Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

52. zk., 2014ko martxoaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
1299

IRAGARKIA, «Innobideak-Lehiabide» ingurune globaletan enpresen lehiakortasuna areagotzeko Programaren araudia onartzeari buruzkoa.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Administrazio Kontseiluak, 2014ko urtarrilaren 24an egindako bileran, «Innobideak-Lehiabide» programan ezarritako laguntzak emateko araudia onartzea erabaki zuen. Hona hemen araudiaren testua, oso-osorik:

Lehiaren testuinguru berri honetan, aurrera egin nahi duen enpresak funtsezkoa du posizio lehiakor bat aurkitzea merkatuetan. Alegia, merkatu-hobiak aurkitu behar dira, gauzak hobeto egiteko, eta, are gehiago, lehiakideek baino hobeto egiteko.

Globalizazioaren ondorioz, lehiakideak ugaritu egin dira, eta produktu eta zerbitzu gero eta sofistikatuagoak eskatzen dira; horregatik, enpresek kudeaketa-eredu berritzaileak eta parte-hartzaileak behar dituzte, eta beren negozio-eredua birdefinitu behar dute, betiere, kontuan hartuz merkatuen eskaera eta baldintza berriak, eta horrek lehiakideekiko desberdinak izaten lagunduko die. Desberdintasun horrek eboluzionatuz joan behar du etengabe. Horrek esan nahi du etenik gabe berritzen saiatzea, hau da, produktu, zerbitzu edo prozesu berriak birpentsatzea eta ahal bada aurkitzea, kudeaketa eraginkor eta parte-hartzaile baten bidez, eta egungo eta etorkizuneko bezeroen premiak eta nahiak asetzea.

Era horretan, lehiakortasuna/globalizazioa binomioak nabarmendu egiten ditu enpresek zaindu eta inguruneek sustatu beharreko alderdi hauek:

1.– Pertsonek enpresen kudeaketan duten parte-hartzea bultzatzea.

2.– Negozio-ereduak birdefinitzea.

3.– Enpresa-dimentsioa lehiakortasunera eta xede diren merkatu zein bezeroetara egokitzea.

4.– Berrikuntzaren bidez merkatu berrietara eta/edo nazioartera zabaltzea, lehiakorragoa izatea, eta, funtsean, haztea eta aurrera egitea.

Gaur egungo krisi ekonomiko larriaren ondorioz, gure enpresak ez dira lehen bezain lehiakorrak, eta, beraz, berriro hazkunde jarraituaren bideari heltzeko urratsak egin behar dira lehenbailehen.

Innobideak Estrategiari esker, oro har euskal enpresei eta batik bat ETEei laguntzeko politikak elkartu egingo dira egungo Small Business Act for Europe eta Europa 2020 Estrategiarekin, bai eta etorkizuneko Horizon 2020 eta Cosme esparru-programekin ere.

Innobideak-Lehiabide programak mota honetako enpresetan egingo du ahalegina: garatzeko, hazteko, merkatu berrietara eta nazioartera zabaltzeko asmo sendoa duten enpresa berritzaileak, edozein izanik ere beren gaitasun teknologikoa, eta, halaber, besteen gidari izateko gaitasun handia dutenak.

2014-2020 Europako programazio berriaren ildotik, Innobideak-Lehiabide programak negozio-ereduetan berrikuntzak dakartzaten jarduerak sustatuko ditu, betiere, kontuan hartuta eredu horiek osatzen dituzten elementuak.

Sociedad Para La Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. («SPRI») Eusko Jaurlaritzaren mende dago, eta laguntza eman nahi die enpresei, balioa sortzeko gaitasuna handitu dezaten, haien negozio-ereduak eraldatuz. Eredu horiek euren indar eta esperientzian oinarritu behar dute, horrek merkatu global batean lehiatzeko prest izatea ahalbidetuko baitie.

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.1.– Xedea.

Programa honen xedea da jarduera-gunea Euskadin duten enpresak lehiakorragoak izaten laguntzea, banakako nahiz lankidetzazko proiektu estrategikoak gauzatzera bideratutako jardueren bidez. Izan ere, proiektu estrategiko horiek, balio-proposamenak hobetzetik eta/edo negozio-ereduak berritzetik abiatuta, enpresak lehia globalaren baitan hobeto kokatzen lagunduko dute, merkatu eta/edo bezero berriak eskuratuz edo horiek sendotuz.

Araudi honen bidez finkatzen dira programaren baldintzak eta bertan parte hartzeko prozedura.

1.2.– Laguntzen izaera:

a) Programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

b) Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

2. artikulua.– Araudi aplikagarria.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra. 13. artikulua eta aplikagarri den guztia.

3.– 1407/2013 Erregelamendua (EB), Europako Batzordearena, minimis-laguntzak aplikatzeari buruzkoa.

4.– Europako Batzordearen 800/2008 Erregelamendua (EE), kategoriakako salbuespenei buruzko Erregelamendu Orokorrarena, eta horri gerora egindako aldaketa.

5.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoa.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honi begira, honako definizio hauek ezarri dira:

1.– «SPRI». Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) sozietatearen izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate publikoa).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra. Horren barruan doaz Eusko Jaurlaritza eta haren mendeko organismoak eta erakundeak.

3.– Krisian dagoen enpresa. Enpresa bat krisian dagoela esateko, baldintza hauetakoren bat bete behar du:

a) Erantzukizun mugatudun bazkideak dituzten sozietateak. Harpidetutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu da, eta laurdena baino gehiago galdu da azken hamabi hilabeteetan.

b) Erantzukizun mugagabedun bazkideak dituzten sozietateak. Funts propioen erdia baino gehiago desagertu da, eta laurdena baino gehiago galdu da azken hamabi hilabeteetan.

c) Enpresa-forma guztietarako. Porrot edo kaudimen-gabeziaren prozedura baten baldintzak betetzen dira.

Ezin da esan hiru urte baino gutxiago dituen enpresa bat krisian dagoenik, non eta ez duen «c» puntuak dioena betetzen.

4.– Banakako enpresa-proiektua. Enpresa bakar batek aurkeztu duena.

5.– Lankidetzazko enpresa-proiektua. Hainbat enpresak aurkeztu dutena, bertako erakunde guztiak direlarik lankidetzaren xedea. Ezin da esan lankidetza dagoenik enpresa elkartuak eta/edo lotuak direnean.

6.– Pertsonaleko gastuak. Soldata gordina (zergen aurretik), eta legeak agintzen dituen kotizazioak.

7.– Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Erakunde eskatzaileak egindako txostena, honako puntu hauek baloratzeko informazioa jasoko duena:

a) Programaren helburuekin bat datorren.

b) Jarduera Plana bat datorren proiektuaren helburuekin.

c) Emaitzen eragina (enplegua, fakturazioa eta/edo merkatu-kuota handitzea).

d) Sustapen-taldea eta kanpoko taldea egokiak diren (kanpoko taldeak izan duen parte-hartzea antzeko proiektuetan, esperientzia profesionala, taldearen hornidura eta gaitasuna).

e) Proiektua kudeatzeko eredua eta metodologia.

f) Izendatutako baliabideen egokitzapena.

8.– Laguntza zenbatekoa den. Laguntzaren zenbatekoa, gastu hautagarrien ehunekoaren arabera.

9.– Eskatzailearen plantillako pertsonal-gastuak. Proiektuari zuzenean lotutako konpainiaren pertsonal-gastuak.

10.– Kanpoko kontratazio espezializatuaren gastuak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak kontratatzeko gastua.

Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez izatea herri-administrazioen menpeko edo horiei lotutako nortasun juridiko propiodun entitateak. Nolanahi ere, salbuespen izango dira sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agenteak, soilik araudi honetako jarduera-eremuan.

b) Akzioen edo partaidetzen bidezko loturarik ez izatea, ez zuzenik ez zeharkakorik, laguntza eskatu duenarekin edo lankidetza-proiektu batean sartutako enpresaren batekin.

c) Proiektuko partaide guztiek gutxienez 5 urteko esperientzia profesionala ziurtatu behar dute dena delako esparruan. Horrela, egiaztatuta utziko dute badutela nahikoa gaitasun eta esperientzia profesional eskatutako laguntzaren xede den lehiakortasun-hobekuntzararen arloan, eta frogatuko dute eskatutako laguntzarekin aurrera egiteko gai direla.

d) Enpresak nahiz haien langileak eta lankideak ezin dira egon SPRIren deshomologatze-prozedura baten barruan.

e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide ez izatea.

Sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agenteek, honako baldintza hauek bete behar dituzte, gainera.

1) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta jarduera ere bertan garatzen duten Kluster Nagusiak eta Aurrekluster Sektorialak.

2) Eskualde-, toki- edo probintzia-garapeneko Agentziak, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, eta jarduera ere bertan garatzea.

b) Herri-interesekoak diren xede eta jarduerak izatea, eta, oro har, ekonomia bultzatzea eta/edo geografia-eremu edo sektore bereko enpresen lehiakortasuna hobetzea, eta euren helburuen artean egotea euskal enpresa-sarearen kapilartasuna areagotzea eta sektore guztietako ahalik eta enpresa gehienei berrikuntza eta lehiakortasun programetara (euskal administrazio publikoarenetara) sartzeko erraztasunak ematea.

c) Irabazi-asmorik gabea eta bere kapitalaren gehiengoa publikoa duen erakundea.

Bai eta enpresak sustatzeko eta haien lehiakortasuna hobetzeko eginkizuna duten toki-erakundeak ere.

11.– Erantzukizunpeko aitorpena: Enpresaren legezko ordezkariak egindako aitorpenak puntu hauen berri eman behar du:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak, Nortasun Agiri Nazionaleko zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena: Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea eta eraketa-eguna.

c) Jarduera ekonomikoko zentro bat, behintzat, Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

d) Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea, dena delako epigrafean.

e) Egunean edukitzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –eta/edo horren erakunde laguntzaileekikoak–, bai eta SPRI Taldeko edozein enpresarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharrak ere.

f) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis-laguntzen zerrenda.

g) Proiektu berarentzat eskatutako eta erakunde publikoek edo pribatuek emandako laguntzen zerrenda.

h) Araudi honetako 5. artikuluko 1.f) atalean aipatutako egoeraren batean ez egotea.

i) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen ez aritzea, betiere, abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak izango dira Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen 2014rako Aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-dotazioak (aurrekontu horiek sartuta daude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan).

2.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak, sozietatearen web orrian (www.spri.es) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

3.– Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezin izango da beste diru-laguntzarik eman, eta, hori dela-eta, aurkeztuta baina ebazteko dauden eskabideak ezetsi egingo dira berariaz.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresek jarduera ekonomikoko zentro bat edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

b) Erauzteko, eraldatzeko, ekoizteko eta zerbitzu teknikoetako jarduerak egitea, beren ekoizpen-prozesuarekin lotutakoak, eta informazio- eta komunikazio-gizartearen arlokoak. Faktore hori Jarduera Ekonomikoen Zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren arabera baloratuko da.

c) Programa honetan banako lankidetza-proiektuak aurkeztuz gero, gutxienez 40 langileko plantilla edukitzea. Langile-kopurua kalkulatuko da urteka eta lanaldi osoa kontuan hartuta. Plantillako langiletzat joko da enpresaren jarduerari lotutako langile autonomoa, baldin eta, bere egoera dela medio, ezin bada alta emanda egon Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean.

d) Programa honetara lankidetza-proiektuak aurkezten badira, gutxienez 20 langileko plantilla edukitzea. Lankidetza-proiektuetan, gainera, parte hartzen duten enpresek gutxienez 80 langileko plantillak eduki behar dituzte, guztira. Sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agente baten partaidetza duten lankidetza-proiektuen kasuan, proiektuan, gutxienez, hiru enpresek parte hartu behar dute.

e) Eskaera egiten den unean, eta proiektua burutzen ari den bitartean, bete egin behar dira baldintza horiek.

f) Egunean edukitzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekikoak –eta/edo horren erakunde laguntzaileekikoak–, bai eta SPRI Taldeko edozein enpresarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharrak ere.

g) Egoera hauetakoren batean ez egotea (ziurtagiriak aurkeztu beharko dira):

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrarekin kontratuak egiteko debekua edo gaitasungabetzea izatea.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, baldin eta Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko eta 38/2003 Legearen 13. artikuluko kasuetan egotearen ondorioz, onuradun izatea ezinezkoa suertatzea.

Laugarrena.– Krisi-egoeran den enpresa izatea, krisian dauden enpresak egoera horretatik ateratzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideak betez.

Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek, lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

2.– Ez dira erakunde onuradun izango Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente akreditatuak, Enpresa eta Berrikuntza Zentroak (EBZ) eta sektore-, enpresa- edo lurralde mailako agenteak, araudi honen 3.9 artikuluan adierazitakoak.

3.– Enpresa onuradunek beteta izan behar dituzte edozein administrazioren edo sektore publikoko erakunderen aurrekontu publikoetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango –edo, hala badagokio– ordainduko da laguntza.

4.– Enpresa onuradunak izan behar dira inongo prozeduratan kaudimengabetzat jo gabeak, konkurtsorik eskatu gabeak, konkurtsoan ez daudenak, esku-hartze judizial batean ez daudenak edo Konkurtso Legearen arabera desgaitu gabeak, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonda.

5.– Laguntza- eta- likidazio-eskabideak aurkezten diren unean bete egin beharko dira laguntzen onuradun izateko baldintzak.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Hauek hartuko dira diruz lagundu daitezkeen jardueratzat: enpresen egungo negozio-eredua birdefinituko eta berrituko duten –eta, hartara, erakundeen lehiakortasuna modu nabarmenean areagotuko duten– proiektuak egitea, banaka nahiz lankidetzan. Proiektu horiek, zehazki, honako honetan eragingo dute:

a) Negozio-eredua berriro definitzea, balio-proposamena nabarmen aldatuta. Horretarako, honako hauek guztiak berriro definitu beharko dira: enpresaren produktuen eta zerbitzuen mix-a, xede-merkatuen segmentuak, bezeroengana iristeko eta haiekin erlazionatzeko moduak, eta/edo enpresarentzako diru-sarreren formulak.

Premisa horiek aintzat harturik, ez da finantzatuko enpresetako hasierako plan estrategikoak egitea.

b) Produktu edo zerbitzu berriak diseinatzea eta/edo egungo produktu/zerbitzu/prozesuetan hobekuntza nabarmenak egitea, baita produktu/zerbitzu berrien merkaturatzea azkartzeko dinamikak martxan jartzea ere, betiere, eskaintza bereizi bat sortzeko eta/edo merkatu berrietan lehiatzeko aukera ematen duen balio-proposamen berritzaile bat badakarte.

Diruz lagun daitezke honako jarduera hauek: ezaugarri teknikoetan, osagaietan, materialetan, txertatutako softwarean, zerbitzu-osagaiaren gehitzean (zerbitzu bihurtzea) edota bestelako ezaugarri funtzionaletan hobekuntza nabarmenak egiteko beharrezkoak diren diseinu- eta kontzeptualizazio-azterketak, baita produktu/zerbitzu berriak xede-merkatu berrietara azkarrago bideratzeko dinamikak jasotzen dituzten planak ere, zeintzuk egingo baitira bezero, erabiltzaile edo beste kanpoko agente batzuekin izango diren harreman-modu berrien bidez, honako honetan oinarrituta: berrikuntza irekiko metodologiak, beste batzuekin batera sortzea, esperimentazio-prozesuak edo living labs delakoak, zeintzuek enpresaren produktuak eta zerbitzuak diseinatzeko prozesuetan adimen kolektiboa txertatzea ahalbidetuko baitute.

Ez da jaso I+G gisa katalogatu daitekeen jarduerarik.

c) Antolaketa-egitura berriak diseinatzea, hots, integrazio- edota lankidetza-prozesuetatik eratorritako egiturak, horien bidez behar adinako neurria hartzeko eta, hartara, negozio-ereduetan lehiatzeko eta berritzeko, balio-proposamena eta merkatu berrietarako sarrera berriro definituta.

Enpresak antolaketa-egitura berri batean integratu behar diren kasuetan, diruz lagunduko da antolaketa-egitura berriaren bideragarritasun-plana edota plan estrategikoa lantzea. Plan horietan nahitaez jaso behar da egitura berriaren kudeaketarekin, erabakiak hartzearekin eta akzioen banaketarekin loturiko organo eta mekanismoei buruzko informazioa. Era berean, plan estrategikoan leku nabarmenean jaso behar dira honako alderdi hauek ere: enpresaren balio-proposamenaren birdefinizioa, merkatuen eta bezeroen estrategia eta martxan jarriko den jardueraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak.

Antolaketa-egiturak juridikoki bateratuta egon gabe lankidetzan jardungo duten enpresen proiektuei dagokienez, balio katean integratzeko estrategiak finantzatuko dira. Hau da, produktuen edota zerbitzuen balio-proposamen berritzaileak zehazteko aukera emango duten estrategiak (irtenbide integralen definizioa), bai eta hainbat enpresatako hornidura-kateak integratzeko (supply chain management) aukera ematen duten estrategiak ere. Horien guztien helburua izango da zerbitzuan eta kostuan eraginkortasun handiagoa lortzea, eta partaide diren enpresentzako interesekoak izan daitezkeen merkatu berrietara iristea.

2.– Enpresa bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du programa honen deialdi bakoitzera (banaka edo beste batzuekin lankidetzan).

3.– Enpresa batek Lehiabide programara aurkeztutako proiektu batean parte hartzen badu azpikontratatutako kanpoko enpresa aditu gisa, ezin izango du Lehiabideren onuradun gisa parte hartu (enpresa berak ezingo du, aldi berean, programaren hornitzaile eta onuradun izan, deialdi berean).

4.– Laguntza-eskabidearen aurkezpen elektronikoa egin ondoren hasiko dira gauzatzen proiektuak, urte naturalaren barnean, eta hamabi hilabeteko epean egingo dira, proiektua martxan jarri den egunetik zenbatzen hasita.

5.– Enpresak berak abiarazitako gogoeta estrategikoa izan behar dute proiektuek oinarrian (barnean egindakoa edo kanpoko adituen laguntzarekin gauzatutakoa), dokumentatuta egon behar dute, enpresa eskatzailearen edo eskatzaileen zuzendaritzak beren gain hartu behar dituzte, eta laguntza-eskabidearen xede diren jarduerak jaso behar dituzte.

6.– Proiektua burutu eta hamabi hilabeteko epean –enpleguari, fakturazioari eta merkatu-kuotari loturik– lortu nahi diren helburuak zehaztu behar dira proiektuan.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak.

Honako hauek hartuko dira gastu hautagarritzat:

a) Enpresa eskatzailearen plantillako langileen gastuak, baldin eta zuzenean sartuta badaude proiektuaren gauzatzean. Kontzeptu hori dela-eta gastu hautagarria ez da izango hurrengo b) atalean zehaztutako gastuak baino % 30 handiagoa.

b) Aurkeztutako proiektuaren esparruan adituak diren kanpoko enpresak kontratatzeko gastuak.

c) Lankidetza-proiektuen kasuan, sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agenteen gastuak, proiektuaren dinamizazio, koordinazio eta izapidetzeari dagozkionak, soil-soilik.

8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplika dakizkieken baldintzak.

1.– Gastu hautagarriak balioesteko, honako irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Aurkeztutako proiektuaren helburuarekin zuzenean loturik egongo dira gastu hautagarriak.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriek zentzuzkoak izan behar dute, eta Batzorde Betearazlearen iritziz mugatu ahal izango dira.

d) Ez dira gastu hautagarritzat hartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edota bere mendeko sozietateek indarrean dituzten beste programen bidez lagundutako kontzeptuak edota gastuak.

e) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarritzat joko.

f) Ez dira gastu hautagarritzat joko honako hauek: kanpoko enpresako langileen joan-etorri gastuak, materialen lanketa, aretoen alokairua, dietak eta antzekoak.

9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak diru-laguntza gisa antolatuko dira, hain zuzen ere, gastu hautagarriekiko ehuneko hauetan:

a) Bakarkako proiektuak. Proiektuaren gastu hautagarrien % 50eraino, eta gehienez ere 45.000 euroko diru-laguntza enpresa bakoitzeko.

b) Lankidetza-proiektuak. 7. artikuluaren a), b) eta c) idatzi-zatietan adierazitako proiektuaren gastu hautagarrien % 60raino, eta, gehienez ere, 35.000 euroko laguntza enpresa bakoitzeko, eta 100.000 eurokoa lankidetza-proiektuan partaide diren enpresa guztientzako. Enpresa eskatzaileek ezingo dute bere egin, bakarka, proiektutik sortutako kanpo-gastuen % 70 baino gehiago. Nolanahi ere, salbuespen izango dira sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agenteen kontratazio-gastuak, proiektuaren dinamizazio, koordinazio eta izapidetzeari soilik dagozkionak. Gastu horien % 100 har dezake enpresa bakar batek.

2.– Aurreko kasuetan, laguntzaren % 80 proiektua gauzatzeko laguntza izango da eta gainerako % 20, berriz, enpresa partaide guztiek ezarritako helburuak benetan lortzen diren ala ez aztertu eta horren arabera eman beharreko laguntza. Hau da, proiektua burutu eta hurrengo hamabi hilabeteetan –enpleguari, fakturazioari eta merkatu-kuota hazteari dagokionez– enpresek finkatutako helburuak betetzen diren ala ez aztertu, eta horren arabera emango da gainerako % 20 hori.

3.– Dinamizazio, koordinazio eta izapidetzean ariko den sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agente baten laguntza duten lankidetza-proiektuetan, kontzeptu hori dela-eta proiektu osoan finantzatu ahal izango den zenbatekoa 5.000 eurokoa izango da, eta partida hori oso-osorik finantzatuko da.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Beste laguntza publikoak eta programa honen bidez emandakoa aintzat harturik metatutako zenbatekoak kostu hori gainditzen badu, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den beste murriztu ere.

Aurrekoa kontuan hartuta ere, deialdi honetan onartutako proiektuak ez dira diruz laguntzekoak izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren mendeko sozietateen beste programa batzuetan.

2.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzia txikiko laguntzak edo minimis laguntzak dira.

3.– Erakunde onuradun bakarrak jaso dezakeen minimis laguntza ezin izango da 200.000 euro baino gehiagokoa izan, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Hori dela-eta, programa honetan xedatutako laguntzarik ez da emango baldin eta emandako laguntza, onuradunak aurretik lortu dituen beste minimis laguntza batzuei gehituta (edozein izanik ere laguntza eman duen administrazioa edo administrazioak), muga horretatik gorakoa bada.

4.– Muga hori edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, programa hau betez emandako laguntzatik, gehiegizko zenbatekoa murriztuko da.

5.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

6.– Epeka ordaintzekoak diren laguntzak ematen diren unean duten balioaren arabera eguneratuko dira.

11. artikulua.– Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza eskabideak aurkezteko epea araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2014ko irailaren 30ean amaituko, 12:00etan.

12. artikulua.– Laguntzak eskatzea.

1.– Baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntzak jaso nahi badituzte, SPRIren web-gune honetan ezarritako laguntza-eskabidea bete beharko dute: http://www.spri.es/lehiabide

2.– Izenpe elektronikoaren bidez erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak izenpetu beharko du eskabide hori. Aurkezpen-eguntzat hartuko da SPRIra bidalketa telematikoa egindako eguna.

3.– Erakunde eskatzailearen, haren legezko ordezkariaren eta erakundearekiko harremanetarako pertsonaren identifikazio-datuak jaso behar dira laguntza-eskabidean.

4.– Laguntza-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena.

b) Erakunde onuradun guztien Tc2 agirien kopiak, eguneratuta daudenak, eskabide telematikoa aurkezteko unean. Kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria, Gizarte Segurantzako dagokion erakunde laguntzaileak emana.

c) Itxitako azken ekitaldian, batezbeste zenbat langile zeuden alta emanda (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria).

d) Legezko ordezkariaren notario-ahalorde nahikoaren kopia (indarrean egon behar du).

e) Jarduera ekonomikoen agiri historikoa, dagokion foru-ogasunak emana.

f) Entitateak zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta bere erakunde laguntzaileekikoak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.

g) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu korrontearen titularitatea erakunde onuradunari dagokiola eta zenbaki hori duela egiaztatzen duena.

h) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa.

i) Azpikontratatutako enpresa hornitzaileek proiektuko lanak burutzeko egindako eskaintzen kopia.

5.– Enpresak abiarazitako gogoeta estrategikoaren prozesua jasotzen duen agiria: plan estrategikoa, kudeaketa-plana, Administrazio Kontseiluaren akta edo berrikuntza-agenda. Laguntza eskatu duen edo duten enpresaren edo enpresen zuzendaritzak aurrez onartua izango da dokumentu hori, eta bertan zehaztuko dira laguntza-eskabidearen xede diren jarduerak.

6.– Lankidetza-proiektuak badira, enpresa eskatzaileek laguntza-eskabide bakarra aurkeztu behar dute proiektu bakoitzeko, proiektuan partaide diren guztiek modu digitalean sinatua. Programa honetatik eratorritako betebehar guztiei elkartasunez erantzungo diete enpresa partaide guztiek. Erakunde onuradunen ahaldunetako batek proiektuaren buruzagitza hartu behar du, proiektuaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko eta proiektuak aurrera egin dezan SPRIrekin izan beharreko bitartekaritza- eta harreman-funtzioak bere gain hartzeko, bai eta erakunde horren parte-hartze maila islatzeko ere, hargatik eragotzi gabe lankidetza-proiektuko gainerako kide guztiek duten erantzukizun solidarioa.

Dinamizazio-, koordinazio- eta izapidetze-lanetarako sektore-, enpresa edo lurralde-mailako agente baten laguntza izateak ez du esan nahi proiektuaren enpresa liderrak SPRIrekin solasaldirik edo harremanik izan behar ez duenik, proiektuak behar bezala aurrera egin dezan.

Lankidetza-proiektuko partaide guztiek aurkeztu behar dituzte aurreko 4. paragrafoan adierazitako agiriak eta, horretaz gainera, programa honetan finkatutako baldintzak bete behar dituzte, nork bere aldetik.

13. artikulua.– Ebaluatzeko eta ebazteko prozedura.

1.– Innobideak-Lehiabide Programaren Batzorde Betearazleak, zeina Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen Administrazioko Kontseiluak 2013ko irailaren 10ean hartutako erabakiaren bidez eratu baitzen, gaitasuna du araudi honetan oinarrituta aurkeztutako laguntza-eskabideak ebaluatu eta ebazteko, eta hartutako erabakiak akta batean jasoko dira.

2.– Laguntza-eskabidearen atal guztiak ez badaude beteta, edo eskatutako gainerako dokumentazioa ez bada eskabidearekin batera aurkeztu, SPRIk eskatuko du 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko du, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, eta horren berri emango dio erakunde eskatzaileari. Epe hori agortzen bada zuzenketa egin gabe, SPRIk ebatziko du eskaerari uko egin zaiola.

Proiektuaren memorian ezingo da zuzenketarik egin. Hala eta guztiz, hari buruzko informazio osagarria eskatu ahal izango du SPRIk ebaluazio-prozesuan, komenigarritzat jotzen badu.

3.– Eskatzaileak baliozkotu egingo ditu laguntza-eskabidean harremanetarako ezarritako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk e-mail bidez bidalitako komunikazio guztiak.

4.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epean aurkeztutako eskabideak, eta programa honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Programan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak gaitzetsiko dira, SPRIk banan-banan emango dituen ebazpenen bidez, eta ebazpen horiek jakinarazi egingo zaizkie interesdunei.

5.– Esleipen-irizpide objektiboak. Proiektuen ebaluazioa egingo da honako ebaluazio-irizpide eta puntuazio hauek aplikatuz:

a) Programaren helburuekin bat datorren: 15 puntu. Gutxienekoa: 9 puntu.

b) Jarduera Plana bat datorren proiektuaren helburuekin. 20 puntu. Gutxienekoa: 12 puntu.

c) Emaitzek zenbateko eragina izatea espero den: 20 puntu.

d) Sustapen-taldea eta kanpoko taldea egokiak diren (kanpoko taldeak izan duen parte-hartzea antzeko proiektuetan, esperientzia profesionala, taldearen hornidura eta gaitasuna). 15 puntu.

e) Proiektua kudeatzeko eredua eta metodologia. 15 puntu.

f) Baliabideen egokitzapena. 15 puntu.

Ebaluazio-irizpide bakoitzak, gehienez, puntuazio bat lor dezake. Puntuazio hori lortzen da irizpide bakoitzarentzat definitutako alderdien betetze-mailaren arabera.

Atzera botako dira gutxieneko puntuazio hauek gainditzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza-eskabideak: 9 puntu, a) irizpidean (Programaren helburuekin bat datorren), eta/edo 12 puntu, b) irizpidean (Jarduera Plana bat datorren proiektuaren helburuekin).

Halaber, atzera botako dira guztira gutxieneko puntuazio hau gainditzen ez duten jarduerei dagozkien laguntza-eskabideak: 60 puntu.

6.– Batzorde Betearazleak emango du ebazpena, eta honela jardungo du:

a) Programa irekita dagoen aldian egingo dituen bileretan, une horretara arte jasotako eskabideak ebatziko ditu, hots, gutxienez 70 puntutara iristen direnak, eta eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditzen ez duten eskabideak ere ebatziko ditu.

b) Programa itxi ondorengo bileran, une horretara arte jasotako eskabideak ebatziko ditu, hots, gutxienez 70 puntutara iristen direnak, eta, bestalde, eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditzen ez duten eskabideak ere ebatziko ditu. Gero, aurrekontu-baliabideen arabera, eta agiri guztiak aurkeztu dituztenen ordena zehatz-mehatz jarraituta, 60 puntutik 69ra lortu dituzten eskabideak ebatziko ditu.

7.– Ebazteko epea. Hiru hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, deialdia itxitako egunetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskaerari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitakoa betetzeaz gain, honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Horren haritik, erakunde onuradunak, diru-laguntza emango zaiola adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, ez badio SPRIri adierazten diru-laguntzari espresuki uko egiten diola, diru-laguntza hori onartu egin duela ulertuko da.

b) Emandako diru-laguntza erabiltzea, zehazki, laguntza ematea eragin duen proiekturako.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea, eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, betiere, laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.

f) SPRIri lehenbailehen jakinaraztea honako hauek: xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzak eta diru-laguntzak, edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den baldintzaren bat aldatu bada, SPRIri horren berri ematea.

15. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

1.– Diru-laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso bada, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Halaber, erakunde onuradunek eskatu eta justifikatuz gero, egingo diren jarduerak gauzatzeko epe luzeagoa eman dezake SPRIk, eta horrek eragingo du, nahitaez, jasotzekoak diren zenbatekoen ordainketak neurri berean atzeratzea.

3.– Jarduerek laguntza-eskabidea egindakoan aurkeztutako memorian jasotakoak izan beharko dute ezinbestean; hala ere, SPRIk jarduera horietan aldaketak egiteko baimena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunak, jarduerak amaitu aurretik, aldaketak erabat justifikatzen baditu eta jarduera horien izaera eta helburuak –programa honetan hasieratik ezarritakoak– aldatzen ez badira.

16. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

Proiektuaren gauzatzeari dagokion zatia likidatzeko:

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu ondoren, erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute hori. Horretarako, likidazio-eskabidea egiteko inprimakiak erabiliko dituzte, SPRIren web-orrian eskuragarri daudenak. Likidazio-eskabidea aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, proiektua burutzen den egunetik zenbatzen hasita.

2.– Erakundearen ordezkari izateko gaitasuna duen pertsonak sinatu beharko du likidazio-eskabidea, sinadura elektroniko bidez. SPRIra egindako bidalketa telematikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Likidazio-eskabidean adierazi beharko dira erakunde eskatzailearen eta legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Fakturen fotokopia. Proiektua burutzen den egunetik aurrera, gehienez ere, hilabete izango da fakturak igortzeko, eta faktura horiek bat etorri behar dute likidazio-eskabide telematikoaren koadroan zehaztutakoekin. Ez dira onartuko proiektua hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta onartu gabeko gastuei dagozkienak ere.

b) Finantza-erakundearen ordainketa-ziurtagiriak. Fakturak igorri ondoren eginak izan behar dute banku-ziurtagiriek. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu behar da. Ez da onartuko proiektua hasi aurreko ordainketa-ziurtagiririk.

c) Erakunde onuradun guztien Tc2en kopiak, eguneratuta daudenak, likidazio-eskabide telematikoa aurkezteko unean. Kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, Gizarte Segurantzako dagokion erakunde laguntzaileak emana.

d) Itxitako azken ekitaldian, batezbeste zenbat langile zeuden alta emanda (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria).

e) Entitateak zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta bere erakunde laguntzaileekikoak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.

f) Memoria teknikoa eta ekonomikoa. Likidazio-eskabide telematikoaren atal guztiak bete behar dira. Proiektua gauzatzerakoan sortutako agiri eta txosten guztiak sartu behar dira, laguntza-eskabidearen arabera.

g) Orduen txostenak, erakunde eskatzaile, onuradun eta azpikontratatuetako parte-hartzaile bakoitzak proiektuari esleitutako arduraldi eta kostuen asteko banakapena adierazita, eskabidean jasotako fase eta eginkizunak oinarri hartuta.

5.– Likidazio-eskabidearen atal guztiak ez badaude beteta, edo eskatutako gainerako dokumentazioa ez bada eskabidearekin batera aurkeztu, SPRIk eskatuko du 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko du, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, eta horren berri emango dio erakunde eskatzaileari. Epe hori agortzen bada zuzenketa egin gabe, SPRIk ebatziko du eskaerari ezezkoa eman zaiola.

6.– Enpresa eskatzaileak baliozkotu egingo ditu SPRIk –laguntza-eskabidean erakundeak harremanetarako izendatutako pertsonaren posta elektronikora– egindako komunikazioak.

Laguntzaren helburuak benetan lortzeari lotutako zatia likidatzeko:

1.– Enpleguaren, fakturazioaren eta merkatu-kuota handitzearen alorreko helburuak lortu ondoren, lorpen horiek justifikatu beharko dituzte erakunde onuradunek. Horretarako, likidazio-eskaera egiteko inprimakiak erabiliko dituzte, SPRIren web-orrian eskuragarri daudenak. Likidazio-eskabide hori aurkezteko epea hamahiru hilabetekoa izango da, proiektua burutzen den egunetik zenbatzen hasita.

2.– Erakundearen ordezkari izateko gaitasuna duen pertsonak sinatu beharko du likidazio-eskabidea, sinadura elektroniko bidez. SPRIra egindako bidalketa telematikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Likidazio-eskabidean adierazi beharko dira erakunde eskatzailearen eta legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erakunde onuradun guztien Tc2en kopiak, eguneratuta daudenak, likidazio-eskabide telematikoa aurkezteko unean. Kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, Gizarte Segurantzako dagokion erakunde laguntzaileak emana.

b) Itxitako azken ekitaldian, batezbeste zenbat langile zeuden alta emanda (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria).

c) Erakundeak zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta bere erakunde laguntzaileekikoak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.

d) Zinpeko deklarazioa –gero ikuskatuko dena– enpresak enpleguaren, fakturazioaren eta merkatu-kuota handitzearen alorreko helburuak behar bezala lortu dituela egiaztatzeko.

17. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– SPRIk bi ordainketen bidez gauzatu eta entregatuko ditu diru-laguntzak:

a) Proiektua amaitu ostean, eta behin behar bezala justifikatuta, proiektuaren gauzatzeari dagokion % 80. Sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agente baten laguntza daukaten lankidetza-proiektuen kasuan, kontzeptu horretarako onartutako zenbatekoaren % 80 ordainduko da.

b) Enpresak enpleguaren, fakturazioaren eta merkatu-kuota handitzearen alorreko helburuak lortu dituela behar bezala egiaztatu ostean, gainerakoa, hots, % 20. Sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agente baten laguntza daukaten lankidetza-proiektuen kasuan, kontzeptu horretarako onartutako zenbatekoaren % 20 ordainduko da beti.

2.– Diruz lagundutako gastu hautagarria laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntza doitu egingo da proportzioan.

3.– SPRIk ordainketa egingo du 60 egun balioduneko epean, aurreko artikuluan ezarritako likidazio-eskabideak eta frogagiriak aurkeztutako egunetik zenbatzen hasita, eta SPRIko Teknologia eta Berrikuntza arloak ebaluatu eta oniritzia eman ostean. Zenbaketa hori egiteko ez da kontuan hartuko 14. artikuluko 1.c) puntuan adierazitako SPRIren ikuskapenak eragindako epea, ez eta abuztua ere, baliogabea dela joko baita.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek, araudi honetan eta aplikagarriak zaizkien gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat edo laguntzak emateko ebazpenean ezar daitekeen baldintzaren bat betetzen ez badute, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute. Halakorik gertatuz gero, SPRIri itzuli beharko diote une horretara arte jasotako laguntza, baita legezko interesak ere. Beharrezkoa izanez gero, legezko egintzak bideratu ahal izango dira, zenbateko horiek itzularazteko.

2.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, egoera hauek ez-betetzat hartuko dira:

a) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea, edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatzen diren baldintzak ez betetzea.

b) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, betiere, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

c) Laguntza lortzea programa honetan ezarritako betekizun eta baldintzak bete gabe, edota laguntza ematean ezarritakoak bete gabe.

d) Programan edo laguntza ematean aurreikusitako edozein kontrol-neurritan ez parte hartu nahi izatea, edo prozesu horietakoren bat eragoztea.

e) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hastea eta izapidetzea SPRIren zeregina izango da. Ez-betetze bat gertatu izanari buruzko ebazpena ematea programako Batzorde Betearazlearen eskumena izango da.

4.– Bidegabe jasotako zenbatekoak hilabete bateko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunean zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

5.– Halaber, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia itzuli beharko da, baldin eta gainfinantziazioa gertatzen bada, ordainketaren ostean beste laguntza batzuk ere jaso izanaren ondorioz (10. artikulua). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulketa erabakitzeko emango den ebazpenean.

6.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira, eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 64. artikuluan ezarritako erantzukizunen araubidea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Programa honi dagokionez, erakunde onuradunek argitalpen- eta sustapen-jarduera orotan adierazi beharko dute SPRItik laguntza jaso dutela.

Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz, helarazten diren izaera pertsonaleko datuak «Laguntzak» izeneko fitxategian bilduko dira. Horren guztiaren arduraduna SPRI da (Urkixo zumardia 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina; 48011 Bilbao).

Fitxategi horren xedea da SPRIren bidez diseinatutako eta/edo kudeatutako laguntzen/diru-laguntzen espedienteak kudeatzea. Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa laguntzaileei, dagokion arloan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei, behar izanez gero.

Fitxategi horren berri eman zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu dira.

Datuetan sartzeko aukera, eta behar izanez gero, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko eta datuak ezerezteko aukera balia daiteke, aipatu legeak ezarritako baldintzetan, SPRIko segurtasunaren arduradunari komunikazio idatzi bat bidaliz helbide honetara: lopd@spri.es

Hirugarrena.– SPRIren erabakia merkataritza-izaerakoa da, eta jurisdikzio-eskumena epaile eta epaitegi zibilena da. Erakunde onuradunek berariaz uko egiten diete dagozkien eskumenei eta Bilboko Auzitegi eskudunen mende jartzen dira espresuki, laguntzen programa honen interpretazioari edo gauzatzeari buruz zuzenean nahiz zeharka sor daitekeen edozein auzi, desadostasun edo erreklamazio erabakitzeko.

Laugarrena.– SPRIren zuzendari nagusiari eskumena ematen zaio araudi hau gauzatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bilbao, 2014ko urtarrilaren 24a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.


Azterketa dokumentala