Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2014ko apirilaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1527

40/2014 DEKRETUA, martxoaren 18koa, Donostiako Arantzazuko Ama ikastola, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa, zatitzeko, eta, zatiketa horren ondorioz, Haur eta Lehen Hezkuntzako bi ikastetxe publiko sortzeko dena.

Autonomia Estatutuko 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskuduntzak ditu irakaskuntza osoan, maila, modalitate eta espezialitate guztietan, betiere, bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, azken hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak, eta Konstituzioa betetzeko eta bermatzeko beharrezkoa den goi ikuskaritza.

Abenduaren 30eko 3195/1980 Errege Dekretuarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak sortzea, aldatzea, zabaltzea, bat egitea, sailkatzea eta kentzea.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 5. artikuluan xedatu da ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoei dagokiela irakaskuntzaren programazio orokorra egitea eta Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeak sortzea, aldatzea eta kentzea, hori guztia kalitatezko hezkuntza emango dela bermatzen duen planifikazio demokratikoaren eta parte-hartzailearen markoan.

Hezkuntza antolatzea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eginkizun etengabea da. Atergabe gertatzen dira aldaketak eta egoera berriak, eta horregatik, doiketak egin behar izaten dira, hezkuntza-eskaintza errealitate sozio-demografiko berrira egokitzeko. CEIP Arantzazuko Ama ikastola HLHI ikastetxea bi udalerri hauetan dago: Donostia eta Astigarraga. Sortzen diren kudeaketa-zailtasunak, egoeraren konplexutasuna eta bi hirigunetan kokatuta daudela kontuan harturik, komeni da hezkuntza-eskaintza berriro antolatzea, bere hartzaileen beharrekin bat etorrita eta beraiengandik hurbilago egoteko.

Dekretu honen bidez, bi ikastetxe sortu nahi dira, bi udalerrien egoera sozio-ekonomikoari hobeto erantzungo diotenak.

Horregatik, Hezkuntza, Unibertsitate, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko martxoaren 18an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Haur eta Lehen Hezkuntzako CEIP Arantzazuko Ama ikastola HLHI ikastetxea (kodea: 012360 eta 20004381) zatitu egiten da, CEIP Arantzazuko Ama ikastola HLHI ikastetxea kendu, eta honako bi ikastetxe hauek sortzen dira:

– CEIP Arantzazuko Ama ikastola HLHI ikastetxea (kodea: 013520 eta 20014970), Donostia.

– CEIP Astigarragako Herri Eskola HLHI (kodea: 013521 eta 20014982), Astigarraga.

2. artikulua.– Sortzen diren Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak CEIP Arantzazuko Ama ikastola HILH ikastetxeak Astigarragan eta Donostian dituen eraikinetan kokatuko dira.

3. artikulua.– Desegindako ikastetxeko lanpostuei atxikita dauden maisu-maistrak CEIP Arantzazuko Ama ikastola HLHI eta CEIP Astigarragako Herri Eskola HLHI ikastetxeetako lanpostuetan birkokatuko dira. Behin betiko destinoa dutenei apirilaren 16ko 81/1996 Dekretuan ezarritako irizpideak aplikatuko zaizkie; dekretu hori abenduaren 22ko 409/1998 Dekretuak eta uztailaren 29ko 147/2008 Dekretuak aldatu zuten.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek 2014ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko martxoaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala