Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2013ko abenduaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5363

1/2013 JARRAIBIDEA, azaroaren 13koa, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariarena, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 20.2 artikuluan eskatutako dokumentazioari buruzkoa, laguntzak atzerriko agiri publikoei badagozkie.

Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuak zenbait laguntza-ildoren bidez arautzen ditu Eusko Jaurlaritzak dekretuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten seme-alabadun familiei esleitutako diru-laguntzak. Hiru hauek dira laguntza-ildo horiek:

a) Ardurapeko semeagatiko eta/edo alabagatiko laguntzak.

b) Erditzeagatiko edo adopzio nazional anizkoitzagatiko laguntza.

c) Nazioarteko adopzioagatiko laguntza.

Laguntza horien bidez, familiei laguntza ekonomikoa eman nahi zaie, eta horrela, seme-alabak mantendu eta zaintzeko dituzten beharrizan ekonomikoei erantzuten lagundu. Horiek horrela, familia-unitateko aitak edo amak jaso ditzake laguntza horiek, baldin eta 255/2006 Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Ildo horretatik, dekretuaren 20.2 artikuluak eskatzen du agiri jakin batzuk aurkezteko, bertan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatze aldera.

Kontuan harturik azken urteotan gero eta atzerritar familia gehiagok eskatzen dituztela aipatutako laguntzak, lurralde-ordezkaritzek onartu dute atzerriko dokumentazioa. Horregatik, eta ordezkaritzak elkarren artean koordinaturik aritzeko, Zuzendaritza honek beharrezko ikusten du dokumentazio horretan bete beharreko baldintzak aipatzea, dokumentazioak dagozkion ondorioak izan ditzan.

Ohartarazten da, orobat, jarraibide hau lantzeko orduan legeztapenei buruzko informazioa kontsultatu dela, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren web orrian dagoena (http://www.exteriores.gob.es). Hori dela eta, web-orri horretan sartzea gomendatzen da, legeztapen-egintzaren nondik norakoak ezagutzeko, bai eta jarraibide honetan zehazten diren nazioarteko hitzarmenen edukia eta hitzarmen horiek onarturik dauzkaten estatuen zerrenda ikusteko ere.

Esandako guztiagatik, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretua ondo aplikatzeko, laguntzak kudeatzen dituen organoak jarraibide hau eman behar du dekretuaren 20.2 artikuluan zehaztutako dokumentazioa interpretatzeko, dokumentazio hori atzerriko agiri publikoak direnean. Horrela, bi helburu hauek lortu nahi dira:

Alde batetik, laguntza-eskabideekin batera aurkezten den dokumentazioa jaso eta aztertzen duten administrazio-zerbitzuei interpretazio-irizpide homogeneoak ematea.

Beste aldetik, laguntzen onuradunek 255/2006 Dekretuan ezarritako baldintzak benetan betetzen dituztela zaintzea.

Jarraibide hau emateko legezko gaikuntza emateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 21. artikuluan ezarritakoa bete beharko da. Artikulu horren arabera, Administrazioko organoek zerbitzuko jarraibide eta aginduen bidez zuzen ditzakete mendeko dituzten organoen ekintzak, eta segidan esaten du ezen zerbitzuko jarraibideak eta aginduak dagokien aldizkari ofizialean argitaratuko direla hartzaileak edo gerta daitezkeen ondorioak direla-eta komenigarritzat jotzen bada.

Horregatik guztiagatik, honako jarraibide hau ezartzen da:

Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 20.2 artikuluan jasotako dokumentazioa.

Dekretu horretan ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, atzerriko agiri publiko bat aurkeztu beharko da, hau da, jaiotza-ziurtagiri bat edo horrelako agiriren bat, hori ziurtatzen duena. Agiri hori, nolanahi ere, jaioterriko agintaritza eskudunak eman beharko du.

Egoerak hartaraturik, agiri horiek bete beharreko baldintza juridikoak zehaztu egin behar dira, baldintza horiek baliagarriak izan daitezen, gero laguntzak emateko. Horregatik, aipatzen den dokumentazioa atzerriko agiri publiko bati badagokio, honako baldintza hauek bete beharko dira:

1.– Betebehar honetatik salbuesten duen tresna juridikorik egon ezean, atzerriko agiri publiko guztiek legeztatuta egon behar dute. Horrela, ziurtasun osoz jakingo da agiriaren benetakotasuna egiaztatu dela eta agiria sinatu duen agintariak zeren gisa sinatu duen.

Horretarako, kontuan hartzekoa da zenbait estaturen artean hitzarmenak sinatu direla, eta hitzarmen horiei esker izapide hori errazago egingo da edo egiteko beharra kenduko. Hori dela eta, honako jarduera hauek gauzatu beharko dira:

a) Lehenengo eta behin, egiaztatu behar da ea atzerriko agiri publikoaren jatorria den estatuan hitzarmen hauetakoren bat onartuta dagoen, eta, hitzarmen horietan ezarritakoaren ildotik, interesdunak aurkeztutako agiria legeztapenetik salbuetsita dagoen (Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioaren Legeztapen Atalaren web orria).

– Hagako Hitzarmena, XII.a, 1961eko urriaren 5ekoa, Atzerriko agiri publikoak legeztatzeko exijentzia kentzeari buruzkoa. Hitzarmen horri esker dezente soiltzen dira izapideak: dokumentua ez da legeztatu beharko Hagako zigilua edo oharra badu. Hitzarmen hori ez zaie aplikatzen agente diplomatikoek edo kontsuletxeetakoek emandako agiriei, ez eta bete-betean merkataritza-eragiketa edo muga-eragiketa bati buruz diharduten administrazio-agiriei ere.

– Atenaseko Hitzarmena, 17.a, 1977ko azaroaren 15eko Egoera Zibilaren Nazioarteko Batzordearena (1981eko maiatzaren 11ko BOE, 112. zenbakia). Agiri jakin batzuk legeztapen-beharretik salbuesten dira. Legeztapen-salbuespena egintza edo agiri horien itzulpenetara zabaltzen da, itzulpen horiek agintari eskudun batek egiten baditu.

– Vienako Hitzarmena, 16.a, Egoera Zibilaren Nazioarteko Batzordearena, 1976ko irailaren 8koa, jaiotza-, ezkontza- edo heriotza-akten ziurtagiri eleaniztunei buruzkoa.

– Londreseko Hitzarmena, 63.a, Europako Kontseiluarena, 1968ko ekainaren 7koa, (1982-08-28ko BOE, 206. zk.), Agente diplomatikoek edo kontsuletxeetakoek emandako agirien legeztapen-salbuespenari buruzkoa.

– SESBrekiko Ohar Trukea, 1984ko otsailaren 24koa (1985-04-18ko BOE, 93. zk.), Legeztapenak kentzeari eta Erregistro Zibileko ziurtagiriak emateari buruzkoa.

– Panamako Herrialde Amerikarren arteko Exhorto edo Erregu Gutunen Biltzarra, 1975eko urtarrilaren 30ekoa (1987-08-15eko BOE, 195. zk.). Exhortoei erantsitako dokumentazio judiziala legeztatzetik salbuesten du (VI. artikulua).

– Espainiaren eta Italiaren arteko hitzarmena, dokumentazioa elkarri emateari buruzkoa, 1983ko urriaren 10ekoa, Erregistro Zibilari eta zenbait dokumentu legeztatzetik salbuesteari buruzkoa. (1986-05-24ko BOE, 124. zk.).

– Espainiaren eta Italiaren arteko Ohar Trukea, Goi-mailako, maila ertaineko eta unibertsitate-mailako ikasketen tituluak elkarri onartzeari buruzkoa. Erroma, 1999ko uztailaren 14a. (2000-11-18ko BOE, 277. zk.).

b) Aurreko idatzi-zatian ezarritakoa betetzen dela ikusirik, eta atzerriko agiri publikoa bidali duen estatuak sinatu ez baditu izapide hori egiten laguntzen duten hitzarmenak, bide diplomatiko erabiliz legeztatzeko exijitu beharko da, hots, gaiarekin zerikusia duten agintariek nork bere izenean agiriaren legeztapena gauzatu beharko du.

– Agiria herri bidaltzaileko kontsultatuko ez den agintari batek eman badu, estatu horretako Kanpo Arazoetako Ministerioak eta Espainiak estatu horretan duen enbaxadako edo kontsultatuko ordezkaritzak parte hartuko dute horretan. Azkenean, Espainiako Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak legeztatu beharko du agiria.

– Espainian behar bezala egiaztaturik dago kontsulatuko agintariak emandako agiria bada, Espainiako Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioko legeztapen-atalak baino ez parte hartuko legeztapenean.

Espainiak atzerrian dituen kontsulatuek edo enbaxadek legeztatu badituzte segurtasun-etiketa garden bat duten atzerriko agiriak ez ditu Espainiako Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak legeztatu behar.

2.– Aurkezten diren dokumentuak, kasuan-kasuan, euskarara edo gaztelaniara itzulita egon behar dira. Hori guztia lege hauetako artikulu hauekin xedatutakoarekin bat etorriz: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 36. artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Euskarari buruzko Legearen azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 3. eta 6. artikuluak.

Beraz, atzerrian emandako agiriekin batera beren itzulpen ofiziala aurkeztu beharko da. Itzulpena ere legeztatu beharko da, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak izendatutako zinpeko interpreteak egin ez badu.

Jarraibide honek 2013ko azaroaren 14tik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 13a.

Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendaria,

JOSÉ LUIS MADRAZO JUANES.


Azterketa dokumentala