Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2014ko urriaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4610

AGINDUA, 2014ko urriaren 20koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko 6.3 xedapen gehigarrian ezarritako aurreikuspenen arabera, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko plazen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituenak, betebehar bat ezartzen die hezkuntza-administrazioei, bi urtez behin estatu mailako lekualdatze-lehiaketak deitzekoa. Lehiaketa horietan karrerako funtzionarioak diren irakasle guztiek hartu ahal izango dute parte, edozein dela ere menpekoak diren edo sartu diren hezkuntza-administrazioa, baldin eta horretarako betekizunak betetzen badituzte. Hala, interesdunek lehiaketa guztietan parte hartu ahal izango dute ekintza bakarraren bitartez, eta ebazpenaren ondotik kidego bakoitzean destino bakarra lortuko dute.

Irailaren 26ko ECD/1800/2014 Aginduaren bidez, ezartzen dira zein prozedurazko arau izango diren aplikatzekoak 2014-2015 ikasturtean zehar deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketetan, hain zuzen ere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan –Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua– bildutako irakasle kidegoetako funtzionarioen artekoetan.

Horrenbestez, aipatutako araudian xedatuaren babesean eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxeetan postu hutsak badaudenez,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioen estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egitea.

2.– Deialdi hori arautuko duten oinarriak onartzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu honek eraginak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urriaren 20a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

OINARRIAK
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

Lehenengoa.– Deialdia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko unibertsitatez kanpoko hurrengo irakasleen kidegoetako funtzionarioen estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da:

a) Maisu-maistren Kidegoa.

b) Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoa.

c) Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoa.

d) Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoa.

e) Musikako eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoa.

f) Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakasleen Kidegoa.

g) Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoa.

h) Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen Kidegoa.

i) Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen Kidegoa.

j) Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegoa.

2.– Era berean, lehiaketa honetan parte hartzera dei egiten zaie goian zerrendatutako irakasleen kidegoetan praktikak egiten ari diren funtzionarioei ere.

3.– Lehiaketa honek ondorengo xedapenok bete beharko ditu: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua; Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legea; Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legea, aipatutako estatutuaren arau bidezko garapena eman arte indarrean jarraitzen duten artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legea; urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko postuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituena; martxoaren 9ko 47/1993 Dekretua, irakasle-postuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-egunak zehazteko irizpideak ezartzen dituena; martxoaren 10eko 42/1998 Dekretua, irakasle-postuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-egunak zehazteko irizpideak ezartzen dituenaren Dekretua aldatzen duena; urriaren 6ko 263/1998 Dekretua, Euskararen Gaitasun Agirien baliokideak eta irakasleen hizkuntza-eskakizunak ezarri, eguneratu eta berresten dituena; azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzekoa; maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretua, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriei buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakatsi-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza- gaitasunaren betekizunak ezartzen dituena; irailaren 26ko ECD/1800/2014 Agindua, 2014-2015 ikasturtean zehar deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketetan aplikatzekoak diren prozedurazko arauak ezartzen dituena.

Bigarrena.– Eskaintzen diren postuak.

1.– Lehiaketa honetan eskaintzen diren postuen behin-behineko eta behin betiko finkapena Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez egingo da, irailaren 26ko ECD/1800/2014 Aginduko bosgarren atalean ezarritako datetan. Behin-behineko finkapena 2015eko otsailaren 13a baino lehen egingo da, eta behin betikoa, berriz, 2015eko apirilaren 14a baino lehen. Ebazpen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratuko dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta http://www.irakasle.net.

2.– Eskaintzen diren postuen artean, 2014ko abenduaren 31n dauden postu hutsak eta lehiaketaren ebazpena ematean geratzen direnak sartuko dira. Gainera, nahitaezko erretiroen ondorioz 2014-2015 ikasturtearen amaierara arte sortzen diren postu hutsak sartu ahalko dira. Batzuk zein besteak eskainiko dira hezkuntza plangintzan haien funtzionamenduaren jarraitutasuna aurreikusita dagoenean, eta ikastetxe berean irakasleen egonkortasunerako ezartzen diren irizpideen arabera.

3.– Hutsik geratzen diren postuen definizioan akatsen bat gertatzen bada edo eskolako plangintzan aurreikusi gabeko jarraitutasuna duen posturen bat bada, dagokion akatsen zuzenketa argitaratuko da.

4.– Lanpostuen zerrendaren arabera, langileak destinoa lortzen duen zentroak berari atxikitako beste herri batzuetako zentroetan eskolak emateko aukera eskaintzen badu, eskatutako postuari atxikitako edozein herritan eman beharko du zerbitzua. Lanpostuen zerrendan adierazi egiten da zeintzuk diren egoera horretan dauden postuak, «ibiltari» izenarekin.

II. KAPITULUA
II. KAPITULUA. PARTE HARTZEKO BETEKIZUNAK ETA IZAERA
1. ATALA: OROKORRAK

Hirugarrena.– Betekizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahalko dute lehenengo oinarrian aipatzen diren eta urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuko 10. artikuluan jasotako betekizunak betetzen dituzten langileek –errege dekretu horrek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko postuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen ditu–, bai eta deialdi honetan oro har aipatzen direnek eta kapitulu honetako ataletan eskatzen direnek ere, lehiatzen deneko kidegoari eta espezialitateari edo postu motari dagokienez.

Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradunen Kidegoetako funtzionarioek elkarrekin parte hartuko dute, plaza hutsak berberentzako, dagokien mailetako Irakasleen Kidegoetako funtzionarioekin; hori horrela, aipatutako Katedradunen Kidegoetakoak izateagatik aplikagarriak izango zaizkien berariazko merituak kalterik gabe.

2.– Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzerako bete beharko dira, eta jabetza hartzen denera arte eutsi beharko zaie.

Laugarrena.– Parte-hartzearen izaera.

1.– Parte-hartzea nahitaezkoa izango da hamaikagarren oinarrian jasotako kasuetan.

2.– Parte-hartzea borondatezkoa izango da hamargarren oinarrian jasotako kasuetan.

Bosgarrena.– Hizkuntza-eskakizuna.

1.– Ondorengo atalean jasotako salbuespenarekin, derrigortasun-eguna beteta daukaten hizkuntza-eskakizuneko postuak eskatzeko, ezinbestekoa izango da dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea edo, bestela, martxoaren 10eko 42/1998 eta urriaren 6ko 263/1998 Dekretuek aldatutako martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak (apirilaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) eta Euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak aipatutako titulu edo hizkuntza-egiaztapenen jabe izatea.

2.– Ez da eskatzen egiaztatzea eskakizun, titulu edo baliokidea den egiaztagiririk, baldin eta egiaztatzen bada euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzen eta euskarazko tituluekin eta ziurtagiriekin egiaztatzeko salbuespenak ezartzen dituen apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako salbuespenak gertatzen direla; horiek egiaztatzeko Dekretu horretan ezartzen den moduan egingo da.

2. ATALA: MAISU-MAISTREN KIDEGOA

Seigarrena.– Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioentzako postuak eta parte-hartzeko betekizunak.

1.– Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako etapetako postuak ondorengo espezialitateetan: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa, Atzerriko Hizkuntza: Frantsesa, Euskara, Gorputz Hezkuntza, Musika, Pedagogia Terapeutikoa eta Entzumena eta Hizkuntza.

Postu horiek eskatu ahalko dituzte espezialitateko titulartasuna egiaztatzen duten maisu-maistrek, kidegoan sartzeko kasuko hautapen-prozedura gainditu ondoren edo azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko 4.2 artikuluan aurreikusitako bideen bitartez. Halaber, eskatu ahal izango dituzte urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera, horietarako gaituak izan direnek aipatu Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera, edo gaitasun hori azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko bigarren xedapen iragankorraren arabera aitortua dutenek.

2.– Lehen Hezkuntzako aholkulari postuak.

Postu horiek eskatu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzen artekoren bat betetzen duten maisu-maistrek:

a) Urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera aholkulari postua betetzeko gaituta egotea.

b) Hezkuntza Bereziko Arloan edo Pedagogia Terapeutikoan gaikuntza dakarten titulazioetako baten jabe izatea edo, era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren arabera, aipatutako arloan gaikuntza dakarten egoeretako batean egotea (1993-11-23ko EHAA).

c) Hurrengo lizentziatura, gradu edo titulu baliokideren bat edukitzea: Psikologia; Pedagogia; Psikopedagogia; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, psikologiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, pedagogiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, hezkuntza-zientzien alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, psikologiako espezialitatean; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, hezkuntza-zientzien espezialitatean; Filosofia eta Letrak, psikologiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, pedagogiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, hezkuntza-zientzien alorrean.

d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatu edo homologatutako aholkulari ikastaroren bat gainditu izana. Ikastaro horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren IV. Eranskinean zerrendatutakoak dira (1993-11-23ko EHAA).

3.– Helduen Hezkuntzako postuak (HHE).

Helduen Hezkuntza-Hasierako Ikasketak, Helduen Hezkuntza-Ingelesa eta Helduen Hezkuntza-Frantsesa postuak eskatu ahalko dituzte Lehen Hezkuntza, Ingelesa edo Frantsesa espezialitateak, hurrenez hurren, dauzkaten maisu-maistrek. Halaber, eskatu ahal izango dituzte 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera, postu horietarako gaituak izan direnek, aipatu Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera, edo gaitasun hori azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko bigarren xedapen iragankorraren arabera aitortua dutenek.

4.– Pedagogia Terapeutikoko postuak HHEn eta zereginen ikaskuntzarako geletan.

Postu horiek Pedagogia Terapeutikoko espezialitateko titulartasuna egiaztatzen duten maisu-maistrek eskatu ahalko dituzte. Halaber, eskatu ahal izango dituzte 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera, postu horietarako gaituak izan direnek, aipatu Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera, edo gaitasun hori azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko bigarren xedapen iragankorraren arabera aitortua dutenek.

5.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetarako postuak.

Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko lehen Xedapen Iragankorrean xedatuta dagoenaren arabera, postu horiek eskatu ahalko dituzte aipatu legea indarrean jarri aurretik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetako postuetara behin betiko atxikitako maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek, baldin eta maila horietara atxikita jarraitzen badute.

Behin betiko atxikitako postua ezabatuko balitz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, aipatu mailetan destino berri bat lortzeko lekualdatze-lehiaketetan parte hartzeko aukera izaten jarraituko lukete, kasuko destinoa ezabatu ondoren ez baldin badute behin betiko destinoa lortu beste etapa batean.

Aipatutako atxikipen horretaz gainera, ondokoa eskatuko da:

a) Erantsitako zerrendako eskuineko zutabean jasotako espezialitateetako postuak eskatzeko, ezkerreko zutabean aipatutako gaikuntza egiaztatu beharko dute:

(Ikus .PDF)

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Teknologia arloko postuak eskatu ahalko dituzte ondoren aipatzen diren betekizunak betetzen dituzten maisu-maistrek:

– Ondoko titulazio hauetakoren bat edukitzea: Goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Fisika, Kimika edo Zientzietako Lizentziatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa, Itsasgintza Zibileko lizentziatura edo diplomatura, edo haiei dagozkien graduak, edo bigarren graduko lanbide heziketa edozein arlotan, administraziokoa, osasunekoa edo etxekoa izan ezik, edo.

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak antolatutako edo homologatutako Oinarrizko Teknologia Ikastaroetan, 250 ordu edo gehiagokoetan, parte hartu izana.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Plastika- eta Ikusi-hezkuntza arloko postuak eskatu ahalko dituzte ondoren aipatzen diren betekizunak betetzen dituzten maisu-maistrek:

– Ondoko titulazio hauetakoren bat edukitzea: Goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Arte Ederrak, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo haiei dagozkien graduak, edo Bigarren graduko Lanbide Heziketa, Delineazio arloa.

6.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Pedagogia Terapeutikoko lehen bi mailetarako postuak.

Postu horiek eskatu ahal izango dituzte Pedagogia Terapeutikoko espezialitateko titulartasuna egiaztatzen dutenek eta 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera horretarako gaituak izan direnek, aipatu Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiari jarraituz, bosgarren ataleko lehen lerrokadan adierazitako mugapena eduki gabe, hau da, DBHko lehen bi mailetako lanpostuetara behin betiko atxikita egoteko baldintza bete behar izan gabe.

3. ATALA: BIGARREN HEZKUNTZAKO IRAKASLE ETA KATEDRADUNEN KIDEGOAK

Zazpigarrena.– Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen Kidegoko funtzionarioentzako postuak eta parte-hartzeko betekizunak.

1.– II.2 eranskineko zentroetan eskaintzen diren irakaskuntzako espezialitateetako postuak. IV.4 eranskinean adierazten dira espezialitateak.

Dagokion espezialitateetan titularra denak eskatu ahal izango ditu postu horiek.

2.– Hizkuntza eta Gizartearen arloko Curriculum Desberdinak Eratzeko postuak.

Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Latina, Euskara eta Euskal Literatura eta Filosofia.

3.– Zientzia eta Teknologiaren arloko Curriculum Desberdinak Eratzeko postuak.

Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika eta Teknologia.

4.– Helduen Hezkuntzako postuak:

a) Komunikazio arloa. Ingelesa. Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte Ingelesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.

b) Komunikazio arloa. Frantsesa. Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte Frantsesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.

c) Komunikazio arloa. Gaztelania eta Literatura. Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte Gaztelania eta Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.

d) Komunikazio arloa. Euskara. Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte Euskara eta Euskal Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.

e) Gizarte Ezagutzaren arloa. Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte Geografia eta Historia espezialitateko titularrak diren irakasleek.

f) Zientzia eta teknologiaren arloa. Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika, Teknologia eta Informatika.

5.– Kultura Klasikoko postuak.

Postu horien titularrek Latina eta Grekoaren espezialitateak irakatsi ahal izango dituzte, urriaren 6ko 1635/1995 Errege Dekretuak hamargarren xedapen gehigarrian zehaztutakoaren arabera.

Postu horiek behar bezala bereizita agertuko dira ikastetxeko langileen zerrendan, eta, era berean, aipatutako bi espezialitateetako batean titularrak diren Bigarren Hezkuntzako katedradunek eta irakasleek eskatu ahal izango dituzte. Lanpostuak eskuratzen dituztenek, Latinaren zein Grekoaren espezialitateari atxikitako irakasgaiak eman beharko dituzte derrigorrean.

6.– Hizkuntza-errefortzuko postuak.

Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Latina, Euskara eta Euskal Literatura, Filosofia eta Alemana.

7.– Ingelesezko irakaskuntzako postuak.

Ingelesez irakasteko postuak aukeratzeko, IV. eranskinean jasotako espezialitateren bateko irakasle titularra izan behar da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakatsi-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dituen maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuko 2. artikuluak jasotzen duen ondoko titulu, gaitze edo ziurtagiriren bat eduki behar da:

– Filologiako, Filosofia eta Letretako (Filologia atala) edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziatura, eskatutako hizkuntzan; edo antzeko gradua.

– Itzulpengintza eta Interpretazioko diplomatura, eskatutako hizkuntzan.

– Eskatutako hizkuntzan atzerriko hizkuntzako gaikuntza edo espezialitatea duen maisu-maistra.

– Eskatutako atzerriko hizkuntzan Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila edo hori baino maila handiagoa duela egiaztatzea, aipatutako 73/2012 Dekretuko eranskinean jasotako titulu edo ziurtagiriren baten bidez.

Ingelesezko irakaskuntzan postuak eskatzeko interesa duenak eskabidean ELEBITASUNA ataleko 2. INGELESA aukera hautatu beharko du, hamaseigarren oinarriko 5. atalean adierazten den bezala.

4. ATALA: LANBIDE HEZIKETAKO IRAKASLE TEKNIKOEN KIDEGOA.

Zortzigarrena.– Lanbide Heziketako irakasle teknikoen Kidegoko funtzionarioentzako postuak eta parte-hartzeko betekizunak.

1.– II.3 eranskineko zentroetan eskaintzen diren irakaskuntzako espezialitateetako lanpostuak. IV.6 eranskinean adierazten dira espezialitateak.

Dagozkion espezialitateetan titularra denak eskatu ahal izango ditu postu horiek.

2.– Zereginen ikaskuntzarako gelako postuak. Kodea: 250.

Edozein espezialitate izanda eskatu ahal izango dira postu horiek.

5. ATALA: HIZKUNTZA ESKOLA OFIZIALETAKO, MUSIKAKO ETA ARTE ESZENIKOETAKO ETA ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO KATEDRADUNEN ETA IRAKASLEEN KIDEGOAK.

Bederatzigarrena.– Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musikako eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradun eta irakasleen Kidegoetako funtzionarioentzako postuak eta parte-hartzeko betekizunak.

1.– Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedratikoen eta irakasleen kidegoko funtzionarioak.

II.4 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.8 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako postuak eskatu ahal izango ditu dagokion espezialitateko titularra denak.

2.– Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradunen eta Irakasleen Kidegoko funtzionarioak.

II.5 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.9 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako postuak eskatu ahal izango ditu dagokion espezialitateko titularra denak.

3.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedratikoen eta irakasleen kidegoko funtzionarioak.

II.6 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.10 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako postuak eskatu ahal izango ditu dagokion espezialitateko titularra denak.

III. KAPITULUA
BORONDATEZKO PARTE-HARTZEA

Hamargarrena.– Borondatezko parte-hartzeko balizko partaidetasuna eta prozedura.

1.– Deialdi honetan eskaintzen diren postuetan borondatez parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden eta jarraian adierazten diren egoeretakoren batean dauden irakasle funtzionarioek:

a) Jarduneko egoeran daudenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxeetan behin betiko destinoarekin, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez bi urte iragan badira.

Ondorio horietarako, katedratikoen kidegoetako karrerako funtzionarioen kasuan, kontuan hartuko zaie dagokion irakasle-kidegoko karrerako funtzionario gisa postu berean aurretik egin duten denbora.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxeetan aitortutako zerbitzu berezietako egoeran daudenek, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez bi urte iragan badira.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxeetan aitortutako borondatezko eszedentzia egoeran daudenek, badauden motetan.

Norberaren interesengatik edo familia elkartzeagatik borondatezko eszedentzian daudenen kasuan, funtzionarioak soilik parte hartu ahalko du ikasturte hau amaitzean egoera horretara pasa zenetik bi urte iragan badira.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxeetan aitortutako etendura egoeran daudenek, betiere aurtengo ikasturtea amaitzen denean etendurako diziplina zigorraren iraunaldia bukatu bada eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik gutxienez bi urte iragan badira.

e) Beste administrazio publiko batzuetan zerbitzua eskaintzeko egoeran daudenek, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez bi urte iragan badira.

2.– Lehiaketa honetan norberaren borondatez parte hartzeko, 1. atalean aipatutako langileek parte-hartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, VII. kapituluan aipatutako moduan eta epean.

3.– Beste hezkuntza-administrazio batzuen menpe dauden irakasle funtzionarioak:

Deialdi honi dagozkion postuak eskatu ahalko dituzte beste hezkuntza-administrazio batzuen menpeko karrerako irakasle funtzionarioek, baldin eta agindu honetan ezartzen diren betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte eta beren lehenengo behin betiko destinoa lortu bazuten hautatua izan zireneko deialdiari zegokion hezkuntza administrazioaren esparruan, salbu eta deialdi horretan betekizun hori eskatzen ez zen kasuetan.

Langile horiek eskabide-ereduaren arabera, eta destinoko zentroari dagokion hezkuntza administrazioak egiten duen deialdian zehazten den organoaren aurrean egin beharko dute parte hartzeko eskabidea.

IV. KAPITULUA
NAHITAEZKO PARTE-HARTZEA

Hamaikagarrena.– Balizko partaidetasuna.

Lehiaketa horretan parte hartzera derrigortuta daude jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden langileak:

a) Behin-behineko destinoa izan eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden ikastetxeetan 2014-2015 ikasturtean zehar zerbitzuak betetzen dihardutenak.

Langile horiek honako baldintza hauen arabera eskatu behar dituzte postuak: titular diren espezialitateen eta egiaztatzen duten hizkuntza-eskakizunaren arabera, edo, Maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik zegoen araudiko gaikuntzaren arabera.

Aitzitik, oraindik bere behin betiko lehen destinoa lortu ez duten langile funtzionarioek eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren babespean deitutako sarrerarako hautapen-prozedurak gainditu dituztenek, hautatu zuten espezialitatearen postua dagoen tokian lortu beharko dute beren behin betiko lehen destinoa. Horretarako, espezialitate horri dagozkion postuak eskatu beharko dituzte, Latineko eta Grekoko espezialitatekoak diren langile funtzionarioen kasuan izan ezik. Horiek Latineko eta Grekoko espezialitatekoak ez ezik, Kultura Klasikoko postuak ere eskatu eta lortu ahalko dituzte.

Lehen behin betiko destinoa oraindik lortu ez dutenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko postuen artean soilik hautatu ahal izango dute.

b) Eszedentzia-egoeratik edo eginkizun-gabetzetik datorrena eta behin betiko destinoa galdu dutenak, zerbitzu aktibora itzuli bada eta behin-behineko destino bat lortu badu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko zentro batean, deialdi hau argitaratu zen eguna baino lehen.

c) Nahitaezko eszedentziaren egoeratik edo eginkizun-gabetze irmo batetik etorri edo behin betiko destinoa galdu duenaren egoeratik postu batera berriz sartzekotan daudenak, baldin eta egoera horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako ikastetxe batek aitortu baditu.

d) Atzerriko postuetara atxikita egon ondoren, 2015-2016 ikasturtean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren kudeaketa eremura itzuli behar dutenak edo, aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik, oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenak.

e) Epai edo errekurtso bati emandako ebazpena betetzeagatik edo behin betiko izaeraz betetzen zuten postua espresuki ezabatu zaielako, behin betiko destinoa galdu dutenak.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle kidegoetan sartzeko hautaketa prozesuetan aukeratua izanik, ikasturte honetan praktikak egiten ari direnak.

g) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortu ostean, zerbitzu aktiborako birgaituak izan direnek.

Hamabigarrena.– Praktikak egiten ari diren funtzionarioak.

Praktikak egiten ari diren funtzionario langileek beren behin betiko lehen destinoa Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden postuetan eta aukeratuak izan diren espezialitatean soilik eskatu eta lor dezakete.

Destinoak esleituko dira aintzat hartuz aukeratuak izan diren deialdiaren urtea (zaharrenak lehenetsiz berrienen aurrean), eta deialdi bakoitzaren barnean, honako lehentasunezko txandak ezarriko dira, aipatzen diren hurrenkera beraren arabera:

1.– Talde bereko kidegoetara sartzea.

2.– Goi-mailako talde bateko kidegoetara sartzea.

3.– Txanda librea eta ahalmen urrituentzako txanda.

Txanda bakoitzaren barruan, kontuan hartuko da praktiketako funtzionarioaren izendapenean zein ordenatan ageri den.

Dagokien destinoa, praktika-aldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatu izanak baldintzatuko du.

Hamahirugarrena.– Ofiziozko esleipena.

1.– Lehiaketa honetan parte ez hartzeak edo parte hartzera behartuta dauden pertsonek (a), b), c), d), f) eta g) kasuetan) behar adina postu eskatu gabe parte hartzeak ondorio hauek izango ditu:

a) Hamaikagarren oinarriko a), b) d) eta g) letretan aipatzen diren nahitaezko parte-hartze kasuetan, behartutako pertsonari behin betiko destinoa eman ahalko zaie ofizioz titular diren espezialitateen eta egiaztatzen duten hizkuntza-eskakizunaren arabera bete ditzaketen postuetan edo, maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik zegoen araudiko gaikuntzaren arabera, oraindik beren behin betiko lehen destinoa lortu ez duten langile funtzionarioen kasuan izan ezik eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren babespean deitutako sarrerarako hautapen-prozedurak gainditu dituztenek, horientzat hautatu zuten espezialitatearen araberako postua soilik eman ahal izango baita, ofizioz.

b) Hamaikagarren oinarriko c) letran aipatzen diren nahitaez parte hartzeko kasuetan, behartutako pertsona, lehiaketa horretan behin betiko destinoa lortzen ez badu, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89. artikuluko 1.a) letran adierazitako borondatezko eszedentziako egoeran geratuko da.

c) Hamaikagarren oinarriko f) letran aipatzen den nahitaezko parte-hartzearen kasuetan, behartutako pertsonari ofizioz eman ahal izango zaio behin betiko postua, hautatua izan den espezialitateko postuen artetik.

2.– e) kasuan egoteagatik parte-hartzera behartuta dauden pertsonek eta lehiaketa honetan parte ez hartzeak ondorio hauek izango ditu:

Hamaikagarren oinarriko e) letran aipatzen den nahitaezko parte-hartzearen kasuan badago, behartutako pertsonari ofizioz eman ahal izango zaio behin betiko destinoa, titularra den espezialitateen eta ziurtatuta duen hizkuntza-eskakizunaren arabera bete ditzakeen postuen artetik; edo, maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurreko araudiaren arabera gaituta dagoen postuen artetik. Behar adina postu eskatu gabe parte hartzeak ez zaio ofizioz esleituko behin betiko destinorik.

3.– Hamaikagarren oinarriko 1. idatzi-zatiko a), b) d) eta g) kasuetan dagoen pertsonak eskatutako postuetako bakarra ere lortzen ez duen kasuetan eta, beraz, behin betiko destinoa ofizioz esleituko zaion kasuetan, eskabidearen «Derrigorrean parte hartzen bada soilik bete beharrekoa» izeneko idazpuruan, gogokoenen hurrenkeran, plaza moten (espezialitateak) eta hizkuntzen (hizkuntza-eskakizunak) kodeak adieraziko ditu, deialdi honetan ezarritakoaren arabera, destinoa ofizioz esleitzen zaionean datu horiek kontuan har daitezen.

Ofiziozko esleipena II. eranskinean argitaratutako zentroen hurrenkera jarraituz egingo da.

Halaber, hamaikagarren oinarriko a), b), d) f) eta g) letretako kasuetan dagoen parte-hartzaileak «Derrigorrean parte hartzen bada soilik bete beharrekoa» izeneko idazpuruan hautatu ahalko du ofiziozko esleipenean kontuan hartu beharreko lurralde historikoa edo lurralde historikoak –lurralde bat baino gehiago adieraztekotan, lehentasun ordenan–.

Lurralde historikoen kodeei erreferentzia egiten dien atala betetzen ez bada, 2014-2015 ikasturtean behin-behinean zerbitzuak bete dituen edo praktika-aldian dagoen lurralde historikoan soilik esleitu ahal izango zaizkio postuak ofizioz. Behin-behineko destinoa eduki ezean, esleipena azken destinoa izan zuen lurralde historikoan egingo zaio.

Aipatutako idazpuruan 2014-2015 ikasturtean behin-behinean zerbitzua ematen ari den edo praktika-aldian dagoen lurraldez bestelako lurralde historiko bakarra aukeratzen den kasuan, adierazitako lurralde historiko horretako postuak soilik esleitu ahal izango zaizkio ofizioz.

Aurreko hiru lerrokadetan xedatutakoa salbuespena da Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen Kidegoko funtzionarioen kasua; izan ere, ofizioz eta behin betiko esleitu ahal izango zaizkie honako lanpostuak: dituzten espezialitate eta hizkuntza-eskakizunen arabera euren aukerakoen artekoak direnak; betiere II-5 eranskinean argitaratutako ikastetxe guztien ordenari jarraituz.

4.– Inolaz ere ez zaizkie ofizioz esleituko Maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioei honako hauei dagozkien lanpostuak:

Helduen Hezkuntza.

Zereginen Ikaskuntzako ikasgelak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetako lanpostuak.

Lanpostu ibiltariak.

5.– Inolaz ere ez zaizkie ofizioz esleituko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Katedradunen Kidegoetako eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoetako langile funtzionarioei honako hauei dagozkien lanpostuak:

Helduen Hezkuntza.

Zereginen Ikaskuntzako ikasgelak.

Curriculum aniztasuna.

Hizkuntza indartzea.

Ingelesezko irakaskuntza (elebiduna).

V. KAPITULUA
LEHENTASUN-ESKUBIDEAK

Hamalaugarrena.– Lehentasun-eskubideaz baliatzeko moduak, kasuak eta baldintzak.

Ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituen parte-hartzailea ikastetxe baterako lehentasun-eskubideaz edota herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideaz baliatu ahalko da, eta horixe jasoko du parte-hartzeko eskabide-orrian.

1.– Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea.

Behin betiko destinoa duen edo izan duen ikastetxe berean postu berri bat lortzeko lehentasun-eskubidea izango du, adierazitako kasuren batean dagoen eta hori betetzeko eskatzen diren betekizunak betetzen dituen parte-hartzaileak, zerrendatzen diren lehentasun-ordenan:

a) Ikastetxean behin betiko moduan betetzen zuen postua ezabatzeagatik, behin betiko beste destino bat lortu arte.

b) Ikastetxean behin betiko moduan betetzen zuen postua aldatzeagatik, behin betiko beste destino bat lortu arte.

c) Bere ikastetxetik aldatu behar izateagatik, bertan ordutegi osoa ezin egitearen ondorioz.

d) Espezialitate berri bat eskuratzeagatik, lehentasun-eskubidea izango du eskuratutako espezialitate berri horretan postu bat lortzeko, behin betiko destinoa duen ikastetxean. Eskubide horretaz baliatu ahal izango dira Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen kidegoetako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak. Postu berria lortu ostean, eskubide hori beste espezialitate berri bat eskuratzerakoan soilik erabili ahal izango da.

Aurreko atal bakoitzean adierazitako egoeran karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean postu bererako, postua merezimenduen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio. Puntuazioetan berdinketak gertatuko balira, berdinketa horiek hausteko lehen irizpide gisa ikastetxean karrerako funtzionario gisa jarduneko egoerako benetako zerbitzuetan denbora gehien daramana lehenetsiko da, eta, beharrezkoa balitz, merezimenduen baremoan (I. eranskina) aurreikusitako gainerako irizpideak erabiliko dira bertan agertzen diren ordenan.

Ikastetxe baterako lehentasun-eskubide hori erabili nahi duen irakasleak parte hartzeko eskabidean («Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan), eskubide hori erabiltzeko hautatu den ikastetxearen kodea eta eskubideaz baliatzeko arrazoia adierazi beharko ditu. Eskubide hori baliatzeko postu-mota (espezialitatea) eta hizkuntza (hizkuntza-eskakizuna) adierazten duen lehentasun-ordena adierazi beharko ditu. Gainera, maisu-maistren kidegoko langile funtzionarioek ibiltaritza-atala aukeratuko dute ibiltari izaera duten postuak nahi badituzte.

Halaber, jarraian, «Eskatzen diren plazak» atalean, beste ikastetxe batzuetako postuei dagozkien beste eskaera batzuk gehitu ahal izango ditu, titular den espezialitateen eta hizkuntzaren/hizkuntza-eskakizunaren arabera eska ditzakeenak edo, maisu-maistren kidegoko langile funtzionarioen kasuan, 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera gaituta izan zirenak, horietan lehentasun-eskubiderik gabe lehiatu nahi badute.

2.– Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea.

Herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea izango du, jarraian adierazten diren egoeraren batean dauden eta ezartzen diren baldintzak betetzen dituen parte-hartzaileak, zerrendatzen diren lehentasun ordenan:

a) Ikastetxe batean behin betiko izaeraz betetzen zuen postua ezabatu edo aldatzen denean, beste behin betiko destino bat lortu arte, lehentasun-eskubidea izango du plaza edo postua ezabatu den herri bereko beste ikastetxe bateko edo, hala badagokio, postua ezabatu den ikastetxea dagoen barrutiko beste ikastetxe bateko postu bat lortzeko.

b) Behar adina irakastordu ez izateagatik bere ikastetxetik lekualdatu dituztenen kasuan, ezabatutako postuetako titularren baldintza beretan, behin betiko destinoa duten herrian edo, hala badagokio, barrutian dauden postu hutsekiko lehentasun-eskubideaz baliatu ahal izango dute.

c) Behin betiko betetzen zuten irakasle-postua galduta Herri Administrazioan beste postu bat betetzera pasa direnak, betiere postu hura eten badute.

d) Behin betiko betetzen zuten postua galdu dutenek, apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89.4 artikuluan aurreikusitako familiarteko edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentziaren egoera aitortu ostean zehaztutako postu-erreserbaren denbora-tartea amaitu delako eta zerbitzu aktibora itzuli nahi badute edo behin-behinean itzuli badira.

e) Kanpoan irakasle-postuetara atxikita egon ondoren, 2015-2016 ikasturtean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren kudeaketa eremura itzuli behar duten funtzionarioek edo, aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik, oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenek.

f) Azken behin betiko destinoa galdu dutenek, epaia dela edo administrazio-errekurtsoaren ebazpena dela-eta.

g) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortu ostean, zerbitzu aktiborako birgaituak izan direnek.

Postu berera karrerako bi funtzionario edo gehiago aurkezten badira eta lehentasunezko kasu berean badaude, merituen baremoa aplikatzean puntuazio handiena lortzen duenari esleituko zaio postua. Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren atal bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta atalak baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz. Hala ere berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azpi-ataletan lortutako puntuak aintzat hartuko dira, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz. Bi kasuotan, arlo bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan atal bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiatalen kasuan, azpiatalak sartuta dauden arloak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiatal bat edo gehiago sartuta dagoen atalaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiataletan izandako puntuazioak. Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautazko prozeduraren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.

3.– Aurreko 2. atalean adierazitako kasuren batean egonda, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea erabili nahi duenak, herrian ala barrutian erabiltzearen artean aukeratu beharko du.

Baldin eta herri edo barruti batean destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea erabili nahi bada, parte hartu beharko da, eskubide hori erabiliz, deitzen diren lekualdatze-lehiaketa guztietan, harik eta destino hori lortu arte. Hala egin ezean, lehentasun-eskubidea indargabetu egingo zaio.

4.– Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideaz baliatzen diren irakasleek, parte hartzeko eskabidean honakoa adierazi beharko dute:

– «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar da, bai eta lehentasun-eskubidearekin parte hartzeko arrazoia zein den ere.

– Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko espezialitateen (plaza-mota) + hizkuntza-eskakizuna (bertako hizkuntza) kodeak adierazten duen lehentasun-ordena adierazi beharko du. Gainera, Maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioek ibiltaritza-atala aukeratuko dute ibiltari izaera duten postuak nahi badituzte. Lehentasun hori kontuan hartuko da herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun-data erreserbatzeko.

Lehentasun-eskubideaz baliatuta herri edo barruti, espezialitate eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, ikastetxe jakin bateko destinoa, lekualdatze-lehiaketan parte hartzen duten gainerakoekin batera merezimenduen baremoan lortutako puntuazioaren arabera lortuko dute.

Beraz, eskubide hori erabiliz hautatzen den herrian eskabidea egiten duten lehiakide guztientzako nahikoa plaza huts ez balego, bakoitzaren puntuazioa alde batera utzita, lehentasun-eskubidea duen parte-hartzaileari plaza huts horietako bat bermatuko litzaioke. Hortaz, parte-hartzaile horrek lehentasunezko destino bat lortu ahal izango du puntu gehiago dituen beste parte-hartzaile baten aurretik. Behar adina postu huts badago, herria eta plaza mota ziurtatuta (espezialitatea/postua eta hizkuntza-eskakizuna/hizkuntza), zentro zehatz bat esleitzeko eskubide hori duen parte-hartzailea kidego, espezialitate eta hizkuntza-eskakizun berberak betetzen dituzten gainerako partaideekin batera lehiatuko da, merezimenduen baremoan lortutako puntuak kontuan hartuta.

– Ikastetxe jakin bat lortzeko, lehentasun-ordenaren arabera, «Eskatzen diren plazak» idazpuruan, eskubidea egikaritzea dagokion herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira, eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, aukeraz eskatutako herrietako ikastetxe guztiak; herriko kodea bakarrik –edo herri batzuetakoa, barrutirako lehentasun-eskubidearen kasuan– adieraziz gero, postuak hutsik dituzten hautatutako herriko edo herrietako edozein ikastetxetako destinoa emango zaio; ikastetxe jakin batzuk adieraziz gero, horiek herrien araberako bloke homogeneotan multzokatu behar dira. Eskubidea izanda herriko ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, edo, gune baterako lehentasun-eskubidea izanda, aukeraz eskatu diren herrietako ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, horietako batean posturen bat hutsik badago, Administrazioak, libreki, aipatu herriko gainerako edozein ikastetxeko postu batean eman ahal izango dio destinoa, dagozkion eranskinetan kidego bakoitzari lotuta agertzen diren ordenan.

Lehen adierazitako egoera guztietan, lehentasun-eskubide hori baliatuta lehiaketara aurkezten denak «HLE» –lehentasun-eskubidea– siglak adierazi beharko ditu eskatutako ikastetxeko «plaza-mota» izeneko kodeari dagozkion laukitxoetan. Hala eginez gero, «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan adierazitako parte hartzeko eskatutako espezialitate guztiak hartuko dira kontuan.

Gainera, lehentasun-eskubidetik kanpo lehiatu nahi badu, bere espezialitate eta hizkuntza-eskakizunen arabera eta deialdi honetako seigarren, zazpigarren eta zortzigarren oinarri-arauetan xedatutako baldintzak beteta, lehentasun-eskubiderik gabe, lortu nahi dituen beste postu batzuetako eskaerak gehitu ditzake jarraian.

5.– Ikastetxerako lehentasun-eskubidea erabiltzeak destinoa lortzeko lehentasuna dakar herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea erabiltzen dutenen aurrean.

VI. KAPITULUA
KONKURRENTZIA-ESKUBIDEA

Hamabosgarrena.– Konkurrentzia-eskubidea.

1.– Konkurrentzia-eskubide gisa hartzen da behin betiko destinoa duten irakaskuntza-kidego bereko karrerako hainbat funtzionariok lehiaketan borondatez parte hartzeko baldintza gisa Lurralde Historiko jakin bateko ikastetxe batean edo batzuetan destinoa lortzea jartzen dutenean.

2.– Eskubide horrek ondoko berezitasunak izango ditu:

a) Parte-hartzaileek, beren eskabideetan, Lurralde Historiko bakarreko ikastetxeak adieraziko dituzte, berdina multzo-kide talde bakoitzerako.

b) Talde bakoitzean, gehienez ere, lau pertsonak hartuko dute parte, eta derrigorrezkoa izango da eskatzaile bakoitzak eskabidea bereizita aurkeztea.

c) Destinoaren esleipena betetzeko diren postu hutsen artean egingo da eta agindu honetan I. eranskin gisa jasotzen den merezimenduen baremoaren aplikazioak zehaztuta egongo da.

d) Parte hartzeko modu horren helburua zera da: talde bereko parte-hartzaileek Lurralde Historiko bereko ikastetxe batean edo batzuetan destinoa aldi berean lortzea. Horietako baten batek ezin izango balu postu bat lortu, bide horren bidez taldeak eginiko eskabideak ez lirateke onartuko.

VII. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEAK, DOKUMENTAZIOA ETA PUNTUAK MANTENTZEA

Hamaseigarrena.– Gai orokor batzuk eta eskabidea betetzeko moduari buruzko jarraibideak.

1.– Lekualdatze-lehiaketako parte-hartzea (bai borondatezkoa –hamargarren oinarriaren 1. atala-, bai derrigorrezkoa–hamaikagarren oinarria- bada), irakasle-gunean eskuragarri dagoen eskabide elektronikoa betez formalizatuko da. Bertara sartzeko, http.//www.irakasle.net helbidea erabiliko da, eta ondoren erabiltzaile eta irakasleen helbide elektronikoaren (irakasle.net) pasahitza erabiliko da, edo, hori eduki ezean, NANaren eta aipatu gunera sartzeko pasa-hitza. Sartzeko pasahitza ahaztuz gero, aipatu helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke, «Pasahitza eskuratu (edo berreskuratu)» atalean.

Pasahitza sartu ostean, Lekualdatze-lehiaketak - Onarpen-eskabidea gunean sartu.

2.– Lehiatzaile bakoitzak eskabide bakarra egingo du irakaskuntza-kidego bakoitzeko, eta bertan sartuko dira postu-eskaera guztiak.

3.– Eskabidea osorik bete ostean, «Ontzat» emanez itxiko da, behar bezala baliozkotua eta erregistratua gera dadin. Ondoren, eskabidearen gordekina eta «Merezimenduak egiaztatzeko orria» izeneko inprimakia inprimatu beharko dira. Aplikazio informatikoaren bidez lortuko dira horiek.

Eskabidea «Ontzat» emanez ixten ez bada, eskabide hori egin gabe geratuko dela ulertuko da, pertsona hori parte hartzera behartuta egon eta behar bezala itxitako beste eskabiderik aurkeztu ez duen kasuan izan ezik. Kasu horretan, egindako baina itxi gabeko eskabidea eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan itxiko da automatikoki, eta ordura arte gordetakoa hartuko da kontuan esleipena egiteko.

4.– Postuen eskaerak «Eskatzen diren postuak» idazpuruan adieraziko dira; ikastetxe edota herri jakin baterako egin daitezke, eta bi modalitateak bateragarriak dira. Azken kasu horretan, postu bat hutsik duen herriko lehen ikastetxea edo oinarri-arauen II. eranskinean adierazitako hurrenkera berean azaltzen dena esleituko da. Postu eskaera bakoitza ikastetxearen edota herriaren, espezialitatearen, hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna), elebitasunaren eta ibiltaritzaren (Maisu-maistren kidegorako) gehiketa/konbinazioaren emaitza da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden irakasle funtzionarioek beste hezkuntza administrazio batzuek egindako deialdietako postuak eskatu ahal izango dituzte deialdi horiek ezartzen dituzten irizpideei jarraiki, betiere haien lehengo behin betiko destinoa Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren kudeaketa-eremuaren baitan lortu badute, sartu zireneko deialdiak baldintza hori betetzea eskatzen ez zien kasuetan izan ezik.

Langile horiek lehentasunaren arabera eskatuko dituzte postuak, eskuratu nahi dituzten herrien edo ikastetxeen kodeak eta lanpostu motarenak (espezialitatea) nahiz hizkuntzarenak (hizkuntza-eskakizuna) ezarriz, agindu honen eranskinetan agertzen diren moduan, eta, beharrezkoa izatekotan, deialdia egiten duten beste hezkuntza administrazio batzuen leku-aldatze lehiaketen deialdien eranskinetan ageri diren bezala.

5.– Postu bakoitzaren eskaera ikastetxearen edota herriaren, espezialitatearen, hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna), elebitasunaren eta ibiltaritzaren (Maisu-maistren kidegoa) gehiketa/konbinazioa dela kontuan izanik, lanpostuen eskaerak ondoren adierazitakoa kontuan izanik egin beharko dira:

– Ikastetxe edo herri berean postua espezialitate bat baino gehiagorengatik eskatzen bada, beharrezkoa da ikastetxea edo herria errepikatzea eskatzen den espezialitate bakoitzeko, espezialitate bakoitzeko postuaren kodifikazioa ezberdina baita.

– Ikastetxe edo herri eta espezialitate bereko postua eskatzen bada hizkuntza-eskakizunean aukera ezberdinak erabiliz, ikastetxea edo herria eta espezialitatea behar adina aldiz errepikatu beharko dira, jarraian hizkuntza-eskakizunari dagokion aukera diferente bakoitza adieraziz (V. eranskina).

– Postu elebidunak eskatuz gero, eskabidearen ELEBITASUNA atalean, 2. aukera INGELESA, adierazi beharko da. Beste hezkuntza administrazio batzuetako postu elebidunak (ingelesez, frantsesez edo alemanez) eskatzekotan, dagokion elebitasun-kodea gehitu beharko zaio, postua eskaintzen duen hezkuntza administrazioaren oinarrien araberakoa.

Ikastetxe edo herri berean postu jakin bat eskatzen bada elebidun modalitatean nahiz modalitate ez elebidunean, ikastetxea edo herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna errepikatu beharko dira eta ELEBITASUNA atalean adierazi, lehen kasuan «2. INGELESA» aukeratuz eta bigarren kasuan «0. ELEBITASUNIK EZ» aukeratuz.

– Ibiltaritza duten postuak eskatzen dituzten maisu-maistren kasuan, «BAI» adierazi beharko da «ibiltaritza» atalean.

Ikastetxe edo herri berean postu jakin bat eskatzen bada «ibiltaritza» modalitatean nahiz «ibiltaritzarik ez» modalitatean, ikastetxea edo herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna errepikatu beharko dira eta «ibiltaritza» atalean adierazi «BAI» «ibiltaritza» modalitaterako eta «EZ» «ibiltaritzarik ez» modalitaterako.

6.– Ikastetxea aukeratzeko lehentasun-eskubidea erabili nahi duenak hamalaugarren oinarriko 1. atalean xedatutakoa kontuan hartuz bete beharko du eskabidea; eta herria edo barrutia aukeratzeko lehentasun- eskubidea erabili nahi duenak, berriz, hamalaugarren oinarriko 4. atalean xedatutakoa kontuan hartuz.

7.– Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek adierazitako kodeei dagozkien postuak eskatu direla hartuko da kontuan. Eskabideetako kodeak ez badira existitzen, osatu gabeak badira edo parte-hartzaileak eska ditzakeen postuekin bat ez badatoz, baliogabetu egingo dira. Aurreko arrazoiengatik eskaera guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko lirateke, deialdi honetan aurreikusten diren ofiziozko destinoen esleipen-egoeren kaltetan izan gabe.

Hamazazpigarrena.– Lehiaketan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Lehiatzaileak honako dokumentazioa aurkeztu beharko du:

– «Merezimenduak egiaztatzeko orria», aplikazio informatikoaren bidez lortuko den ereduaren arabera (behin eskabidea bete eta hari ikusi-onespena eman ondoren). Aipatu eredua Interneteko www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net helbideetan ere lor daiteke. Orri hori bete eta aurkeztu beharko da, baldin eta ondorengo paragrafoetan ezarritakoaren arabera, merituak aurkeztu edota alegatu behar badira.

– I. eranskinean (merezimenduen baremoa) ezarritako merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa, salbu ofizioz zenbatzeko merituak badira (oinarri honen 2. atalean ezartzen den arabera) edo dokumentazio hori Langileen Erregistroan badagoenean; izan ere, halakoetan nahikoa izango da aipatutako Orrian alegatzea barematu nahi den merezimendua.

– Ingelesez irakasteko postuak eskatzekotan, zazpigarren oinarriko 7. atalean ezarritako titulu, gaikuntza edo ziurtagiriren bat edukitzeari buruzko egiaztapena, salbu eta Langileen Erregistroan daudenean.

2.– I. eranskinean xedatutakoaren arabera (merezimenduen baremoa), ondorengo atalean aipatzen diren merezimenduak sailak ofizioz zenbatetsiko ditu, eta, horrenbestez, ez dira ez alegatu beharko ez eta haiei buruzko egiaztagiririk aurkeztu beharko ere:

– 1. atala: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari emandako zerbitzuak.

– 2. atala: Euskal Autonomia Erkidegoko Katedradunen Kidegoko kidea izatea.

– 3.3. a), b) c) eta d) atalak: Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste erkidego batzuetako Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako titulazio edo ziurtagiriak, baldin eta, beste erkidego batzuek emandakoen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Langileen erregistroan badaude. Erregistroan dagoen informazioa kontsultatu ahalko da, oinarri honetako 3. idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

– 4.1 eta 4.2 atalak: Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste erkidego batzuetako ikastetxeetan betetako zuzendaritza karguak, baldin eta, beste erkidegoetan betetakoen kasuan, Langileen Erregistroan badaude (Zuzendaria, Idazkaria, Ikasketa Burua eta horien albokoak; Zuzendariordea, Azpi-zuzendaria, Idazkariordea, Lanbide Heziketako Idazkariordea eta Gaueko Ikasketaburua). Erregistroan dagoen informazioa kontsultatu ahalko da, oinarri honetako 3. idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

– 5.1 eta 5.2 atalak: Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatutako prestakuntza-jarduerak, bai eta aipatu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak homologatu edo onartutako irabazi asmorik gabeko erakundeek antolatutakoak ere, EIMA eta NOLEGA erakundeek antolatutakoak izan ezik. Azken bi kasu horietan, interesdunak aipatutako jarduerak burutu dituela alegatu edo egiaztatu beharko du.

– 6.2 atala: Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deitutako ikerketa edo berrikuntzaren inguruko proiektuetan parte hartu izana.

– 6.5 atala: Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deitutako aukeraketa-prozeduretako epaimahaikide gisa jardun izana ofizioz zenbatuko da.

3.– Langileen Erregistroan dagoen informazioa kontsultatzeko, honako helbidera jo beharko da: www.irakasle.net (sartu erabiltzailea eta pasahitza) – Espediente pertsonala. Eta ondoren, honako atalak kontsultatu ahalko dira:

Zerbitzu orria.

Tituluak.

Ikastaroak.

Zuzendaritza-karguak.

4.– Praktikak egiten ari diren funtzionarioek ez dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko.

5.– Fotokopia bidez aurkezten den dokumentazioa konpultsatuta izango da.

6.– Gaztelaniaz edo euskaraz ez dagoen dokumentazio guztia Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera egindako itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko da, zinpeko itzultzaileak egina edo, bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

7.– Edonola ere, Administrazioak behar diren azalpen eta agiriak eskatu ahal izango dizkie lehiatzaileei, merezimenduei dagokienez sortutako zalantzak eta erreklamazioak ebazteko.

Aurkeztutako dokumentazioaren egiatasunaren erantzuleak eskatzaileak izango dira. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatuta badago, parte-hartzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

Hemezortzigarrena.– Azken lau lekualdatze-lehiaketetako batean parte hartu zutenen merezimenduak.

1.– I. eranskineko 2, 3.1, 3.2, 3.3.e), 3.3.f), 4.3, 5 eta 6 ataletako merezimenduei dagokienez, eta administrazio-izapideak gutxitzeko eta sinplifikatzeko helburuarekin, 2010eko azaroaren 16ko Aginduz deitutako 2010-2011ko lekualdatze-lehiaketan (2010eko azaroaren 22ko EHAA), 2011ko abenduaren 16ko Aginduz deitutako 2011-2012ko lekualdatze-lehiaketan (2012ko urtarrilaren 10eko EHAA), 2012ko urriaren 26ko Aginduz deitutako 2012-2013ko lekualdatze-lehiaketan (2012ko urriaren 31ko EHAA) edo 2013ko azaroaren 28ko Aginduz deitutako 2013-2014ko lekualdatze-lehiaketan (2013ko abenduaren 2ko EHAA) parte hartu zutenek eskabidean honako hauen artean aukeratu ahal izango dute:

– Parte hartu zuten azkeneko lehiaketako puntuak mantentzea.

– Merezimendu berriak gehitzea.

– Baremazio berria.

Hala eta guztiz ere, ofizioz zenbatestekoak diren merezimenduak, I. eranskinean adierazitakoaren arabera, ofizioz eguneratuko dira, edozein dela ere egiten den aukera.

Aipatutako I. eranskinean ofizioz konputatzen diren merezimenduak (ez da dokumentaziorik aurkeztu behar) eta ofizioz konputatzen ez direnak (dokumentazioa aurkeztu behar da) adierazten dira.

Ondoren adierazitako aukerek honako ondorioak dauzkate:

a) Parte hartu zuten azken lehiaketan (2010-2011, 2011-2012, 2012-2013 edo 2013-2014) 2, 3.1,3.2, 3.3.e), 3.3.f), 4.3, 5 eta 6 ataletan lortu zuten puntuazioarekin ados egon eta hari eutsi nahi diotenek eskabidean «Parte hartu zuen azken lehiaketako puntuazioari eustea» markatu beharko dute. Kasu horretan, adierazitako ataletako merezimenduei dagokienez ez dute inolako dokumentaziorik aurkeztu behar izango.

b) Parte hartu zuten azken lehiaketan (2010-2011, 2011-2012, 2012-2013 edo 2013-2014) 2, 3.1,3.2, 3.3.e), 3.3.f), 4.3, 5 eta 6 ataletan lortu zuten puntuazioarekin ados egon eta puntuazio horri azken lehiaketan barematutakoen ondorengo beste merezimendu batzuk erantsi nahi dituztenek «Beste merezimendu batzuk gehitu» markatu beharko dute. Kasu horretan, parte hartu zuten lekualdatze-lehiaketako eskabideak aurkezteko epe-amaieraren ondotik lortutako eta amaitutako merezimenduak aurkeztu beharko dituzte (kasuaren arabera, 2010eko abenduaren 15etik, 2012ko urtarrilaren 28tik, 2012ko azaroaren 23tik edo 2013ko abenduaren 21etik aurrera). Adierazitako atal edo azpiataletako batean puntuen gehienekora iritsi badira, ez da beharrezkoa izango kasuko atalean edo azpiatalean merezimenduak gehitzea.

Atal horietako merezimenduak adierazitako daten aurrekoak badira, ez dira barematuko. Aitzitik, beste atal edo azpiatal batzuei dagozkien merezimenduak aurkeztu ahal izango dituzte.

c) 2, 3.1, 3.2 3.3.e), 3.3.f), 4.3, 5 eta 6 ataletan parte hartu zuten azken lehiaketaren aurretiko merezimenduak baloratzea nahi izan edo atal horietan egindako baremazioarekin ados ez daudenek «Baremazio berria» markatu beharko dute eskabidean. Kasu horretan, atalen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

2010-2011 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2010eko abenduaren 15a baino lehenagoko merezimenduak izango lirateke; 2011-2012 lehiaketaren deialdiari dagokionez, 2012ko urtarrilaren 28a baino lehenagokoak; 2012-2013 lehiaketako deialdiari dagokionez, 2012ko azaroaren 23a baino lehenagokoak; eta 2013-2014 lehiaketaren deialdiari dagokionez, 2013ko abenduaren 21a baino lehenagokoak.

2.– Hemezortzigarren oinarriko 1.c) letran adierazitako kasuez gainera, eskabidean «Baremazio berria» aukera markatu beharko da honako kasu hauetan:

– Hemezortzigarren oinarriko 1. atalean adierazitako inongo deialditan parte hartu ez dutenean.

– 2014ko irailaren 1ean karrerako funtzionario izendatuta egon eta oraindik destinorik lortu ez dutenak.

– Erkidego honetan destinoa lehen aldiz 2012-2013 ikasturtean lortu zuten beste autonomia erkidego batzuetako funtzionarioak.

Kasu horietan, dagokien ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, aurreko oinarrian adierazitakoaren arabera.

Hemeretzigarrena.– Eskatutako betekizunak eta alegatutako merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkezteko tokia.

1.– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako edozein lekutan. Posta-zerbitzuko bulegoren batean aurkeztu nahi bada eskabidea, kartazal irekian egingo da, zerbitzu horretako funtzionarioak eguna eta zigilua jar ditzan eskabidean, kartazala ziurtatu aurretik.

Hogeigarrena.– Eskabideak egiteko eta agiriak aurkezteko epea.

Eskabideak egin eta agiriak aurkezteko epea 2014ko azaroaren 6tik 24ra bitartekoa izango da, biak barne.

Eskabidea Internet bidez bete behar denez, gomendatzen da behar adina denborarekin betetzen hastea, eskatzaileari sor dakizkiokeen zailtasunak direla eta.

Adierazitako epe hori amaitu eta gero ez da egindako eskaeretan aldaketarik onartuko, ezta merezimenduei buruzko dokumentaziorik ere.

Parte hartzeko baldintza guztiak, hamargarren oinarrian ezarritakoa kendu gabe, bai eta alegatutako merezimenduak ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den datan eduki beharko dira eta esleitutako lanpostuaren jabetza hartu arte eutsi beharko zaie.

VIII. KAPITULUA
MEREZIMENDUEN BAREMOAREN APLIKAZIOA

Hogeita batgarrena.– Merezimenduen baremoa aplikatzeaz arduratuko diren unitate eta organoak.

1.– Lehiatzaileek adierazitako eta behar bezala egiaztatutako merezimenduak ebaluatzeko, I. eranskineko merezimenduen baremoko 5.1, 5.2, 6.1, 6.2 eta 6.3 idatzi-zatiei dagokienez, hala jokatuko da:

a) Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioen kasuan, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritza bakoitzean Batzorde Barematzaile bat edo batzuk osatuko dira (parte-hartzaileen kopuruaren arabera). Batzorde Barematzaile bakoitzak honako kide hauek osatuko ditu (Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu):

Lehendakaria: Hezkuntza Ikuskatzaileen Kidegoko funtzionario bat.

Batzordekideak: Lurralde-ordezkaritzaren menpeko karrerako lau funtzionario irakasle.

Idazkari gisa mahaikide gazteena izendatuko da, Batzordeak beste irizpiderik jartzen ez badu.

b) Gainerako irakasle-kidegoetako funtzionarioen kasuan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu beharrezko Batzorde Barematzaileak, espezialitateen arabera edo antzeko espezialitate-multzoen arabera.

Batzorde Barematzaileak honako kide hauek osatuko dituzte:

Lehendakaria: Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko funtzionario bat edo Batzordea izendatzen den irakasleen Kidegoko funtzionario bat.

Batzordekideak: Batzordea izendatzen den kidegoko karrerako lau irakasle funtzionario.

Idazkari gisa mahaikide gazteena izendatuko da, Batzordeak beste irizpiderik jartzen ez badu.

b) ataleko Batzorde Barematzaile bakoitzeko lehendakaria Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du, eta kideak, aldiz, zozketaz aterako dira.

c) Kidego guztietan, ordezkaritza zabalena duten sindikatuek ordezkari bat izendatu ahal izango dute Batzorde bakoitzean, begirale-lana egiteko.

d) Batzordeetako kideek, deitutako postuetarako beharrezko diren titulazio-multzo berekoak edo altuagokoak izan behar dute. Batzorde Barematzailea izendatzeko irizpide berberei jarraituz, ordezko kideak izenda daitezke.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan jasotako abstentziorako eta uko egiteko kausetara lotuta egongo dira Batzordeetako kideak.

e) Horren kontrako arrazoi sendorik adierazi ezean, gizonek zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkapena izango dute batzordeetan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez aldatutako Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

f) 2013ko azaroaren 28ko Aginduz (2013ko abenduaren 2ko EHAA) deitutako lekualdatze-lehiaketen Batzorde Barematzaileetan parte hartu duten funtzionarioak oinarri honetan aurreikusitako batzordeetako kideak zozketaz esleitzeko prozesutik at geratuko dira, lehiaketaren xede den espezialitateren batean dagokion Batzorde Barematzaileak osatzeko nahikoa irakasle ez dagoenean salbu.

g) Lehiaketaren xede diren espezialitateetakoren batean Batzordea osatzeko nahikoa irakasle ez badago, batzordekideak antzeko irakasgaietako irakasleen artean edo gai horretako adituen artean izendatuak izango dira. Era berean, parte-hartzaileen kopurua txikia denean, antzerako espezialitate batzuk biltzen dituen batzorde bat izendatu ahal izango da.

h) Beharrezkotzat jotzen den Batzordeetan, Batzorde Barematzaileak eskatuta, Langileak Kudeatzeko zuzendariak gai horretako aditu bi ekarri ahal izango dizkio Batzordeari.

i) Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren (26ko EHAA) 6. eta 16. artikuluetan xedatzen diren ondorioetarako, bidaia-gastuei dagozkien kalte-ordainak, zerbitzuarengatiko ordainketengatik eman behar diren kalte-ordainen zenbatekoak gaurkotzen dituen ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan (28ko EHAA) –aipatutako 16/1993 Dekretua hirugarrenez aldatzen du– xedatzen duenaren arabera ordainduko dira.

j) Batzorde Barematzaileen osaera Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net

2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko langileen administrazio-atalek jarriko dute parte-hartzaileei baremoaren gainerako ataletan dagokien puntuazioa.

IX. KAPITULUA
PROZEDURAN ONARTZEARI ETA PUNTUAZIO-EMATEARI BURUZKO EBAZPENAK

Hogeita bigarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin-behineko ebazpena.

1.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan Batzorde Barematzaileen aktak eta langile-atalek esleitutako puntuazioa jaso ostean (barematzea dagozkien merezimenduei dagokienez), Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, eta behin-behinekoz onesteko onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak onetsiko dira; azken kasu horretan, adieraziko du zein den baztertzeko arrazoia. Halaber, baremoko atal bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa ere adieraziko du.

Interesdunei jakinarazteari begira, ebazpena eta behin-behineko zerrendak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren www.irakasle.net. Interneteko helbidean argitaratuko dira. Halaber, informazioari begira, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko da.

2.– Lehiatzaileek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte behin-behineko ebazpen horren kontra, adierazitako Interneteko helbidean argitaratzen denetik 10 egun balioduneko epean.

Hogeita hirugarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin betiko ebazpena.

1.– Aurkeztutako erreklamazioak aztertuta, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak behin betiko onesteko; azken kasu horretan, adieraziko du zein den baztertzeko arrazoia. Halaber, baremoko atal bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa ere adieraziko du.

Interesdunei jakinarazteko, ebazpena eta behin betiko zerrendak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren www.irakasle.net. Interneteko helbidean argitaratuko dira. Halaber, informazioari begira, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko da.

2.– Aipatutako behin betiko zerrenda horren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, Interneten argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.

X. KAPITULUA
POSTUEN ESLEIPENAK, UKOAK ETA JABETZA HARTZEA

Hogeita laugarrena.– Postuen behin-behineko esleipena.

1.– Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bitartez destinoen behin-behineko esleipena onartuko da lortutako puntuazioari eta parte-hartzaileen eskaeren lehentasunei jarraituta; ebazpena eta esleipenaren behin-behineko zerrendak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren www.irakasle.net webguneetan argitaratuko dira, interesdunei jakinarazteko. Halaber, informazioari begira, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko da.

2.– Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren atal bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta atalek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz.

Hala ere berdinketak jarraitzen badu, azpiataletan lortutako puntuak aintzat hartuko dira, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.

Bi kasuotan, arlo bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan atal bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiatalen kasuan, azpiatalak sartuta dauden arloak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiatal bat edo gehiago sartuta dagoen atalaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiataletan izandako puntuazioak.

Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautazko prozeduraren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.

3.– Erreklamazioak.

Lehiatzaileek behin-behineko esleipena dela-eta erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte hura Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren www.irakasle.net Interneteko helbideak argitaratu eta biharamunetik 5 egun balioduneko epean.

Hogeita bosgarrena.– Behin-behinean esleitutako postuari uko egitea.

Borondatezko lehiatzaileek, erreklamazioak aurkezteko aurreko oinarrian finkatutako 5 egun balioduneko epean, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari uko egin ahal izango diote, eta uko egite horrek eskabidean agertzen diren eskaera guztietan eragina duela ulertuko da. Uko egiteko idazkiarekin batera, nortasun agiri nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko da.

Gai horren inguruan, kontuan izan behar da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez duela adierazi nahi behin betiko esleipenean lortuko ez denik.

Hogeita seigarrena.– Postuen behin betiko esleipena.

1.– Erreklamazioak aztertuta eta, hala badagokio, aurreko oinarrian aurreikusitako uko egiteak onartu eta gero, destinoen behin betiko esleipena onartzen duen agindua emango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta bertan lehiaketako destinoen behin betiko zerrendak non eta noiz argitaratuko diren jakinaraziko da.

2.– Hainbat espezialitatetako postuetan lehiatuta ere, destino bakarra esleitu ahal izango da.

3.– Destinoen behin betiko esleipenaren aurkako errekurtsoak, parte hartu den hezkuntza administrazioa edozein izan dela ere, errekurtsoaren xede den postuari dagokion hezkuntza Administrazioari zuzendu beharko zaizkio, eta bertan ebatzi.

Hogeita zazpigarrena.– Behin betiko esleitutako postuari ezin uko egitea.

Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.

Aitzitik, irakasle kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2015-2016 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, EHAAn behin betiko destinoen esleipenaren Agindua argitaratu osteko hamar egun naturaletan. Hala egin ezean, jardun aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion postua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten postuak hustzat joko dira, eta hezkuntza-administrazioak erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.

Hogeita zortzigarrena.– Zerbitzu aktibora berriz sartzen direnek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eszedentzia aldian egon eta gero lehiaketaren ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren irakasleek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte dagokien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan:

a) Eszedentziarako aginduaren kopia.

b) Medikuaren ziurtagiri ofiziala, irakaskuntzan aritzeko gaixotasunik edo beste muga fisiko nahiz psikikorik ez duela adierazten duena.

c) Zinpeko aitorpena edo agindua, diziplina espediente bidez Estatuko Administrazioaren, toki administrazioaren edo autonomia-erkidegoko administrazioaren Kidego edo eskala batetik ere banatua izan ez dela egiaztatzeko eta, era berean, funtzio publikoak betetzeko gaitasunik kendu ez diotela egiaztatzeko.

2.– Hala ere, lehiaketa honetan destinoa lortu duten kidegoan ez beste irakasle kidego batean jardunean daudenek ez dituzte aurkeztu beharko aipatutako agiriak.

Hogeita bederatzigarrena.– Postuaz jabetzea.

Destino berriak 2015eko irailaren 1ean hartuko dira jabetzan.

Hogeita hamargarrena.– Parte hartu duten tokian ez beste kudeaketa-eremu batean destinoa lortzen dutenen ordainsariak.

Oinarri hauetan araututako deialdian bere jatorrizko postuaren kudeaketa-eremua ez den beste kudeaketa-eremu batean behin betiko destinoa lortzen duen funtzionarioak eremu berri horri dagozkion ordainketa arauen araberako ordainsaria jasoko du.

XI. KAPITULUA
DATU PERTSONALAK

Hogeita hamaikagarrena.– Datu pertsonalen erabilera.

Parte-hartzaileek aurkeztutako datuak dagokien prozeduran edo jarduketan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.

Datu horiek inola ere ez dituzte erabiliko beste batzuek, eta laga ere ez zaizkie lagako, ez bada interesdunaren baimen argi eta garbirik, edo ez bada Datu Pertsonalak Babesteko legean jasotako kasuren batean (15/199 Legea, abenduaren 13koa, 6.2 eta 11.2 artikuluak; BOE, 298 zk., 1999ko abenduaren 14koa).

Aipatutako 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, datuak lagatzen dituen pertsonak, edozein unetan, eskuratu, zuzendu, baliogabetu eta aurka egiteko eskubideak bete ahal izango ditu, erregelamenduan zehaztuko den moduan.

Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenetara egokitu beharko da.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala