Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2014ko uztailaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3005

116/2014 DEKRETUA, ekainaren 24koa, Emaus Fundazio Soziala gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak, hain zuzen ere, aitortzeko haien ibilbidea eta Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreak EAEko gizarte-zerbitzuak garatzeko emandako laguntza. Arauz ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte, betiere.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko betekizunak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, Emaus Fundazio Sozialak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Emaus Fundazio Sozialaren Zuzendaritzak aditzera eman duenez, 1994. urtean eratu zen, irabazte-asmo bako entitatea da, eta honako helburua du: elbarrien eta desgaitu sozialen gizatasuna, prestakuntza eta integrazio soziala eta laneko sustatzea, eta, halaber, bazterketa, deserrotze soziala, esklusioa edo azpigarapena sufritzen duen pertsona, kolektibo edo sozietate orori dagokionez. Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2008tik, Euskal Autonomia Erkidegoan, nagusiki.

Aipatu 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluan adostutako dekretu bidez aitortuko da gizarte-interesekotzat elkarte hau, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko ekainaren 24an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aitortzea Emaus Fundazio Soziala gizarte-interesekoa dela, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Aitortzea Emaus Fundazio Sozialari aitorpen honen berezko eskubideak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko ekainaren 24a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala