
234. zk., 2013ko abenduaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (202 KB - 2 orri.)
- EPUB (194 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5362
454/2013 DEKRETUA, abenduaren 3koa Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2014. urteko jaiegunen egutegia onartzeko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 12. artikuluan eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoa betez, Jaurlaritzari dagokio 2014ko lanegunak eta jaiegunak finkatzea, urteak, gehienez ere, hamalau jaiegun izango dituela kontuan harturik.
Apirilaren 22ko 2/2010 Legeak jaiegun ofizial izendatu zuen urriaren 25a, Euskadiko Eguna, ondorio guztietarako, baita lanegunetarako ere. Eusko Legebiltzarreko azaroaren 14ko 3/2013 Legeak indargabetu egin du aurreko Legea; horren ondorioz, eta egun hori Erkidego honetan errotutako jai batekin ordezkatzeko, aldatu egin behar da uztailaren 9ko 381/2013 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2014. urteko jaiegunen egutegia onartu zuena, eta izendatu jaiegun ofizial uztailaren 25a, Santiago Apostoluaren eguna.
Horregatik, lanaldia, lanaldi bereziak eta atsedenaldiak arautzen dituen uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez (oraindik ere indarrean daude lanaldi bereziei buruzko irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarrean xedatutakoaren arabera), Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Lan Harremanetarako Kontseiluari eta gaia doakien gainontzeko organo aholku-emaileei entzunda, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko abenduaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aldatzea Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2014. urteko jaiegunen egutegi ofiziala, uztailaren 9ko 381/2013 Dekretuaren bitartez onartua, eta ordezkatzea urriaren 25a, Euskadiren Eguna, uztailaren 25arekin, Santiago Apostoluaren jaiarekin.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honetan xedatutakoa ezarri eta betetzeko behar diren xedapenak emateko.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Administrazio-bideari amaiera ematen dion dekretu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko abenduaren 3an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.
RSS