Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2014ko apirilaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1642

EBAZPENA, 2014ko martxoaren 12koa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordearen akordio bat, birgaitzeari eta hiri-berroneratzeari eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legearen arlokoa.

Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusten den akordioa egin ondoren, eta artikulu horren c) letran ezarritakoarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordearen akordio bat, birgaitzeari eta hiri-berroneratzeari eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legearen arlokoa.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 12koa.

Araubide Juridikoaren sailburuordea,

SABINO TORRE DÍEZ.

ERANSKINA
AKORDIOA, ESTATUKO ADMINISTRAZIOAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK OSATUTAKO BITARIKO LANKIDETZA BATZORDEARENA, HONAKO LEGE HONEN ARLOKOA: 8/2013 LEGEA, EKAINAREN 26KOA, BIRGAITZEARI ETA HIRI-BERRONERATZEARI ETA -BERRIKUNTZARI BURUZKOA

Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordeak honako akordio hau hitzartu du:

1.– Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordeak, 2013ko irailaren 24an, akordio bat hitzartu zuen, birgaitzeari eta hiri-berroneratzeari eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legea aztertu eta eskumen-desadostasunak nola konpondu proposatzeko. Akordio horretan xedatutakoa betez osatutako lan-taldeak aurretik egindako negoziaketekin bat etorriz, bi aldeek uste dute desadostasun horiek konponduta geratu direla, kontsiderazio hauek kontuan hartuta:

a) 4. artikulua arautzen da Lehenengo Xedapen Iragankorrarekin loturik, betiere, honako hauek ebaluatuko dituen txosten bat egitea xede duen kontestu batean: eraikinaren kontserbazio-egoera, desgaitasunen bat duten pertsonek eraikinera sartzeko eta hura erabiltzeko izan behar duten irisgarritasun unibertsalerako eta diskriminazio-ezarako oinarrizko baldintzak (indarreko araudiaren arabera), eta eraikinaren efizientzia energetikoaren ziurtagiria (indarrean dagoen araudian jasotzen den eduki eta prozeduraren arabera). Eta hori guztia egingo da 8/2013 Legean berariaz adierazitako eraikinei dagokienez, eta bertan ezarritako aldizkakotasunez. Erkidegoko edo udaleko araudiak –dituen eskumenen eremuan– antzeko baliabide bat arautzen badu, eta horrek txosten horrek eskatzen duen informazio berbera ematen badu, adierazitako manuetan hori eskatzen dela ulertuko da. Interpretazio hori jasotzen da Etxebizitzen Alokairua bultzatzeko, Eraikinen Birgaitzea bultzatzeko eta Hiri-berroneratzea eta -berrikuntza bultzatzeko 2013-2016 Estatu Plana arautzen duen apirilaren 5eko 233/2013 Errege Dekretuan (21. artikulua, 1.a) idatzi-zatia).

b) 7. artikulua, 8. artikulua eta 10. artikuluaren 1. paragrafoa, 3. paragrafoaren «edo jabari publikokoa» aipamena eta 4. paragrafoa konstituzioaren eta estatutuen arabera ezarritako eskumenen esparruan interpretatu behar dira. Eta, horren arabera, ulertu behar da ezen eraikinak birgaitzeko jarduerek eta hiri-berroneratze eta -berrinkuntzakoek ez dutela aldatzen indarrean dagoen hiri- edo etxebizitza-antolamendua. Aitzitik, hark baldintzatzen ditu horiek, eta haiei lekua egiteko aukera-arrazoiak direla medio aldatu ahal izango da, betiere, komenigarritzat jotzen bada. Zehazki, 10. artikuluaren 3. eta 4. paragrafoek jasotzen duten estatuko oinarrizko araua da, batetik, irisgarritasun unibertsalaren bermea, eta, bestetik, urteko eskaera energetikoa % 30 gutxitzea. Horretarako, gune askeen edo jabari publikokoen azalerak okupatuko dira, baldin eta beste irtenbide bat bideragarria ez bada teknikoki eta ekonomikoki. Baina, konstituzioaren eta estatutuen arabera hirigintzaren arloan ezarritako gaitasunekin bat etorriz, arau horiek aplikatzea hirigintza-antolamenduko baliabideei dagokie. Arau horiek ezartzerakoan, ahalbidetuko da azalera horiek ez zenbatzea bolumen eraikigarri gisa, edo, beste edozein teknika aplikatuko da, baldin eta –hirigintza-legeriarekin bat etorriz– helburu berbera lortzen bada.

c) 11. artikuluan, bideragarritasun ekonomikoaren memoria arautzen da, zeinaren helburua baita eraikinak birgaitzeko jarduerak eta hiri-berroneratze eta -berrinkuntzakoak egokitzea estatu-eskumenaren bermetzaile izango diren bi elementutara: batetik, kontserbatzeko legezko betebeharraren mugekiko errespetua, eta, bestetik, sortutako onura eta kargen arteko oreka, jarduera-eremuan sartuta dauden jabeentzat. Bideragarritasun ekonomikoaren memorian sartutako bitartekoak, zeinak aipatu elementuan eraginkortasuna bermatzera zuzenduko baitira, erkidegoko araudiaren bidez garatuko dira.

d) Konstituzioaren eta estatutuen arabera ezarritako eskumenen esparruan interpretatu behar da 12. artikuluaren a) idatzi-zatiko «eta Adminstrazio jarduleak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko dituen eskubideei eustea» aipamena, eta, horren arabera, teknika horiek erkidegoko hirigintza-legediaren arabera aplikatu ahal izatea izango da baldintza. Ildo beretik, b) idatzi-zatiko «beste Administrazio batzuen jabari publikoko ondasunak okupatzea beharrezkoa denean» aipamena honela interpretatu behar da: dagokion ondasuna arautzen duen legedian aurreikusitakoarekin bat etorriz egin beharko dira burutu beharreko jarduerak.

2.– Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinarazten zaio, Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Madril, 2014ko martxoaren 10a.

Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroa,

CRISToBAL MONTORO ROMERO.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala