Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2014ko apirilaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1691

AGINDUA, 2014ko apirilaren 9koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzen aurrekontu-zuzkidura jakinarazteko dena.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko I. Erakundearteko Planean (2001-2005) bildutako seme-alabak dituzten familientzako laguntza eta neurriei jarraipena emateko, eta horiek indartzeko eta zabaltzeko xedez, Familiei Laguntzeko II. Erakundearteko Plana (2006-2010) onartu zen, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2006ko irailaren 26ko Erabakiaren bitartez. II. Plan horren helburu nagusia familiak babestu eta laguntzeko sistema integralaren garapenean aurrera egitea zen, I. Planean hasitakoaren ildotik.

Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren bidez (2006ko abenduaren 27ko EHAA, 245. zk.), Familiei Laguntzeko II Planean jasotako laguntzak ezarri ziren, familia-mota eta -egoera guztientzako tratu bidezkoagoa bat bilatzeko asmoz.

Halaber, dekretu horren Xedapen Iragankorraren arabera, uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan aurreikusitakoaren babesean diru-laguntza jasotzea ebazpen baten bidez onartu zaien eta urterokoak kobratzeke dituzten egoerak dekretu horren arabera arautuko dira, harik eta ebazpen horretan onartutako diru-kopuruak kobratu arte; eta, halaber, uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren Azken Xedapen bakarrean bildutako egoerak (maiatzaren 30eko 109/2006 Dekretuaren 5. idatzi-zatiko Azken Xedapenetatik Lehenaren idazkuntzan), oraindik laguntza handitzeko ebazpena onartu gabe dutenak, dekretu horren arabera arautuko dira, harik eta handitzeko ebazpen horretan onartu behar diren diru-kopuru guztiak kobratu arte. Egoera horiei ez zaie, beraz, aplikatuko 255/2006 Dekretuan ezarritakoa.

Familiei Laguntzeko III. Erakundearteko Planak –EAErakoa, 2011-2015–, zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko familia-politika bultzatzea du helburu nagusi. Plan hori, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen 2011ko abenduaren 27ko bileran. 1. lerro estrategikoaren barruan (familiei laguntzeko eta euren autonomia errazten duten zerbitzu, neurri eta politiken sustapena) Planak 2011-2012 biurtekorako aldarrikatzen du laguntzei eustea 255/2006 Dekretuan ezarritako moduan, eta laguntza horiek progresiboki zabaltzea 2013-2015 hirurtekoan, betiere, aurrekontu-baliabiderik baldin badago. Egungo egoera ekonomikoak eragotzi egin du zabaltze horri ekitea.

Herri Administrazioaren printzipioetako bat da diru-laguntzei publizitatea eman behar zaiela. Hori dela eta, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluan aurreikusten da Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailak, sailburuaren agindu bidez, urtero jakinaraziko duela dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko dagoen aurrekontu-zuzkidura, edo, hala badagokio, hori eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua EHAAn argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 15. artikuluaren c) idatz-zatiak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, familiei laguntzeko abenduaren 13ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, dekretu horren 13.2 artikuluak xedatzen duenez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da.

Horregatik, 255/2006 Dekretuan jasotzen den Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailari buruzko aipamena Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari egindako erreferentziatzat hartu behar da gaur egun, eta azken sail horretako sailburuari dagokio agindu hori ematea.

Horrenbestez, agindu hau EHAAn argitaratzen da, onuradun izan daitezkeenek diru-laguntza programa horren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan eta abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 1. artikuluan aurreikusten diren diru-laguntzetarako, 28.748.528 euro bideratuko dira, gehienez.

2.– Maiatzaren 30eko 109/2006 Dekretuak aldatutako uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren eremuan sartzen diren diru-laguntza egoeretarako, gehienez, 187.200 euro bideratuko dira; zenbateko horretatik, 181.200 euro 2014ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 6.000 euro, berriz, 2015eko konpromiso-kredituari.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan, maiatzaren 30eko 109/2006 Dekretuan eta abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan ezarritakoaren arabera (12.1, 13.1 eta 27.1 artikuluetan hurrenez hurren), hasierako aurrekontu-zuzkiduran eguneratzerik gertatzen bada, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu bidez argitaratuko da hori.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 9a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ordez, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren hamaikagarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz (20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala