Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2014ko apirilaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1525

38/2014 DEKRETUA, martxoaren 18koa, Txurdinaga-Artabe Bigarren Hezkuntzako institutua zatitu, eta, zatiketa horren ondorioz, bi ikastetxe publiko berri sortzen dituena.

Autonomia Estatutuko 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskuduntzak ditu irakaskuntza osoan, maila, modalitate eta espezialitate guztietan, betiere bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, azken hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak, eta Konstituzioa betetzeko eta bermatzeko beharrezkoa den goi ikuskaritza.

Autonomia Estatutuarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak sortzea, aldatzea, zabaltzea, bat egitea, sailkatzea eta kentzea.

Bestalde, otsailaren 19ko Euskal Eskola Publikoaren 1/1993 Legeko 5. artikuluan xedatu da ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoei dagokiela irakaskuntzaren programazio orokorra egitea eta Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeak sortzea, aldatzea eta kentzea, hori guztia kalitatezko hezkuntza emango dela bermatzen duen planifikazio demokratikoaren eta parte-hartzailearen markoan.

IES Txurdinaga-Artabe BHI ikastetxeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zikloetako irakaskuntzak ematen ditu. Irakaskuntza horiek eraikin desberdinetan ematen dira, irakasle espezifikoak dituzte eta berezko ezaugarriak dituzten ikasleei zuzenduta daude. Hori dela-eta, ikastetxe hori bi ikastetxetan zatitu beharra dago: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu bat eta Goi Mailako Lanbide Heziketako Berariazko institutu bat.

Horregatik, Hezkuntza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko martxoaren 18an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– IES Txurdinaga-Artabe BHI (Kodea: 48012191; EAEko kodea: 015110) zatitu egiten da, eta, horren ondorioz, bertan behera uzten da IES Txurdinaga-Artabe BHI, eta ikastetxe hauek sortzen dira:

– IEFPS Txurdinaga GBLHI (kodea: 48018762; EAEko kodea: 015763); helbidea: Artalandio kalea 1, Bilbao.

– IES Artabe BHI (kodea: 48018774; EAEko kodea: 015764); helbidea: Artalandio kalea 3, Bilbao.

2.1 artikulua.– IES Txurdinaga-Artabe BHI institutuan ematen ziren Lanbide Heziketako irakaskuntzak IEFPS Txurdinaga GBLHI institutuan emango dira.

2.– IES Txurdinaga-Artabe BHI institutuan ematen ziren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak IES Artabe BHI institutuan emango dira.

3.1. artikulua.– Bertan behera utzitako ikastetxeko lanpostuei atxikita zeuden irakasleak IEFPS Txurdinaga GBLHI eta IES Artabe BHI ikastetxeetako lanpostuetan birkokatuko dira. Behin betiko destinoa dutenei apirilaren 16ko 86/2002 Dekretuan ezarritako irizpideak aplikatuko zaizkie; dekretu hori urriaren 10eko 198/2006 Dekretuak eta uztailaren 29ko 148/2008 Dekretuak aldatu zuten.

2.– Bertan behera utzitako ikastetxeko lanpostuei atxikita zeuden administrazio orokorreko langileak IEFPS Txurdinaga GBLHI eta IES Artabe BHI ikastetxeetako lanpostuetan birkokatuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek 2014ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko martxoaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala