
234. zk., 2013ko abenduaren 10a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (217 KB - 2 orri.)
- EPUB (194 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
5360
34/2013 DEKRETUA, abenduaren 2koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duena.
Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak berregituratu zituen, Jaurlaritzaren Programa modu eraginkorrean burutu ahal izateko. Geroago, Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuak aurreko dekretu horren zenbait arlo aldatu zituen.
Oraingo legegintzaldia hasi zenetik ia urtebete igaro denean, egiaztatu da komenigarria dela beste zenbait aldaketa egitea dekretu horretan, alde batetik, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen arloan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari esleitutako egitekoei eta baliabideei buruz, eta, bestetik, sailen titularrak diren pertsonak ordezteko araubideari buruz.
Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimez arduratzeko egitekoak eta baliabide material zein pertsonalak aztertu ondoren, frogatu da, arlo horretako politikak zuzentzea eta koordinatzea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari badagokio ere, badaudela biktimez zuzenean arduratzeko eta kudeaketarako zenbait eginkizun, eraginkorrago burutu ahal direnak sailek herritarrei laguntzeko dituzten unitateetatik, unitateon hurbiltasuna eta berezitasuna direla eta. Ildo horretan eta gaiarekin zerikusia duten sailekin –Lehendakaritza, Herri Administrazio eta Justizia Saila eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin, alegia– kontsultatu, eztabaidatu eta adostu ondoren, orain dauden zerbitzuen bitartez biktima horietaz arduratzeko eredu bat moldatu da, baliabide pertsonalak zein materialak berriro esleitzea dakarrena.
Bestalde, egiaztatu da komenigarria dela behin betiko arautzea Jaurlaritzako kide diren pertsonak ordezteko bidea, Jaurlaritzaren jarduera une oro bermatzeko, titularrak ez daudenean edo gaixorik daudenean, edo haien karguak hutsik daudenean ere.
Horren ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluak ematen dizkidan ahalmenenen arabera, hauxe
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da 20/2012 Dekretuaren Lehenengo xedapen gehigarriaren bigarren paragrafoa (20/2012 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena). Honelako idazketa izango du paragrafo horrek:
«Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikitzen zaizkio ezabatutako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren egitekoak, giza baliabideak eta baliabide materialak, bigarren xedapen gehigarrian Herri Administrazio eta Justizia Sailari esleitutakoak izan ezik, eta Laugarren xedapen gehigarrian Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitutakoak izan ezik».
Bigarren artikulua.– Hirugarren paragrafoa eransten zaio 20/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriari (20/2012 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena). Honelako idazketa izango du paragrafo horrek:
«Herri Administrazio eta Justizia Sailak hartuko ditu emakumeen aurkako indarkeriaren biktimez zuzenean arduratzeko egitekoak».
Hirugarren artikulua.– Bigarren paragrafoa eransten zaio 20/2012 Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriari (20/2012 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena). Honelako idazketa izango du paragrafo horrek:
«Halaber, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitzen zaizkio Genero Indarkeriaren Biktimentzat Telefono Bidezko Arreta Zerbitzua, ordainketa bakarreko diru-laguntzak eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei arreta eskaintzen dien profesionalei aholkua eta laguntza emateko kudeaketa integratua, baita horiei dagozkien giza baliabideak eta baliabide materialak».
Laugarren artikulua.– Hamaikagarren xedapen gehigarria eransten zaio 20/2012 Dekretuari (20/2012 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardunarloak finkatzen dituena). Honelako idazketa izango du xedapen gehigarri horrek:
«Hamaikagarrena.– Jaurlaritzako kide diren pertsonak ez daudenean edo gaixorik daudenean, edo haien karguak hutsik daudenean, dekretu honen 2. artikuluak sailei emandako lehentasunhurrenkeraren arabera ordeztuko dira, eta azken tokiko sailaren pertsona titularra lehen tokian dagoenak ordeztuko du».
XEDAPEN IRAGANKORRA
Dekretu hau indarrean jartzen denean bideratzen ari diren admnistrazio-espedienteak dekretu honetatik eratorritako egitekoen eta antolamenduaren banaketaren arabera ebatziko dira, baldin eta Dekretuaren edukiak organikoki eragiten badie.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-eragiketak burutuko ditu Ogasun eta Finantza Sailak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sartuko indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko abenduaren 2an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
RSS