Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2014ko uztailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3201

EBAZPENA, 2012ko uztailaren 31koa, Ingurumeneko sailburuordearena, hondakin ez-arriskutsuen zabortegia zigilatu, haren mantentze-lanak egin eta hura itxi ondorengo kontrola egiteko ingurumen-baimen bateratua ematekoa, San Marko mankomunitateak hura sustatu ondoren Astigarraga, Donostia eta Errenteriako udalerrietan.

AURREKARIAK

2011ko otsailaren 8an, Juan Carlos Merino González jaunak, San Marko Mankomunitatearen izenean eta hura ordezkatuz, hondakin ez-arriskutsuen zabortegia zigilatu, haren mantentze-lanak egin eta haren itxieraren ondorengo kontrola egiteko ingurumeneko baimen bateratua eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari. Uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzkoak, arautzen duena betez eskatu zuen baimena. Eskaerarekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

● «Donostialdeko San Marko zabortegiaren ingurumeneko baimen bateratua eskatzeko proiektua. Proiektu Teknikoa. Memoria» (2011ko urtarrilak 31) Geyser HPC, S.A.U. enpresak egindakoa.

● «Donostialdeko San Marko zabortegiaren ingurumeneko baimen bateratua eskatzeko proiektua. Laburpen ez-teknikoa» (2011ko urtarrilak 31) Geyser HPC, S.A.U. enpresak egindakoa.

Goiburuan adierazitako ingurumeneko baimena eskatzeko unean, kolektorera isurtzeko baimena zuen San Marko Mankomunitateak, baita, besteak beste, baimen hori zabaldu eta luzatzekoak ere, uren arloan indarrean diren arauek agintzen dutena beteta.

Aurkeztutako dokumentazioaren askitasuna egiaztatu ondoren, Ingurumen sailburuordeak 2011ko ekainaren 24an eman zuen ebazpenaren bidez, San Marko Mankomunitateak sustatutako proiektua jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, egoki irizten ziren alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hura, 2011ko uztailaren 13an.

Ez zen alegaziorik aurkeztu jendaurreko erakustaldi-izapidean.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2011ko azaroaren 10ean Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Astigarragako, Donostiako eta Errenteriako udalei, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Añarbeko Uren Mankomunitateari, eta espedientean ageri den emaitza izan zuen izapide horrek.

2011ko abenduaren 27an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa den uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, San Marko Mankomunitatearen esku utzi zen espediente osoa, hari Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egindako ebazpen-proposamena erantsita.

2012ko martxoaren 8an, sustatzailearen idatzi bat jaso zen, alegazioak jartzen zizkiona ingurumeneko baimen bateratuaren gaineko ebazpen-proposamenaren zirriborroari.

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa den uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, baimen honetan sartzen dira, 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatu ez arren, lege horren aplikazio-eremukoak diren jardueren instalazioetan gauzatzen diren eta jarduera horrekin zerikusi teknikoa duten ekoizpen-elementu eta -linea guztiak.

16/2002 Legearen 9. artikuluak arautzen du ingurumeneko baimen bateratua behar dela 1. eranskinean aipatzen diren jarduerak hartzen dituzten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu eta lekuz aldatzeko edo haietan bestelako funtsezko aldaketak egiteko. Legearen 11. artikuluak arautzen duena aintzat hartuta, baimen honen oinarrizko helburua da araua beteko dela bermatzeko baldintzak ezartzea hura betetzekoa den instalazio guztietan. Xede hori betetzeko, baimena emateko prozesuan parte hartu behar duten Herri Administrazioen artean koordinatutako prozedura bat erabiltzen da, izapideak erraztu eta partikularrei ezarritako administrazio-kargak gutxitzearren. Era berean, egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira indarrean dagoen ingurumen-araubideko administrazio-baimen guztiak. Baimen hauek guztiak behar ditu San Marko Mankomunitateak: saneamendu-sarera isurtzeko baimena, eta ingurumen-izaerako beste ebazpen batzuen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek parte hartu dute espedientean, derrigorrean eman beharreko txostenak egin baitituzte.

16/2002 Legearen 29. artikuluak arautzen du ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak ordeztu egingo duela jarduera sailkatuetarako udal-lizentziaren prozedura, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuan aurreikusten zena; hala ere, ez du ordezten udal-agintaritzak eman behar duen behin betiko ebazpena. Hori horrela, ingurumen-baimen bateratuko prozesuaren emaitza loteslea izango da udal-agintarientzat, baldin eta hura bete ondoren ondorioztatzen bada lizentzia ukatu behar dela edo neurri zuzentzaileak ezarri behar direla; baita prozedurak arau horren beraren 22. artikuluan jasotako ingurumen alderdiei buruzko aipamena egiten baldin badu ere. Legearen 29. artikuluak arautzen du betetzekoak izango direla beti autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak zaizkien gainerako arauak. Orain artean adierazi diren arauak betez, San Marko Mankomunitateari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean arautzen diren izapideak; eta, izapide horiek egiteaz gain, espedientean sartu dira, han bertan adierazitako emaitzarekin, Astigarraga, Donostia eta Errenteriako udalek emandako txostenak.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak kontuan izan dituela, bai instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko.

Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen-proposamenaren zirriborroa izenpetu zen, eta San Marko Mankomunitateak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.

Azaldutako moduan bete dira goian adierazitako izapideak, eta bete egin da, era berean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa den uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea. Alde horretatik, kontuan hartu behar da organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek izapide horretan aztertu dituztela sustatzaileak izapide horretan egin dituen oharrak, eta ohar horiek guztiak kontuan hartu direla ebazpen hau lantzean. Ebazpen hau ematen duen organoa da ebazpenaren xede den ingurumeneko baimen bateratua emateko organo eskuduna, hala arautzen baitute 16/2002 Legearen 13. artikuluak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzekoa den abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren 8. artikuluak.

Ikusita zer arautzen duten Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2009ko abenduaren 10ean emandako ebazpen-proposamenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, proiektuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta betetzekoak diren gainerako arauek, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.– Astigarraga, Donostia eta Errenteriako udalerrietan hondakin ez-arriskutsuetarako zabortegiak zigilatu, haien mantentze-lanak egin eta itxiera ondorengo kontrola egiteko jardueretarako ingurumeneko baimen bateratua ematea San Marko Mankomunitateari, baina ebazpen honen bigarren puntuan adierazten diren baldintzak betetzeko betebeharrarekin. Hau da San Marko Mankomunitatearen helbidea: Vitoria-Gasteiz kalea, 10 20018 Donostia (Gipuzkoa); IFK: P-2000015-D.

Jarduerak 5.4. kategoriako sailkapena du Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa den uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean: «Mota guztietako hondakinen zabortegiak, egunean 10 tonatik gora hartzen dituztenak, edo guztira 25.000 tonatik gora hartzen dituztenak, hondakin geldoen zabortegien kasuan izan ezik».

San Marko Mankomunitateak sustatutako jarduera hondakin ez-arriskutsuen zabortegia zigilatzea, haren mantentze-lanak egitea eta hura itxi ondorengo kontrola egitea da.

Putzueta ibarrean dago zabortegia, Astigarraga, Donostia eta Errenteria udalerriek topo egiten duten lekuan.

Errenteriako Beraun auzoaren ingurutik joaten da zabortegira, San Marko gotorlekura daraman errepidetik. Hesi batek inguratzen du zabortegiaren perimetro osoa, sarbidea eragozteko pertsona, animalia, ibilgailu eta makinei.

Hauek dira UTM ED 50 koordenatuak baskularen erdian:

X: 587.467,715 m.

Y: 4.795.204,099 m.

Z: 79,80 m.

Eskaeran eman da isuri-ontziak betetzen duen lurzoruari buruzko erregistro-informazioa eta gainerako instalazioei buruzkoa, baldin eta zabortegiarekin lotura teknikoa izanda, baimen honen aplikazio-eremuan sartzen diren aldetik, eta eskaeran bertan eman da, era berean, sustatzailearen jabetzakoak diren beste finka batzuei buruzko erregistro-informazioa. Puntu hauek mugatzen dute isuri-ontzia (UTM ETRS 89 koordenatuak):

X: 587.099,53. Y: 4.795.125,11.

X: 587.157,55. Y: 4.795.116,31.

X: 587.186,55. Y: 4.795.073,19.

X: 587.237,54. Y: 4.795.074,07.

X: 587.344,78. Y: 4.794.975,51.

X: 587.320,16. Y: 4.794.840,88.

X: 587.378,18. Y: 4.794.715,04.

X: 587.675,72. Y: 4.794.492,4.

X: 587.568,48. Y: 4.794.413,21.

X: 587.448,94. Y: 4.794.451,93.

X: 587.361,83. Y: 4.794.518,8.

X: 587.297,75. Y: 4.794.580,4.

X: 587.271,38. Y: 4.794.634,96.

X: 587.097,34. Y: 4.794.730.

X: 587.034,05. Y: 4.794.731,76.

X: 586.970,76. Y: 4.794.694,8.

X: 586.803,75. Y: 4.794.737,04.

X: 586.777,38. Y: 4.794.795,12.

X: 586.840,66. Y: 4.794.819,76.

X: 586.965,48. Y: 4.794.835,6.

X: 586.967,24. Y: 4.794.865,52.

X: 586.865,28. Y: 4.794.955,27.

X: 586.893,41. Y: 4.794.979,91.

X: 587.037,56. Y: 4.794.983,43.

X: 587.031,85. Y: 4.794.984,31.

X: 587.069,65. Y: 4.794.987,83.

X: 587.068,77. Y: 4.795.018,63.

X: 587.050,31. Y: 4.795.059,99.

2008ko urrian utzi zitzaion hondakinak botatzeari. Hondakinen masak 194.325 m2 hartzen ditu gutxi gorabehera, eta horietatik, 70.309 m2 itxi egin dira, material geosintetikoekin zigilatu baita eremu horren gaineko aldea.

Aldez aurretik tratamendu biologiko urria duten hondakin ez-arriskutsu organikoetarako zabortegiaren sailkapena (B2c azpikategoria) du instalazioak, sailkapen hori baitagokio otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, agintzen duen sailkapenari erreparatuta.

Gaur egun, transferentzia-estazio bat du San Marko zabortegiak. Estazio horretan, zaborren entregak hartzen dira eta, trinkotu ondoren, haien azken helmugara bidaltzen dira, zabortegiaren instalazioetatik kanpo. Transferentzia-estazioak hiru modulu independente ditu, eta horietako bakoitzak 40 tm/h hartzen ditu.

Estazioak eremu bat du tamaina handiko zaborrak, egurra, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak, kimatzeen eta lorezaintzako lanen hondakinak eta etxeetan sortutako hondakin arriskutsuak hartu eta sailkatzeko. Transferentzia-estazioaren aurrean dago hondakinak hautatu eta tratatzeko eremua, asfaltoz berdindutako hondakinen masa baten gainean. Eremu horrek 7.300 m2 ditu, gutxi gorabehera.

Eremu horretan har daitezkeen hondakin-motak daramatzaten kamioiek eta ibilgailuek haiei dagozkien eremuetan deskargatzen dituzte hondakinak: tamaina handiko zaborren eremuan, egurrezko hondakinen, eremuan, aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen eremuan edo kimatzeen eta lorezaintza-lanen hondakinen eremuan. Hondakinak deskargatu ondoren, hautatu egiten dira gaiak, eta tamaina handiko hondakinak azpikategoriatan bereizten dira. Era berean, hiru kategoriatan banatzen dira aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.

Birrindu egiten dira balioztatu ezin diren tamaina handiko hondakinak, egurrak eta kimatzeen eta lorezaintza-lanen hondakinak, eta azken horiei bueltak ematen zaizkie aldiro.

Gasak erauzteko sistema bat du San Marko zabortegiak, 70 putzukoa. Airetiko sare bat osatzen dute putzu horiek, eta modu homogeneoan zabalduta daude haren eremu guztian. Salbuespenez, lurpetik igarotzen dira kondukzio horiek I. fasean itxitako zonaldean.

Erauzitako gas hori motorretara eramaten da, eta elektrizitatea sortzen da haien bidez. Errendimendu osoan, motor bakoitzak 300-350 Nm3/h balioztatzeko gaitasuna du.

Zabortegiko biogasari gas naturala eransteari utzi zitzaion 2000. urtean. Gaur egunean, lixibiatua berotzeko erabiltzen da soilik gas naturala; hau da, lixibiatuak stripping bidez tratatzeko plantaren errendimendua handitzeko.

Era berean, lixibiatuak dekantazio bidez arazteko planta bat du, nitrogeno amoniakalaren erredukzioak egiteko (stripping-a) eta pH-a doitzeko, 30 m3/h-ko bolumena hartzeko gaitasunarekin. Lixibiatuak homogeneizatzeko putzu bat du, 1.000 m3-koa. Añarbeko Uren Mankomunitateko uren saneamendu-sistema orokorrera eramaten da araztearen ondoriozko isuria, hondakin-uren araztegian tratatzeko.

Bi multzo elektrogeno ditu lixibiatua aireztapen egokiz isurtzeko kolektorera, eta, larrialdi-egoeraren bat gertatzen baldin bada, lixibiatua metatze-putzura eramateko.

Zabortegian dekantazio-lohiak sortzen dira batik bat, eta lixibiatuak arazteko prozesuaren amonio sulfatoa. Era berean, ibilgailuen eta makinen mantentze-lanak egitean, hondakin arriskutsuak sortzen dira; hala nola, gai arriskutsuz egindako ontziak, gai inpregnatuak, filtroak eta bestelako elementu arriskutsuak.

Zabortegiaren eremu zigilatuan eta isuri-ontzitik kanpoko lurrean egiten dira, besteak beste, hondakin handiak eta kimatzeen hondakinak tratatzeko jarduerak. Eremu horietan kokatzen dira, era berean, etxeko hondakin arriskutsuak biltegiratzeko zentroa eta hiriko hondakinak transferitzeko zentroa, haiek trinkotu eta beste zabortegi batzuetara bidaltzeko.

Lur-gaineko bi gasolio-depositu eta landatze hidroponikozko lau berotegi daude isuri-ontzian, lehen fase batean, zigilatu den zatiaren gainean.

Zabortegiaren burualdean jasotzen dira euri-urak, eta ur garbiak drainatzeko perimetro-sistema baten bidez garraiatzen dira. Halaber, lur-gaineko urak garraiatzeko sarean, eroanbide batek alderik alde zeharkatzen du zabortegia hego-ekialdeko ibarretik (I. fasea) ipar-ekialdera.

Bigarrena.– Baldintzak eta eskakizun hauek ezartzea San Markos Mankomunitateak Gipuzkoako Astigarraga, Donostia eta Errenteriako udalerrietan sustatutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren jarduera ustiatzeko:

A) Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu behar da milioi bat (1.000.000) euroko zenbatekoaz, ondorengoak estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen hondatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

San Markos Mankomunitateak erantzukizun zibileko asegurua eguneratu izanaren ziurtagiria igorri behar dio urtero Ingurumen Organoari, eta polizan edozein aldaketa gertatu bada, ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio. Era berean, kontratatutako aseguru berri horren baldintza orokor, berezi eta espezifikoen kopia ere igorri beharko dio organo horri.

B) Sustatzaileak sei hileko epea izango du gehienez, finantzen azterketa eguneratua aurkezteko, eta, agiri horretan adierazi beharko ditu instalazioa ezarri eta ustiatzeko kostuak, A puntuan (erantzukizun zibileko asegurua) ezarritako bermeetatik eratorritako gastuak, itxieraren ondorengo 30 urteko epean egin beharko diren mantentze-lanetarako zenbatetsitako kostuak, eta baimenaren baitako neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa betetzeko kostu guztiak.

C) San Markos Mankomunitateak instalazioaren arduradun tekniko bat eta Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsona bat izendatu behar ditu. San Markos Mankomunitatearen legezko ordezkari batek eta izendatutako pertsonak sinatutako dokumentu batean jasoko dira izendapen horiek, eta datu hauek erantsiko zaizkio dokumentuari: izen-abizenak, NAN, harremanetarako helbidea eta prestakuntza teknikoa. Izendapen horiek Ingurumen Organoari jakinaraziko dizkio San Markos Mankomunitateak.

D) Ingurumen Organoari aurkeztu zaizkion agirietan adierazten den moduan burutuko ditu sustatzaileak baimenean adierazten diren neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak, eta beti beteko ditu indarrean den araubidea eta atal hauetan adierazten diren xedapenak:

D.1.– Obra-faseko baldintza orokorrak.

D.1.1.– Jarduketa-esparrua mugatzea.

a) Proiektuak adierazitako esparruan egingo dira obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten eragiketa osagarriak. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

b) Adierazitako esparru horretan ustekabeko kalteren bat sortzen baldin bada, neurri zuzentzaile eta eraberritzaile egokiak hartuko dira, ebazpen honen D.1.7. atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egindako txostenari erreparatuta.

c) Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, hondeaketa-lurren eta hondakinen aldi baterako metaketak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko moduan proiektatuko dira. Obrak hasi aurretik, xehetasunezko kartografian adieraziko da azaldu berri diren alderdien mugaketa zehatza. Obra-zuzendaritzak onartu egin behar du mugaketa hori, ebazpen honen D.1.7 atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzaren txostena jaso ondoren.

D.1.2.– Lurzorua eta urak babesteko neurriak.

a) Drainatze naturaleko saretik bereiziko dira obrako makinak edukitzeko eta haien mantentze-lanak egiteko tokiak. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez dezaten. Ezin izango da erregairik zamatu, oliorik aldatu eta, oro har, tailerreko lanik egin adierazitako eremuetatik kanpo.

b) Eraikuntza-lanak egin bitartean, ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze naturaleko sarera. Horretarako, urak bideratzeko elementuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta egingo dira, obren ondorioz kutsatutako urak bertan biltzeko.

D.1.3.– Hauts-isurtzeak gutxitzeko neurriak.

a) Obrak dirauen artean, bideak eta ibilgailuak igarotzeko beste lekuak garbitzeko kontrol zorrotza burutuko da, bai obrek erasandako ingurunean, bai horietarako sarbideetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

b) Ibilgailuak garbitzeko elementuak jarriko dira obra-guneen irteeran. Elementu horien ezaugarriak eta kokaleku zehatza ebazpen honen D.1.8 puntuak aipatzen duen agirian jaso behar dira.

D.1.4.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.

Eraikuntza-fasean, bete egin behar dira proiektuak eta ebazpen honek makineriarentzat ezartzen dituzten baldintzak, haien mantentze-lanei dagozkienak eta lan-ordutegiei buruzkoak; hori horrela, betetzekoa izango da otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, aire zabalean erabiltzekoak diren makina jakin batzuek ingurunera egiten dituzten soinu-emisioak arautzekoa, eta, gerora, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua izan dena.

D.1.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Hondakin eta zoru kutsatuei buruzkoa den uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

b) Hondakin-balioztagune baimendu batera igorriko dira obran sortutako hondakin guztiak, baldin eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada haiek balioztatzea. Hondakinak deuseztatu edo ezabatzeko aukera bakarra izango da: aldez aurretik ziurtatzea ezinezkoa dela haiek teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balioztatzea.

c) Zabortegira eraman behar badira berrerabili edo balioztatu ez diren materialak, zabortegietan hondakinak onartzeko bete behar diren irizpideen eta prozeduren arabera kudeatuko dira haiek.

d) Otsailaren 24ko 49/2009 Errege Dekretuak –hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen dueña– araututako moduan kudeatuko dira betelanetarako eta lurrak atontzeko erabiliko diren hondakinak.

e) Hondeatze-lanetan soberan diren materialekin betelan bat egin nahi bada, betetzekoa izango da otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena, eta betelan hori egiteko proiektua idatzi beharko da, udalaren edo ingurumen-organo honek eskumeneko administrazio-lizentzia eskuratzeko, adierazi den arau horretako 26. artikuluak arautzen duen moduan.

f) Arau hauek agindutako moduan kudeatuko dira olio erabiliak: irailaren 29ko 259/1998 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko olio erabilien kudeaketa arautzen duena, eta ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duena.

Olio erabiliak kubeta edo segurtasun-sistema barruko andeletan biltegiratuko dira aldi baterako, harik eta kudeatzaile baimenduak jasotzen dituen arte, andel nagusiaren hausturek edo estankotasun-galerek olioa sakabana ez dezaten. Horretarako, kontratistak beraren kubeta eta segurtasun-sistemak erabiliko dira edo San Markos Mankomunitateak San Marko zabortegiko instalazioetan dituenak.

g) Hondakinak kudeatzeko araudia betetzea errazteko, lan guztietan sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte kudeaketa-sistemak, eta haien egitekoa izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzen dituztela ziurtatzea. Ezingo da kontrolik gabeko efluenterik sortu erregaiak eta produktuak biltegiratzean, makinen mantentze-lanak egitean eta hondakinak erretzean.

Aurreko xedapenak betetzeko, berariazko gune bat prestatuko da hondakin arriskutsuak –olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar– aldi baterako gordeko dituzten instalazio estaliak hartzeko, eta, haiengandik bereizita, hondakin ez arriskutsuak eta geldoak hartzeko edukiontzi berariazkoak jarriko dira. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, haien edukia isuri edo lurrun ez dadin. Era berean, sortutako hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak, eta abar) jarriko dira obran zehar, hondakin-motaren arabera bereizita. Hori guztia, aurreko paragrafoan adierazitako garbigunean aldi baterako biltegiratu aurretik egingo da, eta horretarako, kontratistaren beraren elementuak edo San Markos Mankomunitateak San Marko zabortegiaren instalazioetan dituenak erabiliko dira.

D.1.6.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obrak bukatu ondoren, ondo garbitu behar da eremua, obra-hondakinik gera ez dadin proiektuaren eragin-eremuan.

D.1.7.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan behar du. Baldintza-agiriak obra-zuzendaritzaren esku uzten dituen eginkizunen barruan ebazpenak eman behar baldin badira adierazitako gaien gainean, haiei buruzko txosten bat egin beharko dute aldez aurretik aholkularitza ematen duten adituek.

D.1.8.– Lan-programa diseinatzea.

Kontratistak ekintza-proposamen xeheak egin behar ditu ondorengo azpiataletan adierazitako alderdien gainean. Ebazpen honetan kasu bakoitzerako ezartzen diren irizpideen arabera egingo dira proposamen horiek eta obra-zuzendaritzak berariaz onetsi beharko ditu, aurreko atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak aurrez txostena eginda. Ondoren, lanak burutzeko programan txertatuko dira. Hauek dira agiriak:

a) Kontratistaren instalazio-eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak eta gaiak aldi baterako biltegiratzeko elementuei buruzkoak, ebazpen honen D.1.1 atalean agintzen denaren arabera.

b) Kartografian xehetasunez adieraztea intereseko landaredi-guneak, ebazpen honen D.1.2 atalak adierazitakoak, baldin eta haietan ez bada okupazio zuzenik egingo.

c) Ebazpen honen D.1.2 atalean adierazten diren solido esekiak atxikitzeko elementuen xehetasunak eta kokapena.

d) Ebazpen honen D.1.3 atalean adierazten diren ibilgailuak garbitzeko elementuen xehetasunak eta kokapena.

D.1.9.– Obran jardunbide onak egiten direla kontrolatzea.

Obrak egin bitartean jardunbide egokiak egiten direla kontrolatuko da, eta arreta berezia jarriko zaie eragindako azalerari eta ingurune urtarraren babesari, hondakinen kudeaketari (hondeaketako soberakinak barne), solido esekiei eusteko elementuen funtzionamenduari, egiten den hautsari eta zaratari, eta ebazpen honetan adierazitako gainerako alderdiei.

D.1.10.– Obra-amaierako txostena.

Obra bukatu eta hilabeteko epean, obra-zuzendaritzak sinatutako obra-amaierako ziurtagiria bidali behar dio San Markos Mankomunitateak Ingurumen Organoari. Agiri hauek jaso behar ditu:

● Obrak egitean sortu diren intzidentziak.

● Ebazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaileen betetze-maila, eta hondeaketa-materialen kudeaketa zuzena gauzatzeko ingurumen-organoak agindutako neurriena.

● Obrak egin bitartean egin diren aldaketak, baldin eta halakorik egin bada. Xehetasunez azaldu behar dira aldaketa horiek agirien bidez, eta agiri horien artean jaso behar dira aldaketek segurtasunari edo ingurumen-babesari kalterik egin ez diotela egiaztatzekoak (beharrezkoa den kasuetan, hori justifikatzen duten kalkuluak emango dira). Horiez gainera, «as built» planoak jasoko dira.

● Obrak egitean bete den ingurumen-zaintzako programaren emaitzen txostena, hondeaketa-materialen azken norako zehatza eta haien kopurua adierazita.

● Eraikitze-kalitatearen berme-kontrolaren emaitzak jasotzen dituen txostena, eta, bereziki, geosintetikoen instalazioarena eta lekuan trinkotutako material mineralekin egindako hesi geologiko artifizialen instalazioarena.

D.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Hondakinak kudeatzeko baldintzak eta haien kontrola.

D.2.1.1.– Tamaina handiko hondakinak hautatu eta kimatzeen eta egurren hondakinak birrintzeko baldintzak.

Etxeetan sortzen diren tamaina handiko hondakinak, egurrezko hondakinak eta kimatzeen eta lorezaintzako lanen hondakinak jasotzen dituzten kamioiek hondakin horietarako prestatua dagoen eremuan deskargatzen dute haien zama. Hondakinak deskargatzean, materialen aldez aurreko hautaketa bat egiten da makina astunen bidez, eta, ondoren, birziklatu egiten dira. Kanpoan kudeatzen dira lehen hautaketatik kanpo geratzen diren hondakinak. Egurra birrindu egiten da, eta kanpoan kudeatzen da birrindutako egur hori.

Otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren bidez argitaratu zen Hondakin Zerrenda Europarreko epigrafe hauetan adierazten diren hondakinak soilik kudea daitezke:

Hautaketa eta sailkapena:

16 02 13 Bazterrera utzitako ekipoak, 16 02 09 a 16 02 12 kodeetan adierazten direnez bestelako osagai arriskutsuak dituztenak.

19 12 02 Burdinazko metalak.

19 12 03 Metal ez-burdinazkoak.

20 01 02 Beira (laua).

20 01 23 Bazterrera utzitako ekipoak, klorofluorokarburoak dituztenak.

20 01 35 Osagai arriskutsuak dituzten tresna elektriko eta elektroniko baztertuak, 20 01 21 eta 20 01 23 kodeetakoak ez direnak.

20 01 36 Tresna elektriko eta elektroniko baztertuak, 20 01 21, 20 01 23 eta 20 01 35 kodeetakoak ez direnak.

20 01 38 Egurra, 20 01 37 kodekoaz bestelakoa.

20 03 07 Tamaina handiko hondakinak.

Tratamendua:

20 02 01 Hondakinak biodegradagarriak.

Baldintza hauek bete behar dira hondakin horiek kudeatzean:

a) Agiri-erregistro bat osatu behar da, eta erregistro horretan alderdi hauek zehaztu behar dira, gutxienez:

Kudeatutako hondakinen alderdi hauek (laburpena hilero):

● Kantitatea, izaera eta jatorria.

● Garraio-modua eta balioztatze-metodoa.

● Balioztatutako hondakinen norakoa, berariaz adieraziz nor izango den haien azken erabiltzailea.

● Balioztatze-prozesuan sortutako hondakinen kantitatea, izaera eta norakoa.

Baztertutako hondakinen alderdi hauek (laburpena hilero):

● Baztertutako hondakinen kantitatea, izaera, jatorria eta arrazoia.

● Baztertutako hondakinaren azken norakoa.

b) Urtero, martxoaren 1a baino lehen, urteko memoria aurkeztu behar zaio ingurumen-organo honi. Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile moduan egindako eragiketak adierazi behar dira memoria horretan.

c) Berariaz baimendutako kudeatzaile bati entregatu behar zaizkio balioztatze-prozesuan eta instalazioen mantentze-lanetan sortzen diren hondakin guztiak, eta gestio-lan horiek egiaztatzeko agiri guztiak bete behar dira. Beti lehenetsiko dira sortutako hondakinak balioztatuko dituzten kudeaketa-moduak, haiek ezabatzeko bestelako aukeren aurretik.

d) Kudeatzaileak Euskal Autonomia Erkidegokoak baldin badira, transakzio elektroniko bidez, eta, lehentasunez, IKS-eeM Sistema erabilita bidaliko dira Ingurumen Sailburuordetzara arau-atal honetako a) b) eta c) letretan adierazten diren agiriak.

D.2.1.2.– Etxeko hondakin arriskutsuen transferentzia-zentroaren jarduera-baldintzak.

Etxeko hondakin arriskutsuak eremu horretara eta aldi baterako daramatzaten ibilgailuek eremu horretan hondakin-mota bakoitzerako jarrita dauden konpartimentuetan deskargatzen dute beren zama. Asfaltoz berdindutako eremua da, eta hormigoi armatuz egindako hiru plaka aurrefabrikatuz eta teilape batez itxita dago hiru aldetan.

Eremu horretan uzten dira, aldi baterako, zabortegian bertan sortzen diren hondakin arriskutsuak eta pertsona partikularrek sortzen dituztenak. Aldiro, kudeatzaile baimendu batek hondakin horien kanpo-kudeaketa egiten du.

Otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren bidez argitaratu zen Hondakin Zerrenda Europarreko epigrafe hauetan adierazten diren hondakin arriskutsuak, etxeetan sortutakoak, hartu eta aldi baterako gordetzeko eragiketak soilik baimentzen dira baimen honen bidez:

08 01 11* Pintura eta bernizaren hondakinak, disolbatzaile organikoak edo bestelako gai arriskutsuak dituztenak.

13 02 05* Motor-olio mineral kloratu gabeak, transmisio mekanikokoak eta lubrifikatzaileak.

14 06 02* Bestelako disolbatzaileak eta halogeno disolbatzaile nahasketak.

14 06 03* Bestelako disolbatzaileak eta disolbatzaile nahasketak.

15 01 10* Gai arriskutsuen hondarrak dituzten ontziak edo horiez kutsatuak.

16 05 04* Presiozko ontzien gasak (halonak barne), gai arriskutsuak dituztenak.

20 01 13* Disolbatzaileak.

20 01 21* Hodi fluoreszenteak eta merkurioa duten hainbat hondakin.

20 01 26* Pintura- eta berniz-lohiak, 20 01 25 kodekoez bestelakoak.

20 01 27* Substantzia arriskutsuak dituzten pinturak, tintak, itsasgarriak eta erretxinak.

20 01 33* 16 06 01, 16 06 02 edo 16 06 03 kodeetan zehaztutako bateriak eta metagailuak, eta bateria horiek dituzten sailkatu gabeko bateriak eta metagailuak.

Hondakin horietarako baimenduta izango diren eragiketen artean daude haiek garraiatzea xedeko kudeatzailearen instalazioetan entregatzeko, eta, beharrezkoa bada, haiek zamatzea, deskargatzea eta berriro ontziratzea. Ezingo da bestelako manipulazio-lanik egin baimenpeko hondakinekin.

Baimen honen esparrutik kanpo geratuko dira beti leherkariak, erregarriak eta hondakin infekziosoak (azken horiei H1, H2 eta H9 arriskugarritasun-kodeak dagozkie, hurrenez hurren), H12 arriskugarritasun-multzoko hondakinak, eta bifenilo polikloratuak eta/edo terfenilo polikloratuak izan edo osagai horiekin kutsatuta daudenak (C32 osagai-kodedunak).

Baldintza hauek bete behar dira hondakin horiek kudeatzean:

a) Olioak, berariaz, ondorengo arau hauei jarraituz kudeatuko dira: irailaren 29ko 259/1998 Dekretua, olio erabilien kudeaketa arautzen duena Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duena. Nahitaez betetzekoak izango dira arau horiek honako alderdi hauetan:

I. San Markos Mankomunitateak nahitaezkoa izango du jasotzen duen olio erabiliaren ezaugarri fisiko eta kimikoak konprobatzea, olio hori azken kudeatzaile baimenduari eman aurretik. Egiaztapen edo konprobazio hori ez da nahitaezkoa izango, dekretu horren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, San Markos Mankomunitateak olio-hondakin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko transferentzia-estazio baimendu batean entregatu behar baditu. Hala egin behar badu, estazio horren titularrak hartuko du bere gain eginbehar hori, olioa azken kudeatzaile baimenduari bidali aurretik.

II. Olio erabilia kudeatzean, arau hau bete behar du San Markos Mankomunitateak: ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duena.

b) Pilei, metagailuei eta horien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa den otsailaren 1eko 106 /2008 Errege Dekretuak araututako moduan kudeatuko dira Hondakinei balioa emateko eta horiek ezabatzeko eragiketak eta Hondakinen Europako Zerrenda argitaratzeko otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren baitan 20 01 33* kodea duten pilak eta metagailuen hondakinak (16 06 02, 16 06 01 edo 16 06 03 kode zehatzeko bateriak eta metagailuak, eta bateria horiek dituzten sailkatu gabeko bateriak eta metagailuak).

c) Jardueraren bati ekin baino lehen, kudeatzaile baimenduak emandako onarpen-agiria izan behar du San Markos Mankomunitateak baimen honen barruan sartzen diren hondakin arriskutsu guztietarako. Proposatutako kudeatze-bideetan edo hondakinak hartuko dituen kudeatzailearen aldaketak ingurumen-organo honi jakinarazi behar zaizkio haiek egin aurretik, eta, jakinarazpen horrekin batera, onarpen-agiri berria igorriko zaio Ingurumen Sailburuordetzari, hura balioetsi dezan.

d) Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du buruaskitasuneko eta gertutasuneko printzipioak aintzat hartuta, eta, beti, garai hartan Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburu zenak 2008ko urriaren 15ean eman zuen aginduaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Arriskutsuak Kudeatu eta Prebenitzeko 2008-2011 eperako Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

Birziklatu edo balioztatu daitezkeen hondakinak helburu horietara bideratuko dira, eta San Markos Mankomunitateak betetako onarpen-agirietan jasoko da gertaera hori.

e) Jaso eta garraiatu baino lehen, ingurumen-baimen honetan adierazten diren hondakinak kudeatuko direla egiaztatu behar du San Markos Mankomunitateak.

f) Inolaz ere ezingo dira onartu baimen honetan adierazten ez diren hondakin arriskutsuak. Hala ere, kudeatu beharreko hondakin arriskutsuen zerrenda zabaldu nahi izanez gero, ingurumen-baimena aldatzeko eskaera-izapidea bete behar da aldez aurretik.

g) San Markos Mankomunitateak beti hartu eta zaindu behar ditu baimendutako hondakin arriskutsuak zamatzeko, garraiatzeko eta deskargatzeko lanei dagozkien segurtasun-neurriak.

h) Nahitaezkoa izango da uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuko 13. eta 14. artikuluetan jasotzen diren hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko argibide guztiak betetzea.

Europako Hondakinen Zerrendan (EHZ) ezarritako kodearen bidez identifikatu behar dira hondakinak. Zerrenda Batzordearen maiatzaren 3ko 2000/532/EE Erabakiaren bidez onetsi zen, eta Batzordearen urtarrilaren 16ko 2001/118/EE eta urtarrilaren 22ko 2001/119 Erabakiek eta Kontseiluaren uztailaren 23ko 2001/537 Erabakiak aldatu zuten. Otsailaren 8ko 304/2002/MAM Aginduaren bidez argitaratu zen.

i) Behar bezalako ekipamendua duten ibilgailuetan eramango dira hondakin arriskutsuak azken kudeatzailearengana. Gerta daitezkeen isuriak eutsi eta jasotzeko gailuak izan behar dituzte ibilgailu horiek, joan etorrietan kanpora ez daitezen. Horrez gainera, segurtasun eta babeseko ekipoak izango dituzte.

j) Salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko alorrean indarrean den araubideari erreparatuta, jasotzekoak diren hondakinak arriskutsuak direla ondorioztatzen bada eta hondakin horiek garraiatuko dituzten onarpen-ziurtagiri bat behar baldin badute hondakin horiek garraiatzeko, ziurtagiri horren kopia bat aurkeztu beharko dio enpresak Ingurumen Sailburuordetzari.

Era berean, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzearen alorrean indarrean den araubideak horrela agintzen baldin badu, salgai arriskutsuak garraiatzeko ADR prestakuntzako ziurtagiri egokia dutela egiaztatu beharko dute gidariek.

k) Hondakinak aldi baterako gordetzeko instalazioetan, hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuak lurzoru estankoa izango du, eta beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxeta itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu gabe.

l) Produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araubideak segurtasun-tarteen eta babes-neurrien gainean arautzen dituen betebeharrak bete behar dituzte hondakinak aldi baterako biltegiratzeko instalazioek. Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatuko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak. Hori egin ezean, egindako eskaeraren kopia aurkeztu beharko da erakunde eskudunaren aurrean.

m) Hondakin arriskutsuak aldi baterako gordetzeko instalazioek estalki bat izango dute, eta lurzoru estankoak jarriko zaizkie. Aurreikus daitezkeen karga guztiak jasateko eta gordeko diren hondakin arriskutsuek izan ditzaketen ihesei eusteko gai izan behar dute lurzoru horiek.

n) Aurkeztutako proiektuak zehazten dituen eremu estalietan jasoko dira baimen honen barruan kudeatzekoak diren hondakin arriskutsu ontziratuak. Hau izango da hondakin arriskutsuak hartzeko edukiera baimendu gehienezkoa:

● 36 m3.

o) Hondakin arriskutsuak ezingo dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

p) San Markos Mankomunitatearen eta igorritako hondakin arriskutsuak hartuko dituzten kudeatzaileen artean hitzartutako onarpen-kontratu edo -gutunen indarraldia egiaztatu beharko zaio, aldiro, Ingurumen Sailburuordetzari, haien indarraldiari erreparatuta. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainiako Estatuan kokatuak, mugaz haraindiko lekualdatzeak arautzen dituen araudi komunitarioa bete beharko da.

q) San Markos Mankomunitateak artxiboan erregistratu eta gorde behar ditu onarpen-eskaerak, onarpen-agiriak eta kontrolerako eta jarraipenerako agiriak, edo haien baliokide diren agiri ofizialak, bost urteko epean gutxienez (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 37.2 artikulua).

Adierazi berri diren agirien kontrol egokia errazteko, San Markos Mankomunitateak IKS-eeM sistema informatikoa erabiliz bidali eta jasoko ditu agiri horiek.

r) Urtero, martxoaren 1a baino lehen, San Markos Mankomunitateak urteko jardueren memoria aurkeztu behar dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Ingurumen Sailburuordetzari, eta bete egin behar du, alde horretatik, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 38. eta 39. artikuluek arautzen dutena.

D.2.1.3.– Hiri-hondakin arriskutsuen transferentzia-zentroaren jarduera-baldintzak.

Hiru transferentzia-modulu independente ditu transferentzia-plantak. Zaborra biltzeko kamioiak goi-plataformetara joaten dira, eta edukiera handiko tobera batean deskargatzen dute, zuzenean, daramaten zaborra. Estalki bat eta haizea mozteko babeski bat ditu tobera horrek. Horren ondoren, zaborrak trinkotzeko prozesu bat betetzen da, hura Gipuzkoako beste zabortegi batzuetara eramateko.

Otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren bidez argitaratu zen Hondakin Zerrenda Europarreko epigrafe hauetan adierazten diren hondakin ez-arriskutsuak, hartu eta aldi baterako gordetzeko eragiketak soilik baimentzen dira baimen honen bidez:

20 01 08 Sukalde eta jatetxeen hondakin biodegradagarriak.

20 03 01 Udaletako hondakinen nahasketak.

20 03 02 Azoketako hondakinak.

20 03 03 Bide-garbiketen hondakinak.

Baldintza hauek bete behar dira hondakin horiek kudeatzean:

a) Agiri-erregistro bat osatu behar da, eta erregistro horretan alderdi hauek zehaztu behar dira, gutxienez:

Kudeatutako hondakinen alderdi hauek (laburpena hilero):

● Gutxi gorabeherako kantitatea, izaera eta jatorria.

● Garraio-modua eta kudeatze-metodoa.

● Transferitutako hondakinen norakoa, berariaz adieraziz nor izango den haien azken erabiltzailea.

Baztertutako hondakinen alderdi hauek (laburpena hilero):

● Baztertutako hondakinen kantitatea, izaera, jatorria eta arrazoia.

● Baztertutako hondakinaren azken norakoa.

b) Urtero, martxoaren 1a baino lehen, urteko memoria aurkeztu behar zaio ingurumen-organo honi. Transferentzia-zentroan eta hiri-hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile moduan egindako eragiketak adierazi behar dira memoria horretan.

D.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.2.2.1.– Baldintza orokorrak.

San Markos Mankomunitateko hondakin ez-arriskutsuen zabortegia ustiatzean, atmosferara egingo diren isuriek ez dituzte ebazpen honetan ezarritako muga-balioak gaindituko.

Atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren. Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurriak hartuko dira ustekabeko isuririk ez egiteko, eta egiten direnak giza osasunerako eta gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

D.2.2.2.– Fokuak identifikatzea.

Hondakin ez-arriskutsuen zabortegiko instalazioak ondorengo fokuak ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araubidearen arabera katalogatuta:

(Ikus .PDF)

Sustatzaileak agiri batean aurkeztuko du biogasaren balioztatze energetikoko instalazioari buruzko informazio guztia, eta gutxienez datu hauek jasoko ditu:

a) Foku bakoitzaren izena.

b) Foku bakoitzaren UTM koordenatuak.

c) Lotutako prozesua edo prozesuak.

d) Katalogazioa, aintzat hartuta zer arautzen duen azaroaren 15eko 34/2007 Legeak, airearen kalitateari eta atmosfera babesteari buruzkoak, eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dituenak.

e) Biogasari dagokionez, erreko den gasaren konposizioari buruzko azterlan bat, errekuntza-parametroak, kontzentrazioa, eta bestelako alderdiak adierazten dituena.

f) Isuritako kutsatzaileen emaria (gehienezkoa eta gutxienekoa), tenperatura eta fluxu-abiadura, ezaugarriak eta kopurua. Jarduerak sortutako isuri bakoitzaren emariaren eta konposizioaren balioespenak arloan indarrean den araudia betetzen dela egiaztatzeko moduko unitateetan adierazi beharko dira.

g) Erabilitako laginketa- eta analisi-metodoa, maiztasuna eta lortutako emaitzen fidagarritasun-maila, behar bezala adieraziz egindako karakterizazioak, kontrol-erakunde baimenduren batek (KEB) atmosfera kutsa dezakeen instalazio horri buruz egindako ikuskatze-txostenaren bidez.

h) Ebakuazio-sistemen ezaugarriak:

● Zorutik tximiniaren ahorainoko altura.

● Tximiniaren barne-diametroa.

● Laginak hartzeko aurreikusitako zuloen kokapena eta ezaugarriak, gas-fluxuek laginketa-puntutik neurketa-puntura bitartean, bere norabidean zehar nahiz aurkakoan, edozein perturbazio izan dezakeen gunera bitarteko distantziak adieraziz, hau da, L1 eta L2 parametroak, industria-jatorriko kutsadura atmosferikoren prebentzioari eta leheneratzeari buruzko 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean xedatutakoari erreferentzia egiten diotenak. Neurketa-puntuetara sartzeko plataformen ezaugarriak jasoko dira.

i) Foku guztiak erakutsiko dituen instalazioaren planoa.

Jarduerak putzu bertikalen desgasifikazio-sistema bat eta zuzi bat ere baditu, eta horiei buruzko urteko jardun-denbora aurkeztu beharko da.

Gainera, sustatzaileak putzuetako eta bildutako gasen karakterizazio-analisi bat aurkeztuko du, kanpo-erakunde batek egindakoa.

Kamioien joan-etorrietan eta transferentzia-zentroan tratatutako hondakinen tratamenduan sortzen dira jarduerako isuri barreiatuak.

D.2.2.3.– Isurpenen muga-balioak.

a) Isuri atmosferikoek isurtzeko muga-balio hauek ez gainditzeko moduan ustiatuko da instalazioa:

(Ikus .PDF)

(*) O2-ren % 5

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

b) Neurtutako parametroek ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko arauz egingo diren aldizkako ikuskaritzetan (ordu erdiko hiru neurketa, gutxienez) zortzi ordutan zehar neurtuta.

Isuriko muga-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9 artikuluak arautzen duena beteko da.

c) Balioztatze-instalazioak soberako biogasa ezabatzeko duen zuzian 1000-1200 ºC arteko tenperatura hartuko da, gutxienez 0,3 segundotan mantenduta (iraupen-denbora), eta turbulentzia egokiari eutsiz beti.

d) Segurtasuna dela eta, instalazioaren jabetzaren mugan metano gasaren kontzentrazioa ez da % 5 baino handiagoa izango, ezta % 1,25 baino handiagoa ere instalazioaren espazio itxietan, kontrol-sistemen edo gasa berreskuratzeko osagaien kasuan izan ezik.

Jarduerak sortutako usainek ondorio gogaikarriak sortzen baditu, neurri zuzentzaile gehigarriak hartuko dira usain horiek murrizteko.

D.2.2.4.– Gasak hartu eta kanporatzeko sistemak.

Tximiniek behar adina bitarteko izango dituzte behar bezala betetzeko Industria Ministerioak 1976ko urriaren 18an eman zuen Agindua, industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzeko. Agindu hori betetzeko, laginak hartzeko puntuetara sarbide seguruak eta errazak jarriko dituzte, besteak beste.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusitako zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, gas-fluxuak laginketa-puntutik neurketa-puntura bitartean, bere norabidean zehar nahiz aurkakoan, edozein asaldu izan dezakeen gunera bitarteko distantziek (L1 eta L2 parametroak) 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean xedatutakoa beteko dute.

L1 = 8D eta L2 = 2D distantziak betetzen ez diren fokuetan, inoiz ez dira L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak onartuko. Kasu horietan, neurketen txostenean laginketa-planoaren baliozkotasuna justifikatzea eskatuko da.

Isuri barreiatuak murrizteko, jarduera hauek gauzatuko dira:

● Ibilgailuen gehienezko abiadura 20 km/h-ra mugatu behar da eta hondakinak garraiatzeko kamioi edo edukiontzi itxiak edo big-bag zakuak erabili behar dira.

D.2.3.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

D.2.3.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortzen duen jarduera-mota nagusia: hondakin ez-arriskutsuen zabortegia.

Jarduera-taldea: 0-Zerbitzuak.

EJSN: 92150. Zaborrak eta hondakinak errausteko eta ezabatzeko zerbitzua.

(Ikus .PDF)

Zabortegiaren kanpoaldeko eta barrualdeko arroetara jausten diren euri-uretako isurketa-urak perimetroan bideratzen dira, hondakinik ez ukitzeko eta lixibiatuen sorrera murrizteko. Ur horiek Molinao errekara isurtzen dira.

B.2.3.2.– Isurketaren emari eta bolumenak.

a) Isurketa 1: lixibiatuak.

(Ikus .PDF)

b) Isurketa 2: ur sanitarioak.

(Ikus .PDF)

D.2.3.3.– Isurpenen muga-balioak.

Añarbeko Uren Mankomunitateak ezarritako balio hauek bete behar dira:

(Ikus .PDF)

* lauril-sulfatoan adierazia.

Era berean, zorrotz bete behar da sarean edo saneamendu eta arazketako instalazioetan nahaste lehergarriak sor ditzaketen gasak arautzen dituen erregelamendua.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.

D.2.3.4.– Arazketa- eta ebakuazio-instalazioak.

Industriako hondakin-uren arazketa-instalazioek edo neurri zuzentzaileek sustatzaileak aurkeztutako agirietan adierazitako baldintzetara egokituko dira, eta elementu hauek izango dituzte funtsean:

Bulegotik, aldageletatik eta jangelatik irteten diren ur sanitarioak lurpeko putzu septiko batera joaten dira, eta, handik igarota, lurrean iragazten dira lurpean jarrita dauden hodi artekatuen bidez. Urtero husten da putzu septikoa.

Lixibiatuak tratatzeko prozesuan, desortzio bidez kentzen da nitrogeno amoniakala, airea kontrakorrontean (stripping) arrastatuz, eta, gerora, nitrogeno amoniakal hori azido sulfurikoa baliatuz absorbitzen da garbiketa-dorre batean, hura, ondoren, amonio sulfato bihurtzeko, tratamenduaren azpiproduktu gisa.

Era berean, lixibiatuak aireztatzeko sistema bat erabiltzen da. Kanpoko aire garbia hartzen du sistema horrek, eta lixibiatuak biltzeko hodira, kolektorera, igortzen du aire «biziatua» erauzteko lixibiatuen plantaren ingurutik. Prozesu hori egiteko, bulkatzeko instalazio bat du, eta beste bat erauzketarako. Horrez gainera, tratatutako lixibiatuak biltzeko hodira doan kutxatilak gas-sentsoreak ditu haiek hautemateko zentral batera konektatuta. Zentral horretan abiarazten da kolektorearen ekortze-lana, baldin eta CH4, SH2 eta O2 gasen kontzentrazio-mugak gainditzen badira. Metanoa hautemateko detektagailu bat dago bulkadako kutxatilan, leherketen arriskurik izan ez dadin. Gasak detektatzeko zentralak ekipo elektrogeno bat du sareak huts egiten duenerako, eta 48 orduko autonomia duten autoelikatzeko bateriak ditu, ekipo elektrogeno horrek huts egiten duenerako. Bestalde, lixibiatuak tratatzeko plantatik gertu dago erauzteko instalazioa, eta bulkadarako instalazioaren antzeko kutxatila bat du. Instalazio honek ere zentral bat du, CH4, SH2 eta O2 gasak detektatzeko, xede-balio berdinekin kalibratuak. Emari-neurgailu baten bidez kontrolatzen dira hondakin-masatik jariatutako lixibiatuak, bai lixibiatuen plantan sartzean, bai irtetean.

Azkenik, bi piezometro daude zabortegiaren behealdean, aldiroko kontrolak egiteko.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez badira, San Markos Mankomunitateak, baimenaren baldintzak betetzearen arduradun den aldetik, behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan, baimenean ezarritako baldintzak bete ditzaten isurketek. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik eta behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Kontrol-kutxeta bat jarriko da hondakin-ur mota baimendu bakoitzarentzako; kutxeta horiek isurketen lagin adierazgarriak lortzeko beharrezko ezaugarriak izango dituzte. Kutxetak sarbide zuzena duten lekuan kokatuko dira, hala badagokio, Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatu ahal izan ditzan.

D.2.4.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren arautegi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatzen da sortzen diren hondakin-mota ezberdinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu egin behar da eta horretarako balioztatzegune baimendu batera eraman behar dira. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira, balioa emateko beste modu material edo energetikoen aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken norakoa zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoa betez, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik; hala, jardueraren ekoizpen-gorabeherei eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioari begiratu behar zaie beti. Datu horiek jardueraren adierazletan ageri dira. Beti izango da betetzekoa 16/2002 Legearen 10. artikuluak (2.d idatzi-zatian) agintzen duena; hala ere, instalazioan egiten diren aldaketak kalifikatzeko, ingurumen-baimena egokitzea eskatu beharko da, baldin eta hondakin-kopurua handiagoak sortuko badira eta horrek aldatu egingo baditu aldez aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak.

Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan behar dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo, oso bustita daudelako, isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharren ondorioz gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa ingurumen-organoan.

D.2.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak hauek dira:

● 1. prozesua: «Zerbitzu orokorrak».

○ 1. hondakina: «Erabilitako olioa».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/1.

– Hondakinaren kodea: Q7//R9//L8//C51//H5/6//A920//B0019.

– EHZ: 130205.

– Urtean sortutako kantitatea: 1.000 litro.

Mantentze-lan orokorrak azpiprozesuan sortzen dira, makinen olioak birjartzeko lanetan.

○ 2. hondakina: «Gai arriskutsuekin kutsatutako materialak (trapuak, eskularruak eta xurgatzaileak)»

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/2.

– Hondakinaren kodea: Q5//R13//S40//C51//H5//A920//B0019.

– EHZ: 150202.

– Urtean sortutako kantitatea: 20 kg.

Zabortegian sortutako xurgatzaileak biltzean sortzen dira, substantzia arriskutsuekin inpregnatuak izan ondoren.

○ 3. hondakina: «Olio-iragazkiak».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/3.

– Hondakinaren kodea: Q9//R13//S35//C41/51//H5//A920//B0019.

– EHZ: 160107.

– Urtean sortutako kantitatea: 500 kg.

Zabortegian olio-filtroak jasotzean sortzen dira, substantzia arriskutsuekin inpregnatuak izan ondoren.

○ 4. hondakina: «Erregai-iragazkiak».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/4.

– Hondakinaren kodea: Q9//R13//S35//C51//H5//A920//B0019.

– EHZ: 160121.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Makinen eta ibilgailuen mantentze-lanetan sortzen dira, haien erregai-iragazkiak jasotzean.

○ 5. hondakina: «Disolbatzaile organiko ez-halogenatua».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/5.

– Hondakinaren kodea: Q7//R13//L5//C41//H3b/5//A920//B0019.

– EHZ: 140603.

– Urtean sortutako kantitatea: 200 kg.

Piezen garbiketan sortzen da.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian biltzen da sortzen den lekuan, eta bete ondoren, hondakin-biltegira eramaten da.

○ 6. hondakina: «Fluoreszenteak eta lanpara ultramorea»

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/6.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H14//A920//B0019.

– EHZ: 200121.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorrak azpiprozesuan sortzen dira, lanpara fluoreszenteak birjartzeko lanetan.

○ 7. hondakina: «Berun azidozko bateria erabiliak».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/7.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C18/23//H8//A920//B0019.

– EHZ: 160601.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorretako azpiprozesuan sortzen dira, bateriak berritzeko lanetan.

○ 8. hondakina: «Botoi-pilak».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/8.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C16//H6//A920//B0019.

– EHZ: 160603.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Instalazioen mantentze-lan orokorretan sortzen dira.

○ 9. hondakina: «Metalezko ontzi hutsak».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/9.

– Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41/51//H5//A920//B0019.

– EHZ: 150110.

– Urtean sortutako kantitatea: 200 litroko 12 bidoi.

Zabortegian sortzen da hondakin hau, gai arriskutsuak jaso dituzten ontzi hutsak jasotzerakoan.

○ 10. hondakina: «Plastikozko ontzi hutsak».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/10.

– Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41/51//H5//A920//B0019.

– EHZ: 150110.

– Urtean sortutako kantitatea: 150 kg.

Zabortegian sortzen da hondakin hau, gai arriskutsuak jaso dituzten ontzi hutsak jasotzerakoan.

○ 11. hondakina: «Presiozko ontziak (sprayak, aerosolak)».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/11.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S12/36//C41//H3B//A920//B0019.

– EHZ: 160504.

– Urtean sortutako kantitatea: 20 kg.

Zabortegian sortzen da hondakin hau, gai arriskutsuak jaso dituzten ontzi hutsak jasotzerakoan.

○ 12. hondakina: «Pintura zaharkituak».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/12.

– Hondakinaren kodea: Q8//R13//P-12//C41//H6//A920//B0019.

– EHZ: 080111.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Instalazioen mantentze-lan orokorretan sortzen dira.

○ 13. hondakina: «Tinta-kartutxoak».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/13.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S-12//C41//H3A//A920//B0019.

– EHZ: 080312.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Instalazioetako ofimatika-ekipoen tinta-kartutxoak berritzean sortzen da hondakin hau.

○ 14. hondakina: «Laborategiko hondakinak».

– Identifikazioa: P2000015D/2000004950/1/14.

– Hondakinaren kodea: Q14//R13//S-14//C23/C24//H3B/H6//A920//B0019.

– EHZ: 160506.

– Urtean sortutako kantitatea: 100 kg.

Lixibiatuen isuriak arazteko instalazioetan eta biogasaren energia-aprobetxamendua egiteko plantan erabiltzen diren produktu kimiko zaharkituak biltzean jasotzen da hondakin hau.

a) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistema bereiziak erabiliko dira, baldin eta, haien isuriren bat gertatu eta beste gai batzuekin nahasten badira, arriskutsuago bihur badaitezke edo kudeatzen zailagoak gerta badaitezke.

b) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak (maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzkoa, betearazteko oinarrizko araudia onartzen du Dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

c) Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan behar du; etiketa 1988ko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Organoari bidaliko zaio hondakina lehenengoz atera aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetan jasotzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena eginda dagoela, araudian zehaztutako aurretiaz, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko du jatorritik helmugaraino. San Markos Mankomunitateak artxibategian gorde behar ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtez gutxienez.

g) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

h) San Markos Mankomunitateak bi arau hauek agindutako moduan kudeatu behar du erabilitako olioa: ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duena, eta irailaren 29ko 259/1998 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan olio erabiliaren kudeaketa arautzen duena.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, tresna elektriko eta elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek betetzekoa izango dute otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretua, pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoa. Baimendutako kudeatzailearen onarpen-agiria izateko, eraman aurretiazko jakinarazpena egiteko eta kontrolaren eta jarraipenaren agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak gaika bildutako udal-hondakinekin eta horien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman-izanaren egiaztagiriak bost urtez gorde behar dira gutxienez. Edonola ere, ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinen kopuruak jasoko ditu atal honen l) idatz-zatian adierazten diren hondakinen sorrera erregistratutako duen kontrol-erregistroak.

j) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2000ko ekainaren 29ko eman zuen 2037/2000/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu San Markos Mankomunitateak, berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko, edo, bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko lanetan nahiz desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

k) San Markos Mankomunitateak poliklorobifeniloak eduki ditzaketen gailuak baldin baditu, nahitaez betetzekoak izango ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena, baldintzak eta errege dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua. Arau horiek agindutakoa beteta, azken ekitaldiari dagokion poliklorobifenilo edukia jakinarazi behar du Mankomunitateak. San Markos Mankomunitateak poliklorobifenilodun aparatuak dituen artean, nahitaez aurkeztu beharko du urtero errege-dekretu horrek araututako jakinarazpena.

l) San Markos Mankomunitateak urteko adierazi behar dio Ingurumen Sailburuordetzari zein den sortutako hondakin arriskutsuen jatorria, zenbat hondakin sortu den, zer erabilera emango zaien, eta adierazpenari dagokion ekitaldiaren amaieran aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datuen igorpen hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera egingo da.

m) Aurreko e) eta f) puntuetan (kudeatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan daudenean) adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidali behar dira, eta, bidalketa hori egiteko, IKS-eeM Sistemaren bidezko transakzio elektronikoak egingo dira, lehentasunez.

n) Amiantoa duten hondakinak hautemanez gero, San Markos Mankomunitateak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzeko 1991ko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

o) Izena eta kodea ezarri behar zaie hondakin arriskutsuei, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriei erreparatuta eta baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan dezakete, baina, beste batzuk, oinarrizkoak diren aldetik eta, haien izaerarengatik, bere horretan mantendu behar dira ekoizpen-jardueran. Hondakin-mota zehazten eta hondakin horrek dituen osagai arriskutsuak adierazten dituzte kode horiek (ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota); horrez gainera, hondakina zer jarduerak eta zer prozesuk sortzen duten adierazten dute (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota). Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa organo honek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioztatzea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

D.2.4.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

Urtean sortzen diren hondakin arriskutsuen kantitateak adierazi behar dira:

a) Azido sulfurikoaren bidez garbitzeko dorrearen xurgatze-lanean sortzen den amonio sulfatoak ispilu-sarrera du gaur egun indarrean dagoen Europako Hondakin Zerrendan. Beraz, hondakin hori hondakin ez-arriskutsutzat hartuko da, baldin eta hondakin hori aldez aurretik karakterizatzen bada; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Karakterizazio horretan sartu beharreko parametroak zehaztearren, Ingurumen Kalitateko Zuzendaritzako Hondakin Arriskutsuen Zerbitzuarekin harremanetan jarri beharko dute. Hondakina arriskutsua dela erabakiz gero, ebazpen honetako D.2.4.1 paragrafoan zehazturikoa aplikatu beharko da.

b) Erabilitako ontziak eta ontzien hondakinak materialen arabera egoki bereizita entregatu beharko zaizkio agente ekonomiko (hornitzaile) bati, berrerabiliak izan daitezen, ontzi erabilien kasuan; edota berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati, ontzi-hondakinen kasuan.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balioa ematea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, hondakin guztiak hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek emandako onarpen-agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali behar zaio Ingurumen Sailburuordetzari, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Beharrezkoa bada, arrazoitu egingo da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetan jasotzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. San Markos Mankomunitateak artxibategian gorde behar ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak direnean, bost urtean gutxienez.

e) Halaber, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuarekin, hondakinak zabortegian utzita eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde behar dira.

f) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira aipatutako eta d) eta e) ataletan adierazitako agiriak (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta bidalketa hori transakzio elektroniko bidez egingo da, IKS-eeM Sistema erabilita lehentasunez.

D.2.5.– Lurzorua babesteko baldintzak.

a) Lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena eman egin behar da urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuak, lurzoruan kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituenak eta otsailaren 4ko 1/2005 Legeak. Txosten horretan jasota dauden gomendioak kontuan hartuta, lurzorua babesteko beharrezko neurri guztiak, egoki irizten diren neurri guztiak edo Ingurumen Organoak eskatzen dituenak hartu behar ditu San Markos Mankomunitateak.

Era berean, ebazpen honen G.3 atalak arautzen dituen neurriak, jardun anomaloak prebenitu eta egoera horietan esku-hartzeko, eta D.2.4 atalak arautzen dituen neurriak, hondakinak biltegiratzekoak, hartuko ditu San Markos Mankomunitateak.

b) Lur-mugimenduak dakartzaten lanak egin behar badira jarduera produktiboetan eta bestelako jardueretan, jarduera horien sustatzaileak karakterizatu egin beharko ditu hondeatu behar dituen materialak (lurrak, obra-hondakinak, etab.). Horren helburua izango da jardun kutsatzaileek material horiek erasan ote dituzten egiaztatzea, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztea. Jarduerarik hartu ez duen eremuren batean egiten baldin badira obrak, posible izango da karakterizazio hori ez egitea, baina beti justifikatu beharko da behar bezala eremu horrek ez duela aldez aurretik jarduerarik hartu.

Soberako materialak instalazio berean berrerabili nahi baldin badira, material horiek nahitaezkoa izango dute otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak, arautzen duen EBA-B (industria-erabilera) balioa baino txikiagoa izatea; hala, lur horien hidrokarburo-edukiak ez du arriskugarria izan behar. Soberako materialak hondakindegira eraman nahi baldin badira, haien karakterizazioa egingo da, arau honek agintzen duen moduan: otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena. Otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako EBA-A balioak baino txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur naturaltzat hartuko dira, eta, beraz, ez zaie erabilera-aukerarik murriztuko.

Era berean, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 10. artikuluko 2. paragrafoak arautzen duena aintzat hartuta, kutsadura-zantzuak hautematen badira jarduera ezartzeko edo zabaltzeko hondeatze-lanetan edo lur-mugitzeetan, lan horien arduradun zuzenak horren berri eman beharko dio udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, beharrezkoa izango balitz hartu beharreko neurriak ezar ditzan, 17. artikuluko seigarren paragrafoak agindutakoa betez.

D.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak jarriko dira:

a) Neurriak hartuko dira ondorengo indize akustikoak ez gainditzeko:

a.1) Jardueraren ondorioz, etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundoko zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2) Jardueraren ondorioz, etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundoko zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB (A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB (A) ere.

b) Zamatzeko eta deskargatzeko lanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handitu behar sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

D.3.– Zabortegia zigilatzeko lanak egiteko baldintzak.

D.3.1.– Zigilatze-lanei ekin aurreko baldintzak.

Eraikitzailearekin eta sustatzailearekin loturarik ez duen obra-zuzendaritza bat izendatu behar du San Markos Mankomunitateak. Zabortegiak eraiki eta zigilatzeko lanetan espezializatutako zuzendaritza izan behar du.

Horrez gainera, enpresa bat izendatu behar du, loturarik ez duena sustatzailearekin, eraikitzailearekin eta obra-zuzendaritzarekin, zabortegia zigilatzeko geosintetikoen instalazioari dagokion kalitate-bermea kontrola dezan. Enpresa hori izango da ebazpen honetako D.3.2 atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko arduraduna.

Obrak hasi aurretik, San Markos Mankomunitateak ingurumen-organoari jakinarazi behar dio zer enpresa izendatu den zuzendaritza teknikoa gauzatzeko eta zer enpresak egingo duen zigilatze-lanetarako geosintetikoen instalazioaren kalitatea bermatzeko kontrola.

D.3.2.– Zabortegia zigilatzeko obrak egiteko baldintzak eta eskakizunak.

a) Geruza-sekuentzia hau izango du, goitik behera, zabortegiaren akaberako zigilatzeak:

● Belarra landatuko da gaineko aldean. Zabortegiaren zigilatze-eremuaren gainean zuhaixkak edo zuhaitzak landatzeko, behar bezala egiaztatu beharko da aleen helduaroko tamainak eta sustraiak, sakontasunak, motak, kokapenak edo haientzat ezarritako babesek ez dutela kaltetuko drainatze-geruzaren, geomintzaren edo zigilatzearen hesi geologiko artifizialaren segurtasunari edo funtzionaltasunari. Era berean, landaketak ez du irristaduren aurreko segurtasun-faktorea 1,5etik behera murriztuko.

● Gutxieneko 0,15 metroko lodiera duen landare-lurzoruzko geruza.

● Gutxieneko 0,60 metroko lodiera duen estaldura-lurzoruzko geruza.

● Iragazketako ur garbien geruza drainatzailea. Ale formako material natural baten geruzaz osatuta egon daiteke (legarrezkoa edo hareazkoa), azpitik sastatzearen aurkako geozuntzaren bidez geomintzaz bereizia, eta gainetik iragazki-geruzaren bidez, edo drainatzaile-geokonposatuaren bidez. Nolanahi ere, geruza drainatzaile horren igorgarritasuna drainatze-luzeraren, drainatzearen isurialdearen eta gaineko lurzoruaren estaldura-geruzaren eroankortasun hidrauliko asearen arabera kalkulatuko da. Horrela, ezarritako geruzaren igorgarritasunak kalkulatutako igorgarritasunarekiko (6ko segurtasun-faktorea (SF) izan dezan eta geruza horren barruan lodiera aseak geruzaren lodiera edo 0,30 m gainditu ez ditzan; txikiena den neurria, hain zuzen ere.

● 1,5 edo 2 mm-ko lodiera duen dentsitate altuko polietilenozko geomintza (HDPE).

● Hesi geologiko artifiziala. Hesia 0,60 metroko lodiera eta ( 10-9 m/s-ko iragazkortasuna duen geruza mineral trinkotuaz osatuta egongo da, 0,15 m-ko 4 geruzaz eraikia. Xede horretarako, ezaugarri horiek dituzten hondakin trinkotuak edo antzeko babesa bermatzen duen bentonitazko geokonposatua erabil daitezke.

● Erregularizazio-geruza, 0,50 m-ko lodierakoa, Proctor Aldatua entseguaren gehienezko dentsitatearen % 95era trinkotutako hondakin hautatuaz osatua.

● Gasak drainatzeko geruza, sortutako gas-emaria husteko diseinatua, zabortegiaren barruan presiorik sor ez dadin. Geruza horren lanari esker, ez da atmosferara isuriko gas-emari hori eta ez da kaltetuko hondakin-masaren nahiz zabortegiaren zigilatzearen egonkortasun mekanikoa.

Bestelako zigilatze-segidak proposa daitezke, baina behar bezala justifikatu beharko dira instalazioaren arazo zehatzei ematen zaien irtenbidea.

Zehazki, «Donostialdean (Gipuzkoa) San Marko zabortegia itxi eta berreskuratzeko proiektuaren II. fasean» proposatzen da geosintetikoen gaineko lurzoru-geruzak 0,9 metroko lodiera izatea, eta erregularizazio-geruzak, berriz, 0,3 metroko lodiera izatea. Azken geruza hori harri-elementurik gabeko lurrez egitea proposatzen da.

Geruzak ezpondaren eremuetan jarri aurretik, zigilatzea osatzen duten geruzen egonkortasunaren azterketa egin beharko da, irristaduraren aurrean geruzek ( 1,5-ko segurtasun-faktorea dutela bermatzeko.

Horrela zehaztuko da behin betiko zigilatze-azaleraren azken morfologia: utziko den hondakin-masa itxi ondoren 30 urteetan sortuko diren asentuen balioespena egingo da, eta zigilatze-segidan erabilitako materialek asentu horien ondorioz jasango dituzten deformazioei eutsiko dietela justifikatzeko kalkuluak egingo dira. Modu berean, asentatzearen ondoren behin betiko zigilatzearen azalerak jariatze-ur garbiak biltzeko areken bidean gutxienez % 2ko isurialdea duela justifikatu beharko da, eta areka horiek diseinuko emari-ahalmenari eusteko gai izango direla.

Gas-tximinien diseinuak eta horiek zabortegiaren zigilatzearekin lotzeak kontuan hartu beharko du utzi beharreko hondakin-masaren asentuen eragina, lotura horietan hausturak saihesteko.

Putzuetatik erauzitako zabortegiko gasa gasak balioztatzeko instalazioraino eramateko hodi-sarearen trazadura diseinatzerakoan, kontuan hartu beharko da horrek ez duela oztopatu behar mantentze-lanak egiteko perimetro-bidetik zabortegi barrura ibilgailuz sartzea.

Bi sare paralelo jarriko dira zabortegitik erauzitako gasak bideratzeko: sareetako batetik bideratuko dira CH4 ugari duten gasak, eta bestetik bideratuko dira gutxi dutenak.

b) Zabortegiaren gainaldearen birmoldaketa amaitu ondoren, haren azaleraren plano takimetriko bat altxatuko da, malda egokien gainean egiteko zigilatze-sekuentzia eta zabortegiak hartuko duen eremua eta zigilatuko den eremua zehazteko. Gutxienez metro bateko zabalerako zerrenda gehigarria hartuko du hark, birmoldaketaren ostean zabortegiak hartuko duen azalerarekiko. Plano takimetriko horren gainean, zigilatze-lanak egitean hauteman daitezkeen lixibiatu-sorburuak kokatuko dira, eta hauek adieraziko dira haietako bakoitzean: emaria, pH-a, tenperatura, eroankortasun elektrikoa eta neurtze-data.

c) Ingurumen-organo honi 2010eko martxoaren 11n aurkeztu zitzaion «Donostialdean (Gipuzkoa) San Marko zabortegia itxi eta berreskuratzeko proiektuaren II. fasea» agirian adierazten den moduan egingo dira lanak.

Lanek hiru fase hauek izango dituzte:

● Amaierako egitura egoki bat osatuko da, zabortegia behar bezala drainatzeko eta gasgabetzeko. Horrez gainera, material geosintetikoak erabiliko dira eremu zaharrenak iragazgaizteko, eta eremu berrienetan, berriz, behin-behineko zigilatze-lana egingo da, lurrezko materialak erabilita.

● Asentuen jarraipena egingo da, harik eta zabortegiaren erdialdeko eremurako zenbatetsi diren magnitudeak erdietsi arte.

● Berriro zehaztuko da zabortegiaren erdialdeko eremuaren profila, harik eta behin betiko egitura-kotak iritsi arte. Berreskuratu egingo da eremu hori, behin betirako ixteko.

d) Zigilatze-proiektua nabarmen aldatu behar dela ikusten bada zigilatze-lanak egitean, ingurumen-organoari eman behar zaio horren berri, onespena eman dezaten aldaketa horiek egiten aurretik.

e) «Donostialdean (Gipuzkoa) San Marko zabortegia berreskuratu eta ixteko proiektuaren II. faseak» adierazten dituen lan guztiak amaitzean, lana ebazpen honetan ezarritako baldintza eta betebeharren arabera eta ebazpenaren oinarri diren agiri teknikoek adierazitako moduan bete dela egiaztatu beharko du zigilatze-lanen zuzendariak. Egiaztapena egiteko, zabortegia zigilatu dela adierazten duen obra-amaierako ziurtagiria izenpetuko du obra-zuzendariak, eta dokumentazio hau erantsiko zaio ziurtagiri horri:

● Eraikitze-proiektua («as built» izaerakoa), dagokion lanbide-elkargo ofizialaren oniritzia jasota duena. Proiektu horrek plano-sorta egoki bat izango du, eta behar bezala justifikatuko du obra-fasean egin diren aldaketek ez dutela murriztu ebazpen honetan eta haren oinarri diren agirietan ezarritako baldintza eta eskakizunen segurtasun-alderdirik. Horrez gainera, obra bukatzerakoan ikusi ezingo diren elementuen eta haien ezaugarrien argazki-erreportajea erantsiko da, ikuspegi panoramiko orokorrak, xehetasunezko ikuspegiak eta azken horiek planoan duten kokalekua erakutsiko dituena.

● Zigilatze-sekuentziaren landare-lurraren geruzaren gainazalaren plano topografikoa, UTM-ETRS98 koordenatuetan eta kota absolutuetan.

● Eraikitze-kalitatea kontrolatzeko eta bermatzeko programaren emaitzak. Programa horrek barne hartuko ditu eginiko lanak deskribatzen dituen memoria, emaitzak eta ondorioak laburbiltzen dituzten taulak barne; horrez gain, programan jasoko dira esparruko eta laborategiko emaitza analitiko guztiak jasotzen dituzten eranskinak (azken horien txosten osoak gehituko dira) eta laginketa-puntuen kokapena plano takimetrikoan.

f) Ingurumen Organoari aurkeztu behar zaio aurreko atalean adierazitako obra amaierako ziurtagiria eta hari erantsitako dokumentazioa, onarpena eman diezaion. Aurkeztutako agiriak egokiak direla ikusi eta egiaztapen-bisita egin ondoren, zigilatze-lanak egiten amaitzeko eta itxi ondorengo aldia abiatzeko onarpen-erabakia emango du ingurumen-organoak.

E) Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ondorengo baldintzak.

a) San Markos Mankomunitatea izango da zabortegia itxi ondorengo mantentze-lanen eta kontrolaren arduraduna, eta eginkizun horiez arduratuko den pertsonaren izena jakinaraziko dio ingurumen-organoari.

b) Posta-helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa edo edozein komunikabide eta kontaktu, edo itxi ondorengo kontrolaz arduratuko den pertsona aldatzen badira, horren berri eman behar du zabortegiaren titularrak.

c) Itxi ondorengo kontrola eta zainketa-aldia 30 urtekoa izango da, zabortegiaren jarduera eten eta zigilatzea bukatzen den data onartzen den unetik kontatzen hasita. Epe hori aldatzea erabaki dezake ingurumen-organoak, baldin eta hori egitea komeni bada, itxi ondorengo kontrolen emaitzei erreparatuta. Ingurumen-organoak emandako ebazpen bidez erabakiko da, sustatzaileak berariaz eskatu ondoren, noiz amaituko den zabortegia itxi ondorengo aldia eta noiz amaituko diren itxiera-gairako betebeharrak. Atal honetan arautzen diren baldintza betetzen direla egiaztatu behar da ebazpen hori eman aurretik.

d) San Markos Mankomunitateak erabakiko du nork zainduko dituen zabortegia itxi ondorengo lanak. Izendatutako enpresa ez bada zabortegiaren titularra, izendapen horrek urtebeteko iraupena izango du gutxienez. Izendapen horren berri eman behar zaio ingurumen-organoari, izendapena egin eta 15 eguneko epean, eta zabortegiaren titularraren ordezkariaren onarpen-sinadura, itxi ondorengo zainketaz arduratuko den enpresako ordezkariaren onarpen-sinadura eta titularrak emandako agirien zerrenda xehatua jasoko ditu. Zabortegiari dagozkion administrazio-eskakizun guztiak jasoko ditu zerrendak, bai eta zabortegia zigilatzean eta itxi ondorengo zainketan zehar sortutako agiri tekniko guztiak ere.

e) Obrak eta/edo jarduerak egin nahi baldin badira zabortegian hura itxi ondoren, ingurumen-organoaren baimena izan beharko da haiek egin aurretik. Nolanahi ere, jarduera horiek zigilatze osoa, perimetro-kanalen funtzionamendua, egonkortasuna edo itxi ondorengo kontrol-sistemaren elementuetan eraginik ez dutela, eta garatu nahi den jardueraren erabilerarako edo jarduerarako arrisku onartezina eragingo ez duela ziurtatu beharko zaio ingurumen-organoari. Horrela eginez gero, horiek birjartzeko nahikoa neurri zuzentzaile aurreikusi dela ziurtatu beharko da.

Horretarako, zigilatzean sortzen den zuhaitz- edo zuhaixka-landaredia ezabatu egingo da.

Ereiteen mantentze-lanak egin beharko dira, hala nola, ebakitzeak, ongarritzeak eta ureztatzeak.

Zigilatutako eremuan landare-espezie inbaditzailerik ez dela ezartzen zainduko da. Halakorik ezarriko balitz, haien ugaltzea kontrolatuko da eta errotik kentzeko neurriak hartuko.

Berritu egingo dira zigilatutako eremu guztiak, bai zabortegiko partzelakoak, bai instalazio lagungarriek hartzen dituztenak, bai haietara joateko bideak. Horixe bera egingo da zerbitzu-sareak egiteko eta lixibiatuak ebakuatzeko eremuekin, bai eta, berritze-planean ageri ez arren, zigilatze-lanak amaitu ondoren kaltetuak suertatzen diren eremuekin.

Inolaz ere ez da baimenduko zabortegia itxi ondorengo fasean barrena zabortegiaren zigilatzea bizilekurako erabiltzea. Halaber, ez da baimenduko zigilatze-sekuentziako ur garbien drainatze-geruzaren gainazaletik 50 cm baino gutxiagora hurbil daitekeen jarduerarik.

F) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan adierazitako moduan eta hurrengo ebazpen-ataletan araututako moduan beteko da ingurumena zaintzeko programa:

F.1.– Airearen kalitate-kontrola.

F.1.1.– Atmosferara egindako isurien kontrola.

● Zabortegiko isuriak kontrolatu behar ditu San Markos Mankomunitateak, informazio hau aintzat hartuta:

(Ikus .PDF)

● Kontrol-erakunde baimendu (KEB) batek egin behar ditu aurreko atalean adierazitako neurketa guztiak, eta Ingurumen Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoek agintzen dituzten baldintza guztiak bete behar dituzte aldiroko neurketa horiei buruzko txostenek.

Puntu hauetan neurtuko da zabortegiko gasa: tximinien barnealdean, lixibiatuen irteeran, lurpeko uren irteeran, zabortegiaren gainaldean eta ustiapen-gunearen perimetroan.

Parametro hauek neurtu behar dira gutxienez: CO, CO2, O2, H2S eta CH4 gasak, presio atmosferikoa eta airearen tenperatura. Barruan eta hilero neurtuko dira ustiapenean zehar, eta sei hilean behin itxi ondorengo ustiapen-fasean.

Urtero, neurketa bat egingo du kanpo-erakunde batek.

F.1.1.1.– Lortutako emaitzak erregistratzea.

Dokumentazio eguneratua baliatuz, erregistro bat egingo da euskarri informatikoan (edo, horrelakorik ezean, paper-euskarrian), urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu eta katalogo hori aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dituenak, 8. artikuluan arautzen duena betez. Erregistro horretan adieraziko dira egin diren neurketen emaitzak, mantentze-eragiketak, garbiketa, aldiroko berrikuspenak, matxurengatiko geldialdiak, egiaztapenak, eta bestelako gertakariak. Dokumentazio guztia eguneratuta edukiko da, eta ingurumen-ikuskarien eskura jarriko da.

F.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Analisi hauek egingo dira zigilatze-lanak egin bitartean eta zabortegia itxi ondorengo fasean:

(Ikus .PDF)

b) Lurpeko urak:

(Ikus .PDF)

c) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual adierazgarria.

Isurketen kontrolen emaitzak hilabeteko (1) epean bidaliko dira Ingurumen Sailburuordetzara, laginak hartzen direnetik aurrera.

d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.

e) Isurketak bete egingo ditu baimenean jarritako baldintza guztiak, baldin eta D.2.3.3 ataleko parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen baldin baditu.

F.3.– Datu meteorologikoen bilketa.

Zabortegia ustiatu eta itxi ondorengo aldian, parametro meteorologikoen kontrol bat egingo da zabortegi barruko estazio meteorologikoan, eta 10 minuturo gordeko dira. Zehazki, parametro hauek aztertuko dira:

● Haizearen abiadura eta norabidea.

● Airearen tenperatura.

● Hezetasun erlatiboa.

● Presio barometrikoa.

● Prezipitazioa.

● Eguzki-irradiazio orokorra.

Batez besteko datu meteorologikoak eta metatuak 10 minuturo gordeko dira, eta ahalik eta maiztasun handienaz gordeko dira erregistro puntualak.

Lurrunketa lisimetroetan lortuko da, eta horien kokapena eta ezaugarriak dagokien diseinua aurkeztu ondoren zehaztuko da. Hala ez bada, datu meteorologikoetan oinarrituta kalkulatuko da.

Lurruntze-transpirazioko datuak 10 edo 20 minuturo hartuko dira.

F.4.– Zabortegiaren balantze hidrikoa.

Kanpoko erakunde batek zabortegiaren balantze hidrikoa egingo du urtero. Horretarako, erregistratutako lixibiatuen emariaren datuak eta erregistratutako datu meteorologikoak eta zabortegiaren gainazalean sortzen diren aldaketen plano topografikoak (zigilatutako eremuak, isurketarako eremuak, eta abar.) erabiliko dira.

Balantze hidrikoa egin aurretik, erregistratutako datuen zuzentasuna egiaztatuko da, zehazteko zer garaitan diren haiek fidagarriak eta noiz erabil daitezkeen balantzeetan. Denboran izandako eboluzioa adierazten duten grafikoak baliatuko dira. Erregistratutako datuek igaro duten prozedura osoa azalduko da balantze hidrikoaren txostenean. Era berean, planoetan erakutsiko dira askotariko materialez estalitako eremuak (zigilatuta daudenak eta zigilatu gabeak, iragazgaiztuak daudenak eta ez daudenak, birlandatuak izan direnak eta izan ez direnak, hondakinak dituztenak, lurrez estaliak izan direnak, etab.), eta eremu horiek balantze hidrikoak adierazten duen denbora-epean izan dituzten aldaketak adieraziko dira.

Itxi ondorengo aldiko lehen balantzeak zabortegiaren portaera hidrodinamikoaren analisia jasoko du, erregistratutako emariaren eta eroankortasun elektrikoaren datuetatik eta itxi aurreko eta ondorengo balantze hidrikoaren konparazio-lanetik abiatuta.

F.5.– Zabortegiaren topografiaren kontrola.

Zabortegiaren topografiaren kontrola egitean, bete egingo da sustatzaileak aurkeztutako agiri honek jasotzen duen dokumentazioak egiten duen proposamena: «Donostialdean (Gipuzkoa) San Marko zabortegia itxi eta berreskuratzeko proiektuaren II. fasea. 2009ko abendua». Alderdi hauek jasoko dituzte kontrol topografiko horren emaitzek: neurtzeko bitarteko eta materialak, gertatutako gorabeherak, aldi bateko bilakaeraren grafikoak, erregistratutako datuak euskarri elektronikoan (kalkulu-orria), eta horien interpretazioa.

F.6.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea

Jardueraren parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero ingurumena zaintzeko programak, haiek ingurumenean duten eragina aztertzeko.

(Ikus .PDF)

F.7.– Zarataren kontrola.

a) Hiru urtean behin, Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq indize akustikoen ebaluazioak egin behar dira, 60 segundoz. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da zer maiztasunez egingo diren neurketak aurrerantzean.

b) Akustikaren alorreko entsegu-laborategiek egingo dituzte aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak. ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako laborategiak izan behar dute. Nolanahi ere, ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du ingurumen-organoak.

c) Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak.

F.8.– Emaitzak kontrolatzea eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, txosten batekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak nahiz ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

F.9.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu behar du sustatzaileak, eta han jaso behar ditu aurkeztu dituen agirietan proposatu dituen eta ebazpen honetan ezarri diren betebeharrak. Programa horrek hauek zehaztu behar ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua adierazi beharko du.

Ingurumena zaintzeko programan jardueraren ohiko adierazleak eta horiek analizatzeko sistematika sartuko dira, ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko enpresak berak ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatzeko (ingurumen-adierazleak).

G) Prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak ohiz kanpoko egoeretan.

G.1.– Planta gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen balioespena egin behar du enpresak, eta, beharrezkoa denean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere bai.

G.2.– Jarduera etetea, itxi ondorengo aldia bukatzean.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (90.002 epigrafea «Hondakinak tratatzeko jarduerak»), eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela-eta, San Markos Mankomunitateak hasiera eman behar dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

G.3.– Funtzionamendu anomaloetarako prebentzio-neurriak eta jardunak.

Egoera anomaloetan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira sustatzaileak aurkeztutako agirietan jasotako proposamenean. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua izan behar da instalazioen egoera bermatzeko, eta, bereziki, ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri izango diren baliabideak eta ezarri diren segurtasun-neurriak adierazi behar dira eskuliburu horretan. Isuri-ihesen aurrean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta xehetasunez azalduko dira alderdi hauek guztiak: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak. Berariaz, urtero egin behar dira zuzi-erregailuaren mantentze-lanak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso behar du, eta alderdi hauek adieraziko ditu: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Era berean, ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gertaerena ere.

d) Ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira jarduera egiteko behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak.

e) Aurretik aipatutako prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan, zuziaren instalazioaren egoera ona bermatuko duten neurriak eta D.2.2 atalean jasotako ustiapenerako baldintzen betetzea jasoko dira.

f) Larrialdi-egoeretan berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

g) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura. Ez dira tratamenduko plantara eramango eraginkortasunean eragin dezaketen produktuen jarioak.

h) Aldizkako garbiketa-lanak egiterakoan, ez dira ubidera isuri behar depositu edo baltsen sakonean metatutako solidoak. Erretiratu egin behar dira, kudeatzeko edo zabortegian uzteko.

i) Aldiro erauziko dira arazte-prozesuan pilatzen diren soberako hondakin solidoak eta lohiak, instalazioa behar bezala funtzionatuko duela bermatzeko. Beharrezkoa baldin bada, hondoko hustubiderik gabeko andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira.

j) Ez dira inoiz ere pilatuko solidoak edo lohiak euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua dakarten lekuetan.

k) Lohiak tratatzeko aukera ematen badute instalazioek, haien sarreran birzirkulatuko da xukatutako ura, tratatua izateko.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta legeria horrek agintzen dituen betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

m) Arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta istripuen ondoriozko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian jartzeko behar diren bitarteko egokiak jarriko ditu titularrak. Kasu honetan, hauek nabarmendu behar dira:

Hidrokarburoak xurgatzeko gaiak eduki behar dira estazioan, erroilu-erakoak, pikortatuak edo antzekoak, berehala aplikatu ahal izateko istripuzko jariorik edo ihesik gertatzen bada.

Ebazpen honen D.2.4 atalean deskribatutako jarduerak egiteaz gain, behar bezala isolatuko dira gasolioa biltegiratzeko eta maneiatzeko instalazioak, hausturek, istripuzko gainezkatzeek eta bestelako gertakariek eragin ditzaketen jarioei aurre egiteko.

Ebazpen honetako D.2.4. atalak arautzen duena betetzeko, nahitaezkoa izango da instalazioa ustiatzeko protokolo edo eskuliburu bat izatea eta inplementatzea. Enpresa espezializatu baten egin behar du plan hori, eta han jaso behar da nola egingo diren ekipo elektromekanikoen, zunden, mintzen, dosifikatze-gailuen, kontrolerako elementuen eta gainerako tresnen mantentze-lanak. Horrez gainera, nahitaezkoa izango da enpresa espezializatu batek araztegiaren mantentze-lanetarako protokolo edo eskuliburu bat egitea, eta bertan jasotzea nola egingo diren ekipo elektromekanikoen mantentze-lanak, arbastu-garbiketak, soberako solido eta lohien purgak, etab. Azken protokolo edo eskuliburu horretan adieraziko da nola egingo den lohien kontzentrazioaren aldizkako jarraipena erreaktore biologikoan, haiek garbitu eta erretiratzeko.

Era berean, nahitaez kontratu bat sinatzea eskatzen da araztegiaren mantentze-lanetarako, eta prozesuaren, errendimendu eta arazketaren, ekipo elektromekanikoen eta sentsoreen funtzionamendu egokia ikuskatzeko.

Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

n) Desezadura-sistema bat jarriko da, biogasaren hezetasun-maila ihintz-puntutik nahikoa urrun dagoela ziurtatzeko.

o) Bereziki haizetsuak izango diren egunen iragarpena izanez gero (haizearen abiadura > 60 km/h), aldez aurretik jaso beharko dira haizeak arrastaka eraman ditzakeen materialak (plastikozko poltsak, eta abar).

p) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren bat gertatzen baldin bada (besteak beste, ustekabeko isuria, isurtzeko muga-balioak gainditzea, edo zabortegiaren zigilatzearen edo itxi ondorengo sistemaren elementuren baten funtzionamenduari edo integritateari eragin diezaiokeen beste edozein), San Markos Mankomunitateak berehala eman behar dio gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri Ingurumen Sailburuordetzari.

Lehertzeko Gutxieneko Mugaren % 10aren parekoa den gas-kontzentrazio bat gertatu delako, alarma-egoeraren bat gertatzen baldin bada eroanbideetan, berehala emango zaio horren berri telefonoz eta faxez Aguas del Añarbe, S.A. enpresari. Hala ere, dagozkion segurtasun-neurriak hartuko ditu San Markos Mankomunitateak.

q) Egoera horietan, hondakinak arriskutsuak badira edo arriskutsuak direla susmatzen bada, berehala emango zaio horren berri faxez edo posta elektronikoz (jaso izanaren adierazpenarekin) Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari, intzidentzien erregistroan idatzitako datuak erantsita.

r) Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, eta nolanahi ere ezbeharrezko isuria edo airerako isuria bada, SOS DEIAK eta Udalari jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, datu hauek agertuko dira:

● Gertakari-mota.

● Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

● Iraupena.

● Ustekabeko isurketa bada, emaria eta isuritako gaiak.

● Mugak gaindituz gero, isuriei buruzko datuak.

● Eragindako kalteen balioespena.

● Hartutako neurri zuzentzaileak.

● Prebentziozko neurriak berriro gerta ez dadin.

● Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

s) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

H) Neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera izango da, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan, baldin eta arau berriak indarrean jarri baldin badira alor horretan edo sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri funtsezkoetara egokitzeko premia sortzen baldin bada. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa alda daitezke, bai jardueraren sustatzaileak hala eskatu duelako, bai, ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzek aldaketak egiteko premia bistaratu dutelako.

l) Urtean behin, San Markos Mankomunitateak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara eta uretara egindako isurtzeei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi inbentarioa, botatako eta eskualdatutako kutsagarrien inbentarioa, landu eta eguneratzeko. Hori horrela, bete egingo ditu kutsagarrien isurtze eta eskualdatzeen europar erregistro bat ezartzen duen 2006ko urtarrilaren 18ko 166/2006 (EE) Erregelamenduak arautzen dituen irizpideak.

Igorritako datuei dagokienaren hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen bidaliko da informazio hori, eta, zehazki, Ingurumen Deklarazioaren bidez emango da. Informazio-bidalketa hori egiteko eragiketek aintzat hartzen dituzte Ingurumen Deklarazioko datu teknikoak eta ingurumen-prozedurari dagozkion datuak, eta, berariaz, IKS-eeM sistemako (www.eper-euskadi.net web-orrian dago eskuragarri), hau da, Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemako, erakunde bertsioa baliatu behar da informazio hori bidaltzeko. Datu horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroan sartuko dira, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, hau da, E-PRTR-Europa erregistrora bidaltzeko.

Era berean, ebazpen honetan adierazten diren gainerako informazio-trukeak aipatu ingurumen-adierazpenaren bidez egingo dira, lehentasunez.

Informazio hori publikoa izango da, eta bete egingo du ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, partaidetza publikorako eta ingurumen gaietan justiziara heltzeko eskubideak arautzekoa den uztailaren 18ko 27/2006 Legea –lege horrek 2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak kontuan hartzen ditu–. Era berean, beti beteko da abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoa.

J) Instalazio horietan erabiltzen eta sortzen diren substantziek –eta, zehazki, 1907/2006 EE Erregelamenduan erregistratu eta ebaluatzeko aurreikusitako prozesuan identifikatu diren substantziek– giza osasunarentzat eta ingurumenarentzat izan dezaketen arriskuen berri eman behar diote instalazioaren titularrek agintaritza eskudunari. Hori egitean, aintzat hartuko da zer arautzen duen 2007ko apirilaren 21eko 509/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. puntuak.

K) Ingurumeneko baimen bateratu honen mendeko instalazioan egindako aldaketek bete egin behar dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimena. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da funtsezko aldaketak egiteko.

Instalazioetan egiten diren aldaketa guztien berri eman behar da. Aldaketak jakinarazteko, osorik bete behar da helbide elektroniko honetan ageri den formularioa:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/es/contenidos/informacion/ippc/es_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc

Eskatutako aldaketa kalifikatu eta hura funtsezkoa den ala ez argituko du ingurumen-organo horrek. Erabaki hori hartzeko, Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzkoa den uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10.2 artikulua bete behar du.

Era berean, eskatutako aldaketak baimendu aurretik, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko da, baldin eta Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeko IB eranskinean, edo proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko I. eranskinean adierazitako egoeretakoren batean eskatu baldin bada aldaketa hori.

Eskatutako aldaketa ez baldin badago jasota ez 3/1998 Legearen IB eranskinean ez 1/1208 Errege Dekretu Legegilearen I. eranskinean, baina bai horren II. eranskinean, ingurumen-organoak gehienez ere hiru hilabeteko epean erabakiko du aldaketa horri ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion ala ez; betiere, behar bezala bete ondoren Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak egoera horietarako arautzen duena.

Hirugarrena.– San Markos Mankomunitateak ingurumen-organoari egiaztatu behar dio ebazpen honetako bigarren ataleko ondorengo puntuetan ezarritako baldintzak betetzen dituela, ebazpen hau jakinarazten denetik 6 hileko gehienezko epean:

A (erantzukizun zibileko asegurua);

B (finantza-azterketa eguneratua);

C (instalazioko arduradun teknikoaren informazioa);

D.2.2.2 (hautemandako fokuei buruzko informazioa);

D.2.4.1 e) eta D.2.4.2 d) (sortutako hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen onarpeneko agiriak);

D.2.4.2 (urtean sortzen diren hondakin ez-arriskutsuen kantitateak);

D.2.4.2 a) (amonio sulfatoaren aurretiko karakterizazioa);

D.3.1 (obra-zuzendaritza eta geosintetikoen kalitatearen kontrol-bermea zer enpresen esku izango den jakinaraztea);

F.1 (Atmosferarako emisioen kontrola);

F.7 (zarata kontrolatzeko proposamena);

F.9 (ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina);

G.3 a) (prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua);

G.3.c) (Ustiapenari buruzko eskuliburua);

G.3.f) (larrialdi-kasuetarako material-zerrenda);

G.3.g) (kubetak husteko maniobraren protokoloa)

G.3.s) (suteen aurkako babesari buruzko ziurtagiriak);

Ebazpen hau eraginkorra izango bada, hauek egiaztatu behar zaizkio aldez aurretik, agirien bidez, Ingurumen Sailburuordetzari:

D.3 d) (obra-amaierako ziurtagiria eta aurkeztutako proiektuan zehaztu diren hiru faseetako bakoitzaren «as built» eraikuntza-proiektua).

Horrez gainera, baimen hau indarrean jarri aurretik, instalazioak aurkeztu den proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla egiaztatu behar zaie ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoei, baldin eta ikuskapen-bisita bat egiten baldin badute instalaziora. Ikuskapen-bisita egin aurretik, baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar du sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan. Teknikari aditu batek egindako egiaztagiria izan behar du.

Adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen denean, ingurumeneko baimen bateratuaren eraginkortasuna adierazteko ebazpena emango da. Emango den ebazpenak zigilatze-lanen amaiera onartu, zigilatutako eremuari dagokion lurzoruaren kalitate-adierazpena egin eta itxieraren ondoren aldiari hasiera emango dio.

Laugarrena.– Edonola ere, ingurumen-baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluak arautzen dituen egoeretan.

Artikulu hori betetzekoa den arren, aldatu egin daitezke ebazpen honen baldintzak eta ingurumena zaintzeko programan jasotako baldintzak, baldin eta jardueraren sustatzaileak horrela eskatzen baldin badu eta behar bezala justifikatzen baldin badu haiek aldatzeko premia. Horrez gainera, ofizioz alda daitezke baldintzak, honako egoera hauetan:

● Arau berriak indarrean jartzen direnean.

● Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko jakintza adierazgarri berrietara egokitzeko beharra ikusten baldin bada, bereziki sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

● Egiaztatzen baldin bada, ingurumena zaintzeko programa jasotako emaitzen edo bestelako oharpenak aztertu ondoren, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak ez direla behar bestekoak beren xedea lortzeko.

Bosgarrena.– Titulartasun-aldaketaren bat gertatzen baldin bada ebazpen honen xede den hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren proiektuan, horren berri eman behar du San Markos Mankomunitateak, titulartasun-aldaketa hori onar dezan Ingurumen Sailburuordetzak.

Edonola ere, zabortegiak eta bere instalazio osagarriek okupatutako lursailaren titulartasuna transmititzen bada edo hori edukitzea bertan behera uzten bada, ebazpen honetan aurreikusitako betebeharrak betetzen jarraitu beharko da. Aintzat hartuta zer arautzen duen 21. eta 24.4. artikuluetan otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak –hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen du dekretu horrek–, hilabetetik beherako epe batean jakinarazi behar zaio titulartasun-aldaketa hori (salmenta, lagapena edo dagokiona) ingurumen-organoari, aldaketa hori formalizatzen denetik kontatzen hasita. Ingurumen-organoak agirien bidez onartu behar du eskualdaketa hori, dagokion ebazpena emanda.

Seigarrena.– Baimen hau iraungi egingo da egoera hauek gertatzen baldin badira:

● Ez baldin bada epearen barruan egiaztatu behar bezala bete direla ebazpen honen hirugarren atalean arautzen diren baldintzak, ingurumen-baimen bateratua eraginkorra izateko bete behar direnak; eta interesdunak ez baldin badu, epea amaitu baino lehen, epe horren luzapen justifikatua eskatu.

● San Markos Mankomunitatearen nortasun juridikoa iraungitzen bada, indarreko arauek ezarritako kasuetan.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea San Markos Mankomunitateari, Astigarragako, Donostiako eta Errenteriako udalei, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Zortzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bederatzigarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Alde horretatik, bete egingo da azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, eta, gerora, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutakoak, 114. artikuluan eta ondorengoetan arautzen duena.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 31.

Ingurumen sailburuordea,

ARANTZA LETURIONDO ARANZAMENDI.


Azterketa dokumentala