Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2014ko apirilaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OSASUN SAILA
1682

43/2014 DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko Dekretua aldatzeko dena.

2012ko uztailaren 31n, Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretua argitaratu zen (EHAA, 148. zk.).

Argitaratu ondoren, nahiz eta argitaratu baino lehen araua proposatu zuen sailak aldaketak egin Europar Batasunaren eskariz, Europako Batzordeak berresten du dekretuaren idazkerak ez duela ziurtatzen Europar Batasuneko legeria aplikatuko denik. Zehazki, itunaren 34. artikuluaz ari da, ez bailitzateke salgaien joan-etorri askea bermatuko, bai ordea Batasunaren barruko salerostea oztopatuko, eta Batasuneko beste estatu batzuetako operadoreei galaraziko dekretuak erregulatzen duen kalitate-araubidera sartzea.

Horiek horrela, Europako Batzordeak eskatuta, eta Batasunaren Itunak xedatua bere osoan betetze aldera, dekretu hau onartzen da, uztailaren 3ko 126/2012 Dekretua aldatzen duena, EBFTren 34. artikulua zuzen betetzeko eta horren aplikazio praktikorako oztopoak kentzeko.

Dekretu hau egiteko, sektoreko erakunderik adierazgarrienak kontsultatu dira eta nahitaezko txosten guztiak ere baliatu dira.

Horri guztiari jarraikiz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko martxoaren 25eko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Honela geratuko da Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren izenburua:

«126/2012 Dekretua, uztailaren 3koa, elikagaien artisau-ekoizpenari buruzkoa».

Bigarren artikulua.– Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 1. artikuluaren 1. paragrafoan «Euskadiko» kentzen da.

Hirugarren artikulua.– Honela geratuko da Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 1. artikuluaren 2. paragrafoaren 1. atala:

«1.– EAEko elikadura-kultura gordetzen eta ingurumena zaintzen laguntzen duten elikagaien artisau-ekoizpen eta -lantze tradizional txikiak sustatzea eta babestea».

Laugarren artikulua.– Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 2. artikuluaren 1. paragrafoan hau kentzen da:

«eta Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako eta/edo landutako».

Bosgarren artikulua.– Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 8. artikuluaren 2. paragrafoan honako hau kentzen da:

«Euskal Autonomia Erkidego osoarentzat».

Seigarren artikulua.– Honela geratuko da Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 9. artikuluaren bigarren paragrafoa:

«● Euskal Autonomia Erkidegoan dekretu honen arabera egiten eta merkaturatzen diren nekazaritza-ustiapenari lotutako elikagaigintzako artisau-produktuen inbentario eguneratua ematea».

Zazpigarren artikulua.– Honela geratuko da Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 12. artikuluaren 1. paragrafoa:

«1.– Erregistroan inskribatzeko eskaerak elikagaien kalitatearen eskumena duen zuzendaritzaren titularrari bidaliko zaizkio, eta bide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin bat etorriz eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatutakoaren arabera (dekretu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa da); bestela, aurrez aurre ere badago eskaerak aurkeztea, elikagaien kalitatearen eskumena duen zuzendaritzan (Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz,) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan adierazitako lekuetako edozeinetan».

Zortzigarren artikulua.– Honela geratuko da Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 12. artikuluaren 2. paragrafoa:

«2.– Eskaera dekretu honetan II. eranskin moduan agertzen den eskabidearen bidez formalizatuko da. Eskabidea www.euskadi.net helbidean eskuratu ahal da, eta baliabide elektronikoen bitartez edo aurrez aurre aurkez daiteke».

Bederatzigarren artikulua.– Honela geratuko dira Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 12. artikuluaren 3. paragrafoaren a) eta b) atalak:

«a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, eskatzailearen NAren fotokopia. Eskabidean, laguntzaren eskatzaileari aukera emango zaio interoperabilitate arloko eskumena duen organoari berariaz baimena eman diezaion haren datu pertsonalak egiazta ditzan.

b) Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren fotokopia, ahalordetze-eskriturarena, eta eskatzailearen NArena, hala nola erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia bana, dagokien erregistroan zigilatuta. Eskabidean, laguntzaren eskatzaileari aukera emango zaio interoperabilitate arloko eskumena duen organoari berariaz baimena eman diezaion haren datu pertsonalak egiazta ditzan».

Hamargarren artikulua.– Honela geratuko da Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 14. artikuluaren bigarren paragrafoa:

«● Gero, ustiategia kokatuta dagoen eskualdea identifikatuko da».

Hamaikagarren artikulua.– Honela geratuko da Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 21. artikuluaren 2. paragrafoa:

«2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren eremuan, izendapena EAEko Nekazaritzako eta Elikagaigintzako Produktuen Kontrol eta Egiaztapenerako Erakundeen Erregistroan daudenen artean egingo da (hemen arautzen da erregistro hori: 93/2001 Dekretua, maiatzaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Produktuen Kontrol eta Egiaztapenerako Erakundeen Erregistroa sortzen eta arautzen duena); erakundeok, gainera, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Hiru urteko gutxieneko esperientzia izan behar dute nekazaritzako elikagaien kalitate-kontroletan.

b) Egiaztapeneko Erakunde Nazionalak (ENAC) kreditatuta egotea nekazaritzako elikagaien sektoreko hedadura batean behintzat, eta UNE-EN 45011 arauaren edo, hala egokituz gero, haren tokia hartzen duenaren arabera jokatzea.

c) Hemen aurreikusitako zereginak bete ahal izateko nahiko baliabide edukitzea beti, bai langile kualifikatuen aldetik eta bai administrazio-azpiegituraren aldetik.

d) Ondo bermatzea erakundearekin harremanen bat izango duten guztiek, pertsona fisiko nahiz juridikoa izan, bermatuta izango dutela harreman hori nahi duten hizkuntza ofizialean izateko eskubidea.

Europar Batasuneko gainerako eskualdeei dagokienez, honako hauek izango dira izendagarri: konformitatea edo onespena ebaluatzeko erakundeak edo beste organismo batzuk, Europar Batasuneko beste estatu batzuetan ofizialki aintzatetsitakoak».

Hamabigarren artikulua.– Honela geratuko da Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 23. artikuluaren 1. paragrafoa:

«1.– "Euskal Artisau Elikagaigintza-Artesanía Alimentaria Vasca" kalitate-ikurra sortu da».

Hamahirugarren artikulua.– Honela geratuko da Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 23. artikuluaren 3. paragrafoa:

«3.– "Euskal Artisau Elikagaigintza-Artesanía Alimentaria Vasca" kalitate-ikurraren logotipoa artisau-ekoizpenaren alorrean eskumena duen saileko buruaren Aginduz onartuko da, Elikagaien Artisau Ekoizpenaren Euskal Kontseiluak proposatuta, dekretu honetako 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko da».

Hamalaugarren artikulua.– Honela geratuko da Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 25. artikuluaren 1. paragrafoa:

«1.– Elikagaigintzako artisau-ekoizle orok erabili ahal izango ditu "Euskal Artisau elikagaigintza-Artesanía Alimentaria Vasca" kalitate-ikurra eta Baserriko Artisau Produktuak-Productos Artesanos de Caserío aipamena, baldin eta dekretu honetan eta elikagaigintzako artisau-produktu bakoitzerako onartutako arau teknikoetan xedatutakoa betetzen badu eta Artisau Ekoizleen Erregistroan inskribatuta badago».

Hamabosgarren artikulua.– Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuari xedapen gehigarri hau eransten zaio:

«Bosgarrena.– Elikagaien produkzioaren euskal araubideak "Euskal Artisau elikagaigintza-Artesanía Alimentaria Vasca" kalitate-ikur bereizgarria erabiltzen uzten die dekretu honetan aurreikusitako araubidera biltzen diren Europar Batasuneko beste estatu batzuetako operadore guztiei».

Hamaseigarren artikulua.– Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzko uztailaren 3ko 126/2012 Dekretuaren 1. eranskinari honako hau gehitzen zaio:

«● Okintza eta gozogintzako produktuak eta elikadura-pastak egitea».

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Garatzeko ahalmena.

Elikagaien kalitatearen arloaren eskumena duen Saileko titularrari ahalmena ematen zaio dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko martxoaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala