Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2014ko abuztuaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3555

AGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko entitateen artean Enpresen Gizarte Erantzukizuna zabaltzeko laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 12.l) artikuluak Enpresen Gizarte Erantzukizuna zabaltzeko eginkizuna ematen dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari.

Kontuan hartuta Enpresen Gizarte Erantzukizunaren arloan egon daitezkeen jarduera-esparruen aniztasuna, oro har horretarako garatu diren tresna ugariak eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoan garatu direnak, eta aintzat hartuta, orobat, erakunde publiko nahiz pribatu askotarikoek azken urteotan erantzukizun hori sustatzeko eta ezartzeko gauzatu dituzten sustapen-politikak, ezinbestekoa da gerora egingo diren esku-hartze publikoak, kasu honetan hedapen arlokoak, lehendik garatutakoaren osagarri izatea eta aurrekoekin koherenteak izatea.

Hori bera dela medio, eta enpresen gizarte erantzukizuna ezartzeko dauden baliabide mugatuak direla medio, ezinbestekoa da politika horiek lehenestea; alde horretatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sail honen ikuspegitik, enpresen barneko gizarte erantzukizunaren esparrua da lehenetsi beharrekoa; hau da, langileen beraien enpleguaren kalitateari eta kantitateari dagokiona, eta hor sartzen dira korporazioaren gobernua hobetzeko alderdiak eta giza eskubideen errespetua. EGEren kanpoko alderdia, bereziki ingurumen eraginari loturikoa, da hurrenkeran hurrengo jarduera-esparrua.

Laguntzen programa hau nori zuzenduta dagoen aztergai dugula, laguntzak erabil ditzakeen publiko objektiboak enpresa-elkarteen esparrua gainditzen du; izan ere, zerbitzu edo produkturen bat eskaintzen duten entitate mota guztiek balia ditzakete laguntzak, baita entitate publikoek ere. Alabaina, esparru subjektibo honi berari dagokionez, aurrekontu-gastuaren muga dela-eta, EGE arloko politikak enpresa eta entitate txikiagoetan hedatzeari eman behar zaio lehentasuna, neurri txikiagoko entitateek berez dituzten gabeziak kontuan hartuta.

Programaren xedeari dagokionez, hauxe da hedapenezko jarduera horien funtsa: lehenik eta behin, politika horiek ezartzeak gizartean dituen onurak azpimarratzea eta gizartearekiko duten erantzukizuna nabarmentzea (finean gizarte horretako kide baitira entitateok), eta, horrez gain, praktikan jartzen dituzten entitateek berek politika horien eskutik lortzen dituzten onurak balioan jartzea.

Hirugarrenik, politika horiek ezartzeko metodologiari dagokionez, derrigorrezkoa da programa honen bidez garatu beharreko jarduerak EAEko hainbat erakundek eta entitatek lehendik garatutako estrategia eta jarduerekin lerrokatzea.

Azkenik, hemen araututako laguntzen bidez finantzatutako jardueretan ahalegina egin behar da laguntza horien hartzaileen arteko lankidetza-neurriak bideratzeko.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoan Enpresen Gizarte Erantzukizuna zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak –Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez– 2014ko ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea da agindu honen xedea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, EGE zabaltzeko ekintzatzat hartuko dira neurri eta sektore bertsuko entitateen artean, EGE arloko politikak ezartzearen ondorioz, lehendabizi, balioa sortu dutela egiaztatzen, eta, ondoren, balio hori zabaltzen duten jardunaldiak, mintegiak eta gainerako ekimenak. Halaber, laguntza publikoa jasotzeko ekintzatzat hartuko dira EGE materialak eta esperientziak biltzeari zuzendutakoak, gero zabaltzekoak direnak.

2.– Ekintzak 2014an hasi beharko dira eta beranduenez 2015eko lehenengo hiruhilekoan bukatu beharko dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta diru-laguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, ehun mila (100.000) euroko gehienezko kopurua bideratuko da guztira, honela banatuta: hirurogei mila (60.000) euroko ordainketa-kreditua 2014ko ekitaldirako, eta berrogei mila (40.000) euroko konpromiso-kreditua 2015eko ekitaldirako. Aurrez aipatutako zenbateko horiek handitu ahal izango dira, baldin eta indarreko legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetan ezarritako baldintzak eta irizpideak betetzen dituzten eskabideek jasoko dute diru-laguntza. Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-atala gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hainbanaketa bakarra aplikatuz kalkulatutako diru-laguntzei.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko, aurrez aurreko bidea zein bide elektronikoa erabili ahal izango da.

2.– Egoitza elektronikoan aurki ditzakezue izapideak aurrez aurre edo modu elektronikoan egiteko argibideak, bai eta erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eredu guztiak ere, honako helbide honetan zehazki:

– https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/~/2013/in/eu/

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik; nahi den bidea erabil daiteke edozein unetan.

4.– Eskaria egin ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Enpresa edota langileak ordezkatzen dituzten elkarteek jaso ahal izango dituzte Agindu honetan aurreikusitako laguntzak; hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala izan eta EGE arloko politikak garatu dituzten elkarteek eta federazioek.

6. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, entitate onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ogasun eta Finantza Sailak horretarako ezartzen duenari jarraiki.

c) Alta emanda egotea Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan izena eman gabe egonez gero, edo bertan dauden bankuko datuak aldatu nahi izanez gero, interesdunak honako helbide hauetan eman ahal izango du alta edo aldatu ahal izango ditu datuak:

– Aurrez aurreko bidea erabiliz: http://www.euskadi.net/hirugarrenarenalta helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

– Bide elektronikoa erabiliz: http://www.euskadi.net/hirugarrenarenalta helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

d) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

e) Entitate eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

7. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluan adierazitako baldintzak, eta eskabidean jaso beharko da adierazpen hori.

2.– Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen entitateek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.

4.– Halaber, entitate eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

8. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

2.– Agindu honetako I. eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira diru-laguntza eskabideak, eta euskadi.net helbide elektronikoan eskura daiteke inprimaki hori.

3.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Aurrez aurreko bidea erabiltzea erabaki duten pertsonek nahiz entitateek Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa erabiliaz egiten diren eskabideak helbide honetatik bideratuko dira: https://euskadi.net/nirekudeaketak.

5.– Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

9. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

Diru-laguntza jasotzeko eskariarekin batera, justifikazioko memoria aurkeztu behar da, bai eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako lan-plana ere. Plan horretan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira. Halaber, horrekin batera, aurkeztu behar da erakunde eskatzailearen 2013ko ekitaldiko Balantze Ekonomikoa eta Emaitzen Kontua.

10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Diru-laguntza eskaerak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskariari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskariari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Baldintzak betetzen dituzten eskabideei politika horien berri emateko jardueraren kostuaren % 60 egokituko zaie, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak horrela onartuta, eta gehienez ere hogeita lau mila (24.000) euro, entitate onuradun bakoitzeko.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko da baliabide ekonomikoen premia objektiboa, eta behar handienak egiaztatzen dituzten enpresak lehenetsiko dira. Alde horretatik, entitate onuradunek lortutako mozkinek 150.000 euroko muga gainditzen badute aurreko ekitaldian, % 50 murriztuko da aurreko paragrafoan adierazitako ehunekoa, zabaltzeko jardueraren kostuarena.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa izan, ezta agindu honetako 11 artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa baino handiagoa ere.

2.– Agindu honetako laguntzak eta entitate onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 11. artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea egiteko prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da Agindu honetan araututako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez, honako informazio hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, laguntza horiek emateko ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo, diru-laguntzaren guztizkoaren % 60, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 40, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean. Bigarren ordainketa egiteko, entitate onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

– Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.

2.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita, eta betiere 2015eko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

3.– Diru-laguntza jaso dezaketen eta egiaztatzen diren gastuak bat etorriko dira onuradunek egiaz ordaindutako gastu errealekin, eta ordaindutako faktura originalen edo froga-balio bera duten kontularitza-agirien bidez egiaztatu beharko dira.

15. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua konplitutzat jo delarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz beste edozein administrazio publikok emandako diru-laguntzak pilatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

16. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan zehaztutako kasuren baten barruan badago entitate onuraduna, edo agindu honetan eta aplikatzekoak diren gainerakoetan nahiz diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak, dagokion ebazpenaren bitartez, kobratzeko geratzen diren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu egiten dela deklaratuko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta diru-laguntza pagatzen denetik aurrerako legezko interesak itzuli behar zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, egoki izan litezkeen gainerako ekintzak alde batera utzi gabe, betiere ondoko arauarekin bat etorriz: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako laguntzen berme eta itzulketen erregimen orokorra arautzen duena, eta horren kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileentzako baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena. Aipatu zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango da erantzukizunen araubidea.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzen itzultze-prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasotakoan edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro bada, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar dion xedatuko den; horretako epe bi hilabetekoa delarik, ebazpena jakinarazten denetik hara. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, sei hilabetean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Finantza eta Ogasun Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, hark, indarrean den lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekiteko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Erregimen osagarria.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako arau eta lege hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46,1. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala