Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2014ko otsailaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
824

6/2014 DEKRETUA, otsailaren 4koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretua aldatzeko dena.

Otsailaren 16ko 3/2012 Legeak aldatu egin ditu Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko Legea eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko Legea, eta azken xedapenetatik lehenengoan xedatzen duenez, Eusko Jaurlaritzak aldatu egingo du Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoari eta funtzionalari buruzko 214/2006 Dekretua, aipatu legean jasotako xedapenak betetzeko.

Bestalde, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu ziren, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ziren (dekretu hori martxoaren 1eko 8/2013ko Dekretuaz aldatu da). Dekretu haren lehen xedapen gehigarrian xedatzen denez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundera atxikiko dira Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren egitekoak, baliabide materialak eta giza baliabideak (zuzendaritza hori aspaldi desegin zen Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailean zegoen).

Hala ere, Lehendakariaren abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuak atxikipen hartatik salbuetsi egiten ditu bai emakumeen kontrako indarkeriaren biktimak zuzenean artatzeko egitekoak –Herri Administrazio eta Justizia Sailari esleitu baitzaizkio–, bai Genero-indarkeriaren biktima izan diren Emakumeak Telefonoz Artatzeko Zerbitzua, ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoak eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimak artatzen dituzten profesionalei aholku eta laguntza emateko kudeaketa integratua, Enplegu eta Gizarte Politetako Sailari atxiki baitzaizkio (34/2013 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua bigarren aldiz aldatzekoa).

Xedapen haietan ezarritakoa betez ematen dugu dekretu hau, zeinak partzialki aldatzen baititu urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2., 8. eta 17. artikuluak, eta, ezabatu egiten baitu 4. artikulua (214/2006 Dekretua, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa). Izan ere, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bere gain hartu ditu bai otsailaren 18ko 4/2005 Legean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeari izendatutako egitekoak, bai aurreko legegintzaldian Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari izendatutakoak. Ondorioz, aipatu dekretuaren idazkera egokitu egin behar da, egiteko horiek kontuan hartuta; horrek eragin du aldaketak egitea.

Azkenik, 2.2 eta 9. artikuluetan, beste xedapen batzuk sartu dira euskara bultzatu, sustatu eta erabiltzeari buruz, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak egindako gomendioei jarraituz.

Ondorioz, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Zuzendaritza Kontseiluaren proposamena kontuan hartuta, Euskadiko Batzorde Juridikoak oniritzia emanda, eta Lehendakaritzak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko otsailaren 4ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau,

XEDATZEN DUT:

Lehengo artikulua.– Honela geratzen da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2. artikuluko 2. paragrafoaren b) idatzi-zatia:

«b) Berdintasunerako politikei eta autonomiako legediari segimendua eta ebaluazioa egitea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioarekin bat datozen eta bereizkeriaren aurkako araudia zenbateraino betetzen den ikusteko.»

Bigarren artikulua.– Honela geratzen da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2. artikuluko 2. paragrafoaren c) idatzi-zatia:

«c) Legeak egiteko eta erreformatzeko proposamenak egitea, sexu bien arteko berdintasuna -benetakoa eta eraginkorra- oztopatzen edo eragozten duten trabak kentzeko; eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea garatzeko araudia proposatzea.»

Hirugarren artikulua.– Honela geratzen da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2. artikuluko 2. paragrafoko i) idatzi-zatia:

«i) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordearen, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordearen eta Etxean tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeei harrera hobea egiteko Erakunde Arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordearen zereginak bultzatu eta koordinatzea; halaber, Autonomia Erkidegoko botere publikoen artean koordinazio-neurriak bultzatzea, emakumeen egoeran eta emakumeen eta gizonen berdintasunean eragina duten programei dagokienez.»

Laugarren artikulua.– Honela geratzen da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2. artikuluko 2. paragrafoaren s) idatzi-zatia:

«s) Euskal Autonomia Erkidegoan, sexuaren ziozko bereizkeria-egoeretan herritarrak defendatzea, eta emakumeen eta gizonen tratu-berdintasunaren printzipioa bete dadin sustatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 64. artikuluan ezarritako egitekoak baliatuz.»

Bosgarren artikulua.– Honela geratzen da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2. artikuluko 2. paragrafoaren u) idatzi-zatia:

«u) Sexuaren ziozko bereizkeria kasuak eta salaketak bideratzea, eta behar diren neurriak eta ekintzak abiaraztea.»

Seigarren artikulua.– v) idatzi-zati berri bat gehitzen zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2 artikuluaren 2. paragrafoari:

«v) Erakunde autonomoko langileak euskalduntzeko eta hizkuntzaren erabilera normalizatzeko prozesua bultzatzea, euskararen erabilera sustatuz.»

Zazpigarren artikulua.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2 artikuluaren 2. paragrafoaren u) idatzi-zatia, aurrerantzean, w) idatzi-zatia izango da.

Zortzigarren artikulua.– Ezabatu egiten da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 4. artikulua.

Bederatzigarren artikulua.– Honela geratzen da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 8. artikuluren d) idatzi-zatia:

«d) Erakundearen jarduerei buruzko urteko memoria onartzea. Memoria horretan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 70. artikuluko edukiak jasoko dira.»

Hamargarren artikulua.– Ezabatu egiten da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 8. artikuluaren e) idatzi-zatia.

Hamaikagarren artikulua.– 8. paragrafo berri bat gehitzen zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 9. artikuluari:

«8.– Kontseiluko kideek euskara eta gaztelania erabil ditzakete bileretan. Era berean, deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta beste idazki batzuetan Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial biak erabiltzea bermatuko da.»

Hamabigarren artikulua.– Berriro idatzi da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 17. artikuluaren 2. paragrafoaren n) idatzi-zatia, eta honela geratzen da:

«n) Bitartekari aritzea Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Emakumeen eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.5 artikuluan aurreikusitako erakundearen artean.»

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

– Urtarrilaren 16ko 5/2007 Dekretua aldatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea arautzeko dena.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea arautzeari buruzko urtarrilaren 16ko 5/2007 Dekretuaren 3. artikuluko 1. paragrafoko b) idatz-zatia honela geratzen da:

«b) Batzordekideak:

– Eusko Jaurlaritza ordezkatuz, sailburuek izendatuta, sailburuorde maila duten lau kide, arlo hauen ardura dutenak, hurrenez hurren: herri administrazioa, enplegua, gizarte gaiak eta hezkuntza.»

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko otsailaren 4an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala