Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2014ko maiatzaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2108

68/2014 DEKRETUA, apirilaren 29koa, zeinen bidez baimena ematen baitzaio Energiaren Euskal Erakundeari Micronizados Naturales, S.A. sozietatearen kapitalaren zabalkundean parte hartzeko.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuko 109.1 artikuluaren arabera, honako hauek osatzen dute enpresa-ondarea: merkataritza-sozietateak ordezkatzen dituzten baloreek; obligazioek eta akzio bihur daitezkeen obligazioek; lehentasunezko harpidetza-eskubideek; aukeren finantza-kontratuek; finantza-trukeko kontratuek; partaidetza-kredituek eta bigarren mailako merkatu antolatuetan negoziatzekoak diren beste batzuek, baldin eta lege honetako 1. artikuluan jasotako erakundeetarako eskubideak ordezkatzen badituzte.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluan honako hau ezartzen du: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak, eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Micronizados Naturales S.A. sozietatearen helburu sozialak honako hauek dira: industrian karga eta/edo pigmentu gisa erabili litezkeen industria-harriak eta -mineralak meatzaritzan aprobetxatzea, granulometriaz mikronizatu eta sailkatzea eta merkaturatzea.

2013ko abenduaren 2an, Eusko Jaurlaritzari honako baimenak eskatzeko erabakia hartu zuen Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Batzordeak: batetik, Micronizados Naturales S.A. sozietatean emaitza negatiboak orekatzeko, kapitala 840.025,50 euro murrizteko baimena ematea Energiaren Euskal Erakundeari, eta, bestetik, Micronizados Naturales, S.A. sozietateak burutuko duen kapital-zabalkundean akzioak harpidetzeko baimena. Harpidetza hori, 487.214,79 eurokoa izango da, hau da, gehitutako kapital osoaren (974.429,58 euro) % 50; hartara, EEEk egun sozietate horretan duen % 50eko partaidetzari eutsiko lioke. Nolanahi ere, eragiketa hori egiteko, goragoko paragrafoetan esan denez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da.

Micronizados Naturales, S.A. sozietatearen administrazio-kontseiluak 2013ko abenduaren 20an egindako bileran erabaki zuen ondoriorik gabe uztea 2013ko martxoaren 25ean erabakitako kapital-zabalkundea, eta Batzar Orokorrari 974.429,30 euroko kapital-zabalkunde berri bat proposatzea.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko apirilaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematea, Micronizados Naturales, S.A. sozietatearen kapital sozialaren zabalkundean, laurehun eta laurogeita zazpi mila, berrehun eta hamalau euro eta hirurogeita bost zentimorekin (487.214,65) parte hartzeko, zabalkundearen % 50ean alegia, kapital osoa bederatziehun eta hirurogeita hamalau mila, laurehun eta hogeita bederatzi euro eta hogeita hamar zentimokoa (974.429,30) baita. Eragiketa horren ondorioz, Energiaren Euskal Erakundeak % 50eko partaidetzari eutsiko dio sozietate horretan.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 29a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

maría aranzazu TAPIA OTAEGuI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala