Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2014ko abuztuaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3554

AGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako laguntzak arautu, eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako 2012an birdiseinatutako laguntza publikoen erregimena (helburu eta onuradunei dagokienez birdiseinatu zen) mantendu egingo da 2014ko ekitaldian ere, prestakuntza oinarrizko printzipioa baita mota horretako enpresentzat. 2013an, laguntza-lerro berri bat sartu zen, junior kooperatibak sustatzeko, eta horri ere eutsi egingo zaio, doiketa eta berrikuntza eragin zuten inguruabarrak ere oraindik jarraitzen baitute.

Alde horretatik, kooperatiben gaineko prestakuntzan aditutako unibertsitate-zentroek eta gizarte-ekonomiako enpresak ordezkatzen dituzten antolakundeek berek gara dezakete hobekien –kudeaketa aldetik eraginkortasun handiagoarekin– publiko orokorrago batentzat bideratutako prestakuntza eta ohiko hedapen-jarduerak. Hedapen-jarduerei dagokienez, diru-laguntzak emateko aurreko aginduetan jasotako eskakizunen osagarri gisa, oraingo honetan beste hauek ere jaso dira: hartzaileen aldetik parte-hartze maila jakin bat segurtatzeko ahalegin erantsi bat egiaztatzea eta ondoren ebaluatzea.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen diren eta bereziki gizarte-ekonomiarekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak egiteko Eusko Jaurlaritzak –Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez– 2014ko ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea eta laguntzetarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Agindu honen ondorioetarako, diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira:

1.– Prestakuntza-jarduera hauek:

a) Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzara bideratutako ekintzak (prestakuntza espezifikoa eta desberdindua), unibertsitate-eremuan edo/eta sozietateen eremuan kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko ezagutzari hasiera emateko, perfekzionatzeko edo, oro har, ezagutza horretan gaitzeko.

b) gizarte-ekonomiako enpresa bat diseinatzeko eta abian jartzeko ekintzak, unibertsitate-prestakuntzaren parte gisa, eta haren tutoretzaren pean.

c) Unibertsitate arteko ekintzak, gizarte ekonomiako elkarteen araudi-garapenekoak, EAEn araudi-eskumena dagoenekiko.

2.– Gizarte-ekonomiaren hedapen-jarduerak. Honako hauek izango dira jarduera horiek:

a) Kooperatibei eta lan-sozietateei buruzko aldizkako argitalpenak editatzea.

b) 5.1 eta 5.2 artikuluetan adierazten diren onuradunek antolatutako aldizkako jardunaldiak egitea.

Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen prestakuntza- eta zabalkunde-jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2015eko ekainaren 30a baino lehen amaiturik egon behar dute.

3. artikulua.– Diru-baliabideak, esleipen-prozedura eta diru-laguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, laurehun eta bi mila (402.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: berrehun eta berrogeita bat mila eta berrehun (241.200) euroko ordainketa-kreditua, 2014ko ekitaldirako; eta ehun eta hirurogei mila eta zortziehun (160.800) euroko konpromiso-kreditua, 2015eko ekitaldirako.

2.– Adierazitako zenbateko orokorra igo ahal izango da, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik eta ondokoen arabera: dagoen aurrekontu-lotura, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren beste programen betearazpenetik sortzen diren aurrekontu-aukerak edo onartzen diren beste aurrekontu-aldaketak. Halakorik gertatuz gero, Enplegu eta Laneko sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

3.– Ezarritako epearen barruan beren eskaerak aurkezten dituzten interesdun guztiek, aurreikusitako agirien bidez agindu honetan eskatutako baldintza subjektiboak eta objektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute, 11. artikuluan ezarritako mugen eta zenbatzeko irizpideen arabera dagozkien diru-laguntzak jasoko dituzte.

4.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen hornidura nahikoa izango ez balitz aurreko paragrafoan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten eskari guztiei aurre egiteko, honela jokatuko da:

a) Lehenik eta behin, egiaztatuko da ezen, 2.1.b) eta 2.1.c) artikuluetan jasotzen diren jardueretarako esklusiboki aurkeztatu diren eskaera guztiei –aipatutako parametroak erabiliz kalkulatutako zenbatekoetan– erantzuteko nahikoa diru badagoela. Hala bada, dagokion zenbatekoa emango da diru-laguntza gisa. Baina, horrela ez bada, hasieran kalkulatutako kopuruak murriztu egingo dira. Horretarako, hainbanaketa bakarra egingo da, 2.1.b) eta 2.1.c) artikuluetako jarduerei dagozkien eskabide horien artean; eta 2.1.a) eta 2.2. artikuluetako jardueretarako aurkeztutako eskabide guztiak ukatu egingo dira.

b) 2.1.b) eta 2.1.c) artikuluetako jardueretarako eskabideei –dagozkien zenbatekoen arabera– erantzuteak ez badu agortzen deialdirako jarritako diru-hornidura, gelditzen den zenbatekoa erabiliko da 2.1.a) eta 2.2 artikuluetako jardueretarako laguntza-eskabideei erantzuteko. Zenbateko horrekin ez bazaie erantzuten eskabide horiei, dagozkien zenbatekoen arabera, zenbatekoak murriztu egingo dira, eta, horretarako, hainbanaketa bakar bat egingo da guztientzat.

5.– Ezin izango da guztira 100.000 euro baino gehiago bideratu aldizkako argitalpenak editatzeko.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko, bide presentziala zein elektronikoa erabili ahal izango da:

2.– Eskaerak, deklarazio presentzialak eta gainerako ereduak bide presentziala nahiz elektronikoa erabiliz izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak honako egoitza elektroniko honetan egongo dira: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-econosoc/eu/

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik, eta edozein unetan alda daiteke.

4.– Eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak, helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten honako erakunde hauek eskuratu ahal izango dituzte:

1.– Fakultateak, Unibertsitate Eskolak, Unibertsitate Institutuak eta unibertsitatearekin lotura duen ikerketa-entitate oro.

2.– Kooperatiba Federazioak eta Konfederazioak, beste gizarte-ekonomiako elkarte-egiturak eta Lan Sozietateen Elkarteak.

3.– Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroak, kooperatiba-egitura zein –taldeen edo lan-sozietateen menpe daudenak.

4.– Euskadin ezarrita dagoen unibertsitateren baten prestakuntza-planen edo ekintzailetza-planen babesean eratutako enpresak.

6. artikulua.– Eskaria egiten duten erakundeek bete beharreko baldintzak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea sozietatearen edo elkartearen egoitza.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea. Ogasun eta Finantza Sailak horretarako ezartzen duenari jarraiki.

c) Alta emanda egotea, Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero.

– Aurrez aurreko bidea erabiliz:

http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html, helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

– Bide elektronikoaren bidez:

http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html, helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

d) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

e) Entitate eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

7. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluan adierazitako baldintzak. Eskabidean ere adierazpen hori azaldu beharko da.

2.– Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

8. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

2.– Diru-laguntza eskabideak agindu honetako eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira. Inprimaki hori euskadi.net helbide elektronikoan ere eskura daiteke.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskaerak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako lurralde-ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa baliatzen duten eskabideak helbide honetatik bideratuko dira: https://euskadi.net/nirekudeaketak

5.– Eskabidearekin batera, dagokion artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

9. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Arau orokor gisa, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, eta aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko dira bertan. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

– Giza-baliabideak eta baliabide materialak.

– Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.

– Diru-laguntza jaso dezakeen jardueraren garapenaren egutegia.

– Proiektuak finantzatzeko plana.

– Programaren Erakunde laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.

2.– Zehazki, 2.1.b artikuluko jarduerei dagokienez, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

– Enpresa-proiektuaren sorreraren oinarri den prestakuntza-planaren memoria.

– Ikasle bazkide langileen Gizarte Segurantzaren alta-agiriaren kopia.

– Bazkide langileak ikasten ari diren unibertsitatearen zinpeko adierazpena edo ziurtagiria, bertan matrikulatuta daudela dioena, bai eta unibertsitateak kasuan kasuko enpresa tutoretzapean duela ere.

10. artikulua.– Eskabidearen hutsak zuzentzea.

Diru-laguntza eskaerak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko dokumentazioarekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskaerari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– 2.1.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

2.– 2.1.b) eta 2.1.c) artikuluen arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 5.000 euro jaso ahal izango ditu lehenengo kasuan eta 10.000 bigarrenean.

3.– 2.2.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

4.– 2.2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

5.– Agindu honetako 2. artikuluan araututako ekintza bakoitzeko, emandako diru-laguntza ez da, inola ere, onuradunek ordaindutako kostu garbi erreala baino handiagoa izango.

6.– Agindu honetako 2.1.b) artikuluan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetarako laguntza publikoa kalkulatzeko, jarduera horretako kostutzat hartuko dira enpresaren bideragarritasunari buruzko analisian izandakoak, bai eta enpresak lehen urtean egindakoak ere, unibertsitatearen tutoretzapean jarraitzen badu.

7.– 2.2.b) artikuluko jardueretarako diru-laguntzak esleitzeko irizpideak honakook izango dira:

– Antolatutako jardunaldiaren eragina, erreferentzia gisa jardunaldiaren hartzaile potentzialen kopurua hartuta: gehienez ere, 40 puntu.

– Jardunaldiaren berri emateko ahalegina: gehienez ere, 10 puntu.

– Antolatutako ekitaldiaren jarduketa-eremua eta proiekzioa (nazioartekoa, estatu mailakoa edo erkidego barrukoa): gehienez ere, 25 puntu.

– Erakundearen eta, halakorik badago, hizlarien kualifikazioa eta ospea: gehienez ere, 25 puntu.

Irizpideak Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baloratuko ditu. Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten eskabideak ez dira finantzatuko.

Emandako diru-laguntzak soil-soilik izango dira jardueretan parte hartzen duten hizlarien gastuak, diruz laguntzekoak diren jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialen kostuak eta ekitaldia hartuko duten lokalen alokairua (onuradunarena berarena ez bada) ordaintzeko.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa izan, ezta agindu honetako 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa baino handiagoa ere.

2.– Agindu honetako laguntzak eta onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea egiteko prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak esanbidez emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Enplegu eta Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu honen babespean egindako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Aginduak ondorioak dituenetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari espresuki ebazteko betebeharra ezartzen dion.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Diru-laguntzak zatika ordainduko dira, modu honetan:

a) Estreinako, diru-laguntzaren guztizkoaren % 60, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, % 40, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean.

2.– Diru-laguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu behar ditu:

Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.

3.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko arazoaren 11ko 1/1977 Legearen 50.2 artikuluan ezarritako betebeharretan aplikagarri gertatzen direnak betetzeaz gain, diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzara prestakuntza-proiektuetan erabilitako ikasmaterialen ale bat bidali behar dute, halakorik izan bada.

b) Era berean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntza jaso dutela espresuki jasota utzi beharko da, baldin eta diru-laguntzaren gai izan diren jarduerak argitaratu behar badira, argitalpenaren azalean sail horren logotipoa gaineratuta.

c) Diru-laguntza zertan eta zelan erabili den ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

16. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua konplitutzat hartu delarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz beste edozein administrazio publikok emandako diru-laguntzak pilatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli egin beharko dituzte.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago, edo agindu honetan, aplikatu beharreko gainerako arauetan edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat ez badu betetzen, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak, ebazpen baten bidez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta diru-laguntza ordaindu zaionetik aplikatu beharreko legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar dizkiola, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.

18. artikulua.– Itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, eta horren bitartez, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli beharra adieraziko da, gehienez ere bi hilabeteko epean ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, sei hilabetean ebatzi behar da.

c) Borondatezko aldian ez itzultzea Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidetik ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

AZKEN XEDAPENAK LEHENENGOA.– Erregimen osagarria.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

AZKEN XEDAPENAK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a eta 46.1. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

AZKEN XEDAPENAK HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala