Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2013ko abenduaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKADIKO EKONOMIA ETA GIZARTE ARAZOETARAKO BATZORDEA
5375

AKORDIOA, 2013ko azaroaren 22koa, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearena, zeinaren bidez Funtzionamendu Araudia onartzen baita.

EUSKADIKO EKONOMIA ETA GIZARTE ARAZOETARAKO BATZORDEAREN ARAUDIA
I. TITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Izaera eta araubide juridikoa.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea (aurrerantzean, Kontseilua) erakunde publikoa da, eta dagokion Lege Arautzailean (maiatzaren 17ko 8/2012 Legea, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearena) eta hura garatzen duen araudian ezarritakoari jarraiki, honako Funtzionamendu Araudian ezarritakoa beteko du, baita aplikagarri zaizkion gainerako xedapenetan ezarritakoa ere.

2. artikulua.– Egoitza.

Kontseiluaren egoitza Bilbon egongo da, Legearen 1.2. artikuluan ezarritakoari jarraiki. Saioak Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozer lekutan egin nahi direnean, Osoko Bilkuraren aldez aurreko akordioa beharko da, Presidenteak aurkezturikoa eta Batzorde Iraunkorrak hala proposatuta.

3. artikulua.– Eginkizunak.

Kontseiluak Legearen 3. artikuluan aurreikusita dauden eginkizunak izango ditu esleituta.

4. artikulua.– Osaera eta eraketa.

1.– Kontseiluaren osaera Legearen 4. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

2.– Kontseilua berritzen den bakoitzerako, Kontseilu berriak egiten duen lehenengo osoko bilkuran eratuko da hura, Araudi honetako 8. artikuluari jarraiki.

II. TITULUA: KONTSEILUKIDEAK
I. KAPITULUA: KONTSEILUKIDEAK HAUTATZEA ETA KARGU-UZTEA

5. artikulua.– Designazioa eta izendapena.

1.– Kontseilukideak Legearen 5. eta 6. artikuluei eta Araudi honetako 30. eta 32. artikuluei jarraiki hautatuko dira.

2.– a) taldeko kideak sindikatu-hauteskundeen arabera izendatuko dira, berritze-prozedura arruntaren hasieran autonomia-erkidegoko laneko agintaritzak igorritako ziurtagiriari jarraiki, Kontseiluko Presidenteak hala eskatuta, Kontseilukideen agintaldiak amaitu baino lehen.

6. artikulua.– Iraupena, berritzea eta kargua uztea.

1.– Kontseilukide titularren eta ordezkoen agintaldiaren iraupena lau urtekoa da, Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta izendapena ofizialki argitaratzen den egunetik hasita zenbatuko da. Agintaldia iraungita, beren funtzioak betetzen jarraituko dute kargua utzi dutela ofizialki argitaratzen den arte.

2.– 1. paragrafoan aipaturiko iraupen-epea igaro izana Kontseilua berritzeko arrazoi bat da, eta horregatik, kide guztiak ordezkatzera eramango duen hautaketa-prozesu berri bat egiteko nahitaezkotasuna dakar berekin, baina horrek ez du eraginik izango Kontseiluaren funtzionamenduan eta hura garatzen ari den zereginetan eta lanetan, eta ez du Kontseilukideen jarraipena aldaraziko, eta, hortaz, ezta presidente-kargua duenarena ere; horiek guztiek beren postuetan jarraituko dute haien kargu-uztea aurreikusten duen Dekretua ofizialki argitaratzen den arte.

Izendapen berriak ofizialki argitaratzearekin eta Kontseiluaren lehenengo saioarekin –araudi honetako 8. artikuluan ezarritako baldintzen arabera arautua– ematen da berritutzat Kontseilua.

3.– Kontseilukideen agintaldia 1. paragrafoan adierazitako iraupen-epea igaro baino lehen amaitu ahalko da, honako kasu hauetan:

a) Kideak ordeztea Legearen 7.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

b) Lehendakariari idatziz aurkezturiko uko-egitea edo dimisioa, Presidentea denean; a), b), c) eta d) taldeetako kideen kasuan, idazkia Presidenteak aurkeztuko dio Lehendakariari. Kasu guztietan, kargu-uztea uko-egitea edo dimisioa onartzearen ondorioz gertatuko da.

c) Aparteko berritze partziala Araudi honetako 12. artikuluan ezarritako prozedurari jarraiki.

d) Heriotza edo ezintasuna.

e) Kargu publikoa betetzeko gaitasun-gabetzea, epai irmo bidez emana.

f) Doluzko delituagatiko zigorra, epai irmo bidez emana.

g) Bere funtzioari dagokion erreserba urratzea, Kontseiluaren Osoko Bilkurak hala iritzita.

4.– Aurreko edozer arrazoi dela-eta, kargua denbora baino lehen utzi dutenen lekua hartzeko sartzen direnen agintaldia ordezturiko pertsonak hura utzi beharko lukeen unean bertan amaituko da.

7. artikulua.– Berritzeko prozedura arrunta.

1.– Prozeduraren hasiera Kontseiluko Presidenteak, agintaldia amaitu baino lehen, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoari sindikatu-erakundeen eta konfederazioen ordezkagaitasunari buruzko ziurtagiria eskatzeak ezarriko du.

2.– Ziurtagiria jaso ondoren eta, betiere, kideen agintaldiak amaitu baino hilabete lehenago, Presidenteak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du berritze-prozedura arrunta ireki dela dioen iragarkia; iragarki horretan, Legearen 5. artikuluan eskaturiko ordezkagaitasuna duten enpresa- eta sindikatu-elkarte eta -konfederazio guztiei jakinaraziko zaie, baita Legearen 4. artikuluan jasotako erakunde eta elkarte guztiei ere, kideak izendatzeko eskubidea balia dezaketela eta zenbat kide dagozkion bakoitzari.

Era berean, Presidenteak Lehendakariari helaraziko dio berritze-prozedura ireki dela ezagutarazteko jakinarazpena, Legearen 5.1.d) artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

3.– Ordezkarien izendapena, gehienez, bi hilabeteko epean aurkeztu beharko da, agintaldia amaitzen den egunetik zenbatzen hasita, eta organizazio, konfederazio, erakunde, entitate edo elkarte bakoitzari dagozkionak adina izen, titular eta ordezko bildu beharko ditu.

Eskubidea duten organizazioetako, konfederazioetako, erakundeetako, entitateetako edo elkarteetako baten batek ez baditu dagozkion ordezkariak ezarritako epean izendatzen, Legearen bigarren lerrokadako 5.1.a) artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Jasotako jakinarazpenak eta izendapenak aztertuta, Presidenteak titularren eta ordezkoen izendapen-proposamena egingo du, baita kargua uzten duten Kontseilukideen zerrenda ere.

5.– Izendapenetarako ezarritako epea amaitzen denetik 30 eguneko epean, gehienez, Kontseiluko Presidenteak Lehendakariari helaraziko dizkio aurkezturiko proposamenak, jakinarazpenak eta zerrendak, eta, hala badagokio, eginiko alegazioak, horiek guztiak aztertu ostean, dagokion izendapenak egin ditzan, Legearen 4.1 artikuluko d) paragrafoko pertsona adituei dagozkienak barne.

8. artikulua.– Kontseilu berriaren lehenengo saioa.

1.– a), b), c) eta d) taldeetako kideak izendatu ostean, Legeko 5. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, Presidenteak Kontseilu berriaren osoko bilkuraren lehenengo saiora deituko ditu, izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zirenetik 30 eguneko epean, gehienez.

2.– Gai-zerrendak honako puntu hauek bilduko ditu:

a) a), b), c) eta d) taldeetako kide berriak beren karguez jabetzea.

b) Kontseiluko Presidente berria proposatzea eta izendatzea, Araudi honetako 30. artikuluan ezarritakoari jarraiki, eta hura Lehendakariari helaraztea hark izenda dezan. Izendaturiko pertsona izango da Presidentea adierazitako izendapena egin ostean.

c) Kontseilukideak eta Batzorde Iraunkorrekoak izendatzea.

d) Laneko Batzordeetako kideak izendatzea.

II. KAPITULUA: KONTSEILUKIDEEN ESTATUTU JURIDIKOA

9. artikulua.– Eskubideak.

Kontseilukideek autonomia eta independentzia osoz jardungo dute eta honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Osoko bilkuretan eta bestelako batzordeen saioetan parte hartuko dute, hitz eta boto eskubidearekin, Legean eta Araudi honetan ezarritako baldintzetan.

Dena dela, debekatuta dago botoa eskuordetzea Kontseilukide direnen artean.

b) Kide ez izanda ere beste edozer Laneko Batzordetara joatea, hitzarekin baina botorako edo konpentsazio ekonomikorako eskubiderik gabe.

c) Osoko Bilkurak zein laneko batzordeek mozioak edo iradokizunak aurkeztea, haiek aztertzeko edo akordioetara iristeko, horrekin lotuta ezartzen diren jarraibideak betez, edo Osoko Bilkurak onartzen duen prozeduraren bitartez.

d) Osoko Bilkurak, Batzorde Iraunkorrak, kide diren Batzordeek eta bestelakoek jorratzen dituzten gaiei buruzko informazioa izatea, esanbidez eskatzen denean.

e) Kontseiluaren esku dagoen dokumentazioa eskuratzea.

f) Kontseiluko Presidentearen bitartez, eta Araudi honetan ezarritako prozedura baliatuta, dagozkion funtzioak betetzeko beharrezkoak diren datuak eta dokumentuak eskuratzea.

g) Osoko Bilkurak ezarritako diru-kopurua jasotzea.

10. artikulua.– Betebeharrak.

Kontseilukideek honako betebehar hauek dituzte:

a) Osoko Bilkuraren eta Kontseiluen saioetara joatea, baldin eta haietako kide badira.

b) Osoko Bilkurak esleituriko lanetan parte hartzea.

c) Araudi honi eta honen garapen gisa emandako jarraibideetan eta instrukzioetan ezarritakoari jarraiki jardutea.

d) Ordezko kontseilukideei jakinaraztea titularra joango ez den Kontseiluaren saioen deialdiak.

e) Osoko Bilkuraren eta Kontseiluko gainerako organoen erabakiei dagokienez behar den zuhurtzia izatea.

f) Kontseilukide egoera ez erabiltzea merkataritzako jarduerak gauzatzeko.

11. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Kontseilukideek uneoro errespetatu beharko dituzte Legearen 8. artikuluan ezarritako bateraezintasunak.

2.– Kontseilukideren baten bateraezintasuna sortzen bada, Batzorde Iraunkorrak Osoko Bilkurari helaraziko dio bere proposamena, hark gaiari hel diezaion egiten duen lehenengo ohiko saioan.

3.– Bateraezintasuna aitortu ostean, hori gertatu zaion pertsonak zortzi egun izango ditu, aitorpen horren gauzatzea jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, Kontseilukide kargua edo bateraezina den kargua betetzea aukeratzeko. Aukera hori adierazitako epean baliatu ezean, bateraezina den kargua aukeratu duela ulertuko da, eta, hortaz, uko egiten diola Kontseilukide izateari.

12. artikulua.– Aparteko berritze partzialeko prozedura, erakundearen funtzionamenduari eragiten dion ez-bertaratze errepikakorragatik.

1.– Kontseilukideek justifikatu egin beharko dute Kontseiluaren Osoko Bilkuraren saioetara bertaratzen ez diren aldi bakoitza, baldin eta haietara behar bezala deitu badituzte; horretarako idazkia aurkeztuko diote, bai euskarri fisikoan, bai telematikoan, Kontseiluko Presidenteari.

2.– Kontseilukide batek ez badu urtebetean Osoko Bilkuraren bi saio jarraitutara edo hiru txandakako saiotara joan ez izana justifikatzen, eta haren ordezkoa ere ez bada joan edo joateko erabateko ezintasuna frogatu badu, Kontseiluko Presidenteak idatziz jakinaraziko dio dagokion elkarteari justifikatu gabeko balizko ez-bertaratze egoera bat sortu dela, eta horrek aparteko berritze partziala eragin dezakeela, eta zazpi eguneko epea emango du oharrak aurkezteko.

3.– Aurreko paragrafoan adierazitako oharrak egin diren kasuetan, urte bereko hurrengo saioetako batera ez joateak aparteko berritze prozedura partziala abiaraziko dio Kontseiluko Presidenteari, aldez aurretik gainerako kideei kontsultatu eta eraginpeko elkarteari jakinari ostean.

III. TITULUA: ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIONAMENDUA
I. KAPITULUA: EGITURA ORGANIKOA

13. artikulua.– Kontseiluaren organoak.

Kontseiluaren organoak dira:

a) Osoko Bilkura.

b) Batzorde Iraunkorra.

c) Laneko Batzordeak.

d) Presidentea.

e) Idazkaritza Nagusia.

14. artikulua.– Saio motak.

1.– Kontseiluaren saioetan parte hartzen duten kontseilukideek aukeran izango dute haietara bertaratu –deialdiak hala ezarriz gero– edo noranzko biko edo aldibereko soinu, irudi, hitz eta testuko bestelako transmisio-bide batzuen bitarteko interkomunikazioa erabili.

2.– Bileraren deialdiak, saio fisikoa non izango den adierazteaz gain, eguna eta ordua ezarriko ditu, eta gai-zerrenda ere bilduko du. Kontseiluko idazkari nagusiak bertan izan beharko du, eta urruneko bertaratzea ahalbidetzen denean, deialdian esanbidez adieraziko da aukera hori, baita horretarako erabiliko diren bitarteko teknikoak ere.

II. KAPITULUA: OSOKO BILKURA

15. artikulua.– Definizioa, osaera eta antolamendua.

1.– Osoko Bilkura Kontseiluaren erabakiak hartzeko eta haren borondatea osatzeko organo gorena da, eta haren osaera Legearen 11. artikuluak arautuko du.

2.– Osoko Bilkuraren Presidentea izango da Kontseiluko Presidentea.

3.– Osoko Bilkuraren idazkaria izango da Kontseiluko idazkaria.

16. artikulua.– Eskumenak.

Osoko Bilkurarenak dira Legearen 12. artikuluak esleituriko eskumenak, baita honako hauek ere:

a) Kontseiluaren epe motzeko eta luzeko jardun-ildo nagusiak ezartzea.

b) Jardueren urteko memoria onartzea.

c) Akordioen argitalpenari buruzko erabakiak hartzea.

d) a), b), c) eta d) taldeetako pertsonek jasotzeko eskubidea duten diru-esleipenak onartzea.

e) Presidenteak edo idazkari nagusiak batzordeei eskuordetu ahalko dizkie legez edo araudiz Osoko Bilkurari esklusiboki eman ez zaizkion eskuduntzak.

f) Legeak edo Araudi honen gainerako zatiek esleitzen dioten beste edozein.

17. artikulua.– Saio-motak.

1. – Osoko Bilkuraren saioak ohikoak edo ezohikoak izango dira.

2.– Osoko Bilkura, gutxienez, hiru hilean behin bilduko da ohiko saioan, eta, gutxienez, sei aldiz urte natural bakoitzean.

3.– Osoko Bilkura ezohiko saioan bildu ahalko da honako kasuetan:

a) Presidenteak hala eskatuta, Araudi honetako 26.c) artikuluak ezarritakoari jarraiki.

b) Batzorde Iraunkorrak hala erabakitzen duenean.

c) Gutxienez boto-eskubidea duten Kontseilukideen herenak hala eskatzen duenean; eskaera hori idatziz zuzendu beharko diote Presidenteari eta, beren nortasunez eta sinadurez gain, jorratu beharreko gaiak eta eskatzen duten ezohiko saioa egiteko arrazoiak azaldu beharko dituzte bertan.

4.– Ezohiko saioa egiteko epea, gutxienez, berrogeita zortzi ordukoa izango da, 3. paragrafoan adierazitakoen artean hura eragin duen gertakaria gertatu den egunetik zenbatzen hasita.

18. artikulua.– Osoko Bilkurara joatea.

1.– Kontseilukideak ez ezik, artikulu honetan adierazten diren pertsonak ere joan ahalko dira Osoko Bilkuraren saioetara, hemen adierazitako kasuetan eta baldintzetan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzaren Kontseilukideek eta gainerako goi-kargudunek Osoko Bilkuraren edo Kontseiluaren bileretan agertzea eskatu ahalko dute, Kontseiluak ezagutu behar dituen beren eskumenetako gaiak azaltzeko. Presidenteak eskatuz gero, Batzorde Iraunkorrak erabaki egokia hartuko du eta agertzeko modua erabakiko du, dagokion txostena aztertu ondoren, halakorik badago.

3.– Presidenteak aholkulariren edota kanpoko pertsonaren batek parte hartzea proposatzen badu, Osoko Bilkurak zer saiotara joango diren erabakiko du, Batzorde Iraunkorrarekin hitzartu ondoren. Hala ere, saio horietan, hitza izango dute, baina botorik ez.

19. artikulua.– Deialdia.

1.– Kontseiluko Presidenteak deituko ditu Osoko Bilkuraren saioak, eta deialdiak idatziz helaraziko zaizkie kontseilukideei ohiko bilkurak baino gutxienez bost egun baliodun lehenago edo ezohiko bilkurak baino gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.

2.– Deialdian saioaren data, ordua eta lekua adierazi beharko da, baita kontseilukideak joateko duten balizko moduak eta gai-zerrenda ere. Zerrendatutako gaien gaineko informazioa epe berarekin jarri beharko zaie eskuragarri.

3.– Batzorde Iraunkorrak aurrez ezarriko duen gai-zerrenda presidentetzak formulatuko du, ohiko saioen kasuan. Gutxienez boto-eskubidea duten batzordekideen herenak proposatutako gaiek osatuko dute gai-zerrenda. Halaber, lan-batzordeek egokitzat jotzen dituzten gaiak sartzeko proposatu ahalko diote Batzorde Iraunkorrari.

Presidenteak gai-zerrendan beste gai batzuk sartzeko proposatu ahalko du. Deialdian adierazi badira, Osoko Bilkurak horiek jorratzea onartu beharko du, eta Osoko Bilkurak berak proposatzen baditu, bertaratuek aho batez onartu beharko dituzte.

20. artikulua.– Eratzea.

Osoko Bilkura behar bezala eratzeko, ondoko hauek bildu beharko dira:

a) Boto-eskubidea duten taldeetako gutxienez hamabi kide. Bigarren deialdietan, nahiko izango da talde horietako zortzi kide agertzea.

b) Presidentea edo haren legezko ordezkaria.

21. artikulua.– Saioen garapena.

1.– Osoko Bilkuraren saioak ez dira publikoak izango. Hala ere, kasu berezietan, Osoko Bilkurako kide guztiek bestela erabaki ahalko dute, aho batez hitzartzen badute eta saio publikoa egitea egokitzat jotzen bada.

2.– Ezingo da deialdiaren gai-zerrendan adierazi ez den gairik jorratu, ohiko saioetan izan ezik eta bertaratutako kide guztiek saioaren hasieran aho batez hitzartzen badute salbu, Erregelamendu honetako bigarren paragrafoko 18.3 artikuluan Presidenteari buruz xedatutakoa baztertu gabe.

3.– Presidenteak saioak irekiko eta altxatuko ditu, bertan behar utzi ahalko ditu, eztabaidak zuzenduko eta moderatuko ditu eta Legea eta Erregelamendua betetzen direla bermatuko du. Idazkari nagusiak lagunduko dio.

4.– Eztabaida baten aurretik edo horren bitartean, Presidenteak hizlarien denbora mugatu ahalko du, bere ekimenez edo batzordekide batek eskatzen badio. Era berean, eztabaida noiz itxi hitzartuko du, eta horren ondoren, hitza botoa azaltzeko soilik erabili ahalko da bozketa bakoitzaren ondoren eta Presidenteak adierazitako denbora-tartearen barruan.

5.– Deliberaziorik egonez gero, gai bakoitzari dagokion batzorde eskudunak egindako proposamenetan oinarrituko dira. Kontseiluak Osoko Bilkurak agertuko dira erregelamendu honetako 38. artikuluari jarraiki eta 29. artikuluan xedatutako betez, hala badagokie.

6.– Presidenteak edo dagokion batzordeak izendatutako kideak defendatuko duen irizpen-proposamenaren edukiari buruzko eztabaida orokorra abiaraziko da. Ondoren, txosten osoari egin beharreko balizko zuzenketak aztertuko dira, eta proposatzaileek aurrez izendatutako kideek defendatuko dituzte. Deliberazio-prozesu osoan eskatu dutenek hitza izango dute.

7.– Eztabaida amaitu ondoren, Kontseiluak proposatutako ordezko testuak bozkatuko dira.

8.– Ordezko testuetako bat onartuko balitz, Presidenteak hasierako testu gisa izapidetuko du eta hari zuzenketa partzialak soilik egin ahalko zaizkio, Osoko Bilkurak behin betiko onartu ez badu; kasu horretan, Presidenteak behin betiko testu gisa izapidetuko du.

9.– Kontseiluaren balizko ordezko testuetako batek ere ez aurrera egiten ez badu, zuzenketa partzialak eztabaidatuko eta bozkatuko dira.

10.– Kasu horretan, zuzenketak dagokien gaia bozkatu aurretik bozkatuko dira. Gai berberari buruzko zuzenketa bat baino gehiago badago, Presidenteak erabakiko du eztabaidatzeko eta bozkatzeko ordena.

11.– Zuzenketaren bat onartzen denean, testuari gehituko zaio, eta Presidenteak, batzorde eskudunaren presidentetza duen pertsonaren laguntzaz eta proposamengilearen laguntzaz, halakorik egonez gero, behin betiko testuaren koherentzia bermatzeko beharrezko egokitzapenak egingo ditu. Hala ere, kasu guztietan, zuzenketaren proposatzaileek ados agertu beharko dute egokitzapenekin, bestela, zuzenketa Osoko Bilkuran onartutako moduan utzi beharko da.

12.– Behin betiko testua onartu egin beharko dute. Onartzen ez badute, Presidenteak dagokion batzordeari bidali ahalko dio azter dezan, Osoko Bilkura ados agertzen bada, saio berean edo hurrengoan berriz eztabaidatzeko.

22. artikulua.– Zuzenketak.

1.– Kontseilukide guztiek aurkeztu ahalko dituzte zuzenketak, banaka edo taldean.

2.– Zuzenketa saioa hasi baino bi egun baliodun lehenagora arte aurkeztu ahalko dira idatziz eta egileek sinatuta. Zuzenketen hartzaile diren organoaren kide guztiek saioa hasi baino gutxienez bi egun baliodun lehenago eduki beharko dituzte.

3.– Zuzenketekin batera arrazoien azalpen labur bat aurkeztu beharko da, eta osoak edo partzialak diren adierazi beharko da. Azken kasuan, testuaren zer zatiri dagozkion zehaztu beharko da. Zuzenketa osoen kasuan, ordezko testua erantsi beharko da.

4.– Zuzenketak aurkezten dituztenek baztertu egin ahalko dituzte, baldin eta aurrekoa aldatzen duen beste zuzenketa bat eztabaidatzen ari ez badira edo onartu ez bada.

5.– Gainerako kideek baztertutako zuzenketak onartu edo defendatu ahalko dituzte, aurrez jakinarazi gabe.

6.– Aurkeztutako zuzenketen eztabaidaren ondorioz, beste erdibideko zuzenketa batzuk egin ahalko dira.

23. artikulua.– Erabakiak hartzea.

1.– Kontseilukideak autonomiaz eta independentziaz jardungo dira, eta debekatuta izango dute elkarren artean botoa eskuordetzea.

2.– Erabakiak baiespenez edo bozkatuta hartu ahalko dira. Akordioak onespenez onartutzat joko dira Presidenteak onespenez onartzeko aurkezten dituenean, saioan dauden kideek eragozpenik jartzen ez badute edo aurka agertzen ez badira.

3.– Gehiengoaren erabakiarekin bat ez datozen pertsonek boto partikularrak eman ahalko dituzte, banaka edo taldean, eta horiek hartutako erabakira batu beharko dira. Horretarako, boto partikularrak eman nahi dituztenek saioan adierazi beharko dute Presidenteak akordioaren baliozkotasuna adierazi ondoren eta idazkariak gai-zerrendaren hurrengo gaia irakurtzen hasi baino lehen.

Boto partikularrak Idazkaritza Nagusiari aurkeztu beharko zaizkio saioaren amaieratik hasi eta gehienez 48 orduko epean. Hala ere, egun baliodun bateko epea jarriko da. Epe hori igaro eta gero, eskubidea indargabetutzat joko da.

4.– Osoko Bilkuraren akordioak onartzen diren egunean jarriko dira indarrean.

24. artikulua.– Saioen akta.

1.– Kontseiluaren Idazkaritza Nagusiko titularrak, edo horren ordezkoak, akta bat idatziko du eta kide guztiei bidaliko zaie hurrengo saioaren deialdiarekin batera. Hurrengo saioan onartu beharko da. Bileraren akta idazkari nagusiak sinatuko du, Presidentearen oniritziaz.

2.– Aktak ondoko hauek jasoko ditu:

a) Saioaren data eta lekua, hasiera-ordua eta amaiera-ordua.

b) Deialdiaren data eta modua.

c) Deialdiaren testu osoa.

d) Bertaratutako kideen zerrenda.

e) Eztabaidatutako gaien laburpena eta idatziz jasotzeko eskaera izan duten esku-hartzeak.

f) Hartutako akordioak eta bozketen emaitzak.

3.– Hurrengo agiri hauek aktaren eranskinak izango dira, halakorik badago:

a) Testu guztien zuzenketak eta boto partikularrak, eta zuzenketak aurkeztu dituzten eta boto partikularrak egin dituzten pertsonen izenak.

b) Batzorde eskudunen proposamenak.

c) Osoko Bilkuran eztabaidak ulertzeko ezinbestekotzat jotzen den bestelako edozer agiri.

4.– Saio bakoitzaren akta hurrengo saioaren hasieran onartuko da eta egiten zaizkion zuzenketak gehituko dira, halakorik egonez gero.

III. KAPITULUA: BATZORDE IRAUNKORRA

25. artikulua.– Sorrera, izaera, osaera eta antolaketa.

1.– Batzorde Iraunkorra Kontseiluaren organoa izango da, eta honela egongo da osatuta:

a) Kontseiluko presidentea.

b) Idazkari nagusia.

c) a, b, c eta d taldeetako launa lagun gehienez. Talde sindikalean Kontseiluan ordezkariak dituzten sindikatu guztiek hartuko dute parte.

2.– Batzorde Iraunkorreko presidentea Kontseiluko Presidentea izango da.

3.– Batzorde Iraunkorreko idazkaria Kontseiluko idazkari nagusia izango da.

4.– Batzorde Iraunkorrak Erregelamendu honetako 8. artikuluan azaldutako Kontseilu berriaren lehen saiora arte arituko da lanean, aurretik Osoko Bilkurak desegiten ez badu. Tarte horretan, kide berriak izendatu ahalko dira libre gera daitezkeen lekuak betetzeko.

5.– Taldeek Batzorde Iraunkorrean ordezkatzen dituzten kide bakoitzeko ordezko bat izendatu ahalko dute taldekideen artean.

26. artikulua.– Eskumenak.

Hona hemen Batzorde Iraunkorraren eskumenak:

a) Kontseiluaren Osoko Bilkuraren akordioak betetzen direla bermatzea.

b) Osoko Bilkuran jorratuko diren gaiei buruzko txostenak prestatzea, lan-batzorde bati ez badagokio.

c) Osoko Bilkuraren ohiko saioen gai zerrenda zehaztea eta ezohiko bileren deialdiak hitzartzea.

d) Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen langileen kontratazio-oinarriak ezartzea, eta Presidenteak proposatutako kontratazioak onartzea, Osoko Bilkuraren langileak onartzeko eskumenak gutxitu gabe.

e) Kontseiluaren organoen eta batzordeen lanak koordinatzea.

f) Kanpo aholku-eskeren edo irizpenen kontratazioaren gainean erabakitzea, Presidenteari eskuordetzen ez bazaio.

g) Kontseiluaren aurrekontuaren aurreproiektuaren hasierako proposamena onartzea, hura prestatu eta Osoko Bilkuran onartu aurretik.

h) Onartutako aurrekontuaren bilakaera hiru hilean behin aztertzea, eta egokitzat jotzen dituen proposamenak Osoko Bilkurara eramatea.

i) Osoko Bilkurak espresuki eskuordetzen dizkionak.

27. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Batzorde Iraunkorra Presidentetzak deituko du, bere ekimenez edo boto eskubidea duten kideen gutxienez % 50ak eskatzen badio, gutxienez bi egun balioduneko aurrerapenaz. Deialdia kide guztiei bidaliko zaie, eta horretan gaien zerrenda eta dagozkion agiriak erantsiko dira.

Hilean behin bilduko da eta, gehienaz ere, osoko bilkuren saioen aurretik, baina beharrezko ezohiko saio guztiak deitu ahalko dira.

2.– Batzorde Iraunkorra eratzeko gutxienez boto-eskubidea duten kideen erdia eta Presidentea azaldu beharko dira.

3.– Batzorde Iraunkorraren akordioak Legearen 10. artikuluan adierazitako gehiengoaren bidez onartuko dira.

4.– Idazkariak edo haren ordezkoak saio bakoitzaren akta altxatuko du, eta horretan Erregelamendu honetako 24.2 artikuluan adierazitako edukia jasoko du.

5.– Hartutako akordioak kide guztiei bidaliko zaizkie horien berri izan ditzaten, Presidenteak Osoko Bilkuran aurkez ditzakeen txostenei eragin gabe.

IV. KAPITULUA: LAN BATZORDEAK

28. artikulua.– Sorrera, izaera, osaera, barne antolaketa eta eskumenak.

1.– Osoko Bilkurak lan-batzordeak sortu ahalko ditu, baldin eta erregelamendu honetan horiei buruz adierazten dena betetzen badu.

2.– Lan-batzordeak a, b, c eta d taldeetako gehienez launa lagunekin osatuta egongo dira. Hala ere, talde sindikalean Kontseiluan ordezkariak dituzten sindikatu guztiek hartuko dute parte.

Arrazoi justifikaturik egonez gero, taldeek lan-batzordeetako ordezkariak ordeztu ahalko dituzte, saioan bertan, baldin eta ordezkoak Kontseilukideak badira.

3.– Lan-batzordeetako kideek Kontseilukide ez diren beren erakundeetako pertsonak eraman ahalko dituzte bileretara aholkulari moduan, baldin eta Kontseilukide guztiei horren berri emateko nahikoa aurrerapenaz jakinarazten badute.

4.– Lanak gauzatzeko komenigarria den heinean, lan-batzorde bakoitzak Kontseiluko presidenteari baimena eskatu ahalko dio EAEko herri-administrazioko goi-karguak gai zehatzak jorratzeko bileretara joan daitezen eta Kontseilukide ez diren adituei aholkua eskatzeko.

5.– Kontseiluko Osoko Bilkurak lan-batzorde bakoitzeko presidentea izendatuko dute.

6.– Lan-batzordeek Osoko Bilkurak ematen dizkien eskumenak izango dituzte.

29. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Lan-batzorde bakoitzeko presidentea arduratuko da ikerketak eta azterlanak zuzentzeaz, eztabaidak moderatzeaz eta Batzorde Iraunkorrari edo Osoko Bilkurari proposamenak egiteaz

2.– Lan-batzorde bakoitzeko idazkariari dagokio, Presidentearen aginduz, bilerak deitzea eta horietako akta altxatzea.

3.– Deialdia idatziz bidaliko da, gutxienez, bilera baino bi egun balioduneko aurrerapenaz.

4.– Lan-batzordeak behar bezala osatzeko, honako hauek joan beharko dute bileretara:

a) a, b eta c taldeetako gutxienez kide bana, talde guztiak ordezkatuta egon daitezen.

b) Kontseiluko presidentea eta, hura joan ezean, idazkaria.

5.– Lan-batzordeen akordioak Legearen 10. artikuluan adierazitako gehiengoaren bidez onartuko dira.

V. KAPITULUA: PRESIDENTZIA

30. artikulua.– Iraupena, hautaketa eta kargua uztea.

1.– Kontseiluko Presidentziaren titularraren agintaldiak gehienez ere zortzi urte iraungo du, bi agintaldi, hain zuzen. Legearen 7.3 artikuluak arautu bezala, izendapenaren egunetik gainerako kontseilukideen berriztapena Legearen 7.1 artikuluak aipatzen duen epea iraungita, gauzatu arte kontatuko da agintaldiaren iraupena.

2.– Legearen 6. artikuluak aurreikusitakoaren esparruan, Presidentearen designazioa eta izendapena arau hauek gobernatuko dute:

a) Kontseiluko Presidentziaren titularra boto-eskubidea duten hiru taldeek, Legearen 4.1 artikuluarena), b) eta c) paragrafoetan aipatuak, designatuko dute lehenik.

a), b) eta c) taldeek proposatuko dute, txandaka, hautagaia. Hori dela eta, b) taldean hasiko da errotazioa, hari c) taldeak jarraituko dio agintaldiaren lau urteak ahituta, eta horrela aurrerantzean ere.

Hautagaia hautatua izateko, boto-eskubidea duten kontseilukideen bi herenek eman beharko diote, gutxienez, beren botoa, eta talde guztien boto bat izan beharko du gutxienez.

b) Lehen bozketan halako gehiengorik bildu ezean, Presidentea Lehendakariak designatuko du, aldez aurretik kontseilukideei entzunda.

c) Bi kasuetan, izendapena Legearen 4.1 artikuluak aipatzen dituen taldeetako kideen artetik nahiz bestela egin ahalko da. Bi kasuetan, halaber, Lehendakariak izendatuko du Presidentea.

3.– Lehendakariak kargugabetu ahal izango du Presidentea, designatzeko ezarritako prozedura berari jarraituz.

31. artikulua.– Funtzioak.

Funtzio hauek dagozkio Presidenteari:

a) Kontseiluaren ordezkaritza izatea.

b) Kontseiluaren jarduna zuzentzea.

c) Osoko bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bileretarako deialdia egitea eta bilera horiek zuzentzea, horiek behar bezala egiteko jarraibide orokorrak lantzea eta eztabaidak moderatzea.

d) Osoko bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bileren gai-zerrenda egitea, Araudi honetan bertan xedatutako prozedurari jarraikiz.

e) Bilkuretako aktak ikus-onestea, erabakien igorpena eta argitalpena agintzea, eta bete daitezen xedatzea.

f) Batzordearen izenean erakundeetara, organismoetara, elkarteetara, agintariengana eta partikularrengana laguntza eske jotzea.

g) Kanpo-kontsultak nahiz -irizpenak kontratatzea, araudi honen 26.f) artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

h) Batzordearen zerbitzura dauden langileak kontratatzea eta kentzea, araudi honen 26.d) artikuluan agindutakoaren arabera.

i) Komisio Iraunkorrari aurkeztea Batzordearen urteko aurrekontuaren aurreproiektuaren hasierako proposamena, araudi honen 26.g) artikuluak xedatutakoarekin bat, eta onartzen den proposamena Jaurlaritzari igortzea.

j) Araudia betetzea eta betearaztea eta zalantzak sortzen direnean Osoko Bilkurari araudia interpreta dezala eta omisio-kasuetan esan gabekoak sar ditzala proposatzea.

k) Legean eta araudi honetan esleitzen zaizkion gainerako egitekoak, Presidente izateagatik berez datozkionak, edota Batzordearen Osokoaren delegazioz hartzen dituenak.

VI. KAPITULUA IDAZKARITZA NAGUSIA

32. artikulua.– Iraupena, hautaketa eta kargua uztea.

1.– Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat, Kontseiluak Idazkaritza Nagusia izango du. Haren titularra Lehendakariak izendatu eta kargugabetuko du, Kontseiluaren Presidenteak hala proposatuta, aldez aurretik boto-eskubidea duten kontseilukideei entzunda.

2.– Idazkaritza Nagusia Kontseiluaren aholku tekniko eta administratiboko organoa eta haren erabakien fede publikoaren gordailuzaina da. Haren titularra ez da Kontseilukidetzat hartuko.

3.– Idazkaritza Nagusia erabateko dedikazioz beteko du haren titularrak, lau urtez, eta Legearen 17.3 artikuluak arautu bezala.

4.– Agintaldia ahituta, bere eginkizunetan jarraituko du harik eta bere kargu-uztea xedatzen duen dekretua ofizialki argitaratzen den arte.

33. artikulua.– Funtzioak.

Funtzio hauek dagozkio Idazkari Nagusiari:

a) Lehendakaria ordeztea, postua hutsik dagoenean, lehendakaria etortzen ez denean edota gaixorik dagoenean.

b) Batzordearen zerbitzu administratibo eta teknikoak zuzentzea eta koordinatzea, zerbitzu horiek ekonomia-, azkartasun- eta eraginkortasun-irizpideei jarraikiz jardun dezaten.

c) Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eta Batzordeen bilkuretara joatea, hitz-eskubidearekin baina boto-eskubiderik gabe.

d) Kontseiluaren Osoko Bilkuraren eta Batzordeen bilkuretako aktak egitea, aktak bere sinaduraz eta lehendakariaren oniritziaz baimentzea eta hartzen diren erabakiak bideratzea.

e) Kontseiluaren agiriak artxibatzea eta zaintzea, eta haren organoen eta kontseilukideen eskura jartzea, hala eskatzen diotenean.

f) Akten, erabakien, irizpenen, boto partikularren eta bere ardurapean dauden beste agiri batzuen egiaztagiriak egitea, lehendakariaren oniritziaz.

g) Kontseiluaren urteko aurrekontuaren hasierako aurreproiektuaren proposamena egitea eta Presidenteari igortzea. Halaber, aurrekontuaren gauzatze-mailari buruzko informazioa prestatzea aldian behin.

h) Kontseiluaren funtsen gordailuzain izatea; gastuen proposamenak egitea eta baimendutako ordainketak egitea.

i) Kontseiluaren zerbitzura dauden giza baliabideen buru izatea.

j) Presidenteak nahiz Kontseiluaren Osoko Bilkurak eskuordetzen dizkion gainerakok.

k) Legeak nahiz araudi honek esleitzen dion beste oro.

IV. TITULUA. JARDUNBIDEA ETA PROZEDURA

34. artikulua.– Txostenak, erabakiak eta irizpenak ematea.

Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari dagokio txostenak, erabakiak eta irizpenak ematea, Legearen 3. atalean araututakoaren arabera.

35. artikulua.– Kontseiluak sustatutako irizpenak, txostenak eta proposamenak.

Kontseiluaren ekimenez, txostenak, erabakiak eta irizpenak emateari ekiteko erabakia Osoko Bilkurari dagokio, hauek proposatuta:

a) Presidenteak.

b) Batzorde iraunkorrak.

c) Boto-eskubidea duten hamar kontseilukidek.

36. artikulua.– Osoko Bilkuraren irizpenak.

1.– Legearen 3-1-a) eta b) atalaren babesean Kontseiluaren Osoko Bilkurak ematen dituen irizpen eta txostenek izen hau izango dute formalki: «Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen irizpenak».

2.– Irizpideen barruan elementu hauek bereiziko dira: aurrekariak, arrazonamenduak eta irizpenaren gaiari buruzko ebaluazioak eta ateratako emaitzak. Kontseiluaren Idazkari Nagusiak izenpetuko ditu Presidentearen oniritziaz. Boto partikularrak ere, egonez gero, jasoko dira irizpenetan.

37. artikulua.– Erabakiak.

Kontseiluak, Osoko Bilkurak erabakita eta Batzorde Iraunkorrak proposatuta, erabakiak hartu ahal izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta gizartearen bilakaerarako interesgarri diren gertaera eta gorabeheren inguruan bere jarrera nahiz iritzia azaltzeko.

38. artikulua.– Irizpenak eta txostenak jaulkitzeko jardunbidea.

1.– Irizpenak eta txostenak jaulkitzeko jardunbidea atal honetan eta organo parte hartzaileen funtzionamendurako arauen araberakoa izango da.

2.– Txostenean edo irizpenean lantzen diren gaiak Kontseiluko Presidentean kontseilukideei bidaliko dizkie, zehazten den epearen barruan –bost eta zortzi egun baliodun bitartekoa izan daiteke–, egokitzat jotzen dituzten proposamenak eta iritziak aurkez ditzaten. Proposamenok Batzorde Iraunkorrari edo, kasua bada, txostenaren proiektua prestatzeko eskumena duen lan-batzordeari aurkeztuko zaizkio, hamar egun balioduneko epean gehienez ere.

Nolanahi ere, uneoro hartuko dira aintzat Legearen 3.2 artikuluak dekretu-proiektuen eta lege- aurreproiektuen kasuan xedatzen dituen epeak.

3.– Proposamen hori egitea egokitzen zaion batzordeak Kontseiluaren Presidenteak hautatzen dituen Zerbitzu Teknikoen laguntza izango du, eta horiek txosten-aurreproiektu bat prestatuko dute, zeinak, jasotzen diren proposamen eta iritzietatik abiatuta, ahalik eta adostasun zabalena jaso beharko baitu.

4.– Txostenaren aurreproiektua Batzordearen iritzipean jarriko da; Batzordeak puntu guztiak aztertuko ditu eta txosten-proiektua egiteari ekingo dio. Bertan elementu hauek jasoko dira: jasotako proposamenak, onartzeko nahiz ezesteko arrazoiak eta aurrekariak, egonez gero, kontsultaren gaiaren inguruan.

Batzordeak ez baldin badu irizpen-proiekturik jaulkitzen, Osoko Bilkurara eramango da jarrera hori, hark artikulu honen 9. paragrafoak aurreikusi bezala joka dezan.

5.– Txosten nahiz irizpenaren proiektu hori Osoko Bilkurako kideei bidaliko zaie, gutxienez bilkura egin baino hiru egun baliodun lehenago, edota, aparteko kasuetan, 48 ordu lehenago; kideek, egokitzat jotzen badute, proiektua aldatzeko zuzenketak edo proposamenak egin ahalko dituzte.

6.– Osoko Bilkuran, irizpenaren txostenaren proiektua eta hori aldatzeko egiten diren zuzenketak nahiz proposamenak aurkeztu ondoren, eta horiek defendatuta, bozketa egingo da.

7.– Txostena edo irizpena legitimazioa daukaten Euskal Autonomia Erkidegoko instituzioek zein organoek eskatzearen ondorioz prestatu bada, txostena emateko gehienezko epea Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak ezartzen duena izango da, edota, kasua bada, espedientea bidaltzeko aginduan nahiz kontsultarako eskabidean jarritakoa; epeak hilabetekoa izan beharko du gutxienez.

Legearen hirugarren artikuluan aurreikusitako dekretu-proiektuen eta lege-aurreproiektuen legezko txostenen kasuan, txostena emateko epea hamabost egunekoa eta hogeita hamar egunekoa izango da, hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzaren Plan orokorrei buruzko derrigorrezko txostena jaulkitzeko epea hogeita hamar egunekoa izango da. Beste administrazio-ebazpenen kasuan, berriz, hamabost egunetan jaulki beharko da derrigorrezko txostena. Aipatu berri diren epe horiek txostena edo irizpena jaulki gabe gaindituz gero, jaulkitzat hartuko dira, Osoko Bilkurak ondo iritziz gero gerora jaulkitzeko eskubidea gorabehera.

8.– Osoko Bilkuretarako deia egiteko ahalmena dutenek erabaki ahal izango dute irizpenak emateko presako jardunbideari jarraitzea. Kasu horretan, epeak laburtu egingo dira, erdia izateraino, eta inola ere ez da gaindituko Legearen 18.3. artikuluan horretarako jarritako epea.

9.– Irizpen bat ez baldin bada onesten, txosten bat igorriko zaio Eusko Legebiltzarrari non agerraraziko baita zer desadostasunek eragin duten ez onestea, eta zer jarrera eta arrazoi agertu dituzten Osoko Bilkuran kontseilukideek.

10.– Batzordeak, Presidentearen bitartez, informazio osagarria eskatu ahal izango die Euskal Autonomia Erkidegoko organoei nahiz erakundeei, bai eta beharrezko jotzen dituen instituzio zein erakundeei ere, kontsultarako legez nahiz borondatez aurkezten zaizkion gaien inguruan; informazioa eskatzeko; informazio horrek, betiere, ezinbestekoa izan beharko du irizpena emateko.

39. artikulua.– Urteko txostena.

Horretarako berariaz eratzen den Lan-batzordeak egingo du Autonomia Erkidegoaren egoera sozioekonomikoari buruzko Urteko Txostena. Horren aurreproiektua kontseilukide guztiei bidaliko zaie, Presidentearen bitartez, urte bakoitzeko ekainaren lehen hamabostaldian, eta haiek bost eguneko epea izango dute zuzenketak aurkezteko.

Azken eztabaida eta bozketa egiteko Osoko Bilkura urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehenago egingo da.

40. artikulua.– Irizpenen, txostenen, proposamenen eta erabakien publizitatea.

Irizpen, txosten, proposamen eta erabakiak Osoko Bilkurak ebazten duen moduan argitaratuko dira.

V. TITULUA: EKONOMIAREN ETA FINANTZAREN ARAUBIDEA,KONTSEILUAREN BALIABIDEAK ETA PERTSONALA

41. artikulua.– Finantzazioa eta ekonomia-araubidea.

Kontseiluaren finantzazioa eta ekonomia-araubidea Legearen 20. artikuluan arautzen den moduan egingo da.

42. artikulua.– Baliabide materialak eta giza baliabideak.

Kontseiluak behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak jarriko ditu bere egitekoak behar bezala betetzeko, zerbitzu tekniko eta administratiboak bereziki, Kontseiluko a), b), c) eta d) taldeen lana bermatzen dutenak.

43. artikulua.– Ordainsari-sistema eta kalte-ordainak.

1.– Kontseiluko ordainsarien eta kalte-ordainen sistema eta Legearen 21. ataleko 1., 2. eta 4. paragrafoetan arautu bezala bideratuko dira.

2.– Legearen 21.3. atalean jasotzen diren gastuen konpentsazioak Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak arautuko ditu urtero.

AZKEN XEDAPENA

Araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala