Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2014ko maiatzaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2394

AGINDUA, 2014ko maiatzaren 28koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, «Kale antzerkia bultzatuz» programari 2014. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Oraingo krisi ekonomikoa gogor jotzen ari da arte eszenikoen arloko kultur programazioa, eta horrek kalte egiten dio euskal antzerkigintzaren enpresa-egituraren jasangarritasunari. Alderdi horretatik arreta txikiena jasotzen duen sektorea da kale-antzerkiarena. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, egoera honen aurrean kezkatuta eta jakitun udalek ahalegin ekonomiko handia egiten dutela, uste du beharrezkoa dela aire zabaleko arte eszenikoen programazioak «Kale antzerkia bultzatuz» programaren bitartez sustatzea.

Hori dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da 2014. urtean aire zabaleko gune publikoetan euskal konpainiek egiten dituzten arte eszenikoen ikuskizunen programak (teatroa, dantza eta zirkoa) garatzeko gastuak zati batean ordaintzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan ezartzen diren bestelako eskakizunez gain, diru-laguntza hauek eskatu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituzten udalek edo beren udal-erakunde autonomoek:

a) Antzezleku egokiak izatea, seinaleztatuak eta mugatuak, indarreko legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak beteko dituztenak, bai eta programatzen diren ikuskizunetarako erantzukizun zibileko asegurua eta artisten gela eta aldagela moduan erabiltzeko moduko lokalak ere.

b) Programaren alderdi tekniko guztiak koordinatuko dituen pertsona arduradun bat izatea.

c) Dagokion aurrekontu-partida izatea konpainia edo artista parte-hartzaileak kontratatzeko gastuei aurre egiteko, bai eta ikuskizunek sortzen dituzten ekoizpen-gastuei aurre egiteko ere.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

3. artikulua.– Prozedurak eta diru-baliabideak.

1.– Diru-laguntza horietarako, guztira, 75.000 euro erabiliko dira, baina kopuru hori handitu ahal izango da, beharrezkoa izanez gero, lehen xedapen gehigarrian ezarritako eran.

2.– Diru-kopuru hori honela banatuko da, deialdiak hartzen dituen lau prozeduren artean:

a) 20.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 20.000 biztanletik gorako herrietan antolatzeko.

b) 20.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 20.000tik 10.001era biztanleko herrietan antolatzeko.

c) 15.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 10.000tik 5.001era biztanleko herrietan antolatzeko.

d) 15.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 5.000tik 1.000era biztanleko herrietan antolatzeko.

e) 5.000 euro, kale-antzerkiko programazioak 1.000 biztanletik beherako herrietan antolatzeko.

3.– Prozedura bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo eskakizunak betetzen ez dituztelako prozeduretako batean ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, beste prozeduretako diru-laguntzaren zenbatekoa handituko da, betiere delako prozedura hori artean erabaki gabe badago.

4.– Horrelako kasurik gertatzen bada, biztanle gutxien dituzten udalerriak jasotzen dituen prozeduran hasiko da diru-zuzkiduraren handitzea.

5.– Guztiarekin ere diru-laguntzetara bideratutako diru-kopuru osoa agortzen ez bada, 12.2.a) artikuluan ezarritako muga gainditu ahal izango da, hasi biztanle gehien jasotzen dituzten modalitateetatik eta muga unitateka igoz harik eta diru-zuzkidura agortu arte.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak.

Ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten programazioetarako dira laguntza hauek:

a) Prozedura bakoitzerako ezarritako gutxieneko teatro, dantza edota zirko ikuskizunak programatuko dira:

– 20.000 biztanletik gorako herrietan: bost ikuskizun.

– 20.000tik 10.001era biztanleko herrietan: lau ikuskizun.

– 10.000tik 5.001era biztanleko herrietan: hiru ikuskizun.

– 5.000tik 1.000era biztanleko herrietan: bi ikuskizun.

– 1.000 biztanletik beherako herrietan: ikuskizun bat.

b) Ikuskizunak Euskadiko Autonomia Erkidegoan helbidea edo sozietate-egoitza duten konpainia profesionalen eskutik eskainiko dira. Prozedura ezberdinetan eskatutako gutxieneko ikuskizunak betetzeko xedearekin, Euskal Autonomia Erkidekotik kanpoko konpainien ikuskizunak aurkeztu daitezke.

c) Berariaz aire zabaleko gune publikoetan erakusteko moduko diseinua duten ikuskizunak soilik onartuko dira.

d) Ezingo da sarrerarik kobratu ikuskizuna ikusi ahal izateko.

e) Zaindariaren jaietan programatutako ikuskizunak jaso daitezke. Gehienez ere bi.

f) Baztertu egingo dira:

– ekitaldi tradizionalekin loturiko emanaldiak.

– beste herri batzuetan antzeztuak izateko diseinatuta ez dauden ikuskizunak.

– Soilik musikalak diren ikuskizunak.

5. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

2.– Tramitazio elektronikoa honako lege-arau hauetan dago araututa: 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa, eta e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/kale_antzerkia_bultzatuz/eu/

4.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, euskadi-net-en, honako helbide honetan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/kale_antzerkia_bultzatuz/eu/

3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

4.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren nortasun-datuen egiaztagiria.

b) Aurkeztutako proiektuaren memoria, euskadi.net webgunean aurkituko duzun inprimakia behar bezala beteta barne.

c) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi diren agiri gehigarriak.

d) Laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Euskadi.net atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.

5.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7.– artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duen bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuen diru-laguntzarik ez jasotzea.

– Udalerriko biztanle-kopurua egiaztatu, agindua argitaratzen den egunean indarrean dagoen udaleko biztanle-erroldaren arabera.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

8. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

9. artikulua.– Akatsen zuzenketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, aurkeztutako dokumentazioa osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusten badu, horren berri emango dio eskabidea egin duenari eta hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatuta, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan. Gainera, jakinaraziko dio hori egin ezean bere eskaera baztertua izango dela ebazpen baten bidez.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– 3.2 artikuluan ezarritako prozedura bakoitzean aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bana eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria edo horrek eskuordetutako pertsona.

– Bokalak: Arte eszenikoen alorreko profesionalen eta agindu honetako xedean aditu diren pertsonen artean aukeratutako 2 edo 3 kide, Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordeak izendatuak.

– Idazkaria: Batzordeko idazkari gisa, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik.

2.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

4.– Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

11. artikulua.– Eskaerak aukeratzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira eta, horrela, 3.2 artikuluan ezarritako prozedura bakoitzean aurkeztutako eskaera guztiak alderatu egingo dira, hurrenkera jakin batean jartzeko, hurrengo paragrafoan balorazioa egiteko ezarri diren irizpideei jarraituz. Balorazio handiena jaso duten eskaerak lagunduko dira beti ere prozedura bakoitzari dagokion zuzkidura agortu arte.

2.– Diru-laguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hau aplikatuko du bost modalitateetan: Programan aurkeztutako ikuskizunen kontratazio-gastua.

3.– Irizpide hau aplikatzerakoan gehien baloratuko programak gehienezko puntuazioa lortuko du eta gainontzekoek, berriz, proportzionalki dagokiena.

12. artikulua.– Diru-laguntzak koantifikatzeko irizpideak eta mugak.

1.– Emanaldi bakoitzari dagokion diru-laguntza kalkulatzeko, Euskadiko konpainien ikuskizunen ordainsariaren honako ehuneko hauek erabiliko dira (BEZa barne):

a) 2.000 eurotik beherako ordainsaria duten ikuskizunen emanaldietan: ordainsariaren % 35.

b) 2.000 eta 3.500 euro bitarteko ordainsaria duten ikuskizunen emanaldietan: ordainsariaren % 40.

c) 3.500 eurotik gorako ordainsaria duten ikuskizunen emanaldietan: ordainsariaren % 45.

2.– Ez dira muga hauek gaindituko:

a) Ez dira diruz lagunduko hiru ikuskizun baino gehiago onuradun bakoitzeko, 3.5 artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe. Bertan aurreikusten baita muga hori gainditzeko aukera diru-laguntza hauetara bideratutako diru-kopuru osoa agortzen ez bada.

b) Ikuskizun beraren emanaldi bat baino gehiago egiten badira, horietako bat bakarrik lagunduko da diruz.

c) Ikuskizun bakoitzari ematen zaion laguntza ez da inoiz 3.000 euro baino handiagoa izango.

d) Onuradun bakoitzari ematen zaion laguntza ez da inoiz 15.000 euro baino handiagoa izango.

3.– Aurreko ataletako irizpideen arabera diru-zenbatekoak kalkulatu eta gero, 3.2 artikuluan ezarritako prozedura bakoitzean laguntzak esleitzeari ekingo zaio harik eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak helburu horretarako izendatutako diru-funtsak agortu arte, eta gainerako eskariak ezetsi egingo dira.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du Balorazio Batzordearen proposamena ikusita.

2.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115 artikuluetan.

3.– Proposamen horretan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek deialdi honetan zehaztutako baldintzei uko egitea edo horiek ez bete edo ez onartzea.

4.– Ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dira denek horren berri izan dezaten.

5.– Eskaerak ebazteko eta pertsona interesdunei jakinarazteko epeak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau argitaratu zen egunetik zenbatzen hasita. Ebazteko epea amaituta, inolako jakinarazpenik egin gabe, interesdunek eskabidea errefusatutzat jo dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

6.– Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

14. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze telematikoan.

1.– Jakinarazpena egindakotzat joko da, Administrazio Elektronikoari buruzkoa den 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. tituluan xedaturikoari jarraiki, erakunde interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

2.– Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

15. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin eta baita ere diruz lagundutako emanaldien ondorioz lortutako beste edozein sarrerekin.

16. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen duten entitateen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

c) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa berariaz aipatzea katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoan. Material hori euskaraz egingo da, eta beste hizkuntza batzuetan ere egin ahal izango da.

17. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntzak ordainketa bakar batean emango dira, egindako jarduera 18. artikuluan jasotzen denaren arabera gauzatu dela behar bezala justifikatu ondoren.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Diru-laguntza jasotzen duten entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hilabeteko epean eta, betiere, 2014ko abenduaren 31a baino lehen honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako jardueraren gaineko memoria, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.

b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien kontratuak. Kontratu hauek kontratatutako erakundeak hartzen dituen legezko, lan arloko eta zerga betebeharrak jaso beharko dute.

c) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien fakturak.

d) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

2.– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, http:// www.euskadi.net/nirekudeaketak gunean.

Justifikazioak nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en egongo dira honako helbide honetan: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/kale_antzerkia_bultzatuz/eu/

19. artikulua.– Aldatzeko ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak aldatzeko ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea, hala badagokio.

d) Beste xedapenen batek izaera orokorrez ezarritako beste edozein obligazio betetzen ez denean.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

3. artikuluan jaso diren zenbatekoak handitu egin ahal izango dira, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Euskal Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. creación cultural» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea, 1, 01010, Gasteiz).

Administrazio Publikoak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 28a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala