
133. zk., 2014ko uztailaren 15a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (194 KB - 2 orri.)
- EPUB (195 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA
BILBOKO LEHEN AUZIALDIKO 5 ZENBAKIKO EPAITEGIA
3242
EDIKTUA, adostasunik gabeko dibortzioari buruz bideratutako 128/13 prozeduraren ondoriozkoa.
JAKINARAZPEN-ZEDULA
Bilboko (Bizkaia) Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegian, adostasunik gabeko dibortziorako 128/13 prozedura bideratu da, Feliciana Irala Fleitak eskatuta, Victor Hugo Olmedo Duarteren aurka. Prozedura horretan, epaia eman da, eta honako hauek dira epai horren idazpurua eta epaitza:
193/14 EPAIA
Epailea: Francisco Javier Osa Fernández jauna.
Lekua: Bilbao (Bizkaia).
Eguna: bi mila eta hamalauko maiatzaren zazpia.
Alderdi demandatzailea: Feliciana Irala Fleita.
Abokatua: Yolanda Fika Lopez.
Prokuradorea: Maria Elena Manuel Martín.
Alderdi demandatua: Victor Hugo Olmedo Duarte.
Abokatua.
Prokuradorea.
Judizioko gaia: dibortzioa.
EPAITZA
Baietsi egiten dut Feliciana Irala Fleita andreak aurkeztutako demanda, Víctor Hugo Olmedo Duarte jaunaren aurkakoa, auzi-iheslaria bera. Horrenbestez, aipatutakoen ezkontzaren dibortzioa agintzen dut, legezko ondorio guztietarako, eta honako behin betiko neurri hauek hartzen ditut:
1.– Adingabeko alabaren zaintza eta jagoletza amari ematen zaio.
2.– Alabarekiko guraso-ahala guraso biek baliatuko dute, eta konpromisoa hartzen dute alabari eragin diezaioketen garrantzizko erabakiak adostasunez hartzeko; adostasunik ez bada, epaileak erabakiko ditu, salbu eta presa dela-eta beste gurasoari kontsulta egitea ezinezkoa denean, esate baterako: osasunari dagozkion gaiak, ospitaleratzeak, ebakuntza kirurgikoak eta antzekoak; izan ere, halakoetan, erabakiak lehenbailehen hartu behar dira. Kasu horietan, alaba berekin duen gurasoari egokituko zaio erabakia hartzea.
Guraso-ahalaren arloan, guraso bien adostasunarekin hartu beharreko erabakiak dira honako hauek: adingabeak ohiko bizilekua aldatzea, beste udalerri batera, baita atzerrira ere, oporretako bidaiak direnean izan ezik; ikastetxea aukeratzea eta ikastetxez aldatzea; eskolaz kanpoko ekintzak edo ekintza osagarriak zehaztea; urgentziazkoak izan barik iraupen handikoak diren egintza medikoak, baita arlo psikologikokoak ere; muntako ekintza erlijiosoak eta sozialak (esate baterako, Lehen Jaunartzea). Jagoletza ez duen gurasoak badu eskubiderik alabak eskolan duen bilakaeraz informazioa jasotzeko eta, halaber, eskolako tutoretza-ekintzetan parte hartzeko, bai eta alabaren osasun-egoeraz eta tratamenduaz informazioa jasotzeko ere.
3.– Aita eta alabaren arteko komunikazio-, bisita- eta egonaldi-erregimena biek libreki erabakitakoa izango da. Adingabea amaren etxebizitzan hartu eta utzi beharko da, eta bisitak nahiz egonaldiak Espainiako lurraldean egingo dira.
4.– Alabaren mantenurako, hilero 200 euro ordainduko dizkio senarrak emazteari, aurreratuta eta hil bakoitzeko lehenengo bost egunetan, emazteak zehazten duen kontuan. Zenbateko hori urtero eguneratu beharko du senarrak, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean, Estatistikako Institutu Nazionalak, edo haren ordezko erakundeak, Estatu osorako argitaratzen duen KPI Kontsumorako Prezioen Indizean izandako aldakuntzen arabera; horretarako, erreferentziatzat hartuko da eguneratzearen aurreko urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldia, eta lehenengo eguneratzea 2015eko urtarrilaren 1ean egingo da. Nolanahi ere, urtarrilaren 1ean oraindik ezagutzen ez bada aurreko urtean KPIn izandako aldakuntzaren ehunekoa, datu hori ezaguna denean atzeraeraginez aplikatuko da.
5.– Alabaren ez-ohiko gastuak erdibana ordainduko dituzte aitak eta amak. Ez-ohiko gastutzat hartzen dira aurreikusten ez direnak eta aldizkakoak ez direnak; hala nola gaixotasun-gastuak, ospitaleratze-gastuak, tratamendu berezien gastuak, odontologia, ortodontzia edo optikako gastuak, edo gizarte-segurantzak edo gurasoek hitzartuta daukaten beste mutualitate edo erakunde batek estaltzen ez dituen gastu farmazeutikoak, baita irakasle edo tutoreek gomendatzen dituzten laguntza- edo errefortzu-eskolen gastuak ere.
Beste gurasoari kontsulta egin ezin zaion urgentziazko kasuetan izan ezik, gainerakoetan, guraso bakoitzak besteari jakinarazi beharko dizkio adingabeko alabek dituzten aparteko premiak, eta premia horiei erantzun beharra dagoela adierazi; horretarako, kasuan kasuko agiriak helaraziko dizkio batak besteari (gastuaren zenbatekoari buruzko aurrekontua edo informazioa). Hamabost eguneko epean beste gurasoaren erantzunik ez badago, gastua onartuta dagoela ulertuko da.
Behar bezala jasota geratzeko moduan egingo dira halako jakinarazpenak.
6.– Prozesuko izapide honetan ez da beste neurririk hartuko.
Prozedura hau izapidetzerakoan sortutako kostuak ez zaizkio beren-beregi inori ezartzen.
Victor Hugo Olmedo Duarte demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan ematen eta sinatzen dut ediktu hau, Bilbon (Bizkaia), bi mila eta hamalauko ekainaren hogeita bostean.
IDAZKARIA.
RSS