Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2014ko ekainaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2825

AGINDUA, 2014ko ekainaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2014ko udan eta 2014-2015 ikasturtean Irale programaren barnean Sailaz kanpoko eragileez bideratuko diren ekintzetan parte hartzeko deialdia argitaratzen duena.

Irakasleak euskalduntzeko edo hizkuntza gaitasunez gaitzeko Irale programaren ekintzak burutzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak dituen berezko irakastegietatik gainera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaz kanpoko ikasketa-elkarteen parte hartzea ere ezinbestekoa da.

Deialdi-agindu honek, beraz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaz kanpoko ikasketa-elkarte horiei 2014ko udan eta 2014-2015 ikasturtean Irale programaren ekintzetan parte hartzeko aukera ematea du helburu. Ekintza horiek irakastorduz kanpoko edo irakastordu barneko goi-mailako zenbait ikastaroetan gauzatuko dira.

Hau guztia kontuan hartuz, irakasleak alfabetatu edota euskalduntzeko programa arautzen duen 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduak (EHAA, 1994-02-11) dioenaren arabera, eta bertako 21. atalak ezarritakoa bete asmoz, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– 1.– 2014ko udan eta 2014-2015 ikasturtean Irale programaren barruan gauzatuko diren ekintzen garapenean parte hartu nahi duten Sail honetaz kanpoko euskaltegi edo ikasketa-elkarteei dei egitea.

Ikasketa-elkarteek irakastorduz kanpoko klase-emankizunean parte hartzeko baldintzak zehazten ditu deialdi honek.

2.– Irakaste- edota aholkularitza-ekintzetarako 442.731,59 euroko diru-partida erabiliko da. Diru-kopuru horren banaketa bi alditan erabakiko da.

Lehenengo erabakiak 242.731,59 euro izango du banatzeko, 2014ko udako eta 2014-2015 ikasturte horren lehen trimestreko ikastaro-emankizunak izango ditu kontuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko aurrekontuetatik ordainduko da. Epe horretako diru-laguntzak ebatzi aurretik, dagokion diru-partida handitu daiteke bestelako programetan soberakinik balego.

Bigarren erabakiak, aldiz, 2015eko urtarriletik ekainerakoak izango ditu kontuan, eta 2015eko aurrekontuetatik ordainduko da.

2. artikulua.– (https://euskadi.net/diru_laguntza/2014/irale-ikasketa-elkarteak/y22-izapide/eu) helbidean azaltzen da, 2014ko udan eta 2014-2015 ikasturtean Iralek zer ikastaro mota eskainiko dituen eta parte hartzeko baldintza nagusiak zein izango diren.

3. artikulua.– 1.– Irakasleak eta, oro har, pertsona helduak euskalduntzen, euskaraz trebatzen, prestakuntza soziolinguistikoa edo gaitasun glotodidaktikoan diharduten eta horretarako nortasun juridikoa duten elkarteek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan. Zehazki,

a) HABEren erroldan izena emanda dauden euskaltegi edo hizkuntza-prestakuntzarako ikasketa-elkarte guztiek, Iraleren beraren irakastegiek salbu.

b) Unibertsitate-zentroek edo beste entitate batzuk, irakasleen hizkuntza-prestakuntza, prestakuntza soziolinguistikoa edo gaitasun glotodidaktikoaren arloan ekinbide frogatua duten ikastegiek eta deialdi honen eskakizunak betez, 2014ko udarako eta 2014-2015 ikasturterako Irale programak zehaztutako ikasbideren bat edo gehiago aurrera eramatea helburu dutenek.

2.– Deialdi honetan parte hartzen duten entitate guztiak ondoko honetara behartuta daude, dagokien diru-laguntza jaso ahal izateko:

a) Zigor-edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden pertsonek edo erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

b) Diru-laguntza eskatzen duten entitateek zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izan behar dituzte.

Deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da eskatzailea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharretan egunean dagoela ziurtatzeaz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duenak, arautzen duen bezala. Kudeaketa-organoak ez du eskatzailearen baimenik beharko datu horiek ziurtatzeko eta behar beste alditan egingo du.

c) Eskatzaileak berariazko baimena ematen dio laguntza kudeatzen duen organoari, gainontzeko datuak edota dokumentazioa lortu edo egiaztatu ditzan, eskabidea izapidetzeko erabilitako bidea edozein delarik ere, eta herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak eragotzi gabe.

4. artikulua.– Eskabide-orriak bete ondoren, modu elektronikoan, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https//:www.euskadi.net) aurkeztuko dira. Izapidetze elektronikoa honako arauek erregulatzen dute: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duenak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariarenak, PLATEA plataforma, E-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duenak.

1.– Tramiteak egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainontzeko agiriak Eusko Jaurlaritzaren euskadi.net Egoitza Elektronikoan egongo dira eskuragai (https://euskadi.net/diru_laguntza/2014/irale-ikasketa-elkarteak/y22-izapide/eu).

2.– Eskaeraren ondorengo tramiteak (kontsultak, agiriak aurkeztea etab.) helbide honetatik egin beharko dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

5. artikulua.– 1.– Partaidetza-eskabideak aurkezteko epea honako hau da:

Irakastorduz kanpoko ikastaroak (2014ko uda edo 2014-2015 ikasturtea) Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

2.– Administrazioan jasotako eskabideetan hutsune edo osatu beharren bat sumatuko balitz, horren berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango, bere eskabidea osa dezan. Epe horretan eskabidea osatzen ez bada, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren Herri-Administrazioetako lege-erregimena eta administrazio-prozedura arrunta arautzen dituen Legearen 71.1 artikuluak dioenari jarraiki.

6. artikulua.– 1.– Jarraipen-batzorde bat sortuko da berariaz, ikastaroak eman ahal dituzten ikasketa-elkarteen eta euskaltegien onespena aztertzeko. Onetsitako ikasketa-elkarteen eta euskaltegien izenak proposatuko dizkio Jarraipen-batzorde horrek Hezkuntza Sailburuordetzari, Irale irakastegietako tokian tokiko jarraipen-arduradunek goi-mailako(H, F, I eta Q) ikastaroen inguruko ebaluazio-txostena oinarri hartuta.

Aipaturiko Jarraipen-batzordearen partaideak hauek izango dira:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, edo bere ordezkoa, buru;

Euskara Zerbitzuaren burua eta bertako Irale programaren arduraduna, azkeneko hau idazkaria izango da.

Iraleren hizkuntza-prestakuntzarako irakastegietako jarraipen-arduradunak.

2.– Informazio hori guztia Iraleren irakastegiek aztertuko dute. Azterketa horretan oinarriturik irizpen-txostena prestatuko du ikasketa-elkarte bakoitzaren eskaintza baloratuz. Hori guztia kontuan izanik eta ikastaro-eskabide gehienak nondik datozen kontuan hartuz, goiko puntuan adierazitako Jarraipen batzordeak proposatuko dio Hezkuntza sailburuordeari irakastorduz kanpoko ikastaroak emango dituzten entitateen zerrenda eta, hala egokitzen bada, aholkularitza-saioak nork-noiz-non emango dituen, eta honek erabakiko du.

7. artikulua.– 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren 23. artikuluko 4. idazatian xedatutakoaren arabera, aipatu ikastaroak eman ahal izateko onetsitako ikasketa-elkarteen eta euskaltegien izenak argitara emango ditu Hezkuntza sailburuordeak, batzordearen proposamenaren arabera, partaidetza-eskabidea egiteko epea bukatu eta handik bi hilabetera. Esandako epean hartu beharreko erabakia hartuko ez balitz, halere, isiltasuna ezezkorra izango litzateke.

1994ko urtarrilaren 28ko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren Aginduaren 23. artikuluko 2. idazatiak dioenez, Hezkuntza Sailburuordetzak Irale programan parte hartzeko baimena ukatu ahal izango dio zenbait ikasketa-elkarteri, Jarraipen-batzordeak aurreko deialdietan lortutako emaitza edota eskabideekin eskainitako informazio teknikoa ebaluatu ondoren.

Ikasketa-elkarte bat edo gehiago hartutako erabakiarekin ados ez balego eta gora jo nahi balu, erabakia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa egiteko aukera izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren aurrean.

8. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaz kanpoko ikasketa-elkarteek edo euskaltegiek Iralek eskatzen dituen datuak behar bezala landurik luzatuko dizkiote: ikasketarien asistentzia, ikasketarien datu akademikoak e.a.

9. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, bestalde, Iraleko euskara-ekipoari eskainitako prestakuntza-ikastaroetan parte hartzeko aukera eskaini ahal izango die Iraleko taldeekin irakaslanean diharduten kanpo-euskaltegietako irakasleei. Halaber, Iraleren irakastegietan dauden baliabideak erabili ahal izango dituzte kanpo-euskaltegietako irakasle horiek: ikasmaterialak, liburutegia, e.a.

10. artikulua.– Onetsitako elkarte edo euskaltegietan matrikulatzen diren ikasketarien kostuen diru-laguntza ondoko irizpideon arabera egingo da:

1.– Elkarteen edo euskaltegien aurrekontua onartzeko irizpideak:

a) A eta E ikastaroak: HABEk ezarriko du gutxieneko matrikula-saria arauzko erabakiz. Gehieneko matrikula-sariari dagokionez, aldiz, ikasleko eta orduko ordainsaria 2,70 eurokoa izango da, edo 52 eurokoa ikastaldeko eta orduko, 20 eta 30 ikasketariko talde handien kasuan.

b) H, F, I eta Q, goi-mailako ikastaroak, luze-zabaleko prestakuntza teorikoa dutenak: 52 euro orduko eta taldeko. Gutxienez 9 eta gehienez 30 ikasketariko taldeak izango dira.

c) H, F, I eta Q, goi-mailako ikastaroak, prestakuntza teoriko-praktikoa dutenak: 66 euro orduko eta taldeko. Gutxienez 8 eta gehienez 20 ikasketariko taldeak izango dira.

d) Hizkuntzaren goi-mailako trebetasun praktikoa lortzera eta aho-idatzizko beregaintasun-maila eskuratzera doazen ikastaroetarako (prestakuntzak, emankizunak, ariketen zuzenketak eta Irale programak zehazturiko ebaluazio osagarriek sortutako gehigarrizko lanak barne): 78 euro orduko eta taldeko. Gutxienez 6 eta gehienez 15 ikasketariko taldeak izango dira.

e) Soziolinguistikaren inguruko ikastaroak, prestakuntzak, emankizunak, ariketen zuzenketak eta Irale programak zehazturiko ebaluazio osagarriek sortutako gehigarrizko lanak barne: 90 euro orduko eta taldeko. Gutxienez 8 eta gehienez 20 ikasketariko taldeak izango dira.

f) Curriculumaren euskal dimentsioaren inguruko ikastaroak (H407), prestakuntzak, emankizunak, ariketen zuzenketak eta Irale programak zehazturiko ebaluazio osagarriek sortutako gehigarrizko lanak barne: 100 euro orduko eta taldeko. Gutxienez 8 eta gehienez 20 ikasketariko taldeak izango dira.

g) Hezkuntza-administrazioko hizkuntza-beharretarako trebatze-saioak, Hezkuntzaren laguntza-zerbitzuetako lankideak eta ikastetxeetako pertsonal ez-irakaslea barne hartuz, artikulu honetako a) pasartean kokatuko dira, ordainketa-irizpideei dagokienez.

2.– Ikasketariengatik euskaltegiek jaso beharreko diru-laguntzari dagokionez:

Ikasketariarengatik jaso beharreko diru-laguntzaren portzentajea aurreko ekinaldi(et)an egindako aprobetxamenduaren araberakoa izango da; lehen aldiz parte hartzen dutenek edota gutxienezko baldintzak betetzen dituztenek, % 100eko diru-laguntza izango dute ikasketa-gastuetan eta, hala dagokionean, egoitza-gastuen zati bat ere estaliko da. Halakoetan, diru-laguntzak gastu osoaren (ikasketaren eta egoitza-gastuen) bi heren estaliko ditu.

Ikastaroaren aprobetxamendua nahikoa ez bada, aldiz, gastuen erdia bakarrik ordainduko luke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hurrengo ikastaroan. Ikasketariak berriro ere ikastaroa gutxiegi aprobetxatuko balu, azkenik, hurrengoan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ez lioke ezer ordainduko.

11. artikulua.– Euskaltegi bakoitzari txanda bitan ordainduko zaio, Agindu honen hurrengo artikuluan eskabideen prozeduraz esaten denaren ildotik.

12. artikulua.– Txanda bakoitzean euskaltegi bakoitzari zenbat ordaindu behar zaion finkatzeko, Agindu honen 10. artikuluan esandakoaz gainera honako prozedura hau erabiliko da:

1.– Laguntza jaso ahal izateko, Agindu honetako 7. artikuluak adierazten duen Ebazpeneko elkarteek ikasketarien matrikula-fitxak, garaiz eta zuzen beteak, aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.net/nirekudeaketak helbidean. Dokumentazio hori aurkezteak zera esan nahi du: euskaltegiak Agindu honek arauturiko diru-laguntza eskatzen duela.

Dokumentazio hori epe jakinean aurkeztu behar da: kasuan kasuko ikastaroari matrikulak onartzeko dagozkion epea amaitu eta hurrengo hamabost egun naturaletan.

2.– Euskaltegiek bidalitako eskaintzak (ikastaro-emankizunen azalpen-orriak) eta matrikula-fitxak oinarri harturik, kasuan kasuko simulazioaren azalpen-orriak prestatuko dira. Simulazio-orrietan, Irale programak jasotako datuen arabera euskaltegi horri zenbat diru ordaintzea dagokion adieraziko da.

3.– Simulazioko azalpen-orriak euskaltegietara bidaltzeaz bat, 15 eguneko epea emango zaie euskaltegiei simulazio azalpen-orri hori aztertu eta, inolako okerrik dagoela uste izango balute, Euskara Zerbitzuko Irale programaren arduradun teknikoari horren berri emateko.

4.– Balioztatze-lan hori amaitutakoan, aldi horri dagokion Ebazpena jakinaraziko du Hezkuntza sailburuordeak.

5.– Ahal denean, ordainaldi berean sartzen dira euskaltegiek, simulazioko azalpen-orrien arabera, arauz egindako zuzenketa-oharrak. Bestela, hurrengo ordainaldirako uzten da zuzentze-lan hori. Era berean, doiketa-kontuengatik edo krediturik eskueran ez duen kasuan ikasketa-aldi bateko diferentzien ordainketa hurrengo ordainketa batean garbitzen da.

13. artikulua.– Hezkuntza Sailburuordetzak bi laguntza-ebazpen jakinaraziko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Zein euskaltegi edo ikasketa-elkartek laguntza jasoko duen, eta zenbat, zehaztuko da ebazpen horietan.

Lehenengo ebazpena 2014ko abenduaren 31 baino lehen hartuko da, 2014ko uztail eta abendu arteko laguntzen berri emango du. Bigarren ebazpena 2015eko irailaren 30a baino lehen jakinaraziko da, eta 2014ko urtarriletik ekainera arteko diru-laguntzak zehaztuko ditu.

Esandako epe horiek ebazpenik argitara gabe pasako balira, interesatuak beren eskabideak isiltasunez onartugabetzat har ditzakete.

Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa jar dezakete interesatuek, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratutako egunaren hurrengotik hasita hilabeteko epean.

14. artikulua.– Diru-laguntza bere osoan emango da, 5 eguneko onarpen-epea pasa ondoren.

15. artikulua.– Onuradun diren entitate guztiek ondoko honetara behartuta daude:

a) Diru-laguntza onartzera. Jasoko den diru-laguntzaren berri eman eta 5 eguneko epean onuradun izan den entitateak horri idatziz uko egiten ez badio, laguntza hori onartutzat hartuko da.

b) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzera.

c) Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak beteaz eska dezan edozein informazio eskaintzera.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

16. artikulua.– Onespena duen elkarteak deialdi honen baldintzak beteko ez balitu Sailak, aurretiaz doakionari entzun ondoren, onespena kendu egingo dio eta honek itzuli egin beharko ditu jasotako ordain-sariak eta horiei legozkiekeen arauzko interesak, Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak zehaztutako prozeduraren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira.

17. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimentzen dituztenak, Irale izeneko 2. fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea izango da. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehen oinarri-arauan deialdi honetarako jarritako guztirako diru-zenbatekoa aldatu egin daiteke, elkarte jasotzaileen guztirako diru-laguntzen zenbatekoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste diru-laguntza programetan erabili gabe geratzen diren diruak erabiliz, beti ere azken hauen erabakiak hartu aurretik. Aldaketa horren berri Hezkuntza Sailburuordetzaren ebazpen baten bidez EHAAn argitara eman beharko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiteko aurretiazko gastu-espedienteen tramitazioa dela-eta, baldintza honen pean gelditzen da 2015eko urtarriletik ekainera bitartean hasitako ikastaro-emankizunen laguntza-ebazpena: 2015eko ekinaldian kreditu egokia, kopuruz zein izaeraz, izan behar da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, bi hilabeteko epea egongo da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bietan Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 18a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala