Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2014ko ekainaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
2511

EBAZPENA, 2014ko maiatzaren 19koa, Garraio Azpiegituraren zuzendariarena, Bilboko Hiri Trenbideko 1. lineako Ibarbengoa aparkalekua eta haren sarbideak eraikitzeko proiektuak eraginpean hartzen dituen ondasun eta eskubideak jendaurrean jartzeko dena.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2014ko urtarrilaren 10eko Ebazpenaren bidez, Bilboko Hiri Trenbideko 1. lineako Ibarbengoa aparkalekua eta haren sarbideak eraikitzeko proiektua onartu zen.

Otsailaren 22ko 34/2005 Dekretuaren bidez, behin betiko onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Planaren Aldaketa, Bilbao Metropolitarreko eremuko trenbideak antolatzeari buruzkoa. Plan horretan, jaso egiten ziren, besteak beste, Maidagan trenbide-pasagunea kentzea eta Ibarbengoan geltoki berria eraikitzea, hain zuzen ere lurraldeari zerbitzua emateko eta trenaren erabilera sustatzeko, ibilgailu pribatuekin konbinatuta. Plan horretan, halaber, definitu egiten zen trenbide erabiltzeko Sistema Orokorreko Erreserba Bandaren tartea, zeinean trazadura berria sartzen zen, barne zirelarik geltokia eta aparkalekua.

Aparkaleku hori trenbide-azpiegituraren elementu osagarri bat izango da, eta 300 bat plaza izango ditu, kale mailako solairuan eta lur azpiko bi solairutan egongo direnak. Horri gehitu behar zaio aparkalekuan sartzeko bi bide: bata, Ormaza kaletik geltokiraino doan bidea, eta bestea, oinezkoentzako beste bide bat.

Proiektuaren eraginpeko lurrak eskuratzeko eta ondasunak eta eskubideak behar bezala kudeatu ahal izateko, ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda zehatz bat eta desjabetze-eranskineko partzela-planoak jaso dira proiektuan.

Organo honek Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren trenbide-azpiegiturako lanak gauzatzeko nahitaezko desjabetze-prozeduraren izapideak egiteko eta ebazpena emateko eskumena dauka, halaxe ezarrita baitago Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13.1.g) artikuluan. Azken dekretu hori, bestalde, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren eta, bigarren aldiz, abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen.

Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluaren arabera, trenbide-linea berriak jartzeko edo lehendik daudenak handitu edo zabaltzeko proiektuak onartzen direnean, eta, onespen horretan okupatu beharreko ondasunak zehaztuta daudenean, onespenak berekin dakar –nahitaezko desjabetzearen eskakizunen eta prozeduraren ondorioetarako– proiektua bera eta horren gaineko aldaketak herri-onurakotzat edo gizarte-interesekotzat direla adieraztea, eta proiektuarekin batera doan zerrendan jasotako ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla aitortzea.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuaren eraginpeko ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Bilboko Hiri Trenbideko 1. linean Ibarbengoa aparkalekua eta haren sarbideak eraikitzeko proiektuak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, ebazpen hau azken aldiz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, izan daitezkeen okerrak zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea, 1 Vitoria-Gasteiz).

Aipatu epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Getxoko udaletxeko iragarki-oholean egongo da, nahi duenak aztertzeko.

Eta hala jakinarazten da, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 19a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala