Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2014ko uztailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3073

AGINDUA, 2014ko ekainaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokienez, ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzen duen Agindua aldatzen duena.

Ikasturtearen hasierak planifikazio eta pertsonalaren prozesu batzuk egitea dakar eta prozesu horien azken fasea ikasturtearen hasierako esleipena da. Prozesu horiek urtero gauzatzen dira eta hezkuntza-erkidego guztiari eragiten diote.

Horiek horrela, pertsonala lehiatzen den prozesu bat da esleipena eta parte hartzen duten pertsona guztiek izan behar dute beren aukerez baliatzeko ahalmena. Dena den, kalitateko hezkuntza-sistema lortzeko ere izan behar du lagungarri, ikastetxeen egonkortasuna eta irakasleen trebakuntza kontuan hartuz lanpostuak esleitzeko orduan.

Oro har, lanpostu gehienek betetzen dituzten behin-betiko titularrak dituzte. Beste batzuek, ordea, ez dute titular hori edo, titularrak ez dituelako beteko, libre egongo dira ikasturtean. Lanpostu horiek dira esleipenean eskaintzen direnak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko ekainaren 6ko Aginduak arautzen du, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokionez, ikasturte hasierako esleipen-prozesua, eta II. kapituluaren 2. atalean ezartzen ditu lanpostuak esleitzeko esparruak eta esparru haietako batzuei uko egiteko aukerak.

Dena den, lurralde historikoa aldatzeko aukera aldatu behar dela ikusi da. Aukera hau ez da ikastetxez aldatzeko aukerari lotuta egongo eta, horregatik, lurralde historikoz aldatu ahal izateko ez da ikastetxe berean bi urte eman izana derrigorrezkoa izango.

Agindu honen bidez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko ekainaren 6ko Aginduaren 14. eta 19. artikuluak aldatzen dira. Gainera, laugarren xedapen gehigarria eransten da.

14. artikulua aldatzeak horrela nahi duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei, ikastetxe berean bi ikasturte eman ez arren, lurralde historikoz aldatzeko aukera ematea du helburu. Aukera hori gauzatu ahal izateko bi ikasturte ikastetxe berean eman behar izatea praktikan oztopo bat zen haiek nahi izan gabe ikasturte bakoitzean eta lurralde historiko berean ikastetxez aldatu behar zuten karrerako funtzionarioentzat.

19. artikulua prozesuan parte hartzeko eskaerei buruzkoa da. Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak bigarren xedapen gehigarrian zehazten duenez, ez dira Administrazioak Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuaren bidez kontsulta ditzakeen datu eta agiriak aurkeztu behar prozesuan parte hartzeko eskatzen duten pertsonen identitatea egiaztatzeko. Horregatik, puntu honi buruzko beste paragrafo bat gehitu da.

Bestalde, laugarren xedapen gehigarria gehitzen da. Xedapen honek espresuki agertzen ditu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko ekainaren 6ko Aginduaren bidez araututako esleipen-prozesuan parte hartzen duten pertsonen hizkuntza-eskubideak.

Horren ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko ekainaren 6ko Aginduaren 14. artikulua, «Lurralde historikoa aldatzeko eskaera» izenekoa, aldatzen da. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«Edozein parte-hartzailek eska dezake lanpostuak haien erreferentziako ikastetxearena ez den lurralde historikoaren esparru geografikoan hautatzea.

Horretarako, aurreko artikuluen arabera dagozkion esleipen-esparruetan parte hartzeari uko egin beharko dio, erreferentziako ikastetxea barne; eta artikulu honetan xedatzen denerako, ez da derrigorrezkoa azken bi ikasturteak, gutxienez, erreferentziako ikastetxean eman izana.

Horretarako, uko egin ahal zaion lurralde historikoan bi ikasturte gutxienez igaro izana ezinbestekoa izango da.

Langileak Kudeatzeko zuzendariak zehaztuko eta jakinaraziko du eskaera hori egiteko epea eta era, eta eskaerok ebazteko, kontuan izango da espezialitateko lanposturik badagoen, eta joan nahi duen lurraldean zenbat pertsona dauden».

Bigarren artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko ekainaren 6ko Aginduaren «Eskabideak» izeneko 19. artikuluaren 1. atala aldatzen da. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«1.– Prozesuan, http://www.irakasle.net helbidean eskabide elektronikoa betez parte hartuko da. Identifikazioa erabiltzailea eta pasahitza erabiliz burutuko da, eta halakorik ezean, NANaren bidez alta eman beharko da. Sartzeko pasahitza ahaztuz gero, aipatu helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke.

Eskatzailearen identitatea egiaztatzeko, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasotzen den Datuak Egiaztatzeko Zerbitzura joko da.

Aplikazioan lehen aldiz sartzean, eskabideari alta emango zaio, eta parte-hartzaile bakoitzak haren nortasun-datuak eta prozesuan parte hartzeko datuak kontsulta ditzake».

Hirugarren artikulua.– Laugarren xedapen gehigarria eransten zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko ekainaren 6ko Aginduari. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«Laugarrena.– Parte hartzen duten pertsonen hizkuntza-eskubideak.

Agindu honetan araututako esleipen-prozesuan parte hartzen duten pertsonek, hezkuntza gaietako eskumena duen sailarekin dituzten harremanetan, euskara eta gaztelania, ahoz nahiz idatziz, erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da».

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 26a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala