Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2014ko uztailaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3234

EBAZPENA, 2014ko ekainaren 26koa, Turismoko zuzendariarena, 198/2013 Dekretuaren 27. artikulua aplikatzeari buruzko jarraibidea onartzen duena, eta aplikagarria den beste edozein xedapen betetzen dela baieztatzeko zein dokumentu aurkeztu behar den ezartzen duena.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 21.1 artikuluak honela dio:

«Administrazioko organoek zerbitzuko jarraibide eta aginduen bidez zuzen ditzakete mendeko dituzten organoen ekintzak.

Zerbitzuko jarraibide eta aginduak dagokion agintaritzaren aldizkarian argitaratuko dira, xedapen bereziren batek hala ezartzen badu, edo, hartzaileak edo gerta daitezkeen ondorioak direla-eta, komenigarritzat jotzen bada».

Turismo-apartamentuak arautzen dituen apirilaren 16ko 198/2013 Dekretuaren 27. artikuluak hau ezartzen du:

«Turismo-apartamentuen titularrek, turismo-arloko arauez gain, honako arlo hauetan indarrean daudenak ere bete beharko dituzte: ingurumena, eraikuntza, arkitektura-, hirigintza- eta irisgarritasun-oztopoen ezabapena, makineriaren instalazioa eta funtzionamendua, osasuna, segurtasuna eta suteen prebentzioa, eta aplikagarriak diren beste hainbat».

Euskal Herriko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen II. eranskinean sailkatutako jarduera eta instalazioen zerrenda ezartzen da, eta B) atalean adierazten da jardueraren aurretiazko komunikazioa behar duten jarduera eta instalazioen zerrenda. Eta 7. puntuan, jarduera hauek sartzen dira:

«7.– Hotelak eta erresidentzia komunitarioak, edadetuen egoitzak, ostatuak eta halako etxeak».

Euskadiko turismoaren antolamendua arautzen duen martxoaren 16ko 6/1994 Legearen I. Zioen Adierazpenean –3. eta 4. puntuetan– ezarritakoa bermatzea helburu izanik (turismo-enpresa eta -subjektuen jarduera hobea, horien kalitatearen eta lehiakortasunaren alde, baita kontsumitzailearentzako babes hobea ere), Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 17.1.b) artikuluarekin bat etorriz, eta turismo-apartamentuak arautzen dituen apirilaren 16ko 198/2013 Dekretuaren 27. artikulua aplikatzearen ondoriozko antolamendu-prozeduren kudeaketa koordinatua eta bateratua ahalbidetzen duen irizpide bateratu bat ezartzeko helburuz (artikulu horrek definizio generiko bat ezartzen baitu: «eta aplikagarriak diren beste hainbat»), hau

EBAZTEN DUT:

1.– Interpretatu behar da ezen «eta aplikagarriak diren beste hainbat [arau]» kontzeptupean jarduera ekonomiko bati hasiera emateari buruzko udal-araudia dagoela (adierazteko baino ez, mugatu gabe).

2.– Jardueraren titularrak Ikuskaritza Turistikoaren Zerbitzuen eskura jarri behar dituen dokumentuen artean egon behar da, gutxienez, jardueraren aurrekomunikazioa, jardueraren titularrak dagokion udalaren aurrean aurkeztu eta erregistratutakoa, edo, hala dagokionean, derrigorrezko udal-lizentzia.

3.– Jarraibide hau turismo-apartamentuen jarduerari hasiera emateko espediente guztiei aplikatu behar zaie, izan jarraibide hau ematerakoan bideratzen ari diren espedienteak, izan gerora irekitzen direnak.

4.– Irizpide hau berariaz jasotzea turismo-apartamentuen jarduerari edo funtsezko eraberritzeei buruzko erantzukizun aitorpenaren ereduan, ebazpen honen I. eranskinaren arabera.

5.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 21.1 artikulua aplikatuz, jarraibide hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 26a.

Turismoko zuzendaria,

MARÍA MERCEDES GARMENDIA BERECIARTU.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala