Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2014ko otsailaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

BILBOKO LEHEN AUZIALDIKO 5 ZENBAKIKO EPAITEGIA
920

EDIKTUA, adostasunik gabeko dibortzioari buruz bideratutako 616/12 prozeduraren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN-ZEDULA

Bilboko (Bizkaia) Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegian adostasunik gabeko dibortziorako bideratutako 616/12 prozeduran, epaia eman da. Prozedura hori Pura Victoria Flores Ocampok eskatuta hasi da, Luis Rosales Bejaranoren aurka. Honako hauek dira epai horren idazpurua eta epaitza:

219/13 EPAIA

Epailea: Francisco Javier Osa Fernández jauna.

Lekua: Bilbao (Bizkaia).

Data: bi mila eta hamahiruko maiatzaren zazpia.

Alderdi demandatzailea: Pura Victoria Flores Ocampo.

Abokatua: Fernando Garcinuño Gonzalez.

Prokuradorea: Veronica Blanco Cuende.

Alderdi demandatua: Luis Rosales Bejarano.

Abokatua.

Prokuradorea.

Judizioko gaia: dibortzioa.

EPAITZA

Baietsi egiten dut partez Pura Victoria Flores Ocampo andreak aurkeztutako demanda, Luis Rosales Bejarano jaunaren aurkakoa, auzi-iheslaria bera. Honenbestez, aipatutakoen arteko ezkontzaren dibortzioa agintzen dut, legezko ondorio guztietarako, eta honako behin betiko neurri hauek hartzen ditut:

1.– Alaba adingabeen zaintza eta jagoletza amari esleitzea.

2.– Alabekiko guraso-ahala biek baliatuko dute, eta konpromisoa hartzen dute alabei eragin diezaieketen garrantzizko erabakiak adostasunez hartzeko; adostasunik ez bada epaileak erabakiko ditu, salbu eta presa dela-eta beste gurasoari kontsulta egitea ezinezkoa denean, esate baterako: osasunari dagozkion gaiak, ospitaleratzeak, ebakuntza kirurgikoak eta antzekoak; izan ere, halakoetan, erabakiak lehenbailehen hartu behar dira. Kasu horietan, alabak berarekin dituen gurasoari egokituko zaio erabakia hartzea.

Guraso-ahalaren arloan, guraso bien adostasunarekin hartu beharreko erabakiak dira honako hauek: adingabeak bizitokiz aldatzea ohiko bizilekua zuten udalerritik kanpora; halaber atzerrira aldatzea, salbu eta oporretako bidaiak badira; ikastetxea aukeratzea eta ikastetxez aldatzea; eskolaz kanpoko edo osagarriak diren aktibitateak erabakitzea; urgentziazkoak izan gabe iraupen handiko diren egintza medikoak, eta arlo psikologikokoak; garrantzizko ekintza erlijioso eta sozialak. Jagoletza ez duen gurasoak badu eskubiderik alabek eskolan duten bilakaeraz informazioa jasotzeko, eta, halaber, eskolako tutoretza-ekintzetan parte hartzeko, eta bai, alaben osasunari dagokionez, osasun egoeraz eta tratamenduaz informazioa jasotzeko ere.

3.– Aitak bizitoki egokirik, alabak lotara gelditzeko modukorik, ez duen bitartean, haiekin egotea izango du era honetan: astelehenetik ostiralera, arratsalde batean, eskolatik ateratzen direnetik 20:30era arte; eta bi asteburutik behin, larunbat eta igandeko 11:00etatik 20:00etara, alabak lotara gelditu gabe.

Aitak bizitoki egokia, alabak lotara gelditzeko modukoa, duenean, haiekin egotea izango du era honetan: astegunetan, arratsalde batean, eskolatik ateratzen direnetik 20:30era arte; bi asteburutik behin, alabak ostiralean eskolatik ateratzen direnetik igandeko 20:30era arte; eta Aste Santuko, Gabonetako eta udako oporraldien erdian -akordiorik ez badago, aitak urte bakoitietan aukeratuko du, eta amak, bikoitietan.

4.– Aitak 300 euro ordainduko dizkio hilero amari, alaben mantenu gisa, demanda aurkeztu zen egunetik hasita.. Aurreratuta eta hil bakoitzaren lehenengo bost egunetan ordainduko du zenbateko hori, auzi-jartzaileak izendatzen duen kontuan; zenbateko hori urtero eguneratu beharko da Estatistikako Institutu Nazionalak edo hori ordezkatzen duen erakundeak estatu osorako argitaratutako KPIren arabera, oinarritzat justu aurreko hamabi hilabeteak hartuz. Ordainketa egin ezean, legezko neurriak hartuko dira.

5.– Gurasoek erdibana ordainduko dituzte alaba adingabekoen ohiz kanpoko gastuak. Halakotzat joko dira mediku-, farmazia-, optika- eta odontologia-zerbitzuek sortutako gastuak eta Gizarte Segurantzak edo mediku-aseguru pribatu batek bere gain hartzen ez dituen gainerako medikuntza-gastuak, betiere guraso bien adostasunez egiten badira. Ez dira horien artean sartzen larrialdi-egoeretan sortutakoak. Halakotzat joko dira, orobat, eskolako edo aisialdiko aparteko gastuak, guraso biek adostuz gero.

Beste gurasoari kontsulta egin ezin zaion urgentziazko kasuetan izan ezik, gainerakoetan, guraso bakoitzak besteari jakinarazi beharko dizkio adingabeko alabek dituzten aparteko premiak, eta premia horiei erantzun beharra dagoela adierazi; horretarako, kasuan kasuko agiriak helaraziko dizkio batak besteari (gastuaren zenbatekoari buruzko aurrekontua edo informazioa). Hamabost eguneko epean bete gurasoaren erantzunik ez badago, gastua onartuta dagoela ulertuko da.

Behar bezala jasota geratzeko moduan egingo dira halako jakinarazpenak.

Prozedura hau izapidetzerakoan sortutako prozesu-kostuak ez zaizkio inori ezartzen.

Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegian aurkeztutako apelazio-errekurtsoaren bidez (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak zein diren (PZLb, 458,2 artikulua).

Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean utzi beharko da epaitegi honek Banesto taldean (Banco Español de Crédito) duen Gordailuan eta Zainpean uzteko Kontuan (kontuaren zenbakia: 4709). Dirua sartu izanaren agirian, kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).

Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.

Eta epai honen bidez, erabakitzen, agintzen eta sinatzen dut.

Luis Rosales Bejarano demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan, ematen eta sinatzen dut idazki hau, Bilbon (Bizkaia), bi mila eta hamahiruko maiatzaren zazpian.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala