Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2014ko irailaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3984

AGINDUA, 2014ko irailaren 15ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko masterreko ikasketa ofizial batzuk ezartzea eta beste batzuk kentzea baimentzen da.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatuak) 8.2 artikuluan dioenez, estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea autonomia-erkidegoak erabakiko du, bai Gizarte Kontseiluak proposatuta, bai erkidegoaren beraren ekimenez, kontseilu horren adostasunarekin, eta, betiere unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, bere 51. artikuluan arautzen du Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitzea. Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko eta tituluaren Europako gehigarriaren diploma emateko nahitaezko egokitzapenak bultzatuko dituzte ikasketa-planetan eta kredituen eta balorazioen sistemetan, eta haiekin batera beharrezkoak diren gainerako neurriak.

Titulu ofizialak nola ezarri arautzen dute urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak (uztailaren 2ko 681/2010 Errege Dekretuak aldatzen duenak), unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituenak, eta urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak, Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzkoak.

Hain zuzen ere, 1393/2007 Errege Dekretuak, urriaren 29koak, 8. artikuluan xedatzen du estatu osoan izaera ofiziala eta baliozkotasuna duten tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketak hiru ziklotan egituratuko direla: Gradua, Masterra eta Doktoregoa izenekoetan, hain zuzen.

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak 16. artikuluan arautzen du zer prozedura jarraitu behar den Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak agindu-proposamena prestatu behar du, Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.

2014ko uztailaren 23an, EHUko Gizarte Kontseiluak masterreko titulu ofizialak lortzeko ikasketak 2014-2015 ikasturtetik aurrera ezartzea onartu zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.

ANECA-Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia Nazionalaren ebaluazio-txostena jaso eta gero, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Unibertsitate Kontseiluak egokitzat jo du Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako masterreko ikasketen proposamena, betiere uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuko 25.7 artikuluan ezarritakoaren arabera (861/2010 Errege Dekretuak urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua aldatzen du, hots, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen errege-dekretua).

Hori dela eta, eta Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikulua aplikatuz, eta jakitun jartzeko txostena eman eta gero Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari (2014ko ekainaren 3an bildu zen), hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea I. eranskinean jasotzen diren unibertsitate-master ofizialetako ikasketak ezartzea eta kentzea baimentzea.

2. artikulua.– Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren xedapen iragankorretatik bigarrenean xedatutako errespetatutik kenduko dira ikasketak (dekretu hori, ekainaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaz aldatu zen).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari jakinaraztea, Gobernuari proposa diezaion tituluak ofizialtzea eta Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskribatzea, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara ditzan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Baimentzen diren master-ikasketa ofizialak lau urte igaro baino lehenago izan beharko dute berrituta ziurtapena, betiere hasierako egiaztapenetik hara zenbaturik epe hori. Berriztapen hori egokitu egingo da urriaren 16ko 205/2012 Dekretura, zeinaren bidez ezartzen baitira Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 19. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Euskal Herriko Unibertsitateak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari memoria bat bidaliko dio urtero, zehazki, matrikulazio-datuei eta aurreko ikasturtean titulazio bakoitzak izandako kostu ekonomikoei buruzkoa, ikasturte akademiko bakoitzaren matrikulazio-epea bukatu ondoren eta, betiere, abenduaren 30a baino lehen. Aipatutako dekretuaren II. eta III. kapituluetan jasotako baldintzaren bat betetzen ez bada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak unibertsitateari beharrezko neurri zuzentzaileak hartzeko eskatuko dio. Aipatutako baldintzak ez betetzen jarraituko balitz, Euskal Herriko Unibertsitateak ikasketa horri beste prozedura bat egin beharko dio, akreditazioari eutsi ahal izateko, edo bestela, ez du berriz eskaini beharko.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 15a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala