Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2014ko ekainaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2823

AGINDUA, 2014ko ekainaren 17koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Gasteizko udalerrian, Portal de Arriaga kaleko 19 A eta 21 atarietan 79 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

GERTAKARIAK

1.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Gasteizko Udalak 2007ko martxoaren 12an Konpromiso Akordioa sinatu zuten, besteak beste, Gasteizko udalerrian zuzkidura-alojamenduak sustatu, gauzatu eta kudeatzeko.

2.– Konpromiso Akordioan jasotzen dena betez, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak zuzenean sustatu ditu 79 zuzkidura-bizitoki Gasteizen, Arriagako Atea kaleko 19 eta 21 atarietan, eta beraien titularra da. Sustapenaren espediente zenbakia EB1-0642/10-AA da, eta logela bakarreko 75 zuzkidura-bizitokik eta bi logelako 4 zuzkidura-bizitokik osatzen dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Zuzkidura-bizitoki horiek esleitzeko prozedura Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren bidez dago araututa, hala ezarrita baitago Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrietan (2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa).

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio agindu hau ematea, hala xedatuta baitago aurreko paragrafoan aipatutako 2012ko urriaren 15eko Aginduan.

2.– Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko bederatzigarren xedapen gehigarrian ezartzen da, Lege horren 17. eta 81. artikuluetan aurreikusitako zuzkidura-bizitokiak titulartasun publikokoak izango direla eta beren erabiltzaileek aldi baterako okupatuko dituztela.

3.– Etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuko hirugarren xedapen gehigarriak erregimen autonomikoko zuzkidura-bizitokiak arautzen ditu, eta honakoa ezartzen du: bizitokiak hilero, gehienez urtebete baterako, eskuratu ahal izango dira eta epe hori urtero luzatu ahal izango da lau alditan. Bizitoki hauen truke erabiltzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero. Esleitzeko moduari eta eskuratzeko baldintzei dagokienez, babes publikoko etxebizitzen arloan ezarritakoak aplikatuko dira.

4.– Lehen eskualdatzeko zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko, bizikidetza-unitatea osatuko duten erabiltzailetako batek gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon beharko du, kasuan kasuko araudian ezarritako gutxieneko antzinatasuna duela, betiere Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denarekin bat etorriz.

5.– Zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Aginduan ezarritakoak izango dira.

6.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honako hau izango da: esleipen-prozedurari hasiera ematen dion aginduaren argitalpen-dataren aurreko zergaldia; betiere, amaituta egon behar du zergaldi horri dagokion aitorpena egiteko epeak, hau da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egitekoak.

7.– Lehenago aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenez, pertsonek edo bizikidetza-unitateek, zuzkidura-bizitokien esleipen-prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute. Baldintza hori betez gero, parte hartzea izango dute Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan, non eta hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ematen ez den.

Alokairu-araubidean egokitutako zuzkidura-bizitoki bat eskatzen duten mugikortasun mugatuko desgaituek aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan egindako esleitze-prozeduretan parte hartzeko.

8.– 2012ko urriaren 15eko Aginduko 27. artikuluak jasotzen du esleitzeko prozeduretan, bizikidetza-unitatearen premientzat egokitzat joko dela, kide eta logela kopuruen artean honako erlazio hau duena: logela bat gehienez bi kiderentzat; eta bi logela gehienez bi kiderentzat, bikotea osatzen ez duten bi pertsona edo mediku espezialistaren aginduz bere logela eduki behar duen pertsona bat bizikidetza-unitateko kide badira izan ezik; eta 2 artikuluak esaten du etxebizitza bat gainokupatuta dagoela joko da bertan bizi diren lagunek gutxienez bi urte daramatzatenean erroldatuta, eta ration hau gainditzen dutenean: «Pertsona baten bizileku den etxebizitza batek gutxienez hogeita bost metro koadro erabilgarriko azalera eduki behar du; Bi pertsonaren bizileku den etxebizitza batek gutxienez hogeita hamahiru metro koadro erabilgarriko azalera eduki behar du; Hiru pertsonaren bizileku den etxebizitza batek gutxienez hogeita hemeretzi metro koadro erabilgarriko azalera eduki behar du;...».

9.– Agindu horretan bertan zehazten denez, prozeduran parte hartzea borondatezko izango da, eta prozedurari hasiera emateko aginduan finkatutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko da.

10.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluari jarraituz, zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira, betiere Agindu bereko 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikaturik.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gasteizko udalerrian Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasuneko 79 zuzkidura-bizitoki esleitzeko prozedurari hasiera ematea.

Bigarrena.– Zuzkidura-bizitoki horien lagapena epe baterakoa izango da. Hilero, gehienez urtebete baterako, eskuratu ahal izango dira, eta epe hori urtero luzatu ahal izango da lau alditan. Erabiltzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero, hala ezarrita baitago babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzko 2010eko azaroaren 3ko Aginduko 22. eta 23. artikuluetan:

1.– Logela bakarreko erregimen autonomikoko zuzkidura-bizitokiak okupatzeagatiko hilean ordaindu beharreko kanona honako hau izango da:

a) Gehienez 15.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 150 euro.

b) 15.000 eurotik gorako eta gehienez 21.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 200 euro.

c) 21.000 eurotik gorako eta gehienez 25.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 250 euro.

d) 25.000 eurotik gorako eta gehienez 35.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 300 euro.

e) 35.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 350 euro.

2.– Logela biko erregimen autonomikoko zuzkidura-bizitokial okupatzeagatiko hilean ordaindu beharreko kanona honako hau izango da:

a) Gehienez 15.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 180 euro.

b) 15.000 eurotik gorako eta gehienez 21.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 240 euro.

c) 21.000 eurotik gorako eta gehienez 25.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 300 euro.

d) 25.000 eurotik gorako eta gehienez 35.000 euroko diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 360 euro.

e) 35.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten bizikidetza-unitateak: 420 euro.

Edozein kasutan, kanonak ezingo du gainditu esleipen prozedura honetarako kontuan hartu den zergaldian, bizikidetza unitatearen diru-sarrera haztatuen % 30.

Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsona edo bizikidetza-unitate hauek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairu-araubidean izena emanda daudenek, betiere hurrengo paragrafoetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Izena emateko eskabidean aukeratutako udalerrietako batek Gasteiz izan behar du.

Bosgarrena.– Zuzkidura-bizitokiaren titular izango direnetako batek Araba Erdialdeko eremu funtzionaleko udalerri batean erroldatuta egon beharko du, prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den egunean.

Seigarrena.– Egiaztatu beharko da 2012. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ez direla 3.000 euro baino txikiagoak, ez eta 39.000 euro baino handiagoak ere. Mugikortasun mugatua edo desgaitasun psikikoa izanez gero, ez da eskatuko gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatzea. Mugikortasun mugatua, desgaitasun psikikoa edo genero indarkeriaren biktima izanez gero, ez da eskatuko gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatzea.

Zazpigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute Arabako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzan, 2014ko ekainaren 26tik uztailaren 10era bitartean (biak barne).

Zuzkidura-bizitokiak esleitu gabe geratuko balira, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsona edo bizikidetza unitateen artean esleituko dira. Pertsona edo bizikidetza unitate horiek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta esleipen prozeduran parte hartzeko interesa adierazi beharko dute. Horretarako, aipatutako modua eta epea baliatu beharko dituzte.

Zortzigarrena.– Sustapeneko zuzkidura-bizitokietatik 2 mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude. Zuzkidura-bizitoki horietatik bat logela barrekoa da eta bestea bi logelakoa da. Zuzkidura bizitokiak, hasiera batean, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira.

Zuzkidura-bizitoki horiek hurrenkera honi jarraituz esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako zuzkidura-bizitokiak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie; gero, bi makulu nahitaez erabili beharra duten pertsonei; eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Esleitu gabe geratzen diren zuzkidura-bizitoki egokituak, halakorik baldin bada, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsonarik ez duten bizikidetza-unitateen artean esleituko dira, baldin eta egokitutako zuzkidura-bizitoki bat eskuratzeko interesa adierazia badute.

Bederatzigarrena.– Sustapen honetan 6 zuzkidura-bizitoki 39 m² -koak dira, 42 zuzkidura-bizitoki 39,70 m² -koak dira, 6 zuzkidura-bizitoki 43,05 m² -koak dira, 6 zuzkidura-bizitoki 43,45 m² -koak dira, 4 zuzkidura-bizitoki 45,85 m² -koak, 6 zuzkidura-bizitoki 52,35 m² -koak dira, 3 zuzkidura-bizitoki 53,15 m² -koak dira, 4 zuzkidura-bizitoki 54,10 m² -koak, zuzkidura-bizitoki bat 55,95 m² -koa da, eta, zuzkidura-bizitoki bat 58,90 m² -koa da. Ondorioz, zortzigarren zuzenbideko oinarrian aipatutako salbuespenak kontuan izanik, gehienez hiru kideko bizikidetza-unitateek parte hartu ahalko dute 39 m² eta 43,45 m² bitarteko zuzkidura-bizitokien esleipenean; gehienez lau kideko bizikidetza-unitateek parte hartu ahalko dute 45,85 m² eta 53,15 m² bitarteko zuzkidura-bizitokien esleipenean; gehienez bost kideko bizikidetza-unitateek parte hartu ahalko dute 54,10 m² eta 55,95 m² bitarteko zuzkidura-bizitokien esleipenean; eta, azkenik, gehienez sei kideko bizikidetza-unitateek parte hartu ahalko dute 58,90 m² -ko zuzkidura-bizitokiaren esleipenean.

Hamargarrena.– Esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira zuzkidura-bizitokiak 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluan jasotzen denaren arabera, betiere Agindu bereko 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikaturik. Eskaerak barematzeko agindu hau argitaratzen den eguna hartuko da oinarri gisa, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48.3 artikuluak ezarritakoaren arabera.

Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, zuzkidura-bizitoki esleipenak eta itxarote-zerrendak honako toki hauetan argitaratuko dira: Zuzenean-Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan.

Hamabigarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 17a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala