Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2014ko uztailaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3197

AGINDUA, 2014ko ekainaren 24koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan «Fundación Síndrome de Down del País Vasco» fundazioaren estatutuetako 4. artikuluan (helburua) egindako aldaketa onartu eta inskribatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2014ko martxoaren 26an, eskritura publiko baten kopia baimendu bikoiztu bati eman zitzaion sarrera Herri Administrazio eta Justizia Sailean; zehazki, «Fundación Síndrome de Down del País Vasco» fundazioaren Patroien Batzordeko idazkari Ruben Gabella Miñambresek 2014ko martxoaren 17an egiletsitakoa, fundazioaren helburua eta estatutuak aldatzeko. Eskritura publiko hori Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villaren aurrean egiletsi zen (protokolo-zenbakia: 512).

Eskritura publiko horretan sartu zen Rubén Gabella Miñambresek –fundazioko idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin– 2014ko martxoaren 17an emandako ziurtagiria, 2014ko otsailaren 18an Patronatuak egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 4. artikulua aldatzea (helburua).

Eskrituran, aldatutako artikuluaren idazketa berria jasotzen da, osorik.

Bigarrena.– 2014ko maiatzaren 6ko idazki baten bidez, Fundazioen Erregistroak atzemandako hutsak zuzentzeko eskatu zion fundazioari, eta 2014ko ekainaren 6an, Herri Administrazio eta Justizia Sailera iritsi zen 2014ko ekainaren 4an Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren kopia bikoitza (protokolo-zenbakia: 1038), aurretik emandako beste bat zuzentzekoa.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, erabaki-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak; aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 4.2 artikuluan aurreikusitako babeslaritza-funzioetan jardunez, 2014ko ekainaren 23an, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendariak emandako Ebazpenaren bidez, Fundazioaren estatutuen aldaketa onartu egin da, betiere dekretu horretako 33.1 artikuluarekin bat etorriaz eta, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeko 31.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Aipatutako manuak eta aplikatu beharreko gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko «Fundación Síndrome de Down del País Vasco» fundazioaren estatutuetako 4. artikuluaren aldaketa onartzea (helburua).

Bigarrena.– Fundazioaren estatutu-aldaketa hori inskribatu dadila agintzea, agindu honen data duela, eta 2014ko martxoaren 17an Bilboko notario Juan Ignacio Gómez Villaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 512). Eskritura publiko hori zuzendu egin zen, notario beraren aurrean, 2014ko ekainaren 4an egiletsitako eskritura publikoaz (Protokolo zenbakia: 1.038).

Estatutuen 4. artikulua aldatzearen ondorioz, hauek dira helburuak, eguneratuta:

«4. artikulua. Fundazioak helburu hauek ditu:

a) Down sindromea dutenei laguntzea, eta, beraz, sindrome horri buruzko azterketa, diagnostiko eta tratamenduak, baita gaiaren inguruko ikerketa, zabalkunde eta argitalpenak ere. Salbuespenez, Down sindromea ez den beste minusbaliotasunen batek eragindakoei ere lagundu ahal izango zaie. Horretarako, fundazioaren patronatuak, eskaera egin duen kasu zehatz bakoitza aztertu eta baloratu ondoren, horren gaineko erabakia hartuko du, eta eskabidea onartzeko, ezinbestekoa izango da patronatukideen bosten baten aldeko botoa izatea.

b) Zerbitzu, zentro eta erakundeen sustapena, helburu hori bete ahal izateko.

c) Eritasunak eragindakoak, hots, fundazioaren onuradunak, gizarteratzea.

d) Down sindromea eta beste minusbaliotasun intelektual batzuk dituzten pertsonentzako enplegu-sustapena eta/edo lan-bitartekotza.

e) Adierazitako helburu horiekin lotuta dagoen beste edozein xede.

Inolako jardueratan ez da egongo irabazi-asmorik».

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 24a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala