
128. zk., 2014ko uztailaren 8a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (190 KB - 2 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3084
138/2014 DEKRETUA, ekainaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari San Mamés Barria, S.L. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.
San Mamés Barria, S.L. sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2014ko ekainaren 2an egindako bileran, Akziodunen Batzar Orokorrari kapital-gehikuntza proposatzea erabaki du, hogeita hamabi milioi eta zazpiehun mila (32.700.000) euroko gehikuntza hain zuzen. Eta Bazkideen Batzorde Orokorrak, 2014ko ekainaren 4an egindako bileran, kapital sozialaren gehikuntza hori bi alditan gauzatzea onartu du: lehenengoan 21.150.000 euro eta 11.550.000 euro bigarrenean, euro baten balio nominaleko 32.700.000 partaidetza sozial berriren jaulkipenaren bidez. Partaidetza berri horiek zatiezinak eta metakorrak izango dira, eta gaur egunekoek dituzten eskubide politiko eta ekonomiko berberak izango dituzte.
San Mamés, S.L. sozietateak, gaur egun, 140.766.103 euroko kapital soziala du. Hortik, Athletic Club-ek % 26,50eko sozietate-partaidetza du, Bizkaiko Foru Aldundiak % 28,70ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 23,16ko partaidetza du, Kartera 2, S.L. sozietateak % 21,60koa, eta Bilboko Udalak, berriz, kapital sozialaren % 0,04 du.
Lehenengo gehikuntzari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak orain jaulkitakoetatik 3.450.000 partaidetza hartuko ditu, eta ordainketa 2014ko uztailaren 1a baino lehenago egingo du. Gainerako partaidetza berriak beste bazkideek harpidetuko dituzte, jarraian adierazitako zenbatekoak gogoan: Athletic Club-ek 3.200.000 euro hartuko ditu bere gain, Kartera 2, S.L. sozietateak 4.900.000 euro eta Bizkaiko Foru Aldundiak 9.600.000 euro.
Bigarren gehikuntzari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak 3.450.000 partaidetza sozial hartuko ditu, Athletic Club-ek 3.200.000, eta Kartera 2, S.L. sozietateak gainontzeko 4.900.000 partaidetzak. Era horretan harpidetutako partaidetzak beranduenik 2014ko urriaren 1ean ordainduko dira.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak honako hau ezartzen du: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea atxikirik duen edo izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak nahitaez adieraziko ditu, non eta doako eskuratzea ez den, sozietatearen xedea eta EAEk, zuzenean nahiz zeharka, zenbateko partaidetza-portzentajea izango duen sozietatean.
San Mamés Barria, S.L. sozietatearen helburu soziala kirol-estadio berri bat sustatzea, eraikitzea eta ustiatzea da, sozietateak Bilbon dituen lurretan. Kirol jarduerak ez ezik, estadio berriaren ustiapenak hartuko ditu, baita ere, legez onartzen diren estadioaren erabilerei begira egin litezkeen bestelako jarduera osagarriak ere, alegia, sozietateak zuzenean egindako jarduerak edo beste batzuen bitartez egindakoak.
Behin bazkideek partaidetza sozialak eskuratzen dituztenean, Administrazioak San Mamés Barria, S.L. sozietatean duen partaidetza % 22,77koa izango da.
Sozietateko kapital-gehikuntzek berekin dakarte estatutu-aldaketa, eta beraz, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetzen ordezkariari baimena ematea, aldaketa horiei dagokienez bere adostasuna adierazteko, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 111. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko ekainaren 24an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea San Mamés Barria, S.L. sozietateak egin behar dituen kapital-gehikuntzetan parte hartzeko, 6.900.000 partaidetza sozial eskuratzeko hain zuzen; sei milioi eta bederatziehun mila (6.900.000) euroko balioa du eskuratze horrek. Halaber, baimena ematea ordainketa egiteko, Akziodunen Batzar Orokorrak –kapitala gehitzeko Erabakian– adierazitakoaren arabera. Kapitala gehitzeko aurreikusitako erabakiak bete ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 22,77ko partaidetza izango du.
2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetzen ordezkariari baimena ematea Bazkideen Batzar Orokorrean San Mamés Barria, S.L. sozietatearen estatutuetako 5. artikuluaren aldaketa onartzeko.
3. artikulua.– Ahalmena ematea Ondare eta Kontratazioko zuzendariari, aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko behar diren jarduketak egin ditzan.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2014ko ekainaren 24an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
RSS