Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2014ko apirilaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1515

42/2014 DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua aldatzekoa.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretua eman zen, zertarako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko Lehendakariaren 20/2012 Dekretua garatzeko.

190/2013 Dekretuaren 9.c) artikuluaren arabera, Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari dagokio, besteak beste, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzaren menpe, honako eskumen hau baliatzea: Klusterren politika (klusterrak sortzen direnetik) eta klusterren funtzionamendu-hitzarmenak eta horiekiko harremanak garatzea, eta klusterren plan estrategikoak eta jardunak sailaren politiken eta arloekin koordinatzea.

Dekretu bereko 14.a) artikuluan jasotakoaren arabera, halaber, Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Industria Sailburuordetzaren menpe, honako funtzio hau betetzea besteak beste: enpresen arteko lankidetza bultzatzea partzuergoen edo lankidetzako beste modu batzuen bidez.

Zuzendaritza bion helburua enpresa lehiakortasuna den arren, garapenaren bidez eta I+G+B programak martxan jarriz edo enpresak nazioartekotzen laguntzeko programen bitartez, 190/2013 Dekretua onartu zenetik pasatako denbora eta eskarmentua kontuan izaki, eraginkortasun eta eragingarritasun handia lortze aldera, zuzendaritza eta sailburuordetza bien eskumenak aldatu behar dira.

Nazioartekotze Zuzendaritzaren enpresen arteko lankidetza programek partzuergoen edo bestelako lankidetza formen bidez kluster politikarekiko bistako sinergiak aurkezten dituztenez, komenigarria da funtzio biak zuzendaritza berera batzea, programa biak eraginkortasun eta eragingarritasun handiagoz kudeatu ahal izateko.

Hortaz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, Lehendakariak onartuta eta Gobernu Kontseiluak onetsita 2014ko martxoaren 25eko bileran, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 9. artikuluko c) letra desagerrarazten da.

Bigarren artikulua.– i) letra gehitzea Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 14. artikuluari. Letra horren testua, hau da:

«i) Klusterren politika (klusterrak sortzen direnetik) eta klusterren funtzionamendu hitzarmenak eta horiekiko harremanak garatzea, eta klusterren plan estrategikoak eta jardunak sailaren politiken eta arloekin koordinatzea».

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari dekretua garatu eta betearazteko beharrezko xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko martxoaren 25ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala