartea Partaide

EIB


Azterketa dokumentala