Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2014ko apirilaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1689

AGINDUA, 2014ko otsailaren 21ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Bergarako Herrigune Historikoa Birgaitze Integratuko Area deklaratzeko espedientea hastekoa.

Ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko Eusko Jaurlaritzako 317/2002 Dekretuaren 11. artikuluak Birgaitze Integratuko Area deklaratzeko espedientea hasteko prozedura ezartzen du. Horren arabera, Bergarako Udalak, 2013ko abenduaren 9an, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari igorritako idatziaren bidez, Bergarako Herrigune Historikoa Birgaitze Integratuko Area deklaratzeko espedienteari hasiera eman zekiola eskatu zuen.

Eskaera horrekin batera horretarako beharrezkoa zen eta aipatutako Dekretuaren 11. artikuluko 2. puntuan deskribatuta zegoen dokumentazioa bidali zuen. Sail honetako zerbitzu teknikoek adierazitako dokumentazioa aztertu ondoren, eremu horrek «Birgaitze Integratuko Area» deklaratzeko baldintzak betetzen dituela ondorioztatu dute, haren hirigintza-interesa kontuan izanda. Horretarako, Administrazioaren esku-hartze berezi bat behar da eremu hori babestu, zaindu eta hobetzeko, aipatutako Dekretuaren 9. artikuluko 1. puntuan xedatutakoari jarraiki.

Bergarako Herrigune Historikoa Birgaitze Integratuko Area izendatzeko hasiera-espediente baten gaia izan zen, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren 1988ko irailaren 1eko Aginduaren bidez, EHAAn 1988ko irailaren 20an argitaratu zena.

Harrezkero zenbat denbora igaro den eta oraingo indarreko araudia ikusirik, gomendagarria da eremuaren azterlan berri bat idaztea, gizarte eta hirigintza arlokoa. Azterlan hori konplexuagoa izanik, lehenengo mugaketarekin alderatuta beste doiketa batzuk sartzen ditu. Hori dela eta, berriro eman behar zaio hasiera.

Indarrean den araudia ikusirik,

XEDATZEN DUT:

1.– Bergarako Herrigune Historikoa Birgaitze Integratuko Area deklaratzeko espedientea hastea, Agindu honen I. eranskin gisa agertzen den Eremuaren lehen mugaketako planoaren arabera.

2.– Birgaitze Plan Berezia egiteko epea hamaika hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

3.– Hasierako eta behin-behineko onarpenerako gehieneko epeak hamabi eta hamabost hilabetekoak izango dira hurrenez hurren, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera kontatzen hasita.

4.– Abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren 11. artikuluko 3. puntuan xedatutakoa betez, Bergarako Udalak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari igorritako eta administrazio espedienteari gaineratutako dokumentuak Agindu honen eranskinak dira, ondoko hauek hain zuzen ere:

– I. eranskina: Arearen mugaketa planoa.

– II. eranskina: Espedientearen hasierari buruzko memoria deskribatzaile-justifikatzailea.

– III. eranskina: Areari buruzko Gizarte eta Hirigintza Azterlana.

5.– Espedientea hasteko agindua, Arearen mugaketa planoarekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko otsailaren 21a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ordezkoa, bat eginez Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren hamaikagarren xedapen gehigarriarekin –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena–.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala