
233. zk., 2013ko abenduaren 9a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (255 KB - 20 orri.)
- EPUB (596 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
5342
452/2013 DEKRETUA, azaroaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartu zituen dekretua aldatzen duena.
Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioei eta lan-kontratuko langileei gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbatetan aldatu izan da, eta aldaketa horietako bat ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren eskutik heldu zen; izan ere, 105/2007 Dekretuak funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatu zituen, analisi funtzionalen prozesuaren ondorioz sortutakoak.
Lanpostuen zerrendak administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko.
Ekainaren 28ko 138/2011 Dekretuak Transferentzien Bitariko Batzordearen 2011ko ekainaren 22ko Akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lan eta gizarte segurantzako ikuskaritzak betetzen dituen ikuskaritzako funtzio publikoaren alorreko zeregin eta zerbitzuak. Dekretu horren bidez, karrerako funtzionarioak eta lan-kontratuko langileak transferitzen dira, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.
Transferentzia egin zen egunetik aurrera –2012ko urtarrilaren 1a–, behin-behineko ordainsari-erregimena aplikatu zaie aipatu langile transferituei, 2012ko otsailaren 28ko Jaurlaritzaren Kontseiluaren Erabakia aplikatuz. Erabaki hori Eusko Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren otsailaren 29ko 13/2012 Ebazpenaren bidez argitaratu zen. Ebazpen horren bidez, hain zuzen, 2012ko urtarrilaren 1ean sartu ziren langileen ordainsarien gainean 2012ko urtarrilaren 20ko Negoziazio Mahaian lortutako akordioa onartu zen, betiere ekainaren 28ko 138/2011 Dekretuan xedatutakoari jarraituz eta behin betiko ordainsariak zehazten dituen lanpostuen zerrenda onartu bitartean. Erabaki horrek xedatzen du aipatu lanpostuen zerrenda onartu ondoren, hala behar bada, langile transferitu guztien ordainsariak 2012ko urtarrilaren 1era egokituko direla, atzeraeraginezko ondorioekin.
Beraz, lanpostuen zerrendaren aldaketaren eraginak –administratiboak nahiz, hala badagokio, ekonomikoak–, egindako balorazioen ondoriozkoak, eginkizun eta zerbitzuen eskualdaketa egunetik aurrerakoak izango dira, hau da, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak.
Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko azaroaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea; zerrenda horiek dekretu honen eranskinean agertzen dira, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretua aldatzen duen ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez onartu ziren.
Bigarren artikulua.– Lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea. Zerrenda horiek dekretu honen II. eranskinean agertzen dira, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko azaroaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.