Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2014ko ekainaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2818

AGINDUA, 2014ko ekainaren 18koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskadiko turismo-lehiakortasuna bultzatzeko laguntza-programa arautzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailak, hau da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2013-2016 eperako prestatutako Ekintza Plana da epe horretan sail horren jarduna gidatzeko eta zuzentzeko tresna nagusia, horren bidez Euskadin ekonomiaren suspertzea bizkortzeko eta lehiakortasunaren eta garapen iraunkorraren arloan beste etapa baterantz aurrerapausoak emateko.

Planaren 10. ardatzak Euskadi erreferentziazko jomuga turistiko gisa sendotzeko eta horretarako aurrerapausoak emateko konpromisoa jasotzen du; nortasun berezi eta bakarrean oinarritutako eredua geureganatzeko konpromisoa, turistak bere berezitasunagatik erakartzeko gai izango dena, eta Euskadiren turismo-eskaintza bideratzen eta egituratzen duten zenbait produkturen inguruan egituratua. Horretarako, Ekintza Planak bat egiten du Jaurlaritzaren 2012-2016 programarekin, bereziki turismoa garatzeko eredu integral bat bultzatzen duen heinean, eta Euskadiko etorkizuneko turismo-ereduari buruz gogoeta egitea proposatzen du, lurraldearen antolamendu iraunkorra oinarri hartuta, gogoeta horretatik abiatuta Euskadin datozen urteetan aplikatuko diren turismo-politikak zehazteko. Gogoeta horren emaitzak Euskal Turismoaren 2020ko Plan Estrategikoan jasoko dira.

Aurrekoa kontuan hartuta, laguntzen programa hau trantsiziokoa da, Euskadiko turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntza-programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 13ko Aginduaren eta Euskal Turismoaren Plan Estrategikoa 2020 egitasmoan zehaztuko denaren artean. Prozesu horretarako, eskuartean dugu jada Euskadiko Turismoaren Marketin Plana; hain zuzen, legealdi honetan abiaraziko da marketin-plan hori eta Agindu honetan behin baino gehiagotan izango dugu aipagai.

Horrenbestez, hauek dira programa honetarako zehaztu diren helburuak:

Helburu orokorra: lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatzea.

Helburu espezifikoak:

1.– Turismo-jomugetako enpresa eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa hobetzea, lurraldea modu egituratuan eta iraunkorrean kudeatuz. Horretarako, beharrezkoa da:

– Sektore pribatuaren partaidetza duten turismo-arloko erakunde eta egiturei laguntzea, lurraldea turismoari dagokionez antolatzeko eta kudeatzeko gaitasuna duten erakundeei hain zuzen ere, Euskadin egituratuko den turismo-kudeaketako lurralde-mapa edo eredua kontuan hartuta.

– Plan Zuzentzaileak eta Produktu-planak modu koordinatuan lantzea eta abiaraztea.

2.– Turismo-eskariaren dibertsitatea eta kalitatea areagotzea. Horretarako, beharrezkoa da:

– Kalitatearen kudeaketan eta ingurumenaren kudeaketan erreferentziazko diren ereduak martxan direla egiaztatuko duten turismo-baliabideen kopurua handiagotzea.

– Turismo-jomugak kudeatzeko programetan eta Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabileran parte hartzen duten jomugen kopurua handiagotzea.

– Turismo-baliabide irisgarri gehiago egokitzea.

3.– Euskadi jomuga bakar eta apartekotzat kokatzea. Horretarako, beharrezkoa da:

– Lurralde historikoekin eta hiriburuekin koordinazio-maila areagotzea sustapeneko eta komunikazioko ekimen eta jardunetan.

– Produktuak eta bizipenak Euskadiko Turismoaren Marketin Planean zehaztutako ikuspegiaren arabera egokitzea.

Bestalde, legealdi honetan, gastuei eusteko eta helburuak lehenesteko arrazoiak tarteko direla, Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak garatutako plan zuzentzaileak eta produktu-planak jomuga turistikoetan ezartzeko egitasmoei baino ez zaie emango laguntza. Indarrean den Turismoko Marketin Planaren arabera emango dira laguntza horiek, modu koordinatuan eta plan horietarako diseinatutako metodologia aplikatuz. Horretarako, Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo S.A agentziak esleituta dituen eginkizunekin koherentzia gordez (159/2006 Dekretua, 149. EHAA), xedapen honek zeregin berezi bat ematen dio Basquetourri: bertan bildutako Planen hedaketa sustatzekoa, kudeatzekoa eta kontrolatzekoa, hain zuzen. Horregatik, jardun jakin batzuetan beharrezkoa da erakunde horri atxikitzeko protokolo bat formalizatzea.

Jada egin diren zein egiteko prozesuan dauden planei buruzko dokumentazioari eta informazioari dagokienez, Basquetour S.A. agentziak emango die erakunde interesdunei informazio eta dokumentazio hori. Hala ere, turismo arloan eskumena duen sailburuordetzaren webgunean (www.euskadi.net/turismo) horri buruzko informazio laburtua dago eskura.

Dekretu honen izapideak egiterakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19tik 22ra bitarteko artikuluetan aurreikusiriko izapideak gauzatu dira.

Horregatik guztiagatik, sartu nahi diren aldaketak aintzat hartuta, komenigarritzat jo da gaur egunera arte indarrean izan den Aginduaren ordez aldaketak sistematikoki antolatuko dituen beste xedapen bat onartzea.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskadiren turismo-lehiakortasuna sustatzeko laguntza-programaren esparru orokorra garatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen sailaren 2013-2016 Ekintza Planean jasotzen den moduan.

2.– Itzuli behar ez diren diru-laguntzen bidez lagunduko dira honakoak:

– Turismoa kudeatzeko ereduan sektore horretako eragile publiko eta pribatuak barne biltzen dituzten eskualdeko turismo-lankidetzarako erakundeak sortzea eta mantentzea, turismo-kudeaketarako egiturak, eta hiriburuetan turismoa sustatzen duten hiru erakundeak.

– Helmugen lehiakortasuna hobetzea.

– Eskualdeko turismo-lankidetzarako erakundeek eta turismo-kudeaketarako egiturek kudeatutako turismo-produktuak sortzea eta garatzea, betiere Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak sustatutako turismo-planekin bat badatoz.

– Hiriburuetan turismoa sustatzen duten hiru erakundeek kudeatutako turismo-produktuak eta jomugak sortzea, garatzea, sustatzea eta horien marketina egitea, beti ere Euskadiko Turismoaren Marketin Planarekin bat badatoz.

EAEko Turismo Sailaren web-orrialdean (www.euskadi.net/turismo) eta Basquetour agentziaren webgunean (www.basquetour.net), 2020 Euskadiko Turismoaren Plan Estrategikoari, indarrean den Euskadiko Turismoaren Marketin Planari eta Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduari buruzko informazioa dago, baita Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak sustatutako turismo-plan zuzentzaileei eta produktu-planei buruzkoa ere.

2. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Agindu honi begira, honako definizio hauek finkatu dira:

1.– Turismo-produktua: turismo aldetik erabiltzeko eta gozatzeko egituratuta dauden baliabide edo zerbitzu nagusiak eta osagarriak, jendeari jarduera bat edo gehiago egiteko aukera ematen dieten baliabide eta zerbitzuak, horiek hartzen dira turismo-produktutzat.

2.– Eskualdeko turismo-lankidetzarako erakundeak (aurrerantzean turismo-lankidetzarako erakundeak): eraketan edo kudeaketan beren jarduera-esparruko turismo-sektoreko erakunde publikoak eta pribatuak biltzen dituzten erakundeak dira, eragile funtsezkoak jomugaren turismo-garapenerako.

Eskualdea turismorako jomuga lehiakorra bihurtzeko eginkizuna modu koordinatuan eta partaidetzaren bidez beren gain hartzea, horixe da eragile horien helburua, eta horretarako, Erakunde Mahaiak, Turismo Mahaiak eta Azpisektore Mahaiak baliatzen dituzte.

Entitate horiek eskualdearen garapen turistikoa bultzatzeko eratu badira eta helburu horrez gain ez badute beste produkzio-sektore batzuen garapena bultzatzeko xederik, lankidetzarako erakunde horiek «soilik turismo-arlokoak» direla ulertuko da.

3.– Erakunde Mahaia: eskualdeko turismo-garapenerako plan estrategikoa onesten duen erakundea da, baita Turismo Mahaien proposamenak onesten dituena ere. Erakunde bakoitzaren izaera juridikoaren eta antolamenduaren arabera, zuzendaritza-batzordearekin edo hura ordezkatzen duen organo eskudunarekin bat etor daiteke Erakunde Mahaia.

4.– Turismo Mahaia: bere jardun-esparruaren turismo-garapen integralarekin lotutako proiektu eta ekimen zehatzen plangintzan, egikaritzapenean, jarraipenean eta ebaluazioan parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko organoa da.

Mahai horretako kide dira ordezkari publikoak (gutxien-gutxienik erakunde eragileko ordezkariak eta Turismoaren arloan eskumena duen Sailburuordetzaren ordezkariak) eta turismo-sektoreko eta eskualdeko jarduera turistikoarekin lotura duten beste esparru batzuetako ordezkari pribatuak.

5.– Azpisektore Mahaia: eskualdeko turismo-azpisektore jakin bateko enpresak biltzen dituen organoa da, eta bi xede nagusi ditu: batetik, enpresek turismoari dagokionez helmugan zer estrategia dauden jakitea, eta bestetik, Turismo Mahaira hobekuntza-proposamenak eraman ditzaten lortzea. Eskualde batean Turismo Mahaian ordezturiko turismo-azpisektore adina «Azpisektore Mahai» egon daitezke.

6.– Turismo-kudeaketarako egiturak: eskualde jakin baten jarduera-esparruari lotu gabe kudeaketa publiko-pribatuko eredu bati jarraitzen dioten erakundeak dira; Turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzak zuzenean sustatutako edo bere gain hartutako turismoko plan zuzentzaileen, sektoreko planen edota lehentasunezko turismo-produktuen garapenaren ondorioz zenbait turismo-arlo edo -produktu turismo aldetik kudeatzeko eta garatzeko beharrezkotzat jotzen dira erakunde horiek.

Atal horretan sartzen dira turismo iraunkorraren garapenerako ekimenak (Geoparkeak) kudeatzea xede duten egiturak.

Dagozkien kudeaketa-organoek –planetan aurreikusitakoek– onetsi behar dute aipatutako egitura horiek sortzea, eta halaber, laguntza-eskabidea egin baino lehenago, Turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzaren onespena eduki behar dute.

7.– Turismoa sustatzen duten hiriburuetako erakundeak: Euskal Autonomia Erkidegoko hiri hiriburuetako turismoa garatzeaz eta sustatzeaz arduratzen diren erakunde publikoak dira.

8.– Atxikitzeko protokoloa: Basquetour Euskal Turismo Agentzia S.A. erakundeak (aurrerantzean Basquetour) eta eskualdeko turismo-lankidetzarako erakundeek, turismo-kudeaketarako egiturek, turismoa sustatzen duten hiriburuetako erakundeek, edo, zenbait egoeratan, tokiko erakundeek sinatutako agiria da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailaren 2013-2016 Ekintza Plana eta Euskadiko Turismoaren Marketin Plana jomugetan abiarazteko bi aldeek hartutako konpromisoak jasoko dira, zehatz-mehatz, protokolo horretan. Plan horiek ezartzeko, hainbat bide baliatuko dituzte aldeek: esaterako, lehiakortasuna hobetzeko jardunbide egokien programak abiaraziko dituzte, eta plan horiek turismo aldetik dinamizatzeko produktuak, proiektuak eta jarduerak garatuko dituzte. Horretarako, aldian behingo ebaluazio-metodologiak baliatuko dituzte, lortutako emaitzen jarraipena eta kontrola egiteko eta hobetu beharreko helburuak zehazteko.

9.– Langile teknikari kudeatzaileak: kudeaketan frogatzeko moduko gaitasuna duten langileak, arlo horretako unibertsitate-titulua dutelako edota enpresen kudeaketan gutxienez hiru urteko eskarmentua dutelako.

10.– Produktuari loturiko teknikariak: turismo-produktuak sortzen, garatzen eta abiarazten egiaztatzeko moduko gaitasuna duten langileak.

11.– Lehiakortasun-arloko teknikariak: Basquetour agentziak bultzatutako jardunbide egokien programak abiarazten frogatzeko moduko gaitasuna duten pertsonak.

12.– Interpretazio-zentroak: baliabide historiko, kultural edo natural garrantzitsu edo bereziak dituzten tokietan kokatuta egonik, bisitariei baliabide horien ulermena errazten dieten lekuak dira. Modu ez-formal, ulergarri eta erakargarrian betetzen dute zeregin hori, bisitariek aukera izan dezaten interpretazio-zentro horietan hasitako interpretazioari jarraipena emateko.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Xedapen honetan araututako laguntzak emateko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetan ezarritakoak izango dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren laguntzak ez dira izango arlo horretara bideratutako zenbatekoak baino handiagoak, edo berau eguneratzearen ondorioz ateratako zenbatekoak baino handiagoak, baldin eta indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira. eskatutako laguntzen guztizkoa kontuan izanik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailaren beste laguntza-programa batzuk egikaritu ondoren, aurrekontuan eskuragarri geratzen denaren arabera, betiere diru-laguntzei buruzko ebazpena eman aurretik. Turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzak emandako ebazpenaren bitartez jakinaraziko da horren berri.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskatu ahal izango dituzte EAEn kokatutako udalek, udal-sozietate publikoek, udal enpresa-entitate publikoek, koadrilek eta mankomunitateek, tokiko eta eskualdeko garapen-agentziek, landa-garapenerako elkarteek, turismo-partzuergoek eta berezko izaera juridikoa duten eta turismoa sustatzen duten bestelako eskualde-erakundeek, eta irabazi-asmorik gabeko elkarte edo erakunde pribatuek, betiere Euskadin kokatuta badaude eta horien helburuetako bat turismo-jardueraren garapena bada.

2.– Ezin izango dute laguntza-programa honen erakunde onuradunak izan ETEak, horien elkarteak, sektore-elkarteak, kirol-elkarteak, irabazi-asmoa duten elkarteak, Aldundiak eta berezko izaera juridiko lotua duten edota Erakunde Administrazioaren –Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundien– mendekoak diren sozietate publikoak.

3.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean ez dauden erakundeen proiektuak ez dira diruz lagunduko. Horri dagokionez, aipatutako eginbeharrak betetzen direla jasotzen duten ziurtagiriak automatikoki egiaztatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailak, beharrezkoa den aldi guztietan eta entitate interesdunei baimena eskatu gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua aldatzen duen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen ditu Lege horrek) azken xedapenen arteko hirugarrenaren 1. paragrafoan xedatutakoari jarraituz.

4.– Era berean, ez dira diruz lagunduko zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakundeen proiektuak, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean dauden erakundeen egitasmoak ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) Azken Xedapenetan seigarrenean xedaturikoari jarraiki.

5.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jardunak.

1.– 2.2 eta 2.6 artikuluetan, hurrenez hurren, jasota dauden definizioetan sartzen diren turismo-lankidetzarako erakundeak sortzeko eta mantentzeko laguntzak eta turismo-kudeaketarako egiturak, baita 2.7 artikuluaren arabera turismoa sustatzen duten euskal hiriburuetako hiru erakundeei eusteko diru-laguntzak ere.

a) Eskualdeko turismo-lankidetzarako erakundeak sortzeko eta mantentzeko laguntzak emango dira; eskabidea aurkezterako, erakundeok atxikitzeko protokolo bat sinatuta izan behar dute Basquetour agentziarekin, jomugako jarduera-planak garatzeko. Horretarako, gutxienez honako baldintzak bete beharko dituzte:

– Beren kudeaketa-ereduan Erakunde Mahaiak, Turismo Mahaiak, eta, beharrezkoa bada, Azpisektore Mahaiak sortzea jaso beharko dute.

– Gutxienez, jomugen kalitateari buruzko programari (SICTED) atxikitako enpresarien talde bat kudeatu behar dute.

– Basquetourrek bultzatutako turismo-produktuetako bat kudeatu beharko dute, gutxienez.

Ez da lankidetza-erakunde bat baino gehiago sortzea edota mantentzea lagunduko baldin eta horien jardun-esparru geografikoa funtsean berbera bada; horrenbestez, horrelakorik gertatuz gero, esklusiboki turismo-esparrukoa den jarduera gauzatzen duenari lagunduko zaio.

b) Turismo-kudeaketarako egiturak sortzeko eta mantentzeko diru-laguntzak emango dira; eskabidea aurkezterako, egitura horiek atxikitzeko protokolo bat sinatuta izan behar dute Basquetour agentziarekin, tokian-tokian dagozkion jarduera-planak garatzeko.

c) Lankidetzarako erakundeek eta turismo-kudeaketarako egiturek berezko izaera juridikorik ez badute, erakunde bat izendatu beharko dute beren kideen artean. Erakunde horrek onuradun izateko baldintzak bete beharko ditu, 4. artikuluan xedatutakoari jarraiki, eta solaskide eta ordezkari izateko eginkizun izango du, laguntzak eskatzeari, kudeatzeari, kobratzeari eta hala badagokio, Agindu honetan araututako laguntzetako bat lortzearen ondoriozko erantzukizunak bere gain hartzeari dagokionez. Izendapen hori behar bezala jaso beharko da horretarako sinatutako lankidetza-dokumentuan.

d) Turismoa sustatzen duten euskal hiriburuetako hiru erakundeei eusteko diru-laguntzak emango dira; eskabidea aurkezterako, erakunde horiek atxikitzeko protokolo bat sinatuta izan behar dute Basquetour agentziarekin, hiriburuetako jarduera-planak garatzeko, eta horretarako, gutxienez baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Beren kudeaketa-ereduan Turismo Mahaiak eta, beharrezkoa bada, Azpisektore Mahaiak izan behar dituzte ezarrita.

– Gutxienez, jomugen kalitateari buruzko programari (SICTED) atxikitako enpresarien talde bat kudeatu behar dute.

– Erakunde bakoitzari dagozkion MICE Planen baitan antolatutako ekimenak gauzatzen parte hartu behar dute.

– Euskal Gastronomika proiektura atxikita egon behar dute.

– Sailburuordetzaren Marketin Planarekin bat etorriz kudeatu behar dute Euskadiren turismo-sustapena.

e) Langileak:

1) Aurrez adierazitako erakundeek langile egokiak eta behar beste izango dituzte beren egituran; alde horretatik, gutxienez teknikari kudeatzaile bat izango dute, eginkizun nagusi batekin: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailaren 2013-2016 Ekintza Planaren eta Euskadiko Turismoaren Marketin Planaren hedapenean laguntzea eta parte hartzea bere jarduera-esparruan. Lankidetzarako erakundeen kasuan, eginkizun horrez gain, beste hauek ere izango ditu teknikari kudeatzaile horrek:

– Jomugako turismo plan zuzentzaileak (Euskal Kostaldea, etab.) edozein ardatzetan ezartzeko prozesuan, Basquetourrek eskatutako ekintza eta zereginetan laguntzea eta bitartekari lanak egitea.

– Helmugan ezarritako turismo-planen eta -jardunen garapenari jarraipena egitea, jardun horiek eragin-eremuaren barruko turismo-tokian egin daitezkeen beste hainbat jardunekin koordinatzen saiatuz.

– «Erakunde Mahaiak», «Turismo Mahaiak», eta hala badagokio, «Azpisektore Mahaiak» kudeatzea edota koordinatzea.

– Gutxienez produktuari eskainitako orduen % 25 kudeatzea, bai eta Basquetour agentziarekin sinatutako atxikipen-protokoloa ere. Programa honen urteroko deialdian zehaztuko da teknikari horiek zenbat ordu eskainiko dizkioten produktuari.

– Horren guztiaren geroagoko ebaluazioa egitea, jardunen helburuen lorpenarena zein helburu horiek Agindu honen azken helburuetan –Zioen Azalpenean adierazitakoetan– egindako ekarpenarena.

2) Langile teknikari gehiago edukitzeko aukera ere izango dute turismo-produktu gehiago kudeatu ahal izateko, baita lehiakortasunarekin loturiko lanak egiteko langile espezializatuak ere. 5.2 artikuluan zehazten dira arlo horretako eginkizunak.

3) Langile teknikari kudeatzaileek ezingo dute beren jarduera eta turismo-bulegoetan jendeari zuzeneko arreta emateko lana batera egin, eta modu esklusiboan jardungo dute artikulu honetan zehaztutako zereginetan.

Produktuarekin lan egiten duten teknikariek jarduera turistikoarekin loturiko beste zeregin batzuk ere egin ahal izango dituzte, betiere erakundeak langile prestatuak eta modu espezifikoan kualifikatuak baditu produktuak sortzeko eta garatzeko berezko jarduerak egin ahal izateko. Era berean, lan horiekin batera turismo-bulegoetan izaten direnak ere egin ahal izango dituzte, beti ere bulegoak ez badaude urte osoan jendaurrera irekita eta bi eginkizunek ez badute elkar gainjartzen edo batak bestea oztopatzen. Horrelakoetan, langile horiek protokoloetan jasotako turismo-produktuak sortzen eta garatzen egindako denboraren portzentajea lagunduko da diruz.

f) Honako hauekin loturiko gastuak diruz lagundu ahal izango dira:

1) Eskualdeko turismo-lankidetzarako erakundeetako eta kudeaketa-egituretako langile teknikari kudeatzaileen kontratazioa (soldata gordina eta gizarte-segurantza).

2) Eskualdeko turismo-lankidetzarako erakundeetan eta turismoa kudeatzeko egituretan jardungo duten langile teknikarien kontratazioa (soldata gordina eta gizarte-segurantza) edota haien laguntza teknikoa.

3) Hiriburuetan turismoa sustatzen duten erakundeetan produktuarekin loturiko lanean jardungo duten teknikarien laguntza teknikoa.

2.– Helmugen lehiakortasuna hobetzea.

a) Jardunbide egokien programak eta helmugei laguntzeko programak lehiakortasuna hobetzeko.

1) Diruz lagunduko da helmugetan lehiakortasuna hobetzera bideratutako jardunbide egokien programak ezartzeko eta sendotzeko prozesuen garapena. Horretarako, laguntzen eskabidea aurkezterako, Basquetour agentziari atxikitzeko protokoloa sinatuta eduki behar dute erakundeek, ondoren adierazitako jardunbide egokien programak kudeatzeko. Programa eta enpresa bakoitzeko diruz lagunduko diren gehieneko orduen ondorengo baremo hau hartuko da erreferentziatzat, diru-laguntzak kalkulatzeko:

– Helmugen Kalitateko Jardunbide Egokien programa, Helmugen Turismo Kalitatearen Sistema Integralaren (SICTED) ereduarekin loturikoa: gehienez ere 20 ordu enpresa bakoitzeko. 5. ziklotik aurrera, berriz, enpresa bakoitzeko 8 ordu lagunduko dira gehienez.

– Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak erabiltzeko Jardunbide Egokien programa: enpresa bakoitzeko 20 ordu gehienez. Enpresa bakoitzeko 8 ordu lagunduko dira gehienez, honako kasu hauetan:

a. 4. mailatik aurrera.

b. Berretsitako laguntzak, 2. mailatik aurrera.

2) Programetan zenbat enpresak izena emango duten aurreikusi da lehenbizi, eta horren arabera kalkulatuko da diru-laguntzen zenbatekoa.

3) Honako hauekin loturiko gastuak diruz lagundu ahal izango dira:

– Agindu honen 4. artikuluan zehazten diren erakunde onuradunetako lehiakortasun arloko teknikarien kontratazioa (soldata gordina eta gizarte-segurantza), hiru hiriburuetan turismoa sustatzen duten erakundeetako langileena izan ezik.

Erakunde eskatzaileen antolakuntzan aurreko paragrafoan aipatutako laguntzetan bilduriko prozesu guztiak burutzeko prestakuntza eta trebakuntza duten langileak badaude, adierazitako prozesu guztietan langile horiek emandako denboraren ehunekoa lagundu ahal izango da diruz, programa bakoitzerako aurreikusitako denbora- eta enpresa-baremazioa kontuan hartuta.

– Agindu honen 4. artikuluan zehazten diren erakunde onuradunek Jardunbide egokien programak abiarazteko xedez laguntza teknikoa emateko behar izan ditzaketen langile kualifikatuen kontratazioa.

Turismo-sustapeneko hiru hiriburuetako erakundeek 1. atalean adierazitako jardunbide egokien programak abiarazteko xedearekin eginiko obra eta zerbitzuko kontratazioek, lan pilaketagatik egindakoek eta antzekoek laguntza teknikoa emateko kontratazioen tratamendu bera izango dute laguntza-programa honen ondorioetarako.

b) Turismo-erabilerako establezimendu eta zerbitzuetan kalitatea kudeatzeko eta ingurumena kudeatzeko erreferentzialak txertatzen laguntzeko programa.

1) Idatzi-zati honetan biltzen dira Agindu honen 4. artikuluan zehazten diren erakundeak; hain zuzen, titularrak diren establezimendu eta zerbitzuetan kalitatearen kudeaketarako (ICTE Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuaren Turismo-kalitateko «Q» Marka, ISO 9001:2008) eta ingurumen-kudeaketarako (ISO 14001: 2004 eta EMAS) erreferentziazko ereduak txertatuta dituztela frogatzen duten ziurtagiriak, edo hala badagokio, egiaztagiriak lehen aldiz lortzeko edota berritzeko proiektua duten eta beren jarduera betetzeko legeak eskatzen dizkien baldintzak betetzen dituzten erakunde onuradunak; jarduerak, honako tipologiaren batean kokatuta egon behar du:

– Turismo-erregulazio espezifikoa duten alojamendu-establezimenduak eta sukaldaritza-establezimenduak.

– Interpretazio Zentroak.

– Itourbask sareko Turismo Bulegoak.

– Conventions Bureaux.

– Lankidetzarako erakundeak, Nortasun juridiko propioa duten turismo-kudeaketarako egiturak eta hiriburuetan turismoa sustatzen duten erakundeak.

Museo gisa kalifikatutako baliabideak ezin izango dira diruz lagundu.

ICTE institutuaren Turismo Kalitatearen «Q» marka lortzeko laguntza eskatzen duten erakundeek Basquetour agentziaren bitartez sistemari atxikitzea eskatu behar dute aldez aurretik, betiere deialdiaren laguntza-eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

2) Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak:

– Kanpo-aholkularitzen laguntza teknikoa.

– Ziurtagiria lortzeko, berritzeko edo, hala badagokio, egiaztatzeko kanpoko kontu-ikuskapenen gastuak.

– Marka erabiltzeko gastuei dagozkien kopuruak, ziurtagiria edo haren berritzea lortu ondoren marka hori eman eta gero.

Ziurtagirien mantentze- edo jarraipen-faseari datxezkion gastuak ez dira kontuan hartuko, ezta arriskuen eta kontrol kritikoko puntuen azterketarako sistemaren (AKKPA/HACCP) definizioarekin eta ezarpenarekin lotutakoak ere.

Kontzeptu horrengatiko laguntzaren helburua burututakotzat hartuko da likidazio-fasean, gastuak justifikatzeko fakturekin batera, hura bete dela justifikatzen duen ziurtagiria edota egiaztagiria aurkezten denean.

c) Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduari jarraiki baliabide eta establezimendu turistikoen irisgarritasuna hobetzeko laguntza-programa.

1) Idatzi-zati honetan bilduriko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Agindu honen 4. artikuluan zerrendatutako erakunde onuradunek, betiere «Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduari» jarraiki diagnostikatutako turismo-erabilerako establezimenduen eta zerbitzuen titularrak badira eta beren jarduera egikaritzeko legeak ezarritako baldintzak betetzen badituzte; jarduerak, honako tipologiaren batean kokatuta egon behar du:

– Turismo-erregulazio espezifikoa duten alojamendu-establezimenduak eta sukaldaritza-establezimenduak.

– Interpretazio Zentroak.

– Itourbask sareko Turismo bulegoak.

– Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduaren garapenak txertatzen dituen gainerakoak.

Museo gisa kalifikatutako baliabideak ezin izango dira diruz lagundu.

2) Honako hauetan oinarritutako jardunek laguntza jaso ahal izango dute:

– Pertsonek eduki ditzaketen edozein motatako dibertsitate funtzionalei (fisikoa, ikusmenekoa, entzumenekoa, adimenekoa edo organikoa) erantzunez, turismo-establezimendu eta -zerbitzuetan egin beharreko zerbitzu-, ekipamendu- eta azpiegitura-egokitzapenak.

– Laguntza teknikoak eskuratzea.

3) Arestian aipatutako jardunak diruz lagundu ahal izateko, establezimenduaren irisgarritasun-mailaren diagnosian (Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduaren arabera egingo da diagnosi hori) lehentasun handieneko jardun gisa hartuko dira; horri dagokionez, aurreko mailari edo mailei dagozkien jardunak eginda daudela hartuko da aintzat, edo bestela jardun haiek egikaritzeko epea amaitu aurretik eginda egongo direla. Azken kasu horretan, hobekuntza-plana egin duen erakundeak horren berri eman beharko du bere txostenean, eta plan horren aldeko iritzia eman beharko du.

3.– Lankidetzarako erakundeek eta kudeaketarako egiturek kudeatutako turismo-produktuak sortzea eta garatzea. Produktu horiek bat etorriko dira turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzak sustatutako turismo-planekin.

a) Agindu honen 4.1 artikuluan adierazitako erakunde onuradunek eskuratu ahal izango dituzte atal honetan aurreikusitako laguntzak, betiere agindu honen 2.2 eta 2.6 artikuluetan, hurrenez hurren, emandako definizioen arabera turismo-lankidetzarako erakundeak eta turismo-kudeaketarako egiturak badira.

b) Diruz lagunduko dira turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzak bultzatutako turismo-produktuak eta plan zuzentzaileak garatzeko xedearekin Basquetour agentziarekin sinatutako atxikipen-protokoloetan jasotako jarduerak guztiak. Produktuak edota, horrela badagokio, plan zuzentzaileak sortzeko ardatzaren urteko jarduera-planera lotuko dira jarduera horiek.

4.– Hiru hiriburuetan turismoa sustatzen duten erakundeek kudeatutako turismo-produktuak eta jomugak sortzea, garatzea, sustatzea eta horien marketina egitea.

a) Agindu honen 4.1 artikuluan zerrendatutako erakunde onuradunek eskuratu ahal izango dituzte atal honetan aurreikusitako laguntzak, betiere, agindu honen 2.7 artikuluan emandako definizioaren arabera hiriburuetako turismoa sustatzen duten erakundeak badira.

b) Kapitala kudeatzen duen erakundeak eta Basquetourrek atxikipen-protokoloan adostutako turismo-produktuak eta jomugak sortzeko, garatzeko, sustatzeko eta horien marketina egiteko jarduerak lagunduko dira diruz.

Indarrean den Euskadiko Turismoaren Marketin Planarekin bat etorriko dira eta lerrokatuta egongo dira jarduera horiek.

Marketineko eta turismo-sustapeneko euskarriek Basquetourren oniritzia izan behar dute diseinu-fasean; hau da, gauzatu, inprimatu edo editatu baino lehen.

5.– Deialdi-ebazpena argitaratzen den ekitaldiaren barruan egindako jardunek jasoko dute diru-laguntza, ondoren zehaztutako kasuetan izan ezik:

a) Kalitatearen eta ingurumenaren kudeaketan erreferentziazko ereduak txertatu direla frogatzen duten ziurtagiriak, edo hala badagokio, egiaztagiriak lortzea xede duten proiektuak, baldin eta laguntza-eskabidea aurkezten den ekitaldiaren hurrengo ekitaldiko abenduaren 31ra arte zabaltzen bada proiektu horien epea. Aldi horretan egindako gastuak onartu egingo dira.

b) Baliabide eta establezimendu turistikoen zerbitzuak, ekipamenduak eta azpiegiturak Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Eredura egokitzea xede duten proiektuak, baldin eta laguntza-eskabidea aurkezten den ekitaldiaren hurrengo ekitaldiko uztailaren 1era arte zabaltzen bada proiektu horien epea. Aldi horretan egindako gastuak onartu egingo dira.

6.– Ondasunak mantentzeko eta berritzeko obrak ez dira diruz lagunduko, ezta erakunde eskatzailearen berezko gastuak eta kudeaketa-gastuak ere, Agindu honen 5. artikuluan zehaztutakoak izan ezik.

7.– Diruz lagundu diren ondasunak eskabidean aurreikusitako helburuetarako mantendu eta erabili beharko dira gutxienez 5 urteko denbora-tartean, abian jarri zireneko egunetik zenbatzen hasita.

6. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta ehunekoak.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez gauzatuko dira, jarraian zehazten diren zenbateko eta ehunekoen arabera:

a) Agindu honen 5.1.g.1) eta g.2) artikuluetan jasotzen dira teknikarien (kudeatzaileak eta produktukoak) kontratazio-gastuetarako diru-laguntzak. Hauek izango dira:

– Onartutako gastuaren % 55 eta gehienez ere 25.000 euroko diru-laguntza pertsona bakoitzeko, modu esklusiboan turismo arloan diharduten eskualdeko lankidetzarako erakundeen kasuan.

– Gainerako erakundeen kasuan, onartutako zenbatekoaren % 45 eta gehienez ere 25.000 euroko diru-laguntza pertsona bakoitzeko.

Aurrez aipatutako ehunekoak % 10 handitu ahal izango dira eta diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa 30.000 euro artekoa izan ahalko da, baldin eta erakunde onuradunek egiaztatzen badute plan operazionaletan (produktuko teknikaria) eta eredua kudeatzeko tresnan (teknikari kudeatzailea) ezarritako ekintzen % 75 bete dutela. Protokoloa sinatzerakoan finkatuko dira konpromiso horiek, eta diru-laguntza likidatzeko fasean doituko da zenbateraino bete diren, Basquetourrek aldez aurretik egindako ebaluazioaren bidez.

b) Agindu honen 5.1.g.1), g.2) eta g.3) artikuluetan jasotzen da teknikarien (kudeatzaileak eta produktukoak) laguntza teknikorako diru-laguntza; onartutako gastuaren % 40koa izango da laguntza hori eta gehienez ere 21.000 eurokoa pertsona bakoitzeko.

Aurrez aipatutako ehunekoak % 10 handitu ahal izango dira eta diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa 30.000 euro artekoa izan ahalko da, baldin eta erakunde onuradunek egiaztatzen badute produktuko plan operazionaletan (produktuko teknikaria) eta eredua kudeatzeko tresnan (teknikari kudeatzailea) ezarritako ekintzen % 75 bete dutela. Protokoloa sinatzerakoan finkatuko dira konpromiso horiek, eta diru-laguntza likidatzeko fasean doituko da zenbateraino bete diren, Basquetourrek aldez aurretik egindako ebaluazioaren bidez.

c) Agindu honen 5.2.a.3.1) artikuluan jasotzen da lehiakortasuneko teknikarien kontratazio-gastuetarako diru-laguntza. Honako hau izango da:

– Onartutako gastuaren % 65 eta gehienez ere 30.000 euroko diru-laguntza pertsona bakoitzeko, modu esklusiboan turismo arloan diharduten eskualdeko lankidetzarako erakundeen kasuan.

– Gainerako erakundeen kasuan, onartutako zenbatekoaren % 55 eta gehienez ere 30.000 euroko diru-laguntza pertsona bakoitzeko.

d) Agindu honen 5.2.a.3.2 artikuluan jasotzen da lehiakortasuneko teknikarien laguntza teknikorako diru-laguntza; onartutako gastuaren % 50ekoa izango da laguntza hori eta gehienez ere 21.000 eurokoa pertsona bakoitzeko.

e) Agindu honen 5.2.b) artikuluan jasotzen dira turismo-kalitatearen kudeaketa eta/edo ingurumenaren kudeaketa egiaztatzen duten ziurtagiriak lortzeko edota berritzeko diru-laguntzak. Hauek izango dira:

– Ziurtagiri/egiaztagiri horiek lortzeko onartutako zenbatekoaren % 70 eta gehienez ere 6.000 euroko laguntza.

– Onartutako zenbatekoaren % 50 eta gehienez ere 3.000 euro, ziurtagiriak berritzeko.

f) Agindu honen 5.2.c) artikuluan aurreikusi dira baliabide eta establezimendu turistikoak Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Eredura egokitzeko diru-laguntzak; onartutako inbertsioaren % 50ekoa izango da diru-laguntza hori eta gehienez ere 12.000 eurokoa.

g) Agindu honen 5.3 artikuluan jasotzen da eskualdeko turismo-lankidetzarako erakundeek eta turismo-kudeaketarako egiturek kudeatutako turismo-produktuak sortzeko eta garatzeko diru-laguntza; onartutako zenbatekoaren % 50ekoa izango dira laguntza hori eta gehienez ere 20.000 eurokoa.

h) Agindu honen 5.4 artikuluan jasotzen dira hiru hiriburuetan turismoa sustatzen duten erakundeek kudeatutako jomugak eta turismo-produktuak sortzeko, garatzeko eta horien marketina egiteko diru-laguntzak; onartutako zenbatekoaren % 50ekoa izango da laguntza hori eta gehienez ere programaren urteko zuzkiduraren % 10aren parekoa erakunde bakoitzarentzat.

2.– Diru-laguntzen programa finantzatzeko urteroko deialdian zehazten den zuzkiduraren % 10aren pareko diru-laguntza jaso ahal izango du, gehienez ere, hiriburuetan turismoa sustatzen duen erakunde bakoitzak, Agindu honetan finkatutako kontzeptu guztiengatik.

3.– Guztira fakturatutako zenbatekoa hartuko da diruz laguntzeko gastu edo inbertsiotzat, eta hor sartuko dira dagozkion zeharkako zergak, beti ere ezin badaitezke errekuperatu edo konpentsatu; gainerakoan, ezin izango dira diruz lagundu.

7. artikulua.– Esleipen-prozedura.

Agindu honetan jasotako baldintzak eta helburua betetzen dituzten proiektuak dituzten erakunde onuradunen artean banatuko dira deialdi bakoitzean esleituko diren baliabide ekonomikoak. Laguntza horiek banatzerakoan, aurreko artikuluan adierazitako ehunekoak eta zenbatekoak hartuko dira kontuan, eta ondoren zehaztutako prozedura eta sekuentzia honi jarraituko zaio:

1.– Banaketa bat egingo da euskal hiriburuetako turismoa sustatzeko hiru erakunde sustatzaileek 5. artikuluko 1.d), 2.a) eta 4. idatzi-zatietan jasotako jarduerak egiteko eskatutako laguntzetarako, betiere eskariok Basquetourrekin izenpetutako atxikipen-protokoloan onartuak izan badira, baita 5. artikuluko 2.b) eta 2.c) idatzi-zatietan aipatzen direnetarako ere, baldin eta idatzi-zati horietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

2.– Behin aurrekoa eginda, 5. artikuluko 1.a), 1.b) eta 2.a) idatzi-zatietan adierazitako laguntza-eskabide onartuen artean egingo da bigarren banaketa, betiere Basquetourrekin izenpetutako atxikipen-protokoloa betetzen badute. Eskabide horiek diruz laguntzeko aurrekontu nahikorik ez badago eskura, dagoen zenbatekoa haien artean hainbanatuko da, eta diru-laguntza teorikoaren zenbatekoa hartuko da oinarri, bakoitzari dagokiona kalkulatzeko.

3.– Aurrekoa egin ondoren, eta oraindik aurrekonturik geratzen bada eskura, hirugarren banaketa bat egingo da lehiakortasuna hobetzeko 5.2.b) eta c) artikuluan adierazitako jarduerak egiteko aurkeztu diren laguntza-eskabideen artean, betiere artikulu horietan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Eskabide horiek diruz laguntzeko aurrekontu nahikorik ez badago eskura, dagoen zenbatekoa haien artean hainbanatuko da, eta diru-laguntza teorikoaren zenbatekoa hartuko da oinarri, bakoitzari dagokiona kalkulatzeko.

4.– Azkenik, eta oraindik ere aurrekonturik geratzen bada eskuragarri, 5.3 artikuluan adierazitako turismo-produktuak sortzeko eta garatzeko egin diren eskabideetan –Basquetourrekin izenpetutako atxikipen-protokoloen arabera onartutakoetan, betiere– jasotako gainerako jardueren artean banatuko da geratzen dena. Aurreko banaketetan bezala, eskabide horiek diruz laguntzeko aurrekontu nahikorik ez badago eskura, dagoen zenbatekoa haien artean hainbanatuko da, eta diru-laguntza teorikoaren zenbatekoa hartuko da oinarri, bakoitzari dagokiona kalkulatzeko.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak beste entitate edo erakundeek emandako beste edozein laguntzarekin bateragarriak dira, Turismo Zuzendaritzak kudeatutako beste laguntza-hitzarmen edo -aginduen babespean kontzeptu berdinetarako emandako laguntzekin izan ezik.

2.– Aurreko idatzi-zatian xedatutakoa gorabehera, arau honen babespean emandako laguntzaren zenbatekoak ez dira, inolaz ere, laguntza hau emateko helburuaren kostu garbia baino handiagoak izango, ez laguntza bakoitzarenak, ez beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako bestelako diru-laguntzekin edo laguntzekin batera eskuratutakoak, ez eta jardun berberetarako eta/edo diruz lagundutako inbertsio berbetarako bestelako edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batera eskuratutakoak ere; helburuaren kostu garbiaren zenbateko hori gaindituz gero, soberakinari dagokion kopururaino murriztuko da Agindu honi jarraiki emandako laguntza.

9. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Agindu honetan jasotako araudia betez emango diren diru-laguntza eta laguntzei begira, Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia S.A. Erakunde Laguntzailetzat jotzen da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta arau horretan bildutako zehaztapenak kontuan hartuta. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen ditu; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du.

2.– Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia S.A.-k, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Erakunde interesdunekin jomuga bakoitzeko jarduera-planak garatzeko atxikipen-protokoloak sinatzea, beti ere turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzaren Jarduera Planarekin eta Euskadiko Turismoaren Marketin Planarekin bat badatoz plan horiek.

b) Erakunde interesdunekin sinatutako atxikipen-protokoloen kopia bat ematea, laguntza-eskabideen ebaluazioa egin ahal izateko.

c) Diru-laguntzak justifikatzeko fasean, gauzatutako protokolo bakoitzeko egikaritze-txosten bat egitea, eta bertan zehaztea diru-laguntzen ehunekoak eta zenbatekoak erabakitzeko kontuan hartu diren alderdiak zenbateraino bete diren, horren arabera diru-laguntzen azken likidazioa egiteko.

10. artikulua.– Prozeduraren hasiera.

Agindu honek araututako laguntzak urtean behin egingo diren deialdi publikoen bidez iragarriko dira eta publizitatearen, lehiaren, objektibotasunaren eta berdintasunaren printzipioei jarraituz emango dira. Turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzak emandako ebazpen bidez egingo da deialdia, eta, bertan, honako hauek zehaztuko dira, gutxienez:

– Ekitaldi jakin horretako diru-laguntzak ematera bideratutako aurrekontu-esleipenaren zenbatekoa.

– Eskabideak zer epetan eta non aurkez daitezkeen.

11. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Eskabide bakar bat onartuko da erakunde eskatzaile bakoitzeko, 5.2.b) artikuluan identifikatutako erreferentziazko kudeaketa-ereduei jarraiki kalitatearen eta/edo ingurumenaren kudeaketaren ziurtagiriak/egiaztagiriak lortzeko laguntzak eskatzearen kasuan izan ezik; kasu horretan, xede horretarako espezifikoa den beste eskabide bat onartuko da.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta Agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren arabera.

Eskabidea Internet bidez soilik eskuratu eta bete ahal izango da, http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/cte.html helbidean eta web helbide horretan jasotako funtzionalitateen bidez.

Espedienterako sarbidea eta ondorengo gainerako izapideak honako helbide honen bidez gauzatuko dira: http://www.euskadi.net/misgestiones

Laguntza eskatu duen pertsonaren edo erakundearen baimendutako sinaduraz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da eskabidearekin batera, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aurreko aukera gorabehera, sinadura digitala erabili nahi ez bada, eskabideak adierazitako webgunean (http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/cte.html) informatikoki gordeak izan ondoren, inprimatu egin beharko dira eta erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonak sinatuta bidali Turismo Zuzendaritzara, eta, orobat, aurkeztu ere egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailaren lurralde ordezkaritzetan, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetako batean.

Eskabidearen edukia aurretik aipaturiko web helbidean eskuratu ahal izango da.

3.– Eskatzaileek aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedura amaitu artean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

4.– Erakunde eskatzaileak proiektuak ebaluatzeko behar diren datu orokorrak jasoko dituen eskabidea bete beharko du, eta baita eskabide horretan jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko zinpeko aitorpen bat ere, zehazki, honako hauek:

– Jardunak onartzeko garaian, erakunde eskatzailearen organo eskudunak laguntza-programa honen deialdian aurkezten diren baldintzen arabera egitea erabaki duela dioen deklarazioa, baita diruz lagundu ezin dena finantzatzeko konpromisoa onartzen duela ere.

– Erakunde eskatzaileak Agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela adierazten duen agiria.

– Erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruko edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta ez dagoela egiaztatzen duen aitorpena.

– Aitorpena, erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela adierazten duena.

– Aitorpena, erakunde eskatzaileak ez duela armarik ekoizten, ez merkaturatzen ez eta finantzatzen ere adierazten duena, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legean zehaztutakoa betez.

– Eskatutako laguntza horien xede diren jardunak egiteko beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako nahiz horien bitartez lortutako laguntzen aitorpena.

– Pertsona eskatzailearen edo ordezkatzen duen erakundearen aitorpena honakoak adieraziz: ez dutela inoiz zigortu arau-hauste oso larriarengatik eta, halaber, ebazpen administratiboaren edo epai judizial irmoaren ondorioz ez dutela inoiz kondenatu langileen Estatutuan berdintasunari buruz azaltzen diren betebeharrak edo aplika daitekeen hitzarmena ez betetzeagatik; ez dagoela zigortuta diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko Legearen 24.2 artikuluaren arabera; konpromisoa hartzen duela Lege horrek Administrazioaren laguntzak kontratatzen, hitzartzen eta jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien baldintzak betetzeko, eta bete egiten duela Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa.

Pertsona eskatzaileak lehen adierazitako erantzukizunpeko aitorpenean gezurrezko daturen bat jartzen badu, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraiki.

5.– Oro har, eskabideekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren kopia.

b) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia, edota gaitasun hori egiaztatzen duen dokumentazioa.

c) Irabazi-asmorik gabeko elkarte edo erakunde pribatuen kasuan, estatutuen fotokopia eta Elkarteen Erregistroan erregistratuta daudela egiaztatuko duen ziurtagiria.

d) Berezko nortasun juridikoa duten Garapen Erakundeek, Turismo-partzuergoek, edota turismoa sustatzen duten bestelako erakundeek: erakundea egiaztatzeko dokumentazioa (eratze-eskrituraren, estatutuen eta erregistroko izen-ematearen ziurtagiriaren kopiak).

e) Gainera, fundazioek estatutuen fotokopia aurkeztu beharko dute, baita dagokien erregistroan erregistratu izanaren egiaztagiria ere.

Eskabidea erakunde eskatzailearen sinadura elektroniko baimenduaren bitartez formalizatzen bada, ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko; izan ere, lehen zerrendatutako gainerako dokumentazioa erakundearen ziurtagiri elektronikoan inplizituki jasota dago.

6.– Halaber, eskabideekin batera, egiteko laguntza eskatzen den proiektuaren tipologiaren arabera ondoren zehaztutako dokumentazioa ere aurkeztu beharko da:

a) Lankidetza-erakundeei, turismo-kudeaketarako erakundeei eta hiru hiriburuetan turismoa sustatzen duten erakundeei laguntzeko proiektuak.

– Turismo-mahaien (erakunde-mahaia eta mahai teknikoa) akten kopia, laguntza-eskabidean aurkeztutako proiektuei begira lortutako akordioak jasotzen dituena.

– Berezko nortasun juridikorik ez duten erakundeek, proiektua hezurmamitzerakoan esku hartu duten partaide publiko eta pribatuek sinatutako lankidetza- eta kudeaketa-akordioa egiaztatzen duen dokumentu bat aurkeztu beharko dute (behar bezala formalizatuta egon behar du agiri horrek), 5.1.c) artikuluan adierazitakoari jarraiki.

b) Agindu honen 5.3 eta 5.4 artikuluetan jasotako proiektuak:

– Proiektu horiei buruzko informazio garrantzitsua ezinbestean laburbildu beharko da eskabide-orrietan horretarako aurreikusitako idatzi-zatietan, baina nolanahi dela ere, memoria gehigarria edo/eta dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da, proiektua hobeto ulertu ahal izateko.

– Seinaleak instalatzea dakarten proiektuen kasuan, udaleko edota Foru Aldundiko organo eskudunaren instalazio-baimenaren kopia aurkeztu beharko da laguntza jaso ahal izateko.

7.– Erakunde interesdunak eta Basquetour erakundeak formalizatutako atxikipen-protokoloak aurkeztea ez da derrigorrezkoa izango.

8.– Era berean, jadanik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailaren eskura dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Horrelakoetan, baina, eskabidean bertan adierazi beharko da zein egunetan eta zein organo edo erakundetan aurkeztu ziren agiriok, betiere, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 35 artikuluko f) idatzi-zatian ezarritako moduan eta horko betekizunak errespetatuta.

9.– Nolanahi ere, aurkezten diren eskaerak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu eta/edo argibide guztiak eskatu ahal izango dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailak erakunde eskatzaileari. Arau honetan zehazki aurreikusita ez dagoenari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Eskabidea oso-osorik beteta aurkezten ez bada, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzan eskatuko diote Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailaren Lurralde Ordezkaritzek, eta hori egiten ez badu, eskabideari uko egingo zaiola adieraziko diote, horri buruzko dagokion ebazpena emanda, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraiki.

13. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

1.– Basquetour agentziak, agindu honen 9. artikuluan jasotako atxikipen-protokoloen kopiak eta proiektuei buruzko balorazio-txostenak bidaliko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailaren lurralde ordezkaritzetara, bai eta oro har, laguntza-eskabide horiek behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia ere.

2.– Lurralde Ordezkaritzek eskabide bakoitzeko txosten tekniko bat igorriko dute turismo alorrean eskumena duen zuzendaritzara.

3.– 7. artikuluko prozedurari jarraituz, batzorde bat eratuko da, aurkeztutako eskabideen artean eskabide bakoitzaren gainean emandako txosten teknikoaren arabera laguntzak banatzeko. Batzorde horrek ebazpen-proposamenak bidaliko dizkio diru-laguntza emateko eskumena duen organoari, diru-laguntzen zenbatekoa adieraziz.

Hauek izango dira Batzorde horretako kideak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailaren Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako lurralde-ordezkariak, Basquetour agentziako zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona, Lurralde Ordezkaritzetako turismoko hiru koordinatzaileak eta Turismo Zuzendaritzako beste bi pertsona; teknikari horietako batek Batzorde horretako idazkari lanak beteko ditu, eta ezin izango du bozkatu. Lanpostuan denbora gehien daraman lurralde-ordezkaria izango da Batzordearen burua, eta berdinketarik gertatuz gero, batzordeko buru horrek erabakiko du bere botoarekin. Ahaleginak egingo dira batzorde horretan trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateko.

4.– Ebaluazio Batzordea burujabea izango da erabakiak hartzerakoan; erabakiak bozketa-prozedura bidez hartuko dira. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapituluan ezarritakoari jarraituko zaio.

14. artikulua.– Diru-laguntzak ematea.

1.– Turismo arloko Zuzendaritzak du eskumena erakundeek eskatutako laguntzak eman edo ukatzeko administrazio-ebazpenak eman eta jakinarazteko; sei hileko epea du horretarako, urteko deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezake interesdunak turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraiki.

Epe hori igaro ondoren inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ez dela onartu uler dezake erakunde interesdunak, organo eskudunak eskatutako laguntzari dagokionez berariazko ebazpena eman beharrari utzi gabe.

2.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinarazi beharko zaio banan-banan. Horretaz gain, erakunde esleipendunen zerrenda eta emandako laguntzen zerrenda urtero argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

15. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Diru-laguntzaren ordainketa egiteko beharrezkoa izango da turismo arloan eskumena duen Zuzendaritzaren ebazpena. Laguntza hori bi alditan ordainduko da, ondoren adierazten den bezala: diru-laguntzaren % 70, emandako laguntza onartu ondoren, edo hala badagokio, Agindu honen 19.1 artikuluan ezarritako epea igaro ondoren, eta gainerako % 30a, berriz, egindako gastuak justifikatu ondoren, hurrengo artikuluan xedatutakoari jarraiki.

2.– Aurrekoa gorabehera, ordainketa bakar batean ordaindu ahal izango da diru-laguntza, betiere Ebaluazio Batzordearen bileran aldez aurretik eta dokumentazio bidez justifikatzen bada eskatutako laguntzaren xede diren jardunak jadanik egin direla.

16. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunak ondoren deskribatuko den dokumentazioa aurkeztu beharko du, jarduerak egin ondoren, eta, beti ere, Agindu honen 5.5 artikuluan diruz lagundutako azken jarduerak bukatzeko ezarritako epetik hasi eta hilabete igaro baino lehen:

– Diruz lagundutako jardueren egikaritze-memoria. Besteak beste, oro har, honako informazio hau jaso beharko da memoria horretan: egindako jarduerak eta horien kostua, jardunen helburuen lorpenari buruzko ebaluazioa, eta Aginduaren helburu espezifikoak, Zioen Azalpenean aipatzen direnak, lortzeko egindako ekarpenari buruzko ebaluazioa.

– Fakturen koadroa. Fakturak behar bezala zenbakitu eta diruz lagundutako jardun bakoitzarekin lotu beharko dira koadro horretan, eta bakoitzarentzat honako informazio hau zehaztuko da: jaulkipen data, hornitzailea, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barnean hartu gabe). Behar bezala konformatutako fakturak baino ez dira onartuko, eta betiere horien gastu-kontzeptuek, laguntzaren xedearekin berariaz lotuta egonik, diruz lagun daitezkeen kontzeptuak argi eta garbi azaltzen badituzte, Agindu honetan biltzen denaren arabera. Eredua honako web-orrian eskura daiteke: http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/cte.html

– Behin betiko fakturen fotokopia konpultsatuak. Aurrez aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri behar dute faktura horiek. Gastuen egiaztapena faktura elektronikoen bidez ere egin ahal izango da, betiere zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.

– Lan-kontratuaren eta dagozkion nominen fotokopia, pertsona gaituren bat kontratatzeko diru-laguntza jasotzen den kasuetan.

– Langiletako baten lan-denboraren barruan, helmugetako Jardunbide Egokien programei eskainitako denbora-zatia finantzatzeko diru-laguntza eskatu duen erakundeko pertsona eskudunaren aitorpena. Honako informazio hau jasoko da aitorpen horretan: bereizi diren enpresen kopurua, horrelako programetan guztira zenbat ordu egin dituen, ordu horien ehunekoa, eta kostua.

– ISO edo EMAS araudiaren araberako ziurtagiria eskuratu edo berritzeko diru-laguntza eskatu dutenek araudi hori betetzen dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

2.– Fakturen koadroetan, eskabidea aurkeztu den ekitaldiari dagozkionak onartuko dira, baita 5.5 artikuluan horretarako ezarritako epeetan egindako jardunei dagozkienak ere.

3.– Ikuskatzaileek, Lurralde Ordezkaritzako langile izendatu diren aldetik, erantzukizunpeko aitorpenean eta fakturen koadroetan jasotako datuen egiazkotasuna egiaztatu ahal izango dute, baita diruz lagundutako proiektua benetan agindu honetan ezarritakoari jarraiki hezurmamitu ote den ere, aurkeztutako dokumentazioa aztertuz eta/edo ikuskatze-bisitaldiaren bitartez. Era berean, beharrezkotzat hartutako dokumentazio eta informazio osagarri guztia eska dezakete. Alderdi horiek guztiak egiaztatu ostean, Lurralde Ordezkaritzek txosten bat bidali beharko diote Turismoko Zuzendaritzari. Dagokion diru-laguntza likidatzeko proposatuko dute ordezkaritzek txosten horretan, betiere egindako eta onartutako gastua bat badatoz.

Horren haritik, diru-laguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, erakunde onuradunak benetan egindako eta justifikatutako gastuaren kostuari laguntza onartzeko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaio, betiere agindu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta laguntzaren zenbatekoa ez da izango, inolaz ere, adierazitako ebazpenean baimendutako kopurua baino handiagoa.

Nolanahi ere, Lurralde Ordezkaritzak ez baditu diru-laguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen, eta, horrek emandako diru-laguntza murriztea ekartzen badu, Turismo Zuzendaritzan dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde interesdunari, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa konpon dezan.

17. artikulua.– Laguntzen baldintzen aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta nolanahi ere, horrekin batera beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, laguntza onartzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere diru-laguntzen onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira. Horretarako, Turismo Zuzendaritzak aldaketa egiteko dagokion Ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean onuradunak diru-laguntzari berariaz eta idazki bidez uko egiten ez badio, onartutzat joko da.

2.– Emandako diru-laguntza eskatutako helburu zehatza betetzeko erabiltzea, salbu eta aurreko artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada. Horretaz gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jardunak bete dituela justifikatu beharko dute, Agindu honetan eta laguntzaren emakida-ebazpenean xedatutakoari jarraiki.

3.– 5.7 artikuluan adierazitakoari jarraiki, diruz lagundu diren ondasunak mantentzea eta/edo berritzea.

4.– Helburu berberarekin, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea diru-laguntza eman duen organoari. Jakinarazpen hori adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da, eta nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

5.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibotan aldaketarik badago, aldaketa hori egin baino lehen horren berri ematea.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia aurkeztea.

7.– Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 5 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako azken justifikazioaren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailaren lankidetzaren ezinbestean aipatzea, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta egokiena den moduan, eta honako gogoeta hauen arabera:

– Sustapen- eta marketin-euskarriek, edozein izanik ere horien formatua eta hedatzeko erabilitako bitartekoa, indarrean dagoen marka turistikoa jarri beharko dute beren eskuliburuan bildutako aplikazioen arabera. Horretaz gain, eta hala badagokio, erakunde onuradunak bere webgunean iragarki-banda bat jarri beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren turismo-orri ofizialarekin: www.euskaditurismo.net

9.– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako jarduna argitaratzeko edo iragartzeko edo ekintza horri publizitatea emateko, bi hizkuntza ofizialak erabiltzea (betiere hartzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi badira) eta hizkuntzaren erabilera ez-sexista zaintzea. Aldi berean, pertsona fisiko eta juridikoak diru-laguntzaren erakunde onuradunarekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.

10.– Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa betetzea, eta bereziki azken Lege honetako ondorengo artikulu hauetan jasotakoa: printzipio orokorrak betetzeari buruzko 3. artikulua, estatistikak eta azterlanak egokitzeari buruzko 16. artikulua, edozein euskarritan hizkuntza mota ororen erabilera ez-sexista egiteari buruzko 18.4 artikulua, eta zuzendaritza- organoetan eta kide anitzeko organoetan trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateari buruzko 23. artikulua.

19. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Erakunde onuradunak ez baditu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan xedatutakoa ez ezik agindu honetan eta aplika daitezkeen gainerakoetan ezarritako betebeharrak, eta, hala badagokio, Ebazpenean ezarriko diren baldintzak ere, organo eskudunak ez betetzeagatiko txostena egingo du interesdunaren arrazoiak entzunez. Jarraian, Ebazpena emango du, eta, hartan, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, baita, horrela badagokio, jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta aurrez aipatutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren arabera, egokitzat joko diren gainerako ekintzak aparte utzi gabe. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Ez-betetzearen arrazoien artean, onartutako aurrekontuaren % 75etik gorako desbideratzeak egongo dira.

3.– Turismo Zuzendaritzari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedientea abiaraztea eta horri buruzko erabakia hartzea.

4.– Arau-hauste administratibo baten ondorioz hasi bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari emango zaio horren berri, dagokion zehapen-prozedura egokia abia dezan.

20. artikulua.– Kontrola.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Saileko zerbitzu teknikoek egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egin ahal izango dituzte, diruz lagundutako jardunen garapenari eta egikaritzeari dagokionez; horrenbestez, horri begira eskatutako informazio guztia eta egiaztapeneko dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute erakunde onuradun horiek.

21. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuak.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi hauetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdien izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, eta, hain zuzen, hauxe izango da fitxategi horien xedea: diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdi horietan parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Turismo arloan eskumena duen Zuzendaritza da fitxategi horien arduraduna. Datuak eskuratu, zuzendu, kontsultatu eta horien aurka egiteko eskubideak Turismo arloan eskumena duen Zuzendaritza horretan erabili ahal izango dira. Horretarako, Donostia kaleko 1. zenbakira (01010 Vitoria-Gasteiz) jo beharko da.

Deialdi bakoitzera aurkezten diren pertsonek baimena emango diote Turismo Zuzendaritzari, Administrazio honetan nahiz beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako agiriak egiazkoak direla egiaztatzeko, Agindu honetan araututako laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen diren ala ez ziurtatu ahal izateko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honen bidez, indargabetu egiten dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 13ko Agindua –turismo-lehiakortasuna bultzatzeko laguntzen programa arautzen duena–, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko ekainaren 8ko Agindua –aurrekoa aldatzen duena– baita Agindu honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko nahiz txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, Euskadiko Auzitegi Nagusian Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa ezarri ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 18a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala