Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2013ko abenduaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
5336

AGINDUA, 2013ko azaroaren 20koa, Segurtasuneko sailburuarena, ertzaintzaren egitura onartzen duena.

Ortzimuga 2016 Ertzaintzaren Plan Estrategikoaren helburuen artean prebentzio aktiboan oinarritutako polizia-zerbitzua eskaintzea dago. Halaber, zerbitzu horrek inteligentzia eta ikerketa kriminal eraginkorrak, etengabeko hobekuntza, besteekiko lankidetza eta talde-lana ditu euskarri; hori guztia, bere hurbiltasunagatik eta eraginkortasunagatik, gizartean aintzatespen-maila handia lortzeko.

Agindu honen bidez Ertzaintza berrantolatu nahi dugu plan estrategiko horretan jasotzen diren jarraibideei erantzuna emateko moduan. Jomuga alderdi batzuetan hain burokratizatuta ez dagoen eredu funtzionala dugu; hain zuzen, herritarren babesera bideratuta dagoen eta giza baliabideen eta baliabide teknikoen kudeaketan eraginkortasun handiagoa duen polizia integral baten behar funtzionaletara hobeto egokitzen den eredua.

Horregatik, berrantolaketak egitura sinplifikatuko du eta, hartara, bi atal izango ditu aurreko bosten ordez: Herritarren Babeserako Atala eta Ikerketa Kriminalerako Atala. Gainera, Inteligentzia Bulego Nagusia sortzen da, Ertzaintzaren xede orokorra lortze aldera, bi atalei laguntzeko.

Ertzaintzaren antolamendu zentralari dagokionez, aipatutako bi atal horiez eta Inteligentzia Bulego Nagusiaz gain, zuzenean Ertzaintzaren Burutzaren mende egongo dira Idazkaritza Nagusia eta Prestakuntza Koordinatzeko Zerbitzua eta AKZ Nagusia.

Herritarren Babeserako Atalaren barruan, lurralde-burutzen inguruko arduraz gain, nabarmentzekoa da Iurretako eta Berroziko polizia-zentroetan dauden unitateen kudeaketaren bat-egitea eta, ondorioz, bi burutza nagusi sortuko dira. Burutza horiek Ertzaintzaren beste zerbitzu eta unitate batzuentzat lagungarri eta osagarri gisa arituko diren zerbitzu espezializatuak izango dituzte. Era berean, azpimarratzekoa da Ekitaldi Handiak Koordinatzeko Burutza sortuko dela, kirol-ikuskizun eta garrantzi bereziko beste gertakari batzuetarako segurtasun-antolamenduak ebaluatu eta planifikatzeko.

Beste alde batetik, trafikoko lurralde-unitateen bitartez trafikoaren kontrolari eta bide-segurtasunari buruzko politikak eta jarraibideak ezarri eta horien berri emateko, Trafikoko Burutza Nagusia sortzen da.

Ikerketa Kriminalerako Atalaren barruan bi burutza eratzen dira: Ikerketa Kriminalekoa eta PJ eta Polizia Zientifikoarena. Lehenengoaren barruan zerbitzu hauek daude: delitu-era konplexuak ikertzeko zerbitzu espezializatuak, organo judizialei eta fiskaltzei atxikitako polizia judizialari dagozkion zerbitzuak eta koordinazio operatiborako eta teknikorako beste zerbitzu nagusi batzuk. Bigarrena, ordea, kriminalistikako edo ikerketa teknikoko zerbitzuak emateaz arduratuko da. Gainera, atal honi Joko eta Ikuskizun Unitatea eta Segurtasun Pribatuko Unitatea atxikiko zaizkio.

Inteligentzia Bulego Nagusia, lurralde- edo toki-mailan garatutako analisi- eta inteligentzia-eginkizunekin batera, dugu Herritarren Babeserako Atalaren eta Ikerketa Kriminalerako Atalaren ardatz egituratzailea. Bere lanaren bidez polizia-arduradunei erabakiak hartzen lagundu nahi die inteligentzia arloko produktu landuak emanez; horrela, bizi dugun ingurune aldakor honetan polizia-zerbitzua egunetik egunera eraginkorragoa izan dadin.

Antolamenduaren organo nagusiak Ertzaintzaren Zuzendaritzaren titularrari zuzenean atxikitako bi zerbitzuk osatzen dituzte. Hona hemen: Barne Arazoetarako Zerbitzua eta Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzua. Lehenengoak orain arteko diziplina-unitatea ordeztuko du eta bigarrenak, aldiz, herritarrei zerbitzu eraginkorra eskaini ahal izateko kanpoko elkartasuna eskuratzeko beharrizanak beteko ditu.

Berregituraketaren premisetako bat da erakundeak hurbildu egin behar duela zerbitzatzen duen gizartera. Horregatik, ertzain-etxe bakoitzaren mugape-mailan zein lurralde-burutzen mailan, eskuratzen ditu bere eskumeneko lurraldean polizia-ardura osoa hartzeko beharrezko baliabide eta zerbitzu guztiak.

Hori horrela, lurralde-burutzen menpe, dagozkien ertzain-etxeez gain, hainbat lurralde-zerbitzu eta -unitate egongo dira: herritarren babesa, ikerketa kriminala, inteligentzia, aginte- eta kontrol-zentroa eta trafikoa. Horrek ez du eragotziko aginduan lurralde-burutza bakoitzean berariazko beste zerbitzu, unitate edo sekzio batzuk aurreikustea.

Ertzain-etxeak dira herritarrengandik hurbilen dauden polizia-unitateak; hori dela eta, dagokien lurralde-eremuan modu orokorrean arduratu behar dute herritarrei segurtasuna, babesa eta laguntza emateaz. Ondorioz, ertzain-etxeak helburu horietara zuzendutako polizia-jarduera guztiak kudeatu behar ditu; betiere beste lurralde-organo edo organo zentral batzuen babesaz eta laguntzaz.

Egitura berriak herritarren babeserako, ikerketa kriminalerako eta polizia-inteligentziarako jarduerak antolatzeko eredua eratzen du. Horri esker jarduera horiek integra daitezke herritarrengandik hurbilen dagoen esparrutik erakundeko organorik zentralenetara eta espezializatuenetara.

Asmo horrekin, zerbitzu edo unitate bakoitzaren atxikipen organikoari dagozkion kudeaketa-ardurei kalterik egin gabe, ahalbidetzen da helburuak, jarraibideak eta prozedurak erakundeko mailetan (tokikoak, lurraldekoak eta zentralak) finkatzea. Horiek errazten dute, esate baterako, ikerketa kriminalari edo polizia-inteligentziari buruzko jarduerak eta aginte- eta kontrol-zentroek beren maila operatiboetan dituzten eginkizunak era bertikalean integratzea, baita berorien norabide bikoitzeko fluxua ere.

Beraz, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 107.2 artikuluan aurreikusitako eskumenaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ertzaintzaren egitura agindu honen eranskinean agertzen den bezala onartzea.

2. artikulua.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Errekurtsoak.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen duen arren, haren kontra hilabeteko epean aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Segurtasuneko sailburuari edo bi hilabeteko epean administrazioarekiko auzi errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Bi kasuetan errekurtsoak jartzeko epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 20a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

ERANSKINA

A) ANTOLAKETA ZENTRALA.

I.– Ertzaintzaren Zuzendaritza.

Zuzenean beren titularraren menpe daudela, zerbitzu hauek izango dira:

a) Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzua Ertzaintzak beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin dituen harremanak planifikatu, prestatu eta bideratzeaz arduratuko da, barnean zein nazioartean.

Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari lagunduko dio hari dagozkion eginkizunak gauzatzen eta, bereziki, Segurtasun Batzordean eta horretatik sortuko diren batzorde teknikoetan jorratu behar diren gaiak prestatzen.

Bestetik, zerbitzu honi Prentsa eta Komunikazio Bulegoa atxikiko zaio. Bulego horrek Komunikazio Zuzendaritzaren mendekotasun funtzionalaren pean jardungo du.

b) Barne Arazoetarako Zerbitzua Ertzaintzako funtzionarioen lanbide-jokabideari buruzko ikerketak zuzendu, koordinatu eta garatzeaz arduratuko da; horrela, aintzat har daitezkeen jokabideak sustatzeko eta legearen edo etika profesionalaren aurkakoak prebenitzeko.

Bestetik, bere egiteko berezia izango da Ertzaintzako diziplina-politika zehaztu, koordinatu, sustatu eta garatzeko lanetan laguntzea. Horretarako, prebentzio-neurriak antolatu eta diziplina-prozedurak izapidetuko ditu. Era berean, Ertzaintzako funtzionarioek dituzten zigor-arloko eginbide judizialen jarraipena egingo du.

II.– Ertzaintzaren Burutza.

1.– Zuzenean Ertzaintzaren zuzendariaren menpe dagoela, eginkizun hauek izango ditu: Ertzaintzaren Zuzendaritzari zuzenean atxikita ez dauden atal, unitate zentral, lurralde-unitate, unitate eta sekzio guztien jarduera operatiboaren gaineko zuzeneko agintea eta zuzendaritza izatea, plangintza eta koordinazioa egitea, gainbegiratzea eta ebaluatzea.

2.– Ertzaintzaren Burutzaren menpe Herritarren Babeserako Atala, Ikerketa Kriminalerako Atala eta Inteligentzia Bulego Nagusia daude. Gainera, dagozkion eginkizunak burutzeko, zuzenean bere titularraren menpe dagoela, zerbitzu edo unitate hauek izango ditu:

a) Idazkaritza Nagusiak ohiko kudeaketan eta dokumentu-koordinazioan lagunduko die Ertzaintzaren Zuzendaritzari eta Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari, baita Ertzaintzaren Burutzari, atal-burutzei eta beste burutza edo zerbitzu zentral batzuei ere. Halaber, Ertzaintzaren Burutzaren menpe dauden gainerako zerbitzuei laguntza emango die beren ohiko administrazio-kudeaketan.

Ohiko solaskide moduan arituko da giza baliabideen eta baliabide materialen arloan Ertzaintzaren beharrizanak ebaluatzeko Segurtasun Sailean eskudunak diren organoentzat eta, gainera, Ertzaintzako kideei omenaldia egin eta begirunea erakustearekin zerikusia duten protokolo-ekitaldietan eta ekitaldi ofizialetan lagunduko du.

Polizia-eremuan kudeaketa zehatzak egingo ditu honi loturik: biltzeko eta manifestatzeko eskubideei buruzko komunikazioak; bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren kontrolaren erregimena; Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroari euskarri ematea, errekisitorien eta ofizio judizialen aplikazio nagusiaren kudeaketa eta; orokorrean, Segurtasun Saileko organo eskudunei erantzuteko elementuak emate aldera, polizia-leihatila bakar gisa aritzea.

Bestetik, hau ere badagokio: lanbide-txartela egitea eta kontrolatzea eta armak eta beren dokumentazioa ematea eta kentzea.

Bere gain eginkizun hau hartuko du: Ertzaintzaren zerbitzu guztien hobekuntzarako laguntza ematea eta polizia-jarduera kudeatzeko eredua eta kalitatea kudeatzeko sistema mantentzea eta garatzea.

Horrez gain, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzarekin elkarlanean arituko da dagozkion eginkizunak garatzeko.

b) Aginte eta Kontrol Zentro Nagusiak Ertzaintzaren Burutzari lagunduko dio Ertzaintzaren atal eta unitate guztietako ohiko polizia-jarduera planifikatu, zuzendu, gainbegiratu eta kontrolatzen, baita burutuko diren polizia-operatiboei dagokienez ere. Aldi berean, Lurraldeko Aginte eta Kontrol Zentroen euskarri izango da. Zentro horiek funtzionalki bere menpean egongo dira.

Bere menpean ere egongo da Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari Laguntzeko Zerbitzua (LAZLZ). Haren eginkizuna da larrialdiak kudeatzeko sistemen jardunean Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari laguntzea.

c) Prestakuntza Koordinatzeko Zerbitzua arduratuko da polizia-ezagutzak zabaltzeko prestatzaile edo irakasle gisa arituko diren ertzainak koordinatzeaz, betiere Segurtasun Sailak emandako jarraibideen esparruan.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin solaskidetza izatea dagokio; hain zuzen, Ertzaintzan dauden prestakuntza-beharrizanak ebaluatu eta bideratzeko.

Segurtasuneko Euskal Administrazioak gaitasun- eta hobekuntza-arloan gaitasun, ikerketa eta zientzia polizialari loturik sinatzen dituzten hitzarmenen ezarketa polizialean lagunduko du.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako egoitzaren barruan barne-araubidea zaintzeko ardura duten langileak atxikitzen zaizkio.

Bere agintaritzaren menpe egongo dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia Akademian irakaskuntza, hautaketa eta ikerketako jardueretarako izendatzen dituen Ertzaintzako langileak, betiere, hargatik eragotzi gabe mendekotasun funtzionala.

III.– Herritarren Babeserako Atala.

1.– Atalaren eginkizun nagusia izango da bakea, bizikidetza eta segurtasun publikoa hausteko arriskuak eta horien aurkako mehatxuak prebenitzea. Xedetzat hori hartuta, zeregin hauek izango ditu:

a) Hurbiltasunaren bidez eta segurtasun-zerbitzu publikoa eta jendeak ikusteko moduan azalduz segurtasun publikoa dagoelako sentipena sustatzea.

b) Arriskuan dauden pertsonak babestea eta delituen eta istripuen biktimei laguntzea.

c) Modu seguruan, jasangarrian eta orekatuan pertsonen eta ibilgailuen bide-mugikortasuna ahalbidetzea.

d) Bizia eta jabetza mehatxatzen dituzten jokabideak prebenitzea, trafikoarekin eta errepideko garraioarekin loturikoak eta herritarren eskubideak eta bizikidetza baketsua hausten dituen beste edozein barne sartuta.

Horretarako, herritarren babeserako zerbitzuen jarraipena egingo du, gainbegiratu eta koordinatuko ditu eta etengabeko hobekuntza landuko du eta; aldi berean, zerbitzu horien prozedurak, aginduak eta protokoloak prestatuko ditu.

2.– Ertzaintzaren lurralde-burutzak Herritarren Segurtasunerako Atalaren menpe egongo dira, baita zerbitzu edo unitate zentral hauek ere:

a) Trafikoko Burutza Nagusia Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzaren Zuzendaritzarekin koordinatuta, prestatutako politikak eta jarraibideak ezarri eta betearazteaz arduratuko da, batez ere trafikoko lurralde-unitateen bitartez, bere mendekotasun funtzionalaren pean jarduten baitute. Kudeaketa egiteko, zirkulazio-istripuen berritzeari loturik, Idazkaritza Nagusiaren eta Ikerketa Kriminalaren Atalaren laguntza izango du.

b) Ekitaldi Handiak Koordinatzeko Burutzak arriskuak aztertu eta segurtasun-antolamenduak planifikatu, koordinatu eta gainbegiratuko ditu egingo diren kirol-ikuskizunei begira, baita hala behar duten bestelako ekitaldi edo gertakizun publiko jendetsuen kasuan ere.

c) Laguntza Taktikorako Burutza Nagusiaren esku egongo da Iurretako (Bizkaia) polizia-zentroan dauden Brigada Mugikorraren Unitatearen, Zaintza eta Erreskate Unitatearen eta Lehergailuak Indargabetzeko Unitatearen jardueren gaineko agintea, baita jarduera horiek koordinatzea eta gainbegiratzea ere.

Brigada Mugikorraren Unitateari hau dagokio: arrisku larriko egoeretan ordena publikoa prebenitzea, mantentzea eta, hala egokituz gero, berrezartzea; baita istripu, katastrofe edo hondamendi publikoen ondorioz sortutako egoeretan esku-hartzea ere. Bestetik, etengabeko laguntza emango die Ertzaintzaren gainerako unitateei, batez ere jendetzak kontrolatzeko, atxilotuak zaindu eta lekualdatzeko eta planifikatutako segurtasun-antolamenduetan parte hartzeko. Horrez gain, beharren arabera, ataletako unitateei esleitutako eginkizunak eta zereginak osatzeko lanak beteko ditu.

Zaintza eta Erreskate Unitateari hau dagokio: istripu, katastrofe edo hondamendi publikoen ondorioz sortutako egoeretan esku-hartzea eta; horrez gain, Ertzaintzaren beste unitate eta zerbitzu batzuei prebenitu, ikertu eta esku hartzeko lanetan laguntzea, bereziki ingurumenarekin zerikusia duten arau-hauste penal edo administratiboetan. Bestetik, larrialdiei aurre egiteko zerbitzuentzako laguntza-eginkizunak beteko ditu.

Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak esku hartu behar du substantzia leherkorrak edo lehergailuak edo izaera nuklearra, erradiologikoa, bakteriologikoa edo kimikoa duten tresnak indargabetzeko egoera guztietan.

Gainera, Laguntza Taktikorako Burutza Nagusiak Idazkaritza Teknikoa izango du; hain zuzen, unitateen ohiko administrazio-kudeaketa, baliabideen plangintza eta etengabeko hobekuntza burutzeko.

d) Erakundeen Segurtasunerako Burutza Nagusiaren esku egongo da Berroziko (Araba) polizia-zentroan dauden Babes eta Segurtasuneko Unitatearen; Esku-hartze Unitatearen; Txakur Unitatearen eta Eraikinen Segurtasunerako Unitatearen jardueren gaineko agintea, baita jarduera horiek koordinatzea eta gainbegiratzea ere.

Babes eta Segurtasuneko Unitateari dagokio agintari edo goi-kargudun diren edo izan diren pertsona jakin batzuei edo mehatxatutako pertsonei babes espezializatuko zerbitzuak ematea, baita enpresa pribatuek zerbitzu hori nola egiten duten kontrolatzea ere.

Esku-hartze Unitateari dagokio Ertzaintzaren beste unitate batzuei segurtasun handiko estaldura ematea.

Txakur Unitateari dagokio Ertzaintzaren beste unitate batzuei txakurren bidezko laguntza ematea.

Eraikinen Segurtasunerako Unitateari dagokio eraikinei eta instalazioei segurtasun-zerbitzuak ematea beren interes berezi edo arriskuagatik hala behar izanez gero, baita enpresa pribatuek zerbitzu hori nola egiten duten kontrolatzea ere.

Gainera, Erakundeen Segurtasunerako Burutza Nagusiak Idazkaritza Teknikoa izango du; hain zuzen, unitateen ohiko administrazio-kudeaketa, baliabideen plangintza eta etengabeko hobekuntza burutzeko.

IV.– Ikerketa Kriminalerako Atala.

1.– Hau dagokio: ikerketa-eginkizunak betetzea eta delituak eta faltak jazartzea.

2.– Ikerketa Kriminalerako Atalaren menpe burutza eta unitate hauek egongo dira:

a) Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Burutzaren ardura da delitu larriak, krimen antolatuarekin zerikusia duten delituak eta, orokorrean, jazartzeko espezializazio handia behar duten delituak ikertzea. Horrez gain, Ertzaintzaren gainerako unitateei laguntza espezializatua emango die eta agintari judizialengandik eta fiskaltzatik datozen errekerimenduak bideratuko ditu.

Polizia judizial gisa bere eginkizuna organo judizialen lurralde-hedapenera egokituko da eta horiei atxikita egongo dira kasu bakoitzean egoki diren taldeak edo giza baliabideak.

Ikerketako eta Polizia Judizialeko Arlo Nagusia izango du, espezializazio handiko ikerketan eta polizia judizialari lotutako eginkizunetan arituko baita.

Era berean, Ikerketarako Koordinazio Operatibo eta Teknikoko Arlo Nagusia izango du. Arlo horren ardura izango da ikerketa kriminal guztiak koordinatu eta gainbegiratzea eta; horretarako, prozedurak, aginduak eta protokoloak landuko ditu.

b) Polizia Zientifikoaren Burutzak kriminalistikari, identifikaziori, analitikari eta ikerketa teknikoari loturiko zerbitzuak eman eta, horrez gain, organo judizialek eskatutako aditu- eta dokumentazio-txostenak prestatuko ditu.

Bestetik, begi-ikuskapen guztiak koordinatu eta gainbegiratzeaz arduratuko da eta; horretarako, prozedurak, aginduak eta protokoloak landuko ditu.

c) Joko eta Ikuskizun Unitatearen ardura da ausazko jokoak, ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak kontrolatzea eta ikuskatzea eta, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren mendekotasun funtzionalaren pean, administrazio-poliziari loturiko eginkizunak beteko ditu.

d) Segurtasun Pribatuko Unitateak segurtasun pribatuko enpresak, langileak, jarduera eta zerbitzuak gainbegiratu eta espedienteak ikuskatu, kontrolatu, erregistratu eta izapidetzeko eginkizunak beteko ditu. Bestetik, segurtasun-neurriak egiaztatuko ditu eta eraikinen segurtasunari buruz eskatzen zaizkion azterlanetan aholkularitza- eta laguntza-eginkizunak beteko ditu.

V.– Inteligentzia Bulego Nagusia.

Inteligentzia Bulego Nagusiaren funtsezko eginkizuna da polizia-inteligentzia Ertzaintzaren xede orokorrean integratzea; hain zuzen, delituak prebenitu eta gutxiagotzeko erabaki estrategiko eta teknikoak hartzeko ardatz egituratzaile eta proaktiboa izan dadin, baita herritarrengan segurtasunari buruzko pertzepzioa alda lezaketen arriskuei loturik ere.

Krimenei eta gorabeherei buruzko informazioren bilketa, tratamendua, azterketa sistematikoa egiteaz arduratuko da, baita informazio hori garatzen laguntzen duten baldintzez ere eta; horretarako, dauden arriskuen aurrean inteligentzia-arloan erantzun taktikoak ematea ahalbidetzen duten produktuak eskainiko ditu. Halaber, bere ardura era izango da sortzeko bidean dauden eta aldakorrak diren mehatxuekin loturiko plangintza estrategikoa.

Gainera, inteligentzia-bulegoen jarraipena egingo du, gainbegiratu eta koordinatuko ditu eta etengabeko hobekuntza landuko du eta; aldi berean, horien prozedurak, aginduak eta protokoloak prestatuko ditu.

Aldi berean, Idazkaritza Nagusiaren laguntza izango du ohiko administrazio-kudeaketa egiteko.

Esleitu zaizkion eginkizunei erantzuna emate aldera, bere mendekotasun funtzionalaren pean lurralde- eta toki-bulegoak izango ditu.

B) LURRALDE ANTOLAKETA.

VI.– Ertzaintzaren lurralde-burutzak.

1.– Beren agintaritza organikoaren menpe dauden ertzain-etxeek, unitateek, sekzioek eta zerbitzuek inteligentziaren, herritarren segurtasunaren, bide-segurtasunaren eta ikerketaren arloan burututako polizia-jarduerak planifikatu, koordinatu eta zuzentzea dagokio.

Bestetik, lurralde historikoetan jarduten duten talde kriminalen inguruko ikerketa egitea dagokie eta lurralde-mailan, helburu horri begira, baita inteligentziaren ardura ere.

2.– Zuzenean beren titularraren menpe daudela, zerbitzu edo unitate hauek izango dira:

a) Herritarren Babeseko Lurralde Zerbitzua herritarren babesaren arloko polizia-jarduerak koordinatzeaz arduratuko da, prebentzio aktiboko jardueren sustapena barne sartuta.

b) Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzua bere ikerketak garatzeaz eta ertzain-etxeek egindakoei laguntzeaz arduratuko da. Bere agintaritza organikoa lurralde-burutza bakoitzak dauka eta mendekotasun funtzionala Ikerketa Kriminalerako Atalari dagokio.

c) Inteligentziako Lurralde Bulegoaren ardura inteligentzia-arloko produktuak lantzea eta ertzain-etxeei polizia-informazioa aztertzen laguntzea izango da. Bere agintaritza organikoa lurralde-burutza bakoitzak dauka eta mendekotasun funtzionala Inteligentzia Bulego Nagusiari dagokio.

d) Lurraldeko Aginte eta Kontrol Zentroari hau dagokio: Aginte eta Kontrol Zentro Nagusiaren mendekotasun funtzionalaren pean, polizia-baliabideak eta -zerbitzuak koordinatzea; kanpoko deiak bideratzea; gorabeherak izapidetzea; taktikak eta protokoloak aplikatzea; jarduerak gainbegiratzea; behar denean, aginte operatiboa hartzea eta egoki diren organoak jakinaren gainean jartzea.

e) Trafikoko Lurralde Unitatea bide-segurtasunaren prebentzioaz arduratuko da. Gainera, bere ardura ere bada bide-segurtasunaren aurkako delituak jazartzea eta bere jardun-eremuan zirkulazio-istripuen ikerketa eta analisia egitea, baita ertzain-etxeei eta Foralen, Mikeleteen eta Miñoien sekzioei trafikoaren arloan laguntza ematea ere. Eskumen horiek Trafikoko Burutza Nagusiaren mendekotasun funtzionalaren menpe burutuko dira.

3.– Gipuzkoako Lurralde Burutzak behar beste agente izango ditu Hendaiako Polizia eta Aduana arloko Lankidetzarako Zentroaren (PALZ) eta ETEN zerbitzuaren premiei erantzuteko.

4.– Arabako Lurralde Burutzak organikoki Ertzaintzaren Musika Banda kudeatuko du.

5.– Foralen, Mikeleteen eta Miñoien Sekzioak dagozkien lurralde-burutzei atxikita egongo dira eta berariazko eginkizun hauek izango dituzte: foru-erakundeen erakusgarri izatea, erakunde horietako agintariak babestea eta foru-ondareko ondasunak zaintzea. Halaber, trafikoko lurralde-unitateekin koordinatuta, errepideko garraioa zaindu eta ikuskatzeko eta errepideak kontserbatu eta zaintzeko eginkizunak bete ahalko dituzte.

VII.– Ertzain-etxeak.

1.– Dagokien eginkizuna da beren lurralde-eremuan herritarrei segurtasuna, babesa eta laguntza ematea.

Beren eginkizun nagusia izango da dagokien lurralde-eremuan bakearen, bizikidetzaren eta segurtasun publikoaren aurkako arriskuak eta mehatxuak prebenitzea eta horretarako beharrezko baliabide guztiak izango ditu. Halaber, guardiako ikerketa-eginkizunak beteko ditu eta, lurralde-mailako eta maila zentraleko goragoko organoen laguntzaz, baita ikerketa kriminalari eta polizia-inteligentziari loturiko beste batzuk ere.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoa harturik, ertzain-etxe hauek egongo dira eta beren mugapeek barne hartuko dituzte kasu bakoitzean zerrendatuko diren herriak:

1) Araban.

– Guardiako ertzain-etxea. Mañueta, Berantevilla, Bernedo, Eltziego, Bilar, Kripan, Bastida, Lagran, Laguardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Moreda Araba, Navaridas, Oyón-Oion, Peñacerrada-Urizaharra, Samaniego, Eskuernaga, Iekora eta Zanbrana.

– Laudioko ertzain-etxea. Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio, Okondo, Urduña, Orozko eta Gaubea.

– Gasteizko ertzain-etxea. Alegría-Dulantzi, Armiñón, Arraia-Maeztu, Arrazua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Kanpezu, Kuartango, Burgelu, Harana, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Lantarón, Legutio, Erriberagoitia, Erribera Beitia, Gesaltza-Añana, Agurain, Donemiliaga, Urkabustaiz, Vitoria-Gasteiz, Zalduondo, Zigoitia eta Zuia.

2) Bizkaian.

– Balmasedako ertzain-etxea. Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Karrantza Harana, Galdames, Gordexola, Gueñes, Lanestosa, Sopuerta, Trucios-Turtzioz eta Zalla.

– Basauriko ertzain-etxea. Basauri eta Etxebarri.

– Bilboko ertzain-etxea. Bilbao.

– Durangoko ertzain-etxea. Abadiño, Amorebieta-Etxano, Arantzazu, Areatza, Artea, Atxondo, Bedia, Berriz, Dima, Durango, Elorrio, Garai, Igorre, Iurreta, Izurtza, Lemoa, Mañaria, Otxandio, Ubide, Zaldibar eta Zeanuri.

– Erandioko ertzain-etxea. Derio, Erandio, Larrabetzu, Leioa, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio.

– Galdakaoko ertzain-etxea. Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Galdakao, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberio.

– Gernika-Lumoko ertzain-etxea. Ajangiz, Arratzu, Arrieta, Bakio, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Laukiz, Lemoiz, Maruri-Jatabe, Mendata, Meñaka, Morga, Mundaka, Mungia, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.

– Getxoko ertzain-etxea. Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Plentzia, Sopelana eta Urduliz.

– Muskizko ertzain-etxea. Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena.

– Ondarroako ertzain-etxea. Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar-Arbatzegi Gerrikaitz eta Ondarroa.

– Sestaoko ertzain-etxea. Barakaldo, Sestao eta Valle de Trápaga-Trapagaran.

3) Gipuzkoan.

– Azkoitiako ertzain-etxea. Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidegoian, Errezil eta Zestoa.

– Beasaingo ertzain-etxea. Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Ikaztegieta, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerain.

– Bergarako ertzain-etxea. Antzuola, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Oñati eta Soraluze-Placencia de las Armas.

– Donostia / San Sebastiángo ertzain-etxea. Donostia / San Sebastián.

– Eibarreko ertzain-etxea. Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro eta Mutriku.

– Hernaniko ertzain-etxea. Aduna, Alkiza, Andoain, Asteasu, Astigarraga, Hernani, Larraul, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Villabona eta Zizurkil.

– Irungo ertzain-etxea. Hondarribia eta Irun.

– Errenteriako ertzain-etxea. Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Errenteria.

– Tolosako ertzain-etxea. Albiztur, Alegia, Altzo, Amezketa, Anoeta, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Irura, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa eta Tolosa.

– Zarauzko ertzain-etxea. Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia.

– Zumarragako ertzain-etxea. Ezkio-Itxaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga.


Azterketa dokumentala