Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2014ko uztailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3081

EBAZPENA, 2011ko apirilaren 5ekoa, Ingurumen sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen zaion Kemira Ibérica, S.A.ri, ura iragazteko koagulatzaileak egiteko Bizkaiko Alonsotegiko udalerrian daukan jarduerarako.

Ingurumen sailburuordearen 2008ko apirilaren 25eko ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Arkema Química, S.A.ri ura iragazteko hidrokarburo halogenatu eta malutatzaileak egiteko Bizkaiko Alonsotegiko udalerrian daukan jarduerarako.

2008ko ekainaren 13an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Arkema Química, S.A.k 2008ko apirilaren 25eko ebazpen horren aurka.

2009ko apirilaren 20an, Arkema Química, S.A.k 2008ko apirilaren 25eko ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duen agindua eman zuen ingurumen-organoak. Agindu horretan, partzialki onartzen da gora jotzeko errekurtsoa, eta aldatu egiten dira ebazpenaren aurrekariak eta lehen eta bigarren atalak (B.1.1.3, B.1.2.2, B.1.3.1, C.3 eta C.5 azpiatalak).

2009ko urriaren 20an, malutatzaileak egiteko linea 2007ko azaroaren 30ean Kemira Ibérica, S.A.ri saldu ziola jakinarazi zuen Arkema Química, S.A. enpresak, eta salerosketaren eskriturak aurkeztu zituen.

Egun horretan bertan, Kemira Ibérica, S.A.k dokumentazioa bidali zuen, 2008ko apirilaren 25eko ebazpenean bere jarduerari dagokion hirugarren atalean eskatutako dokumentazioa osatzeko.

2011ko urtarrilaren 19an, Ingurumen Sailburuordetzari atxikitako zerbitzu teknikoek ikuskaritza-bisita bat egin zuten Kemira Ibérica, S.A.ren Bizkaiko Alonsotegiko instalazioetan, 2008ko apirilaren 25eko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko, eta AAI00309/1 zenbakidun akta egin zen bisitan egiaztatutakoa jasotzeko.

Baimenean sartuta ez dauden eta sistematikoak ez diren bi isuri-foku daudela egiaztatu zen ikuskapen horretan: ekipo elektrogenoarena eta HCI-biltegiarena.

Aintzat hartu da ebazpen hau emateko ingurumen-organo honek duen eskumena, eta kontuan izan da xedapen hauetan ezarritakoa: 3/1998 Lege Orokorra, 1998ko otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duena; eta 629/2009 Dekretua, 2009ko abenduaren 22koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Ikusi dira xedapen hauek: 3/1998 Legea, 1998ko otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duena; 16/2002 Legea, 2002ko uztailaren 1ekoa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuena; 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, 2008ko urtarrilaren 11koa, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioaren Legearen testu bategina onartzen duena; 629/2009 Dekretua, 2009ko abenduaren 22koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 30/1992 Legea, 1992ko azaroaren 26koa, Herri Administrazioen eta Administrazio Prozedura Erkidearen Araubide Juridikoarena, 1999ko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua; eta aplikatzekoa den gainerako araudi orokorra; eta hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehena.– Kemira Ibérica, S.A.ri –helbide soziala: Gran Vía de les Corts Catalanes 641, 08010, Bartzelona; eta IFK: A-08807596–, Ingurumen Baimen Integratua ematea, ura iragazteko malutatzaileak egiteko Bizkaiko Alonsotegiko udalerrian daukan jarduerarako, betiere ebazpen honen bigarren atalean ezarritako baldintzak betetzen baditu.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuen 2002ko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskineko 4.2.d –«Gatzak fabrikatzea»– kategorian sartzen da jarduera hori.

Plantak 1.243 m2-ko azalera dauka, eta horietatik 433 m2 eraikita daude.

Kemira Ibérica, S.A.k Alonsotegin daukan plantan, ura iragazteko malutatzaileak egiten dira (aluminiozko oinarrizko poliklorosulfato eta aluminiozko oinarrizko polikloruroa), eta ekoizpen-gaitasuna egunean 414 t-koa da.

Produktu malutatzaileak egiteko erabiltzen diren lehengaiak hauek dira: HCl % 33an, H2SO4 eta Al(OH)3. Erreakzioaren ondoren, erreaktorea hustu egiten da, eta sortzen den produktua iragazteko prozesu batetik pasatzen da.

Ekoizpen-prozesu osoan eta suteen aurkako defentsa-sisteman instalazioetan erabiltzen den ur guztia Arkema Química, S.A.ren instalazioetakoa da.

Energia-baliabide hauek erabiltzen dira: elektrizitatea, plantako zerbitzu orokorretarako eta ekoizpen-prozesuak garatzeko (urteko kontsumoa, gutxi gorabehera: 960 MWh) eta Arkema Química, S.A.k ematen duen ur-lurruna.

Instalazioetan, atmosferarako isuri-foku sistematiko bat bakarra dago: HCIarekin garbitzeko zutabekoa. Foku horretan, HCIa xurgatzeko sistema bat dago.

Enpresan sortzen diren efluenteak hauek dira: malutatzaileak egiteko prozesuetan sortzen diren jatorri industrialeko urak, kubetoetako eta hustulekuetako isuriak eta efluente likidoak, ur sanitarioak, kutsadurarik ez dakarten euri-urak eta kutsatutako euri-urak, zeinak ekoizpen-guneetako kubetoetan biltzen diren eta bete eta husteko kutxatila-sistematik isurtzen diren.

Jatorri industrialeko urak eta kutsatutako euri-urak Arkema Química, S.A.ren araztegira bideratzen dira. Ur sanitarioak zuzenean kolektorera bideratzen dira, eta kutsatuta ez dauden euri-urak zuzenean Kadagua ibaira isurtzen dira zuzeneko ubide-sareen bidez.

Sortzen diren hondakin arriskutsu nagusiak malutatzaileak egiteko prozesuetatik eta zerbitzu orokorretatik ateratzen dira, eta honako hauek dira: iragazketa-lohiak, kutsatutako ontziak, olio eta disolbatzailez inpregnatutako solidoak, fluoreszenteak eta olioak. Plantan sortzen diren hondakin ez-arriskutsu nagusiak, berriz, hauek dira: metalak, papera eta kartoia, egurrak, plastikoak eta toner-hondakinak.

Eskuragarri dauden Teknikarik Onenak diren instalazio eta ekipoak sartzen dira proiektuan, instalazioan aplikatzekoa den erreferentziako agiriaren arabera –«Reference Document on Best Available Techniques for the Manufacture of Large Volume Inorganic Chemicals-Solid and Others». Plantan hartu diren neurrien artean, hauek daude: malutatzaileen fabrikazioan scrubber bat jartzea, bero-trukagailuak erabiltzea, hozte-sistema itxia, hozteko uretan toxikoak ez diren edo toxikotasun txikia duten gehigarriak erabiltzea, bilketa kubetoetan egitea eta sare bereizlea.

Bigarrena.– Kemira Ibérica, S.A.k Bizkaiko Alonsotegiko udalerrian daukan ura iragazteko malutatzaileak egiteko ustiagunean baldintza eta eskakizun hauek ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanen ardura duen goi-mailako tituludunaren datuak bidaliko ditu Kemira Ibérica, S.A.k Ingurumen Sailburuordetzara.

B) Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoaren arabera beteko dira babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak, indarrean dagoen araudia eta ondorengo ataletan ezarritakoa betez:

B.1.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

B.1.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.1.– Baldintza orokorrak.

Kemira Ibérica, S.A.k, jarduera ustiatzean, atmosferarako isurietan ez dira gaindituko ebazpen honetan finkatzen diren isurien mugako balioak.

Prozesuan zehar atmosferara egiten den kutsatzaile-isuri bakoitza bildu egin beharko da, eta hodi egokien bidez kanporatu, aldez aurretik –hala badagokio– isuri horien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batean igarota. Arau orokor horretatik, salbuetsi egin daitezke mugatuta ez dauden isuriak, haiek biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki ezinezkoa bada eta/edo isuri horiek ingurunean eragin txikia dutela frogatzen bada.

Neurri egokiak hartuko dira istripuz isuriak gertatzeko aukera murrizteko, dagozkion efluenteek ez dezaten arriskurik izan pertsonen osasunean eta segurtasun publikoan. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

B.1.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Arkema Química, S.A.ren instalazioak (Alonsotegiko fabrika) foku hauek ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera katalogatuta:

(Ikus .PDF)

FE02-D eta FE03-D fokuen garaierak, diametroak eta UTM koordenatuak bidali beharko dira.

Gainera, isuri barreiatuak sortzen dira tangak haizatzean.

B.1.1.3.– Isurien mugako balioak.

Planta ustiatzean, atmosferara egiten diren isurietan, ez dira gaindituko isurien mugako balio hauek:

(Ikus .PDF)

*Baldin eta fluxua > 300 g/h bada.

Isurien mugako balioak baldintza hauei dagozkie: 273 K-ko tenperatura eta 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Neurtutako parametroek ez dituzte gaindituko isurien mugako balioak aldizkako arauzko ikuskapenetan (hiru neurketa, bakoitza gutxienez ordubetekoa), zortzi orduan zehar neurtuta. Neurketaren perdoi gisa, muga horiek kasuen 100 hogeita bostean gainditu ahal izatea onartuko da, zenbatekoa 100eko berrogeian gainditzen ez bada. Perdoi hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi honetako perdoi global gisa, kasuen % 6an gehienez onar daitezkeen mailak gainditzea onartuko da, % 25a gainditzen ez duen zenbatekoa denean.

B.1.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo B.1.1.2 atalean ezarritako goreneko kotatik behera. Tximiniek beharrezko bitartekoak izango dituzte jatorri industrialeko atmosferako kutsadura ekidin eta garbitzearen inguruko Industria Ministerioaren 1976ko urriaren 18ko Aginduan ezarritako baldintzak betetzeko, eta, besteak beste, sarbide seguruak eta errazak jarriko dituzte laginak hartzeko puntuetara iristeko.

Zehazki, laginak hartzeko zuloen kokalekuari eta ezaugarriei dagokienez, laginak hartzeko puntutik neurketa-puntua baino lehen dagoen gas-isuriaren edozein perturbaziotara dauden distantziak, isuriaren eta kontrako norabidearen arabera (L1 eta L2 parametroak), 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean ezarritakora doitu beharko dira.

L1 = 8D eta L2 = 2D distantziak betetzen ez diren fokuetarako, kontuan izanik L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak inoiz ez direla onartuko, neurketen txostenean laginketa-planoaren balioa justifikatzeko eskatuko da.

B.1.2.– Saneamendu-sarera egiten den isuriarentzako baldintzak.

B.1.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

(Ikus .PDF)

B.1.2.2.– Isurien Mugako Balioak.

Bete egin beharko dira Arkema Química, S.A.ren tratamendu-sistemara isurtzeko mugak eta baldintzak; haien bidez betetzen baitira 2008ko apirilaren 25eko ebazpenean ezarritako isurien mugako balioak; ebazpen horren bidez eman zitzaion ingurumen-baimen integratua Arkema Química, S.A.ri.

B.1.3.– Plantan sortutako hondakinak zuzen kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Hondakinen 1998ko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoak diren berariazko araudietan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira instalazioetan sortutako hondakin guztiak, eta, hala badagokie, haien ezaugarriak zehaztu egin beharko dira, nolakoak diren eta haientzako helbururik egokiena zein den erabakitzeko.

Espresuki debekatzen da sortutako hondakin-mota desberdinak bata bestearekin edo beste hondakin eta efluente batzuekin nahastea; sortzen direnetik, banandu egingo dira, eta modu egokian bildu eta gordetzeko bitartekoak jarriko dira, horrelako nahasketarik gerta ez dadin.

Hondakinak kudeatzearen gaineko printzipio hierarkikoak aintzat hartuz, hondakin ororen xedea balorizazioa izango da, eta, horretarako, balorizatzaile baimendu bati emango zaizkio. Balorizazioa teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenari begira ez dela bideragarria aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean bakarrik ezabatu ahal izango dira hondakinak. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira, balioa emateko beste modu material edo energetikoen aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken norakoa zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraiki, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioa kontuan hartu behar dira. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Beti izango da betetzekoa 16/2002 Legearen 10. artikuluak (2. zatiko d letran) agintzen duena; hala ere, instalazioan egiten diren aldaketak kalifikatzeko, ingurumen-baimena egokitzea eskatu beharko da, baldin eta hondakin-kantitate handiagoak sortuko badira eta horrek aldatu egingo baditu aldez aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak.

Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira ezbeharrean gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihesak edo jarioak gertatuko balira, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Bizkaiko Alonsotegiko Udalean.

B.1.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak hauek dira:

● 1. prozesua: «Malutatzaileak fabrikatzea».

○ 1. hondakina: «Alumina-hondarra».

– Identifikazioa: A-28381473/4800006359//1/1

– Hondakinaren kodea: Q8//D9//S27//C24//H5//A669(1)//B5001

– EHZ: 100321.

– Urtean sortzen den kantitatea: 92.740 kg.

Hondakin hau basikotasun handiko malutatzaileak fabrikatzean sortzen da. Hondakin solidoa da (% 40 ura) eta lehengai bezala erabili den aluminaren partikula txikiek osatzen dute (alumina horrek ez du azidoen erasorik jasan erreakzio-eragiketetan). Enpresak egindako aurreikuspenen artean, hondakina lehengai gisa berrerabiltzea dago. Hondakina sortu ahala «big-bag»-etan gorde eta fabrikazio-plantan berariaz egokitu den eremu batean biltegiratzen da. Bertatik jaso eta kudeatzaile baimenduari ematen zaio.

● 2. prozesua: «Zerbitzu orokorrak».

○ 1. hondakina: «disolbatzailea duen olioa».

– Identifikazioa: A-28381473/4800006359//2/1.

– Hondakinaren kodea: Q7//R13//L8//C51/40//H6//A669(1)//B0019.

– EHZ: 130306.

– Urtean sortzen den kantitatea: 0,5 t.

Hainbat ekiporen mantentze-eragiketetan sortzen da hondakina: Likido oliotsua da, eta kloro-edukia <=% 1 da. 200 litroko bidoian ontziratzen da, kudeatzaile baimenduari emateko ondoren.

○ 2. hondakina: Fluoreszenteak eta merkurio-lurrunezko lanparak.

– Identifikazioa: B01487578/4800006359/2/2.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H14//A669(1)//B0019.

– EHZ: 200121.

– Urtean sortzen den kantitatea: 38,6 kg.

Lanparak birjartzeko eragiketetan sortzen da, Mantentze Lan Orokorren azpiprozesuan; hodi fluoreszenteak eta merkurio-lurrunezko lanparak dira. Behar bezala etiketatuta mantentze-lanen tailerrean dagoen zurezko kaxa batean uzten dira, kudeatzaile baimendu bati eman arte edo banatzaileak bildu arte (aparatu elektriko eta elektronikoen eta haien hondakinak kudeatzearen gaineko 2005eko otsailaren 25eko 208/2005 EDaren arabera).

○ 3. hondakina: «Kutsatutako ontzi hutsak».

– Identifikazioa: B01487578/4800006359/2/3.

– Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41%51//H5//A669(1)//B0019.

– EHZ: 150110.

– Urtean sortzen den kantitatea: 669 kg.

Lantegi mekanikoan, pintura-lantegian eta, neurri txikiago batean, laborategian sortzen da hondakin hori. Olioa, koipea, pintura eta erreaktiboren bat eduki duten metal, beira eta plastikozko ontzi hutsak dira. «Big-bag» batean edo bidoi metaliko batean gordetzen dira, behar den bezala etiketatuta, hondakin arriskutsuak biltegiratzeko eremuan, ondoren kudeatzaile baimenduari emateko.

○ 4. hondakina: «Olio eta disolbatzailez inpregnatutako solidoak».

– Identifikazioa: B01487578/4800006359/2/4.

– Hondakinaren kodea: Q5//D15//S40//C41/51//A669(1)//B0019.

– EHZ: 150202.

– Urtean sortzen den kantitatea: 1 t.

Olioz, pinturaz edo disolbatzailez bustitako trapuak, kotoiak, paper xurgatzailea, eskularruak eta laneko arropa dira. 200 litroko bidoi metaliko batean gordetzen dira, behar den bezala etiketatuta, mantentze-lanen lantegian. Bidoia betetzean hondakin arriskutsuen biltegian gordetzen da, kudeatzaile baimenduari emateko ondoren.

a) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

b) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek kontuan izan beharko dituzte 1988ko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko 1986ko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

c) Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa ere izango da.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Kemira Ibérica, S.A. enpresak artxibategian gorde behar ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtez gutxienez.

g) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak betetzen dituela indarrean dagoen legerian horrelako gaiak garraiatzeko xedatutako baldintzak.

h) Kemira Ibérica, S.A. enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen 2006ko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

i) Ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak —besteak beste, lanpara fluoreszenteak— gailu elektriko eta elektronikoei eta horien kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete egin beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuak xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrolerako eta jarraipenerako agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman-izanaren egiaztagiriak gutxienez bost urtez gorde beharko dira.

j) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2000ko ekainaren 29ko eman zuen 2037/2000/EE Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu Kemira Ibérica, S.A., berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko, edo, bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko lanetan nahiz desmuntatu edo deuseztatu aurretik

k) Kemira Ibérica, S.A. enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda.

l) Hondakin arriskutsuen kudeaketako funtsezko oinarriak bete daitezen, hau da, hondakin horiek ahal den gutxiena sortzeko, Kemira Ibérica, S.A. enpresak neurri babesleak erabiliz hondakin arriskutsuen sorrera gutxitzeko plana egin eta aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetza honetan, gutxienez lau urtean behin.

m) Aurreko e, f (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta k ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

n) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Kemira Ibérica, S.A. enpresak 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua) , amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

o) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena bideratzerakoan jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran. Hondakin-mota zehazten eta hondakin horrek dituen osagai arriskutsuak adierazten dituzte kode horiek (ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota); horrez gainera, hondakina zer jarduerak eta zer prozesuk sortzen duten adierazten dute (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota). Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2007-2010) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa organo honek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioa ematea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

p) Produkzio-jarduera duten eta ez duten eremuetan egin beharreko obren ondorioz lur-mugimenduak sustatzen baditu, jardueraren sustatzaileak hondeatu behar dituen materialen (lurrak, obra-hondakinak eta abar) karakterizazioa egin beharko du, jardun kutsatzaileen ondorioz kalterik jaso ote duten egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren. Alabaina, obrak egin behar badira aldez aurretik inolako jarduerarik izan ez duten eremuetan, karakterizazioa egin gabe uzteko aukera izango da, betiere jarduerarik eza hori behar bezala justifikatzen bada.

Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako B-EBA (industria-erabilera) balioaren azpiko balioa eduki beharko dute material horiek, eta lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Soberakinak zabortegian biltegiratuta hustu nahi izanez gero, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraiki egingo da hondakinen karakterizazioa. Otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako A-EBA balioak baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur naturaltzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira erabiltzeko murrizketarik gabe.

Era berean, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 10. artikuluko 2. paragrafoak arautzen duena aintzat hartuta, kutsadura-zantzuak hautematen badira jarduera ezartzeko edo zabaltzeko hondeatze-lanetan edo lur-mugitzeetan, lan horien arduradun zuzenak horren berri eman beharko dio udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, beharrezkoa izango balitz hartu beharreko neurriak ezar ditzan, 17. artikuluko seigarren paragrafoak agindutakoa betez.

B.1.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati.

b) Hondakin horiek 2 urtez gorde ahal izango dira gehienez.

c) Oro har, hondakinak hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek onartzen dituelako agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehazten dituena. Agiri horren kopia bidali behar zaio Ingurumen Sailburuordetzari, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Kemira Ibérica, S.A. enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

d) Halaber, hondakinak zabortegietan utzita eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.

e) Erregistro bat egingo da, datu hauekin: hondakin guztien kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera eta lagapen datak, jasotzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.

f) Aipatutako c) eta d) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta e) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

B.1.4. Lurzorua babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako aginduak betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Kemira Ibérica, S.A. enpresak lurzoruaren babesa ziurtatzeko behar diren neurriak hartu beharko ditu, eta bereziki hauek:

a) Zamalanak egiten diren eremu guztietan zoladura edukitzea.

b) Gerta daitezkeen isuriak eta euri-ur kutsatuak kanalizatzeko eta biltzeko sistemak edukitzea (atxikipen-kubetak jarriko dira dagokionean; araudia betez, isurialde egokiak edukiko dituzte, likidoak kutxeta eta kanalizazioen sistematik husteko).

c) Hondakin eta substantzia arriskutsuak egoera solidoan kontserbatzeko biltegi estaliak edukitzea.

B.1.5.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB gainditu, 07:00etatik 23:00etara bitarte, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB ere.

a.2) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq, 60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB gainditu, 07:00etatik 23:00etara bitarte, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB ere.

a.3) Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Isurketa atmosferikoak kontrolatzea.

a) Arkema Química, S.A. enpresak (Alonsotegiko fabrika) botatzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, ondorengoaren arabera:

(Ikus .PDF)

b) Aurreko atalean aipatutako neurketa guztiak kontrol-erakunde baimendu (KEB) batek egin beharko ditu (zortzi ordutan hartutako hiru neurketa, gutxienez ordubetekoa bakoitza), eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek prestatutako «KEBen gutxieneko txostenean» ezarritakora egokitu beharko du. Nolanahi ere, isurtzeko kontrolek eta baldintzek Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoetan eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

c) Baimendutako kontrol erakundeak adierazitako parametro guztiak neurtu eta horien gainean egiten dituzten txostenak bidali beharko dira. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak ebazpen honetan kontrol-maiztasuna ezarri aurretik egindakoak badira. Atmosferara egiten diren isurtzeen ondorengo kontrolak, egindako azken neurketarekiko adierazitako maiztasunarekin egingo dira.

d) Ahal dela murriztu egingo dira tangak bete eta hustean sortzen diren isuri barreiatuak.

C.1.1.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egin beharko da euskarri informatikoan edo, horrelakorik ezean, paperean, agiri gaurkotuak erabilita, eta industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzeari buruzko 1976ko urriaren 18ko Aginduak 33. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko du.

Erregistro horretan adieraziko dira BKE Baimendutako Kontrol Erakundeak egindako neurketen emaitzak, hiruhileroko kontrolak, mantentze-lanak (arazketa-sistemena barne), garbiketa, aldizkako ikuskatzeak, matxuraren ondorioz gertatutako etenaldiak, egiaztapenak, edozein motatako intzidentziak, eta abar. Dokumentazio horrek eguneratuta egon beharko du, eta ingurumen-ikuskatzaileek eskuragarri izango dute.

C.2.– Zarataren kontrola.

a) Hiru urtean behin, 60 segundotan Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira. Lehen kontrolean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak egiteko maiztasuna.

b) Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko entsegu-laborategiek egin beharko dituzte. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.3.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren funtzionamenduaren adierazle hauen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

(Ikus .PDF)

C.4.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Emaitza horiek urtero bidaliko dira, martxoaren 30a baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintza-programaren emaitzekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

C.5.– Ingurumena Zaintzeko Programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean eta ebazpen honetan proposatutako betekizunak bilduz. Programa horrek zehaztu behar ditu kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzarentzako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketarako eta analisirako teknikak, eta laginketa-puntuen kokaleku zehatza. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Ingurumena zaintzeko programan jardueraren ohiko adierazleak eta horiek analizatzeko sistematika sartuko dira, ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko enpresak berak ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatzeko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isuriko diren kutsagarriak eta sortuko diren hondakinen kalkulua egin beharko du enpresak, eta hala badagokio, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere bai.

D.2.– Jarduna uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (24.142 epigrafea «Kimika organikoko oinarrizko beste produktu batzuk fabrikatzea»), eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela-eta, Kemira Ibérica, S.A. enpresak hasiera eman beharko dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

D.3.– Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduketak.

Sustatzaileak hasieran aurkeztutako dokumentazioaren 7.1. atalean egindako proposamenean ez-ohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo isurketak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Isuri-ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Goian aipatutako prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan, atmosferaren kutsadurari aurrea hartzeko eta zuzentzeko (arazketa, minimizazioa, eta abar) sistemen egoera ona bermatuko duten neurriak gehitu behar dira.

c) Era berean, ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

d) Besteak beste fabrikan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa dezake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu egin beharko da biltegiratzeko instalazio horiek bete egiten dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

g) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kantitate nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

h) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura; eraginkortasunean eragin dezaketen produktuen isuriak ez dira tratamenduko instalaziora eramango.

i) Larrialdi-egoeretan babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

j) Ustekabeko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak uneoro erabilgarri edukitzeko beharrezko bitarteko guztiak izango ditu titularrak.

k) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean (besteak beste, isurtzeko muga-balioak gainditzea eta ustekabeko isuri bat gertatzea), sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari.

l) Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazteaz gain, SOS DEIAK eta Udalari ere jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, honako datu hauek agertuko dira:

● Gertakari mota.

● Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

● Gertakariaren iraupena.

● Ustekabeko isurketa bada, emaria eta isuritako gaiak.

● Mugak gaindituz gero, isuriei buruzko datuak.

● Eragindako kalteen balioespena.

● Hartutako neurri zuzentzaileak.

● Prebentziozko neurriak, berriro gerta ez daitezen.

● Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

m) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

E) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa-jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtero, Kemira Ibérica, S.A. enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara eta uretara egindako isurtzeei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi inbentarioa, botatako eta eskualdatutako kutsagarrien inbentarioa, landu eta eguneratzeko. Hori horrela, bete egingo ditu kutsagarrien isurtze eta eskualdatzeen europar erregistro bat ezartzen duen 2006ko urtarrilaren 18ko 166/2006 (EE) Erregelamenduak arautzen dituen irizpideak.

Informazio hori ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko da. Informazioa Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez gauzatuko da, hori baita kanpoko erakundeek eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak ingurumen-informazioa batak besteari elektronikoki emateko ardatza. Aipatutako informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-LeeM Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi.netweb-orrian eskuragarri): Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Era berean, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatu ingurumen-adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.

Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) 2007ko apirilaren 21eko 509/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. idatzi-zatiari jarraituz, instalazioaren titularrek agintaritzari jakinarazi beharko diote instalazio horietan erabiltzen eta ekoizten diren substantziek, 1907/2006 EE Erregelamenduan erregistratu eta ebaluatzeko aurreikusitako prozesuan identifikatu direnek, giza osasunerako eta ingurumenerako izan dezaketen arriskua.

H) Ingurumen-baimen integratu honen mendeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen integratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.

Hirugarrena.– Kemira Ibérica, S.A. enpresari 16-I-01-000000000309 kodea esleitzea, Bizkaiko Alonsotegiko instalazioetan ura gardentzeko koagulatzaileak fabrikatzeko.

Laugarrena.– Alderdi hauei sei hilabeteko gehienezko epean erantzuteko eskatzea Kemira Ibérica, S.A.ri:

● Atmosferara isuriak egiten dituzten FE02-D eta FE03-D fokuetarako foku ez-sistematikoen eskaera egitea. Horretarako, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren webgunean eskuragarri dagoen eredua bete behar da: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3614/es/contenidos/autorizacion/apca/es_aire/adjuntos/impreso_notificacion_focos_no_sistematicos.doc

● Kemira Ibérica, S.A.k kudeatzen dituen hondakin arriskutsuak eta hondakin ez-arriskutsuak onartzeko agiriak.

● Atmosferara isuriak egiten dituen FE01 fokuaren analisiak.

● Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

● Eskumena duen teknikari batek emandako ziurtagiria: instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta ebazpenean ezarritakoaren arabera eraikita eta ekipatuta daudela adierazi behar du. Horretarako, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren webgunean ezarritako eredua erabili beharko da (http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/es/contenidos/autorizacion/2905/es_4830/adjuntos/AAI_Certificado.pdf).

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, ondorioak eragiten dituen egunetik kontatzen hasita, aurreko idatzi-zatian ezarritakoaren arabera. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da, eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.

Ingurumen-baimen integratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.

Seigarrena.– Edonola ere, ingurumen-baimen integratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan eta Jabari Publikoko Urguneen Erregelamenduaren 261. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.

Artikulu hori betetzearen kalterik gabe, ebazpen honen baldintzak –ingurumena zaintzeko programan jasotakoak barne hartuta– aldatu ahal izango dira, jardueraren sustatzaileak eskatuta, behar bezala justifikatuz gero. Gainera, ofizioz aldatu ahal izango dira, honako egoera hauetan:

● Araudi berria indarrean jartzen bada.

● Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

● Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, sor daitezkeen ingurumenaren gaineko eraginei lotuta ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak akastunak direla egiaztatzen bada.

Zazpigarrena.– Kemira Ibérica, S.A. enpresak Ebazpen honen xede den malutatzaileak fabrikatzeko jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori Ingurumen Sailburuordetzan jakinarazi beharko du, hark onar dezan.

Zortzigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako kasu hauetan:

● Epearen barruan ez egiaztatzea ebazpen honetako hirugarren atalean ingurumen-baimen integratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak, behar bezala justifikatuz, epea luzatzeko eskatzen ez badu.

Arkema Química, S.A. enpresaren Alonsotegiko fabrikaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

● Horrez gain, ibilgura isurtzeko baimena ezeztatu ahal izango da, Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduko 263. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintzetan.

Bederatzigarrena.– Instalazioetan egiten den edozein aldaketa jakinarazi egin beharko da; horretarako, honako helbide elektronikoan datorren formularioa beteko da: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/es/contenidos/informacion/ippc/es_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc

Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10.2 artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, organo horrek eskatutako aldaketa kalifikatu eta funtsezkoa den ala ez esango du.

Era berean, proiektatutako aldaketa Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeko IB eranskinean, edo proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Lege Dekretuko I. eranskinean sartuta badago, hizpide dugun aldaketari baimena eman aurretik, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko zaio.

Baldin eta aldaketa ez badago jasota ez 3/1998 Legearen IB eranskinean ez 1/1208 Errege Lege Dekretuko I. eranskinean, baina bai horren II. eranskinean, organo honek gehienez ere hiru hilabeteko epean erabakiko du aldaketa horri ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion edo ez, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arabera.

Hamargarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Kemira Ibérica, S.A. enpresari, Arkema Química, S.A. enpresari (Alonsotegiko fabrika), Alonsotegiko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Hamaikagarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita; hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 5a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERAN VERGARA.


Azterketa dokumentala