Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2014ko apirilaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1648

EBAZPENA, 2014ko martxoaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Hernani AT - Azpeitia AT 1 eta 2 eta deribazioen 132 kV-ko linea elektrikoko zortasunak egokitu eta zuhaitzak botatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko dena. Proiektua Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko, edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Hernani AT - Azpeitia AT 1 eta 2 eta deribazioen 132 kV-ko linea elektrikoko zortasunak egokitu eta zuhaitzak botatzeko proiektua baimentzeko prozedura hasi denez gero (proiektua Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatzen du), eta beherago zehaztutako arauak aplikatu behar direla-eta segidako lerroaldeetan aipatzen diren izapideak egin dira proiektu horri dagokionez. Direlako arauak: Proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, eta Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia zehaztea. 2012ko apirilaren 19an, Ingurumeneko sailburuordeak hasiera eman zion Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan aurreikusitako kontsulta-izapideari. Izapide hori burutzeko, ingurumen-organoak 2012ko ekainaren 18an txosten bat eman zuen, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruz.

Jendaurreko informazioaren izapidea. Organo eskudunak jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana (2013ko maiatzaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 95. zenbakia; eta 2013ko maiatzaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 103. zenbakia).

Entzunaldiaren izapidea. Organo eskudunak ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gaineko kontsulta egin zien eragindako administrazioei eta interesdunei.

Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatzea. 2014ko otsailaren 21ean, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzari igorri zion dosierra, proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 12.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Aztertuta geratu dira agiri teknikoak eta proiektuaren espedientean dauden txostenak, eta ikusi da ingurumen-inpaktuaren azterketa egokia dela eta bat datorrela indarrean dagoen legeriarekin. Horrenbestez, zenbait xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egiteko organo eskuduna denez, honako hau

EBAZTEN DU:

1.– Hernani AT - Azpeitia AT 1 eta 2 eta deribazioen 132 kV-ko linea elektrikoko zortasunak egokitu eta zuhaitzak botatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea. Proiektua Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatzen du.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz:

2.A.– Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera gauzatu beharko da, bai eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera ere.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziori buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

2.B.– Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Dekretu horren bidez onartu zen proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.

Proiektuan aldiro egiten diren aldaketak –hau da, aurreko idatzi-zatian adierazitakoen garrantzirik izan gabe, obrak egiteko falta diren gainerako prozeduretan sortzen diren aldaketak–, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, Aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan sartuko dira.

2.C.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera egikarituko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritako kalitateko helburuak bermatu ahal izango dituzte.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan erantsi beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Aurrekoaz gain, ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.

2.c.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Gipuzkoako mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora-espezie batzuk babesteko urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuan xedatutakoa betetzeaz gain, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ere aplikatuko dira:

2.c.1.1.– Oro har, zuhaixkak baino ez dira botako, bere landare-garapen gorenean lerroaren segurtasunari eragin diezaioketenak. Gainerako zuhaixkei eta egungo zuhaixka-geruzari eutsi beharko zaie.

2.c.1.2.– Jarduerak bertoko espezieak dituzten basoetan egiten badira, inausketa edo zuhaitz-mozketa lehenetsiko da, eta lerroaren segurtasunerako ezinbestekoa denean baino ez da zuhaitzik botako.

Zuhaitzak botatzea beste biderik ez bada, esku-erremintak erabiliko dira, eta makina arinekin egingo dira garraio-lanak, era selektiboan lan egin ahal izateko.

Bota beharreko zuhaitz-eremuetako zuhaixka-geruzari eraginez gero, eremu horietan baso atlantiko mistoko zuhaixka-espezieak landatu beharko dira.

Hala ere, proiektuaren sustatzaileak, bertako zuhaiztien galera konpentsatzeko, espezie berberak landatu beharko ditu, zuhaitzak bota diren eremuaren bezainbesteko azalera batean.

Horretarako, lanak egiten diren bitartean botatako bertako zuhaiztien azalera kuantifikatu behar da, eta proiektu bat egingo da non zehaztuko den zer konpentsazio-neurri gauzatuko diren, proiektu honetan aurreikusitako ekintzekin batera, edo ekintza horiek burutu eta gero. Konpentsazio-neurriak burutu ondoren, ingurumen-organo honetara bidali beharko da dokumentu bat non informazioa egongo den neurri horiek gauzatzeko erabili den moduari buruz.

2.c.1.3.– Pagoetako Parke Naturalean eta izen bereko ES2120006 Kontserbaziorako Eremu Berezian garatzen diren jarduerak honako bi hauekin bat etorriz gauzatuko dira: batetik, Pagoeta aldeko natur baliabideen antolamendurako Planari behin betiko onarpena ematen dion irailaren 29ko 253/1998 Dekretua; eta bestetik, Kontserbaziorako Eremu Berezi hori izendatzeko helburuei eta kontserbazio-neurriei buruzko dokumentua (dokumentu hori Pagoeta (ES2120006) Kontserbaziorako Eremu Berezi izendatu, eta hura kontserbatzeko neurriak ezartzen dituen urriaren 16ko 218/2012 Dekretuaren bidez onartu zen).

Azken agiri horren arabera, harizti azidofiloak funtsezkoak dira lekua hautatzeko. Hori dela eta, harizti horien gainean ez lirateke ezarri beharko kontserbazio-helburuak arriskuan jar ditzaketen efektuak.

Gainera, lerroa KEB horretako babes zorrotzeko eremuetatik pasatzen den tarteetan, ez dute eraginik jasoko eremu horren definizioa eragin duten balio nabarmeneko edo aparteko elementu naturalek.

Kontserbaziorako Eremu Berezian (KEB), parke naturalean eta bere eremu periferikoan lanak egiten hasi aurretik, xehetasun-azterketa bat egin beharko da, eremuari buruzko informazio zehatza emango duena, eta hor aipatuko dira elementurik sentiberenak, egin nahi diren jarduera zehatzak, bai eta helburuak gauzatzeko behar diren zuzentzeko eta babesteko xehetasun-neurriak ere.

Nolanahi ere, arlo horretako jarduera zehatzak parkeko organo kudeatzaileak ezartzen duen moduan gauzatuko dira, eta, horretarako, aurretiaz baimena eskatu beharko da.

2.c.1.4.– Zuhaitzak botatzearen ondorioz zuhaixka-geruzarik gabe geratzen diren ibai-bazterretan, enbor txikiko zuhaitz- edo zuhaixka-espeziak landatuko dira, ibaiertzeko landaretzak berezko baititu.

2.c.1.5.– Europar bisoiaren kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek egiteko mementoan, betiere kontuan hartuta zein diren zaindu beharreko aldiak, fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez.

2.c.1.6.– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutakoarekin bat etorriaz. Trazadura berriko sarbideak eta ditugun sarbideak egokitzeko lanak behar denean gauzatuko dira, betiere lur-mugimendua eta aurreko ataletan aipatutako eremu sentiberen gaineko eragina murriztuz.

Era berean, egokitzapenak eta sarbide berriak egiteko, ibilguak ez dira kanalizatuko, ez eta zuzenduko ere.

2.c.1.7.– Eremuak kalteberak izanez gero, hala nola lehentasunezko eta interes komunitarioko habitatak, baso-masa autoktonoak eta mehatxupeko landaretzagatik interes berezikoak diren eremuak, zuinketa-fasean direnean eta lanak egiten direnean, botanikan aditua den batek egon beharko du obran bertan, obra-zuzendaritzari edo obra-arduradunari aholkuak emateko.

Gainera, lanei ekin aurretik, botanikan aditua den batek xehetasun-azterketa bat egin behar du eta, azterketa horretan, proiektuaren eremuan izan litezkeen flora-espezie mehatxatuen populazioak non diren jaso, espezie horiek zaintzeko neurriak zehazte aldera.

Leku horietan, lanek eragindako eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

2.c.1.8.– Lurzorua erabiltzea eragiten duten lanak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ahalik eta gehien mugatuko da espazioak obrako materialez okupatzea, eta makineria eta ibilgailuak horretarako prestatutako esparrutik kanpo ibiltzea.

2.c.1.9.– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makina uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza, lehentasunezko intereseko habitatak), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lur-sailetan ere.

Eremu horien xehetasun-kokalekua obra-zuzendaritzak onartu beharko du, baina aurretik, ebazpen honetako 2.c.10 atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena eman beharko du, eta egokitzapen-lanei ekin baino lehen kasu bakoitzean in situ balizatu beharko da.

2.c.1.10.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatian adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.

2.c.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

2.c.2.1.– Uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak aparte utzi gabe, ez da inolako isurketarik egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ez eta bere babeseko zorgunean ere, eta ez dute jasoko lur-mugimenduen soberakinik edo zuhaitz-mozketen edo inausketen hondarrik ere.

2.c.2.2.– Halaber, erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak ez kutsatzeko.

2.c.3.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea. Horretarako, behar denean, gurpilak garbituko dituzte, ibilgailuak bide publikoetara iritsi aurretik. Garbiketa-lan horretarako, behar diren ekipamenduak edukiko dituzte.

2.c.4.– Soinuen eta bibrazioen ondoriozko eragina gutxitzeko neurriak

2.c.4.1.– Lanak dirauen bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

2.c.4.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

2.c.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.5.1.– Sortutako hondakinak Hondakin, lur kutsatu eta berariazko araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko asmoz.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako balorazio-prozesu batetik igaro beharko da. Hurrenkera honetan lehenetsiko da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorizazio mota bat, balorizazio energetikoa barne dela.

Hondakin horien balorizazioa teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

Berariaz debekatuta dago sortutako mota desberdinetako hondakinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; jatorrian bereizi behar dira haiek, eta behar diren biltze- eta biltegiratze-bitartekoak jarri behar dira haiek ez daitezen nahasi.

2.c.5.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrei kalterik egin gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

2.c.5.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua; eta horien aldaketak.

2.c.5.4.– Jardueraren ustezko soberakinak bideratu lekizkiekeen betegarriek otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dituzte.

Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean adierazitako VIE-A baliotze-indizeen balioak baino baxuagoko kutsatzaile-kopurua duten materialekin soilik egin ahal izango dira lurrak betetzeko edo egokitzeko lanak.

2.c.5.5.– Hondakin arriskutsuentzako ontzietan kontuan izan beharko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak (833/1988 Errege Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena); itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontzi edo ontzikiak etiketatuta egon behar dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa.

2.c.5.6.– Olio erabilia kudeatzeko, hartuko da kontuan Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua.

Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

2.c.5.7.– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, lanak dirauen bitartean, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak eta abar). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiziko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

2.c.5.8.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta horien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik, ezta hondakinik erreko ere.

2.c.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendaritza Nagusiari; gero, berak erabakiko du zer neurri ezarri.

2.c.7.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak oneratzeko neurriak.

2.c.7.1.– Obra-leku bakoitzean, lurrak mugitzeko lanak bukaturik, jarduerek eragindako lur-sailaren oneratze edafikoa eta geomorfologikoa egingo da, proiektu-sustatzaileak ingurumen-inpaktua ebaluatu bitartean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Obra kontratatzeko baldintza-agiriak eta aurrekontuek dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

2.c.7.2.– Oneratze-lan horiek iraun bitartean, landare inbaditzaileak –hala nola, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana– zabaltzea eragozteko ekintzak gauzatuko dira. Zentzu horretan, landare-estalkia oneratzeko lanetarako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki. Edozein modutan, ez dira erabiliko aurreko puntuan aipatutako espeziek kutsatuta egon daitezkeen lurrak.

Era berean, ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

2.c.8.– Jardunbide onen sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, gehienez ere helburu hauek bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landaretzaren gaineko eragina kontrolatzea, eta ondorioz, bisoi europarren habitataren gainekoa ere bai.

– Hondakin-isurketak ez egitea, eta olio-isurketekin edo lurra leku batetik bestera eramanez lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuaren eraginpeko herrigunean bizi direnei zarata eta hautsarekin enbarazurik ez eragitea.

2.c.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, eremua ondo garbitu beharko da, proiektuaren eragin-eremutik obra-hondakin guztiak kenduz. Garbitze-lanetatik sortutako hondakinak lan-eremutik kendu eta ebazpen honen 2.c.5 idatzi-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

2.c.10.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak obraren zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak emateko, aldez aurretik aholkularitza ematen duten adituek egindako txostena aztertu beharko da.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan eta ebazpen honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz gauzatuko da.

Programa obra kontratatzeko baldintzen pleguan egongo da eta aurrekontu bat izango du, programa betetzea bermatuko duena.

2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak amaitu ondoren, sustatzaileak obra-amaierako txostena egin beharko du, eta han jasoko du obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa, bai eta neurri babesleak, neurri zuzentzaileak eta ingurumen-zaintzakoak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egin beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, bidali beharko da. Proiektua garatu bitartean sartutako aldaketa puntualak xehetasunez dokumentatu beharko dira, ingurumenean duten eragina kontuan hartuta.

2.d.2.– Oneratze-lanen arrakasta kontrolatzea.

Gauzatutako jarduerek eragindako eremua oneratzeko lanek kaltetutako espazioa berreskuratu eta konpentsazioko neurriak hartu ondorengo bi urtean, ereite- eta landatze-lanen arrakastaren jarraipena egingo da.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesleak zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesleak zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktua saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein osabidezkoak gutxiegizkoak direla egiaztatzen denean.

2.F.– Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan ezarritakoari kalterik egin gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sartzeko.

Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu eskumena duen organoak, oniritzia eman ondoren.

2.f.1.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean, obrak egin bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

2.f.2.– Ebazpen honetako 2.c.1.2 idatzi-zatian aurreikusitako konpentsazio-neurriak bukaturik, konpentsazio-neurriak nola gauzatu diren esaten duen agiria, aipatutako idatzi-zatian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2.f.3.– Oneratze-lana bukatu eta bi urtera, lan horren emaitzak eta hartutako neurrien arrakasta biltzen dituen txosten bat, ebazpen honetako 2.d.2 idatzi-zatian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik.. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo eskudunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik badago.

4.– Proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

5.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala