Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2014ko uztailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3072

AGINDUA, 2014ko ekainaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktika-aldia egin behar duten pertsonei, eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideei dagokienez, ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzen duen Agindua aldatzen duena.

Ikasturtearen hasierak planifikatzeko eta pertsonala kokatzeko prozesu batzuk egitea dakar eta ikasturte-hasierako esleipena da prozesu horien azken fasea. Esleipen horretan irakaskuntza-lanpostu libreak ondorengo pertsonei esleitzen zaizkie: behin-betiko destinorik ez duten edo beteko ez duten karrerako funtzionarioei, hautatze-prozesuetan hautatuta izan direnei eta ordezkapenak egiteko ordezkogaien zerrendetan daudenei. Parte hartuko duten pertsonen zerrenda antolatu bat ezarri behar da eta, gainera, zerrenda horiek kudeatzeko orduan kontuan hartu beharreko argibide edo arauak finkatu behar dira derrigorrean.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartu zuenak, arlo hau arautzen du ordezkogaiei begira eta horrela uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duenak, 17.1 artikuluan xedatutakoa betetzen da.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko apirilaren 18ko Aginduaren bidez aldaketa batzuk egin dira 2012ko abuztuaren 27ko Aginduan, zerrendak era eraginkor, bateratu eta operatiboagoan kudeatzeari begira eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman irakasleek urtero hainbat eta hainbat lanpostu bete behar izateak eskatzen dituen ezaugarri bereziak kontuan hartuta.

Agindu honen bidez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 15eko Aginduaren 6., 20. eta 28. artikuluak eta III. eranskina aldatzen dira. Gainera, Hirugarren Xedapen Gehigarria eransten da.

Aldaketa horiek helburu hauek dituzte:

6. artikulua prozesuan parte hartzeko eskaerei buruzkoa da. Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak Bigarren Xedapen Gehigarrian zehazten duenez, ez dira Administrazioak Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuaren bidez kontsulta ditzakeen datu eta agiriak aurkeztu behar prozesuan parte hartzeko eskatzen duten pertsonen identitatea egiaztatzeko. Horregatik, puntu honi buruzko beste paragrafo bat gehitu da.

20. artikuluak lanpostuetako espezialitateak sartzen diren talde generikoak, III. eranskinean zehazten direnak, azaltzen ditu. Atal horiek aldatu behar dira, ikasturtearen hasierako prozeduraren eremuan ordezkogaien zerrendetako kolektiboen egituraketan izandako aldaketak jasotzeko asmoz. Horrela 2012ko abuztuaren 27ko Aginduak, aldatu ondoren, xedatutakoarekin bat etorriko da.

38. artikulua lanpostuen eragin eta izendatzeei buruzkoa da. Kasu honetan, bosgarren atala bestelako autonomia-erkidego batzuetan esleitzeko erreserba-aukerari buruzkoa da. Prozesuan parte hartu eta erreserba-aukera horretaz baliatu diren pertsonak zein egoeratan geratzen diren argitu behar da.

Azkenik, hirugarren xedapen gehigarria gehitzen da. Xedapen honek espresuki agertzen ditu Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 15eko Aginduaren bidez araututako esleipen-prozesuan parte hartzen duten pertsonen hizkuntza-eskubideak.

Horren ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 15eko Aginduaren «Eskabideak» izeneko 6. artikuluaren 1. atala aldatzen da. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«1.– Prozesuan, http://www.irakasle.net helbidean eskabide elektronikoa betez parte hartuko da. Identifikazioa erabiltzailea eta pasahitza erabiliz burutuko da, eta halakorik ezean, NANaren bidez alta eman beharko da. Sartzeko pasahitza ahaztuz gero, aipatu helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke.

Eskatzailearen identitatea egiaztatzeko, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasotzen den Datuak Egiaztatzeko Zerbitzura joko da.

Aplikazioan lehen aldiz sartzean, eskabideari alta emango zaio, eta parte-hartzaile bakoitzak haren nortasun-datuak eta prozesuan parte hartzeko datuak kontsulta ditzake.»

Bigarren artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 15eko Aginduaren «Ezaugarriak» izeneko 20. artikuluaren 2. atala aldatzen da. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«2.– Eskubidea sortu duen lanpostuaren espezialitateari dagokion taldeko espezialitateetako lanpostuetarako soilik da finkatzeko eskubidea.

Prozedura horretarako, espezialitate bakoitza sei talde generiko hauetako baten barruan dago, III. eranskinean ezarritakoari jarraituz:

a) 1. taldea. Maisu-maistrak.

b) 2. taldea. Bigarren Hezkuntza.

c) 3. taldea. Lanbide Heziketako irakasle teknikoak.

d) 4. taldea. Hizkuntza Eskola Ofizialak.

e) 6. taldea. Arteen irakaskuntza.

f) 7. taldea. Musika-irakaskuntza.»

Hirugarren artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 15eko Aginduaren «Eraginak eta izendatzea» izeneko 38. artikuluaren 5. atala aldatzen da. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«5.– Bestelako autonomia-erkidegoetarako erreserba-aukera baliatu duten pertsonek prozesu honetan lanpostua lortzen badute, erreserba hori ondoriorik gabe geratuko da.

Lanposturik eskatu ez badute edo esleitu ez bazaie, aldi baterako bajan dauden izangaitzat joko dira, baja hori justifikatu beharko da, eta ikasturtearen hasierako esleipen-prozesua guztiz bukatu arte egongo dira egoera horretan, baita ekitaldi publikoetan parte hartzeko Agindu honen Bigarren Xedapen Gehigarrian agertzen diren deietan ere.

Langileak Kudeatzeko zuzendariak bost eguneko epea zabalduko du irailaren lehen hamabostaldian. Epe horretan beste autonomia-erkidego batean izendapen-agiri bat aurkezten badute, orduan une horretatik aurrera justifikatuta egongo den aldi baterako bajan daudela interpretatuko da; bestetik, epe horretan aurkezten badute autonomia-erkidegoko organo eskudunak emandako ziurtagiria, unibertsitatez kanpoko irakasleen ordezkogaien zerrendetako kideak direla egiaztatzen duena, lan egiteko prest egoerara aldatuko dira ikasturte hasierako esleipen-prozesu osoa amaitzen denean.

Aurreko paragrafoan aipatutako epea igaro ondoren eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu ostean, Langileak Kudeatzeko zuzendariak dagokion Ebazpena emango du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duenak, horri buruz xedatutakoa betez.»

Laugarren artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 15eko Aginduaren «Taldea, espezialitateak eta lanpostuaren beste ezaugarri batzuk antolatzea» izeneko III. Eranskina aldatzen da. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«III. ERANSKINA
TALDEA, ESPEZIALITATEAK ETA LANPOSTUAREN BESTE EZAUGARRI BATZUK ANTOLATZEA ESPEZIALITATEETAN SARTZEKO ZERRENDAK

1.– Taldeak eta espezialitateak.

1.1.– Maisu-maistrak.

(Ikus .PDF)

1.2.– Bigarren Hezkuntza.

(Ikus .PDF)

1.3.– Lanbide Heziketako irakasle teknikoak.

(Ikus .PDF)

1.4.– Hizkuntza Eskola Ofizialak.

(Ikus .PDF)

1.5.– Arte Irakaskuntza.

(Ikus .PDF)

1.6.– Musika Irakaskuntza.

(Ikus .PDF)

2.– Hizkuntza-eskakizunak.

2.1.– 1. Hizkuntza-eskakizuna.

2.2.– 2. Hizkuntza-eskakizuna.

3.– Derrigorrezkotasun-data.

3.1.– Betea.

3.2.– Atzeratua.

4.– Lanaldi motak.

4.1.– Osoa.

(Ikus .PDF)

4.2.– Lanaldiaren bi heren.

(Ikus .PDF)

4.3.– Lanaldi erdia.

(Ikus .PDF)

4.4.– Lanaldi herena.

(Ikus .PDF)

5.– Ibiltaritza.

5.1.– Ez-ibiltaria.

5.2.– Ibiltaria.

6.– Bereziak.

6.1.– Ez-berezia.

6.2.– Berezia.»

Bosgarren artikulua.– Hirugarren Xedapen Gehigarria eransten zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2011ko uztailaren 15eko Aginduari. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:

«Hirugarrena.– Parte hartzen duten pertsonen hizkuntza-eskubideak.

Agindu honetan araututako esleipen-prozesuan parte hartzen duten pertsonek, hezkuntza gaietako eskumena duen sailarekin dituzten harremanetan, euskara eta gaztelania, ahoz nahiz idatziz, erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.»

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 26a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala