Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2013ko abenduaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
5367

AGINDUA, 2013ko azaroaren 20koa, Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda aldatzen duena.

Segurtasuneko sailburuaren 1997ko abenduaren 31ko Aginduaren bidez Ertzaintzaren lanpostuen zerrenda onartu zen. Agindu hori batzuetan aldatu egin da lanpostuak egokitzeko; hain zuzen, egun hartatik hona eratu diren sail-erakundeek ezarritako egitura-aldaketetara.

Ertzaintzaren lanpostu-zerrendan izan diren aldaketa ugariak kontuan hartuz, 2013ko ekinaren 26ko Agindu bidez (EHAA, 125. zk., 2013-07-02koa) berriro argitaratu zen Ertzaintzaren egiturari dagozkion lanpostuen zerrenda osoa, ordura arte onartu eta argitaratutako aldaketa guztien ondorioz.

Geroago, 2013ko irailaren 3ko Agindua argitaratu da (EHAA, 177. zk., 2013ko irailaren 3koa), non desegindako Indartze Brigadaren lanpostu guztiak desagerrarazten baitziren.

Ortzimuga 2016 Plan Estrategikoak adierazitako jarraibideek derrigortuta egin beharreko berregituraketa dela, eta Ertzaintzaren egitura berriaren arabera, lanpostuen zerrendan aldaketa batzuk egin dira. Aldaketa horien artean, besteak beste, modu zehatzean ez bada ere, hauek nabarmentzen dira:

Lehendabizi, Ertzaintzaren Zuzendaritza Operatiboa desagertu eta aginte-postu bakarra ezartzen da: Ertzaintzaren burua, zuzenean Ertzaintzaren zuzendariaren menpe egongo baita. Bere agindupean hauek egongo dira: Herritarren Babeserako Alorra, Krimen Ikerketarako Alorra, Inteligentzia Bulego Nagusia, Aginte eta Kontrol Zentro Nagusia, Idazkaritza Nagusia (lehengo Administrazio Unitatea eta lehengo Zerbitzu Unitatea biak lehengo Ikuskaritza eta Administrazio Alorrarekoak eta lehengo Zerbitzu Zentralen Unitatea berau lehengo Krimen Gaietarako Poliziaren Alorrarekoa bereganatzen baititu) eta Prestakuntza Koordinatzeko Zerbitzua (sortu berria).

Bigarrenik, Ertzaintzaren Zuzendaritzaren menpe, Ertzaintzaren buruaz gain, zuzenean Barne Arazoetarako Zerbitzua (lehengo Diziplina Unitatea) eta Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzua (sortu berria) egongo dira.

Herritarren Babeserako Alorrak, bere eskudantzien barruan, osorik biltzen ditu lehengo Herritarren Segurtasunerako eta Ekintzetarako Baliabideen Alorraren eta Trafiko Alorraren eskumenak.

Krimen Ikerketarako Alorrak, bere eskudantzien barruan, lehengo Krimen Gaietarako Poliziaren Alorraren eskumenak biltzen ditu (lehengo Zerbitzu Zentralen Unitatea kanpoan utzita, Idazkaritza Nagusiak barne hartzen baitu). Horiez gain, bere egiten ditu desegindako Ikuskaritza eta Administrazio Alorraren Joko eta Ikuskizun Unitatearen eta Segurtasun Pribatuko Unitatearen eskumenak.

Inteligentzia Bulego Nagusiak, dagozkion eskudantzien barruan, biltzen ditu lehengo Terrorismoaren Aurkako eta Informazioko Alorrak bere Informazio, Ikerketa eta Koordinazio unitateetan era zentralizatuan esleituta zituen eskumenak, baita lehengo Euskarri Operatibo eta Teknikoko Unitateari zegozkionak ere. Era horretan, polizia-arduradunek erabakiak hartzea errazte aldera, aipatutako atalen ardatz egituratzailea izango da.

Hirugarrenik, Herritarren Babeserako Alorrak zazpi burutza izango ditu:

● Laguntza Taktikorako Burutza Nagusia (sortu berria). Horren menpe hauek egongo dira: Brigada Mugikorraren Unitatea, Zaintza eta Erreskate Unitatea (lehengo Erreskate eta Laguntza Taktiko Polizialaren Unitatea) eta Lehergailuak Indargabetzeko Unitatea.

● Erakundeen Segurtasunerako Burutza Nagusia (sortu berria). Horren menpe hauek egongo dira: Babes eta Segurtasuneko Unitatea, Esku-hartze Unitatea, Ertzainor Unitatea eta Eraikinen Segurtasunerako Unitatea.

● Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-burutzen barruan hauek daude txertatuta: herritarren babeseko lurralde-zerbitzuak, ikerketako lurralde-zerbitzuak, inteligentziako lurralde-bulegoak eta lurraldeko aginte- eta kontrol-zentroak.

● Trafikoko Burutza Nagusia (sortu berria).

● Ekitaldi Handiak Koordinatzeko Burutza (sortu berria).

Laugarrenik, Ikerketa Kriminalerako Alorraren barruan hauek izango ditugu:

● Ikerketa Kriminaleko Burutza. Honen barruan Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Zerbitzu Nagusia eta Ikerketarako Koordinazio Operatibo eta Teknikoko Atal Nagusia (sortu berria) egongo dira.

● Polizia Zientifikoaren Burutza.

● Joko eta Ikuskizun Unitatea.

● Segurtasun Pribatuko Unitatea.

Bukatzeko, derrigorrezkotasun-data zuten zuzkidura batzuk amortizatu direnez, data horien berresleipena egin da eta, kasu bakoitzari dagokion eran, lanpostu sortu berriei Ertzaintzaren 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna esleitu zaie. Halaber, lanpostu jakin batzuei esleitutako hizkuntza-eskakizuna aldatu egin da beste hizkuntza-eskakizun bat duen lanpostu batean integratuta geratu direlako. Bestetik, bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden langileek bete behar dituzten lanpostuen zuzkidura berriak gordetzen dira; hain zuzen, egoera hori aitortuta duten edo aitortuko zaien beste funtzionario batzuen egoera konpontze aldera.

Horrenbestez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Ertzaintzaren Kontseiluak emandako txostena jasota eta Euskal Herriko Poliziari buruzko 4/1992 Legearen 103. artikuluan aurreikusitako mahaian negoziatu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Ezabatzeak.

Ezabatu egiten dira I. eranskinean zerrendatzen diren lanpostuak edo, hala egokituz gero, zuzkidurak.

2. artikulua.– Sortzeak.

Sortu egiten dira II. eranskinean zerrendatzen diren lanpostuak edo, hala egokituz gero, zuzkidurak.

3. artikulua.– Aldaketak.

Onartu egiten dira III. eranskinean aipatzen diren Ertzaintzaren lanpostuen zerrendan egindako aldaketak.

4. artikulua.– 1. hizkuntza-eskakizunaren derrigorrezkotasun-daten berresleipena.

IV. eranskinean aipatzen diren zuzkidurei esleitu egin zaie 1. hizkuntza-eskakizunaren derrigorrezkotasun-data.

5. artikulua.– Ertzaintzaren lanpostuen zerrenda osoa.

V. eranskinean Ertzaintzaren lanpostuen zerrenda osoa jasotzen da oraingo aldaketa honetara arte egindako aldaketa guztien ondorioz.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 20a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala