Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2013ko abenduaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5345

AGINDUA, 2013ko abenduaren 3koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Unibertsitate-Enpresa egintzetarako aurreikusitako funtsen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena (2014-2015).

Berrikuntza-prozesuak, arazo zehatzak ebazteko asmoz ezagutza zientifikoak eta teknikoak erabili eta aplikatzeko prozesua den aldetik, jadanik ez dio jarraitzen ohiko eskema linealari, zeinetan oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura pasatzen baita eta bertatik garapen teknologikora, ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuan amaitzeko; aitzitik, era askotako loturetan oinarritutako dinamika berri bati eutsi dio.

Berrikuntza teknologikoa industria-ekoizpeneko enpresetan nabarmendu ohi bada ere, eragile askoren arteko elkarrekintzen emaitza da: ikerketa teknologikoko zentroak, unibertsitateak, enpresa-elkarteak, ETEak, industria-talde handiak, azken erabiltzaileak, herri-administrazioak, eta abar.

Berrikuntza, beraz, elkarrekintzazko eredu baten emaitza da eta bertan gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie eragileen arteko elkarrekintzei eta, gaur egungo egoeran, haien arteko harreman- eta truke-mekanismoak sortzeari. Horrek tartean sartutako eragileen kulturak eta estrategiak aldatzea dakar berekin.

Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia eta Teknologia Sistemak badu hutsune bat, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateen eta inguruko agente zientifiko-teknologiko eta ekoizpen-enpresen arteko elkarrekintzari dagokionez. Agindu honen bitartez, sailak unibertsitateko eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteko, erakunde laguntzaileetako, ikerketa-taldeen eta teknologia-berrikuntzan interesa duten industria-enpresen arteko lankidetza sustatu nahi du.

Ekoizpen-ingurunea jabetuta dago zientzia- eta teknologia-ezagutzaren arloan dituen mugez; euskal unibertsitateak eta agente zientifiko-teknologikoek, berriz, ahalmen zientifiko eta tekniko handia dute ezagutzei eta ekipamenduei dagokienez, baina ekoizpen-inguruneak ez du hori behar adina aprobetxatzen.

Deialdi honen xedea, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoaren zientzia- eta teknologia-sistema indartzea da, unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikerketa taldeen eta ekoizpen-inguruneko enpresen arteko elkarrekintza ahalbidetuta, kalitateagatik eta interes zientifiko-teknologikoagatik enpresentzat interesgarriak izango diren ikerketa aplikatu edo teknologikorako proiektuen bitartez. Produktu horiek, hain zuzen, unibertsitatetik enpresarako teknologi transferentzia ekarriko dute, edota prozesuen edo produktuen mailan helburu berritzaileak gauzatzea.

Asmoa da, ahal den neurrian, parte hartzen duten ikerketa-taldeetan enpresetako eta unibertsitate- eta teknologia-zentroetako teknikariek parte hartzea, eta proiektuen helburuak produktu edo prozesu berritzaileak lortzera bideratzea, aurrelehiakortasunaren edo lehiakortasunaren mailan, aipatutako lehentasunekin bat etorriz, enpresek haiekiko interes handia baitute.

Deialdia egin duen sailak elkarrekintza hori sustatuko du proiektuen zuzeneko kostuaren alde handi bat finantzatuz; enpresek ere aipatutako finantziazioan parte hartu beharko dute, ikerketa proiektuarekiko duten interes teknologikoaren arabera.

Kontuan izan da 193/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena (2013ko apirilaren 24ko EHAA, 78. zk.).

Kontuan izan da 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) ezarritakoa. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra arautu zen, eta, era berean, diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezarri ziren. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdi honen xedea diru-laguntzak ematea da ikerketa-proiektuak gauzatzeko, zeinen helburua ezaguera unibertsitatetik enpresetarantz transferitzea izan dadin, aipaturiko enpresen interes arloetan. Aipatutako proiektuak unibertsitateko ikertzaileek burutu behar dituzte enpresen pertsonal parte-hartzearekin; aukeran erakunde laguntzaile-ikertzaileek ere parte hartu ahal izango dute.

2.– Parte hartzen duten enpresek, gutxienez, proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute eskudirutan. Diru hau ikertzaileen lansariak ordaintzeko erabili ahalko da. Horretarako, lankidetza-hitzarmena izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean, 15.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Agindu honen xede diren laguntzetarako, 229.472 euro izango dira guztira, honela banatuta: 2014ko ekitaldian 131.127 euro, eta 2015eko ekitaldian 98.345 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontuko partidaren kargura.

2.– Aipatu zenbatekoa gehitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gera litezkeen aurrekontuen arabera, eta, betiere, laguntza horiek ebatzi aurretik. Halakorik gertatuz gero, aditzera emanen da, hain justu ere Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Deialdian parte har dezaketen erakundeak.

1.– Euskal Herriko Unibertsitatea izan ezik, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten Unibertsitateak izan daitezke diru-laguntzaren onuradunak, baldin eta 4. artikuluaren arabera prestatutako ikertzaile-taldeak badituzte plantillan.

2.– Enpresa, diru-laguntzaren zuzeneko onuradun ez bada ere, ikerketaren emaitzen benetako jasotzailea da. Alde batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar baitute eta, bestetik, enpresak emaitzei lotutako ezagutzak bere «know-how»-aren barruan sartuz erabili eta unibertsitate-talde ikertzailearekin izenpetu behar duen hitzarmenean ezarritakoaren arabera ustiatu behar baitu.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak ez dira enpresatzat hartuko deialdi honetan.

3.– Deialdi honetako eskabidean erakunde laguntzailetzat hartuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluan azaltzen diren agente-kategorietan badaude (221/2002 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarriak arautu zituena). Hona hemen artikulu horretan zerrendatzen diren kategoriak:

– Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak.

– Elkarlaneko ikerketa-zentroak.

– Teknologia-zentroak.

Deialdi honen helburuetarako, honako hau joko da agente zientifiko teknologikoen erregistroko zerrenda gaurkotua: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategiako zuzendariak egiaztatutako zerrenda, noiz eta deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunean, betiere urriaren 1eko 221/2002 Dekretuko 17.4 artikuluaren arabera.

Entitate laguntzaileak ezin izango dira deialdi honetako laguntzaren onuradun izan, nahiz eta dagokien ordainsarien zatia kobratu ahal izango duten enpresaren ordainketatik, 1.2 artikuluaren arabera.

4.– Ezingo dira erakunde onuradun izan diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera sexu-bazterkeriagatik zigortutakoek ere.

4. artikulua.– Eskabidean parte diren erakunde parte-hartzaileetako langileen betekizunak.

1.– Proiektuetan diharduten ikertzaileek erakunde parte-hartzaileetakoren bateko plantillako kide izan beharko dute. Erakunde parte-hartzaileek kontratatu beharko dituzte ikertzaileak, betiere deialdiko eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta ikertzaileek proiektuan izango duten parte-hartzea baino aldi luzeagoz eta dedikazio handiagoarekin gutxienez. Ikertzaile nagusiak kontratu bat izan beharko du entitatearekin, proiektuak irauten duen aldia baino luzeagoa.

2.– Parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak deklaratu beharko du zenbat ordutarako engaiatu den emandako edo eskatutako beste proiektu batzuetan deialdi honetan eskatu den proiektua burutuko den urteetarako, eta, pertsonako eta urteko 1.600 orduko dedikazio osoa aintzat hartuz, egiaztatu beharko du proiektu honetan hitzartutako jarduerei ekiteko nahikoa ordu izatea.

3.– Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsona bat bada (doktoratu aurreko bekaduna), hauek aurkeztu beharko dituzte: berau finantzatzen duen erakundearen izena, finantziazio-aldi osoa zein den adieraziz; doktore-tesia burutzearekin batera, deialdi honetan eskatutako proiektuan urtean zenbat orduz jardutea ahalbidetzen den adierazten duen egiaztagiria; tesiaren eta proiektuko jardunaren arteko gainjartze-ehunekoa, eta proiektua zein zentrotan burutuko den. Proiektu-eskabide bakoitzean, doktoratu aurreko bekadun bakarraren parte-hartzea onartuko da.

4.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskabide bakarrean parte hartu ahal izango du. Eskabide batean baino gehiagotan aurkeztuz gero, horietako zeinetan parte hartu nahi duen hautatu beharko du.

5.– Entitate bati atxikitako eta Research Professor edo Research fellow kategorian Ikerbasque Fundazioak kontratatutako ikertzaileak entitate horretako plantillako ikertzailetzat hartuko dira, deialdi honi dagokionez.

6.– Aurreko deialdietan finantzatutako proiektuetan parte hartzen duten ikertzaileek ezingo dute deialdi honetan entitate eskatzaileetako langile gisa parte hartu, hain zuzen, zenbait betekizun bete gabe izateagatik, 2013ko abenduaren 31n euren jarduera oraindik itxi gabe duten jarduerak, salbu ustiaketa-txostenak eta emaitzen argitalpena. Deialditik kanpo utziko dira baldintza hau betetzen ez duten pertsonek parte hartzen duten proiektuen eskaerak.

7.– Ondoko hauek osatuko dute ikerketa-taldea.

a) Proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusia; doktoradutza-tituluaren jabe eta unibertsitate onuradunaren plantillakoa izan behar du.

b) Doktore-titulua edo lizentziatura, arkitektura, ingeniaritza – nahiz gradu unibertsitarioa -titulua duen ikertzailea. Erakunde onuradun edo kolaboratzaile bakoitzeko pertsona bat egongo da gutxienez, eta erakunde horien plantillakoa izan beharko du.

c) Ikerketa taldea osatu dezaketen ikerketako laguntzaileak: enpresa laguntzaileetako pertsonak izan daitezke. Programaren xede den teknologiaren arloan esperientzia egiaztatua izango dute eta ez dira adierazitako gainerako kategorietakoak izango.

8.– Ezinbesteko baldintza izango da proiektuan, gutxienez, unibertsitate onuradunen bateko ikerketa-talde batek eta helbide soziala EAEn duen enpresa batek parte hartzea; erakunde laguntzaile baten partaidetza, berriz, aukerakoa izango da.

5. artikulua.– Proiektuen baldintzak eta diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.

1.– Proiektuan parte hartzen duten erakunde guztietan garatu beharko dira ikerketa-jarduera.

2.– Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek II. eranskinean aipatzen diren printzipioak errespetatu beharko dituzte.

3.– Iraupena.

Proiektuak deialdia ebatzi eta proiektua onartutzat eman gero hasiko dira (15.1 artikulua); dena den, proiektuari hasiera ematen zaion egunetik hasita, urte batean edo bitan burutu beharko dira.

4.– Deialdi honetan honako hauek finantzatu ahal izango dira.

a) Laguntzaileak: lanaldi osoagatik, hau da, urteko 1.600 ordugatik, gehienez ere 15.500 euro emango dira, Unibertsitatearekiko harreman motaren arabera. Proiektuari denbora gutxiago eskaintzen bazaio, ordaindu beharreko zenbatekoa proiektuari eskainitako denboraren araberakoa izango da.

Lizentziaduna, ingeniaria, arkitektoa, gradu unibertsitarioa edo ingeniari teknikoa izan beharko du laguntzaileak. Ez da izango deialdiko erakunde parte-hartzaileetako plantillakoa eta ezin izango du jaso ez beka bidezko beste ordainsaririk, ez beste ikerketa proiektu batzuetarako diru-laguntzarik, ez lansaririk edo ez izaera publiko edo pribatuko bestelako ordainsaririk. Proiektuak dirauen bitartean, zeregin horietan pertsona bera aritzea komeni bada ere, gutxienez urtebetez egon beharko du.

b) Material inbentariagarria: kontzeptu horregatik gehienez ere ez dira urteko 18.000 euro baino ordainduko; betiere, kontuan izanik, deialdian ez dela finantzatzen BEZaren gastua. Proiektuaren kontura erositako material inbentariagarria erakundearen inbentarioan jaso beharko da, eta material inbentagarri bakoitzaren kostua 18.000 eurotik beherakoa izango da. Espresuki uzten dira deialdi honetatik kanpo altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako tresneria inbentariagarria ere.

c) Material suntsikorra: proiektuko jardueretarako beharrezkoa den heinean eta behar bezala justifikatzen denean ez da mugarik egongo kontusail honetan.

d) Bidaiak: proiektuaren jardunak burutu ahal izateko egiten direnak. Bidaia-gastuak onartuko dira, proiektua betearazteko azken urtean lortutako emaitzak erakusteko, eta ikerketa-taldeko pertsona bakar batentzat.

e) Bestelako gastuak: finantzatutako proiektuaren kostuaren % 5ekoa izango da gehienez urteko. Aurreko kontusailetan aurreikusi gabeko kontzeptuetarako gastuak ordaintzeko baino ez da erabiliko diru hori.

6. artikulua.– Eskabideak formalizatu eta aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean zabalduko da, eta 2014ko urtarrilaren 24an itxiko.

2.– Eskabideak helbide honetara bidali behar dira.

Eusko Jaurlaritza.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila.

Zientzia Politikarako Zuzendaritza.

Erreferentzia: Unibertsitate-Enpresa Ikerketa Proiektuak.

Donostia 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren era bere erakunde autonomoen erregistroen eraketa, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako erregistroetarik edozein eran, betiere deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barruan. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan zehaztu bulegoetarik edozeinetan ere aurkeztu ahal izango da.

Halaber, «Zuzenean» Herritarrentzako Arreta bulegoetan eskabidea aurkeztu zein informazioa eskatu daiteke; Bizkaian (Kale Nagusia 85,48011 Bilbao), Gipuzkoan (Andia 13, 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria Gasteiz).

3.– Entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu beharko du eskabidea. Gainera, proiektuaren ikertzaile nagusiaren sinadura eta entitate laguntzaileen eta enpresa parte-hartzaileen legezko ordezkarien sinadurak ere beharko dira; honela adieraziko dute proiektuan parte hartzeko duten nahia.

4.– Eskabidean sartu beharreko dokumentazioa I. eranskinean azaltzen eta zehazten dena izango da. Eskabidea eta dokumentazioa paperean aurkeztu beharko dira, horien kopia elektronikoarekin batera (CD formatuan).

5.– Datuak aipatu gabe uzteak, aldatzeak edo eskatutako informazioaren edozein erabilera oker egiteak eskabidea ezestea ekarriko du.

6.– Eskabideak aurkezteko, interesdunek inprimaki eredu posible bat izango dute eskuragarri interneteko helbide honetan: «http://www.hezkuntza.net» Unibertsitateak eta Ikerketa.

7.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. paragrafoak aipatu erantzukizunezko deklarazioa jaso beharko du eskabideak. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeaz aldatu zen lege hura.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea, Ikerketa Proiektuen Zerbitzuaren bidez.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskabideek eskatutako informazio guztia jasotzen ez badute, eta/edo aurreko ataletan adierazitako agiri guztiak eransten ez bazaizkie, interesdunari hori jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko agiriak aurkezteko. Gainera, horrela egiten ez badu, eskaera ezetsi egingo dela jakinaraziko zaio, 30/1992 Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluari jarraikiz emandako ebazpenaren ondoren; lege hori, 4/1999 Legaz aldatu zen. Ez da aldaketarik onartuko hasierako eskaeran, ezta parte-hartzaile berririk sartzerik ere.

9. artikulua.– Ebaluazioa eta esleipena.

1.– Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio-batzordeko kide izango dira: Zientzia Politikarako zuzendaria (bera izango da lehendakaria), Unibertsitateetako zuzendaria, Ikerketa Proiektuen teknikaria, eta zientzia-ebaluazioko aditu bat edo bi, Politika Zientifikorako zuzendariak izendatutakoak. Aipatu batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie dagokien jakintza-arloan ospea eta ebaluatzeko esperientzia duten ikertzaileei. Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalak edo Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak egin ahal izango dituzte aipatu txostenak. Ebaluazio-batzorde honek deialdiko irizpideak behar bezala aplikatuko ditu, eta kasuan kasuko gaietako adituen txosten teknikoak bateratuko ditu.

10. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, Ebaluazio Batzordeak ondoko irizpideak izango ditu kontuan eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera antolatzeko.

(Ikus .PDF)

2.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren III. eranskinean adierazi dira irizpideak zehatzago baloratzeko aldeen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenago izan dadin.

11. artikulua.– Onartutako aurrekontua zehaztea eta laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Diru-laguntzak lehiaketaren bidez emango dira eta proiektuak dirauen artean jaso ahal izango dira. Horretarako, ebaluazio-batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren.

2.– Onartutako aurrekontuak kontuan hartuko ditu 5. artikuluan ezarritako kontzeptuak, eta ikertzaile taldeek planteatu eta behar bezala kreditatutako beharrak eta adituek emandako aholkuak kontuan hartuta finkatuko da.

3.– Ebaluazioan, 50 puntu edo hortik gorako balioespena lortzen duten eskabideak bakarrik lagun daitezke diruz. Ebaluazio Batzordeak eskabide bakoitzerako onartutako kostuaren eta balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko lehentasun-ordenaren arabera erabakiko da laguntzak –agindu honetan araututakoak– ematea. Eta diru-laguntzako zenbatekoak esleituko dira, harik eta Euskadiko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako diru-zenbatekoa agortzen den arte, edo indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egiten direnean, hasierako zenbatekoa gaurkotzetik ateratzen dena agortzen den arte. Aukeratutako ikerketa proiektu bakoitzean eskatutakoaren % 100 hartu ahal izango dute esleipenek.

4.– Urteka banatuko da diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planen arabera.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari proposamena aurkeztuko dio, eta honek esleitu edo ukatu egingo ditu, ebazpen bakar eta arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri banan-banan emango zaie interesdunei, eta EHAAn ere argitaratuko dira entitate onuradunen zerrenda, esleitutako zenbatekoak urteka eta burutzeko finantziazioa eskuratu duen programaren izenburuaren berri izan dezaten.

2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruz datu hauek jaso beharko dira ebazpenean.

– Ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde onuradunak.

– Parte hartzen duten enpresen izena edo helbidea.

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Proiektua egingo den urte bakoitzerako eta onuradun bakoitzerako esleitutako zenbatekoa.

3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean. Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskariak isilbidez ezetsitzat jo ahal izango dira.

13. artikulua.– Bateragarritasuna/bateraezintasuna beste diru-laguntza eta laguntza batzuekin.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantziatzaile batzuek eman ditzaketenekin. Ikerketa-proiektu batek beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste erakunde horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru horretan txikituko da. Zientzia Politikarako Zuzendaritza beste alderdi finantziatzailearekin harremanetan jarri ahal izango da, elkarren artean finantzatzeko akordioa lortzeko. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketarako baldintzak.

1.– Parte hartzaile unibertsitate onuradun bakoitzari ordainduko zaio diru-laguntzen zenbatekoa.

2.– Urteko zenbatekoak aurretiaz ordainduko dira urte bakoitzean. Proiektua burutzeko azken urtea denean, azken urteko diru-laguntzaren % 75 baino ez da ordainduko aurrez. Unibertsitate onuradunak deialdiaren 15. artikuluan zehaztutako dokumentazio guztia bidali eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak ontzat eman eta gero egingo da azken urteko bigarren ordainketa, hau da, gainerako % 25a.

Lehenengo urteko ordainketa hitzarmena eta enpresak ordaindu izanaren egiaztagiria jaso eta gero egingo da (15.3 artikulua). Bigarren urteko ordainketa aurreratua aurreko urteko txostena ematearen mende egongo da, betiere organo kudeatzaileak ontzat eman gero.

3.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme erregimenaren arabera bermatuko da. Dekretu horrek, Euskal Autonomi Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako bermeen eta diru-laguntzen itzuleraren sistema orokorra arautzen duen eta hura kudeatzen parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileen baldintzak, erregimena eta obligazioak ezartzen ditu.

4.– Entitate onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratu beharko dituzte, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraiki (1992ko uztailaren 8ko EHAA).

5.– Laguntza kudeatzeko organoak, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak ez diren eskatzaileek zerga-betebeharrak ordainduta dituztelako egiaztatuko du modu automatikoan, behar adina aldiz eta entitate eskatzailearen baimenik gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen zuenaren arabera. Nafarroako Ogasunean tributatuz gero, entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak ordainduta dituztelako egiaztapena aurkeztu beharko dute.

15. artikulua.– Proiektuaren garapenari jarraipena egiteko dokumentuak.

1.– Diru-laguntza onartzea: entitate onuradunei, ebazpena jakinarazi eta gero emango zaie diru-laguntzaren urteroko banaketen berri. Ebazpenaren jakinarazpena jaso eta 10 egun naturaleko epean berariaz uko egiten ez bazaio, entitate onuradunak diru-laguntza onartu duela ulertuko da. Une hartatik aurrera, proiektuak burutzen hasiko dira, urtebete edo urte biko aldirako, ebazpenean ezarritakoaren arabera.

2.– Kontratua: laguntzaileentzako diru-laguntzarik egonez gero, laguntzailea unibertsitate onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, eta parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua berariaz jaso beharko da, baita bere egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da izan deialdiaren ebazpena baino lehenagokoa; proiektuaren burutzapeneko lehenengo sei hileetan egin beharko da. Kontzeptu hori dela-eta emandako diru-laguntza deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100era iritsiko ez balitz eta kontratuaren kostu osoa ordaintzera iritsiko ez balitz, zentroak lanaldi osorako kontratua egin ahal izango dio, eta horretarako, zentroak berak erantsiko dio zenbateko bat diru-laguntzari harik eta kostu osoa ordaindu arte. Hori gertatuz gero, proiektuarekin batera, zentroak esleitzen dizkion bestelako egiteko osagarri batzuk ere egin ahal izango ditu laguntzaileak.

3.– Parte hartzen duten erakundeen hitzarmena eta enpresaren ordainketa: lankidetza-hitzarmena izenpetu beharko da unibertsitate onuradunaren eta enpresa parte-hartzaile(ar)en artean baita erakunde laguntzailearekin, baldin badago. Transferentzia Teknologikorako Erakunde baten bitartez (hala nola: BTBak, Unibertsitate-Enpresa Fundazioa, Estrategia Teknologikorako Unitatea edo beste batzuk). Hitzarmen horretan honako hauek jaso beharko dira: ekonomia-harremanak, ikerketaren garapenean erantzukizunak nola banatzen diren, proiektuaren emaitzek zein erabilera eta jabetza duten, eta deialdiari dagokionez enpresak ea bere egin dituen obligazioak.

Sinatutako hitzarmena erakunde kudeatzaileari aurkeztu behar zaio, ebazpenaren jakinarazpena egin eta, gehienez ere, hilabeteko epean, baita enpresak lehenengo ordainketa egin izanaren egiaztagiria ere –diru-laguntzaren lehenengo ordainketa egiteko ezinbesteko baldintza–.

4.– Urteko txostena: unibertsitate onuraduneko ikertzaile nagusiak, proiektua burutzeko urte bakoitza amaitzean, proiektuaren urteko txosten bat aurkeztu beharko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Ondokoak jasoko dira txosten horretan: proiektuaren helburuen erdieste-maila, izandako gorabeherak, ateratako emaitzak eta diru-laguntzatik gastatu den kopuruaren estimazioa.

5.– Gastua egiaztatzea: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitu eta hurrengo bi hileetan, dagokion urteko txostena aurkeztu ondoren, unibertsitate onuradunak egindako gastu guztiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektu beraren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du.

6.– Amaierako txosten zientifikoa: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitu eta ondorengo lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta bertan zehaztasun handiz adierazi aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabaltze- eta jendarteratze-jarduerak.

7.– Argitalpenak: proiektuaren emaitzak aldizkari espezializatuetan argitaratzen badira, edo liburuak, monografiak, artikuluak, doktore-tesiak, lizentzia-tesinak, kongresuetarako komunikazioak, patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, sail laguntzailearen babesa utzi beharko da jasota, proiektuaren kodea ere aipatuz. Era berean, argitalpenen kopia bidali beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.

8.– Enpresaren txostenak: diruz lagundutako ikerketan lortutako emaitzak enpresak nola aplikatu eta/edo ustiatu dituen ikusteko, jarraipen bat egingo da; horretarako, enpresa parte-hartzaileak, proiektua amaitzen duenean, memoria bat aurkeztuko du, eta bertan proiektuaren garapenari eta lortutako emaitzei buruz duen iritzia adieraziko du. Proiektua amaitu ondorengo urtearen amaieran, emaitzen ustiapenari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta bertan zera adierazi beharko du: emaitzak nola erabili dituen, emaitza horiek enpresan nola ezarri dituen, burututako patenteak eta lortutako irabaziak.

9.– Unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin bidali beharko da proiektuaren jarraipenari dagokion dokumentazio guztia; salbuespen izango dira enpresaren txostenak, enpresaren legezko ordezkariak izenpetuko baititu.

10.– Artikulu honetan aipatu txostenen edukien deskripzioa eskuragarri egongo da interneteko helbide honetan: http://www.hezkuntza.net

11.– Urteko txostenek, amaierako txosten zientifikoak eta egindako argitalpenek ebaluazio zientifikoa izan dezakete. Dagokion ezagutza alorrean ospe eta ebaluazio-esperientzia onartua aitortua duten ikertzaileak aritu daitezke ebaluazio horietan. Ebaluazio negatibotik honakoa ondorioztatzen bada: ebazpen- eta ebaluazio-prozesuan onartu era eskabidean proposatutako egitasmoarekin eta helburuekin bat ez datorren proiektu-garapena, 18.2.d) artikuluan xedatutakoa beteko da.

16. artikulua.– Diru-laguntza gauzatzeko baldintzak.

1.– Agindu honetan eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren zuzentarauetan ezarritakoaren arabera egin beharko dituzte gastuak ikerketa-taldeko kideek; zehaztu gabekoetan, dagokion entitate onuraduneko arau orokorren arabera egingo dituzte. Proiektuaren diru-laguntzari egotzitako gastu guztiak behar bezala justifikatu beharko dira dagozkion gastuen fakturak eta egiaztagiriekin baimendutako eta egiaztatutako pertsonentzako onartutako jardueren arabera.

2.– Proiektuan proposatutako helburuak betetzeko erabili gabeko zenbateko osoei edo zatikakoei, eta bermeen araubide orokorrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzei dagokienez, abenduren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakori jarraituko zaio.

3.– Jatorrizko fakturak unibertsitate onuradunean bertan artxibatu behar dira eta erabilgarri egon behar dira Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenetarako.

4.– Unibertsitate onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman behar die, erakunde bi horiek beren eginkizunen barruan, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezaioketen edozein informazio.

5.– Proiektua amaitzen den epealdian, ikerketa-proiektua burutzea eta, ondorioz, diru-laguntza agortzea galarazi duen arrazoirik gertatuz gero, ikertzaile nagusiak, unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari proiektua gauzatu eta kreditua agortu ahal izateko luzapena, gehienez ere sei hilabetekoa, eskatu ahal izango dio, aipatutako eskabidea egiteko arrazoiak behar bezala egiaztatu ondoren.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan ezarritakoa ez dela bete eta, urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa aldatu edo bertan behera uzten bada, hori jakinarazteko banakako ebazpena emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak.

18. artikulua.– Diru-laguntzarako eskubidea galtzeko edo itzulketa egiteko kausa.

1.– Arau-hauste administratiboa gertatzen bada, laguntza eta diru-laguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen erregimena aplikatuko da, alegia, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa, horren bitartez onartu da-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina.

Diru-laguntza jasotzeko bide eman zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat eta horri jarraiki, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio jasotako diru-zenbatekoa eta horri dagozkion legezko interesak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutako kausez gain, ondoko hauek izango dira ez-betetzearen kausak.

a) Proiekturako eskabidea egin duen ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo eskatzaile hori entitate onuraduna ez den beste erakunde batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

b) Unibertsitate-taldearen eta enpresaren arteko lankidetza-harremanak desegitea edo haustea.

c) Ikerketa proiektu bera egiteko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ikerketa proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Zientzia Politikarako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

d) Ikerketa proiektua proposatu diren helburuetatik eta onartutako epeetatik aldenduz garatzea, deialdia kudeatzen duen erakundearen baimena izan gabe.

e) Taldeko kideek berek ikerketa-proiekturako ezarritako dedikazioa ez betetzea.

f) Deialdi honen oinarri-arauen ez betetze larria, zati batekoa edo erabatekoa.

g) Datuen ezkutatze larria, horiek aldatzea edo eskabidean egin daitekeen edozein manipulazio.

19. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena Ikerketa Proiektuak izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztutako agiriak egiazkoak direla frogatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko eta egoki den kreditua egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzietako jurisdikzioari, bi hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 3a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKABIDEAREKIN BATERA AURKEZTU BEHAR DEN DOKUMENTAZIOA

Honako hauek jasoko ditu eskabideak:

a) Proiektuaren deskribapen orokorra; honako hauek jasoko dira bertan:

– Proiektuaren deskribapen orokorra.

– Ikerketa-taldearen datuak.

– Erakunde parte-hartzaile bakoitzaren fitxa.

b) Ikertzaile parte-hartzaileak:

– Kontratazio-aldia eta kontratu-mota, jardun-ordutegia.

– Ikertzaileek beste proiektu batzuetan parte hartu izanaren adierazpena.

c) Ikerketa-proiektuaren memoria bat honakoak jasoz:

– Laburpena.

– Gaiaren aurrekariak eta egungo egoera.

– Bibliografia aipagarriena.

– Proiektuaren interes orokorra.

– Proiektuaren azken emaitza eta emaitza hori ustiatzeko plana.

– Hipotesiak eta helburu orokorrak eta operatiboak.

– Helburuei lotutako gertaerak. Kronograma. Ikertzaileen zereginekiko dedikazioa.

– Gertaera bakoitzean erabilitako metodologia.

– Proiektua gauzatzeko erabilgarri dauden instalazio, baliabide eta teknikak.

– Erantzukizunen banaketa.

– Ikerketa-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia.

– Burututako azken 5 proiektuen emaitzak eta lortutako etekina.

– Kofinantzaketaren deskribapena.

– Eskatutako diru-laguntzaren justifikazio zehatza.

– Bi zentro edo gehiagoren arteko lankidetza.

– Enpresak proiektuan izan duen parte-hartzea.

d) Erakunde onuradunaren, erakunde laguntzailearen eta enpresa parte-hartzailearen adierazpena; azken horrek adierazi egin beharko du proiektuari zenbateko ekarpena egin dion.

e) Ikertzaile nagusiaren eta ikertzaileen curriculum vitaeak.

f) Batera finantzatutako proiektuaren eskaeraren eta ebazpenaren kopia.

g) Ikertzaileen entitate parte-hartzaileekiko kontratuen kopia; bertan, kontratuaren hasiera eguna eta amaiera, iraupena eta urteko dedikazio-orduak zehaztuko dira.

h) Parte-hartzaile bakoitzaren nortasun-agiriaren (pasaportea) kopia eta zentro parte-hartzaile bakoitzaren IFZren kopia.

i) Enpresaren ezaugarriak eta orain arte egin diren I+G ekintzak.

j) Zinpeko aitorpena: egiaztatzeko diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ea dagoen edo ez, ez eta sexu bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

k) Jasotako eta eskatutako laguntzei buruzko adierazpena, finantziazioa zertarako eskatu den, horren justifikazio xehatua eta beste deialdian finantzatutako ekintzekiko harremana.

l) II. Eranskinean zehaztutako printzipioak bete izanaren egiaztagiria.

m) Eskatutako inbentariagarriaren proforma fakturak.

n) Proposamena esleipen irizpideen arabera egoki ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.

II. ERANSKINA
DEIALDIAN AURKEZTEN DIREN PROIEKTUEK BETE BEHARREKO PRINTZIPIOAK

Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiak ikertzea edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuetan, Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 13ko 14/2007 Legean ezarritakoa bete beharko da.

Lege hori bera bete beharko dute, orobat, giza enbriologia jatorriko zelulak eta ehunak edo ehun horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzen dituzten proiektuek.

c) Saiakuntza klinikoak dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan aurreikusitakoa bete beharko dute.

d) Animaliekin ikerketak egitea dakarten proiektuek bete beharko dute, batetik, indarreko legerian, eta bestetik, eta batez ere, ikerkuntzarako eta beste helburu zientifiko batzuetarako erabilitako animaliak babesteari buruzko urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan ezarritakoa.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta bestetik, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Eragile biologikoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, lan-arriskuak prebenitzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea, eta bestetik, eragile biologikoen aurrean jarrita egoteak dakartzan arriskuen arloan lege hori garatzen duten errege-dekretuak.

g) Material genetikoa eskuratzea edo elkartrukatzea dakarten proiektuek bete beharko dute, batetik, Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena, bestetik, Elikadura eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Hitzarmena, eta hirugarrenik, Mintegietako Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzko uztailaren 26ko 30/2006 Legea.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala