Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2014ko maiatzaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2103

AGINDUA, 2014ko maiatzaren 7koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Turismo Sariak arautzen dituena.

Turismo-arloan hainbat enpresa eta antolakunde ari da bikain lanean, Euskadi turismo-leku apartekoa izan dadin laguntzen. Bada, agindu honen helburua, hain zuzen ere, azken urte honetan eginkizun horretan gehien nabarmendu direnei esker-sari bat ematea da.

Pertsonen artetik, berriz, saritu nahi ditugu enpresa-munduan eta lanean egin duten ibilbide osoan Euskadiren garapen turistikoari lagundu diotenak.

Eta sari hauek publikoki aitortzeak uste dugu balioko duela egindako lana esker-saritzeko eta, aldi berean, jende, enpresa eta erakunde horiek gogoz ernetzeko.

Aurreko urteetan egindako lanak esaten digu badirela bi gauza hobe beharrez aldatzea komeni dena: sariaren beraren ezaugarriak, helburu horiek errazago lortzearren; eta epaimahaiaren osaera, sari-deialdiak EAEko turismo-arloan zabalkunde handiagoa izan dezan, eta, hartara, parte-hartze handiagoa izan dezagun.

Horiek horrela, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Euskal Turismo Sariak arautzea da agindu honen xedea. Alde batetik, turismo-arloko euskal enpresei berritze-gaitasun eta lehiakortasuna eta Euskadiren proiekzio turistikoaren aldez egindako lana aitortuko diegu; eta, pertsonei, enpresan eta lanean egin ibilbidean, gure garapen turistikoaren alde eman duten laguntza.

2. artikulua.– Sarien ezaugarriak.

Hiru dira agindu honetan araututako sariak. Kategoria edo jardun-arlo hauetako bakoitzeko bana:

– Berrikuntza bultzatzea.

– Dena delako arloan lehiatzeko gaitasuna.

– Laneko ibilbidea.

Adierazitako hiru eremu horietako bakoitzean, aipamen edo aintzatespen publiko bat ezarriko da. Sari horien pertsona edo erakunde saridunek inprimaki profesionaletan adierazi ahal izango dute esanbidez sari hori jaso dutela, eta beren establezimenduetan jarri ahal izango dute agerian.

3. artikulua.– Zein pertsona eta erakundek parte har dezaketen.

Agindu honen bitartez deitutako sarien onuradunak honako hauek izan daitezke: turismo-sektorearekin lotuta Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen den jarduera ekonomiko motaren bat gauzatzen duten pertsonak –fisikoak edo juridikoak–, zuzendariak edo kudeatzaileak eta udalak, erakunde profesionalak, korporatiboak edo gremio-arlokoak –publikoak nahiz pribatuak– eta haien jardun-eremua ere Euskal Autonomia Erkidegoan badago.

4. artikulua.– Prozeduraren hasiera.

Agindu honetan araututako Sariak urtean behin egingo diren deialdien bitartez iragarriko dira eta publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira. Deialdia Merkataritzako zuzendariaren Ebazpen bidez egingo da, eta Ebazpen horretan eskabideak aurkezteko epea eta tokiak zehaztuko dira.

5. artikulua.– Hautagaien aurkezpena.

1.– Nork aurkez ditzake hautagaiak? Enpresa-elkarte eta -antolakundeek, erakunde publikoek eta merkataritza-ganbarek.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak proposamenak egiteko aukera izango du.

Nolanahi ere, kandidaturak aurkezteko ezinbestekoa izango da interesdunaren aurretiko eta esanbidezko adostasuna.

2.– Eskabideak aurkezteko epea Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpenaz urtero egingo den deialdian ezarriko da eta ez da hilabetetik beherakoa izango.

3.– Hautagaiak eta beharrezko gainerako dokumentazioa Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Turismo Zuzendaritzara bideratu beharko dira eta dena delako lurralde- ordezkaritzan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako tokietan aurkeztu.

4.– Pertsona fisikoek eta juridikoek euskara nahiz gaztelania erabil dezakete bai Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekiko bai sailak lurraldeetan dituen ordezkaritzekiko harremanetan. Eskubide hori bermaturik egongo da.

6. artikulua.– Zer egingo dute Turismo Zuzendaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkaritzek, Turismo Bulegoen Euskal Sareak, Itourbaskek eta Basquetourek?

a) Bakoitzak bere arloan, Euskal Turismo Sarien berri behar bezala hedatu eta informazioa zabaldu.

b) Aurkezten diren eskabideak aztertu.

c) Sariak zuzen kudeatzeko egin behar den beste edozer.

Eskabide guztiak Turismo Zuzendaritzara bidali behar dira, eta epaimahaiari hark helaraziko dizkio hautagaiak.

7. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Aurkeztutako hautagaiak aztertzeko, epaimahai bai eratuko da. Epaimahai horrek kide hauek izango ditu:

Presidentea:

– Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzako titularra.

Epaimahai-kideak:

– Turismo Zuzendaritzako titularra.

– Basquetour Turismoko Euskal Agentziako titularra.

– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak lurraldeetan dituen ordezkaritzetako titularrak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundien ordezkari bat. Alfabeto-hurrenkeraz txandaka aukeratuko dute nor.

– Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako turismo-erakundeen ordezkari bat. Alfabeto-hurrenkeraz txandaka aukeratuko dute nor.

– Euskadiko turismo-enpresen elkartearen ordezkari bat.

– Eskualdeetako turismo-erakundeen ordezkari bat.

Idazkaritza teknikoa: ahotsa bai, botorik ez. Kide bakar bat izango du, eta Turismoko zuzendariak aukeratuko du, zerbitzu teknikoen artetik. Epaimahaiko idazkari-lanak egingo ditu, eta proposatu diren hautagaiak aurkezteko ardura ere izango du.

2.– Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Idazkaritzak epaimahaiak onartutako jardun eta erabaki guztiak jasoko ditu Aktan, eta sariei buruzko epaia funtsatuko duen irizpen arrazoitua ere jasoko da Akta horretan. Akta nahiz irizpen arrazoitua Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egin beharko dira, eta epaimahai kalifikatzaileak hizkuntza horietako edozein erabili ahal izango du bere jardunetan.

3.– Epaimahai kalifikatzaileko kideek ezin izango dute parte hartu, eta errekusatu egin ahal izando dira, hain justu ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.– Epaimahai kalifikatzailea eratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikuluan ezarritakoa beteko da.

5.– Urteroko deialdian emango da jakitera epaimahaiaren osaera. Merkataritza eta Turismoko sailburuaren ebazpen bidez egingo da deialdi hori.

8. artikulua.– Esleipenerako irizpideak.

Esleipen-proposamena prestatzeko, epaimahaiak kontuan izanen ditu honako irizpideak:

a) Berrikuntza bultzatzea: berrikuntza diogunean, turismoko negozioen errentagarritasuna eta eragimen operatiboa hobetzeko balio duen berrikuntza saritzeaz ari gara.

Zer sarituko dugun? Produktu berriak eta negozio berriztatzaileak sortzea; teknologia berrietan oinarritutako tresnak garatzea eta erabiltzen hastea (komunikazio-plataformak: enpresa turistikoek eta bezeroek elkarreragitea ahalbidetzeko, enpresa hobeto kokatu ahal izateko, eta dena delako produktua edo bidaiariari eskainitako zerbitzua ahalik eta ondoen merkaturatzeko); eta sare sozialetan parte hartzea (enpresetarako, bi gauza izango dira sarigarriak: estatuko eta nazioarteko komunikabideetan ondoen baloraturik egotea, eta erreferentziako sare sozialetan bikain-balorazioa erdiestea).

b) Bakoitzak bere arloan lehiatzeko gaitasuna edukitzea: turismoko enpresetarako da. Bezeroaren nahiak asebetetzeaz eta Euskadiren marka turistikoa ondo kokatzen laguntzeaz batera, kalitateko produktua sortzen nabarmendu direnak sarituko ditugu.

c) Lanean egindako bidea: helburua da bi gauza hauetan nabarmendu diren pertsonak saritzea: enpresari modura eta lanean bide luzea egin izana, eta Euskadiren garapen turistikoan lagundu izana.

9. artikulua.– Sarien epaia eta ebazpena.

1.– Epaimahai kalifikatzaileak saria emateko proposamena egingo du, eta proposamen horretan, hartutako erabakia justifikatuko duten arrazoiak agertuko ditu.

2.– Epaimahai kalifikatzailearen proposamena aztertu ondoren, hautagai-zerrenda aurkezteko epea amaitu eta hilabeteko gehieneko epean emango du ebazpena Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, eta EHAAn argitaratuko da ebazpen hori, sailburuaren agindu bidez.

3.– Sarietako batzuei buruzko epaia eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta, epaimahai kalifikatzailearen iritziz, proposatutako hautagai bakar batek ere ez baditu betetzen agindu honetan ezarritako baldintzak.

10. artikulua.– Jendaurreko aitorpena.

Aintzatespen publikoaren ekitaldia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak deitutako ekitaldi publiko batean egingo da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hautagaiek ezin izango dute saririk jaso zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik izan badute, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean badaude ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Aurrerantzean, Euskadiko Turismo Sariak arautzeko 2011ko martxoaren 16ko agindua indarrik gabe geratuko da. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak hartu zuen (2011ko martxoaren 28ko 60. zk.dun EHAA).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honen aurka, Euskadiko Auzitegi Nagusian Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa ezarri ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 7a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala